Mamuta (antzinako errusieratik мамонт) Elephantidae familiaren barnean iraungitako Mammuthus generoko edozein espezie izendatzeko erabiltzen da. Ezagunena mamut iletsua (Mammuthus primigenius) bada ere, dagoeneko hamar espezie deskribatu dira.

Mamut
Pliozeno berantiar-Holozeno berantiar, 5 Ma-0,004 Ma

Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaProboscidea
FamiliaElephantidae
SubfamiliaElephantinae
Generoa Mammuthus
Brookes, 1828
Azpibanaketa
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakmammoth ivory (en) Itzuli
Altuera3,4 m
Masa6 t

Pliozeno garaian sortu ziren duela 4,8 milioi urte eta planetako ipar hemisferioan hedatu, fosilak Ipar Amerikan, Eurasian eta Afrika iparraldean aurkitu baitira. Duela gutxi desagertu ziren: arrazoia oraindik ezezaguna da. Egungo elefante espezieen antzekoak ziren itxuran, baina hainbat espeziek tamaina erraldoia ere hartu izan zuten: estepako mamuta, esaterako, gaurko elefanteak baino hiru aldiz astunagoa zen. Hainbat ale izotzetan oso egoera onean aurkitu direnez, zientzilarien artean mamuta klonatu eta biziberritzeko itxaropena piztu da.

Etimologia

aldatu

Mamut izena aurrenekoz 1608an erabili zen Siberia erdialdean aurkituriko letagin bat izendatzeko, Richard Jamesen Dictionariolum Russico-Anglicum hiztegian[1]. Errusierazko мамонт hitza khantierazko mang ont hitzetik dator eta "lur barneko adarra" esan nahi du. Siberia erdialdean Obi ibaiaren ibarretan bizi diren khantiek uste zuten lurrean tunelak egiten zituzten sator antzekoak zirela eta eguzki argiak joz gero, hil egiten zirela.

Txinatarrek ere lur azpiko animaliak zirela uste zuten, siberiarrei mamuten letaginak erosterakoan jasotako kondaira izanik, eta yǐn shǔ (隐鼠, hots, "karraskari ezkutua") izena eman zioten.

Aurkikuntzen historia

aldatu

Lehenengo aurkikuntzak eta izendapena

aldatu

Siberian aurkitzen ziren hezur erraldoiak ikertzeko lehen espedizioa Hans Sloane britainiarrak egin zuen 1728an. Haginak eta letaginak aztertu ondoren, elefante espezie batenak zirela esan zuen. Tropikoen aldeko animalia bat hain iparraldera aurkitu izana justifikatzeko,klima aldaketa handia eta Uholde Handia aipatu zituen. Handik hamar urtera, Johann Breyne alemaniarrak Philosophical Magazine liburua argitaratu zuen eta bertan Sloanen hezurrak, Daniel Messerschmidt-en ilustrazioetan ikusita, proboszideo handi bati zegozkiola baieztatu zuen[2].

 
Siberian aurkituriko mamut baten hezurrak.

1796an Georges Cuvier paleontologoak Messerschmidten ilustrazioak aztertu eta mamuta eta gaur egungo elefantea desberdinak zirela ondorioztatu zuen. Johann Friedrich Blumenbach naturalista alemaniarrak Elephas primigenius izena ("jatorrizko elefantea") eman zion 1799an.

Ipar Amerikan ere egin ziren mamuten aurkikuntzak. 1743an, esklabo beltzek elefanteenak ziruditen haginak aurkitu zituzten, esate baterako. 1786an David Rittenhousek American Philosophical Society elkartera aurkituriko hagin bat bidali zuen eta hark txosten bat egin zuen haginaren inguruan.

Thomas Jefferson Estatu Batuetako hirugarren presidente eta paleontologoa[3] elefante itxurako fosil bati mammoth izena esleitu zion aurrenekoa izan zen, 1802an. 1806an, Michael Adams eskoziarrak mamut baten gorpua aurkitu zuen Siberian. Hezurdura osoa, azala eta ile pixka bat oraindik zituen eta San Petersburgeko zoologikoan ezarri zuten, Adamsen mamuta izenarekin[2]. 1807an, Jefferson eta Clark-ek mamutaren haginak zirela ondorioztatu zuten.

1900. urtean, Frantzia hego-mendebaldeko Font-de-Gaume leizean aurrehistoriako gizakiek marrazturiko mamut baten irudia aurkitu zen. Aurkikuntza garrantziatsua izan zen, alde batetik mamutaren benetako itxura azaltzen duelako eta, bestetik, Pirinio inguruotan gizakiak eta mamutak batera bizi zirela frogatu zuelako aurrenekoz[4].

Mamut kumeen momiak

aldatu
 
Yuka mamut kumearen momia.

XX. mendean zehar, Siberian mamuten hezur eta letagin kopuru izugarriez gain, izotzetan oso ongi kontserbatu diren ale ugari ere aurkitu dira, azala, ilea eta barne likidoak ere egoera onean mantentzen direnak. 2016an 41 gorpu ziren dagoeneko aurkitutakoak eta haien artean aipagarrienak hiru mamut kume; Dima (1977), Lyuba (2007)[5], Khroma (2009) eta Yuka (2010)[6]. Agian zingiretan edo haeratan harrapatuta gelditu eta gosez edo izoztuta hilko ziren. Lyuba eta Yuka bereziki ongi kontserbaturik mantendu dira. Lyuba 30-35 egun bide zituen mamut kumea da eta duela 41.800 urte bizi izan zen. Yuka duela 39.000 urte bizi izan zen eta bost tonako pisua zuen. 2019ko martxoan, japoniarrez eta errusiarrez osaturiko ikertzaile talde batek Yukaren ehunetako zelulak hartu eta nukleoa estimulatuz hainbat prozesu biologiko eragitea lortu zuten, ez ordea mitosi bidezko ugalketa[7]. Aurrerapausu handia izan zen, hala ere, duela 39.000 urte izozturiko zelula batzuek hainbat funtzio betetzeko gaitasuna gordetzen zutela frogatu baitzuten[8].

Deskribapena

aldatu
 
Hainbat mamut espezieren tamaina gizakiarekin alderatuta.
 
Mamut iletsuaren balizko itxura, Royal British Columbia Museumean (Vancouver, Kanada).

Tamaina

aldatu

Gaur egun ikusten ditugun Elephantidae familiako gainerako espezieak bezala, mamutak ere animalia handiak ziren. Espezie gehienak Asiar elefanteen antzekoak ziren tamainaz, hau da, 2,5 - 3 metro altueran eta gehienez ere 5 tonako pisua: handienek 5 metrotik gorako altuera zuten eta 8 tonako pisua; 12 tonako arrak ere aurkitu dira, salbuespena baino ez diren arren.

Burua gorantz luzatua zuten, proboszide (tronpa) gihartsua eta letagin luzeak. Proboszideak bi lobulu zituen eta arrena sendoagoa eta handiagoa zen emeena baino. Dirudienez arrek elkarren kontra borroka egiteko erabiltzen zuten.

Sexu bietako aleek letaginak zituzten. Hasierako letaginak sei hilabete zituztela ateratzen zitzaizkien eta 18 hilabeterekin behin betikoek hartzen zuten aurrekoen tokia. Urtero 2,5-15,2 cm hazten ziren, espeziearen arabera. Letaginek 2,5 metroko luzera zuten batazbeste eta 50 kilogramoko pisua[9]. Aurkitu den letagin handienak 5 metro luze zen eta mamut iletsu batena zen.

Gorputza

aldatu

Gorputzik handienak 9'1 metrotako luzera hartzen zuen (Mammuthus trogontherii). Leizeetako irudietan bizkarra kurbaturik zutela ikusten da, baina fosilek erakutsi dute bizkarra laua zela. Dirudienez gantzez, giharrez eta ilez osaturiko konkor handi bat zuten. Iparraldeko espezieek gorputza ilez estalita zuten, izotzak estaltzen zituen lurretan bizi baitziren. Hotzari aurre egiteko beste moldaera bat belarri txikiak izatea zen, elefante arrun baten belarrien bosten bat ingurukoa zen mamut iletsuaren belarria. Habitat beroetako mamutek ordea ilerik ez zuten eta belarri handiak zituzten[10].

Mamutaren aurreko hankek bost hatz zituzten eta atzekoek lau. Mamutaren isatsa elefanteena baino laburragoa zen.

Taxonomia

aldatu

Sailkapena

aldatu

Aurreneko proboszideoak duela 55 milioi urte bizi izan ziren Tetis ozeanoaren inguruan. Elephantidae familia duela 6 milioi urte inguru agertu zen afrikan eta gaur egungo elefanteak eta mamutak hartzen ditu bere baitan.

Hioide hezurrak aztertuta honako sailkapen taxonomiko hau osatu zen 2007an:[11]

Elephantimorpha

Mammutidae (mastodonteak)  

Elephantida

Gomphotheriidae  

Elephantoidea

Stegodontidae  

Elephantidae

Loxodonta (Afrikar elefanteak)  

Elephantini

Palaeoloxodon  

Elephantina

Elephas (Asiar elefanteak)  

Mammuthus (mamutak)  

Mamuten eboluzioa

aldatu
 
Mammuthus meridionalis mamutaren hezurdura Parisko Historia Naturalaren Museoan[12].

Agertu ziren lehen mamutak Afrika hegoaldekoa (Mammuthus subplanifrons) Pliozeno garaian eta Afrika iparraldekoa (Mammuthus africanavus) Pleistozeno garaian izan ziren. Badirudi bigarrena lehenaren eboluzioz agertu zela. Duela hiru milioi urte inguru, Mammuthus rumanus sortu zen eta Ekialde Hurbiletik Europara eta Txinara igaro. Ordurako, Mammuthus meridionalis ere bazen, Europa hegoaldean zabaldu zena.

Duela milioi bat urte estepako mamuta (Mammuthus trogontherii) sortu zen eta honek Mammuthus meridionalis ordezkatu zuen. Eurasia guztian zabaldu zen eta Bering itsasartearen bidez Ipar Amerikara iritsi zen[13]. Amerikako populazioek M. columbi espeziera eboluzionatu zuten eta Europakoak mamut iletsu (Mammuthus primigenius) bihurtu ziren, Eurasia osoan zabaldu eta estepako mamuta ordezkatu zutenak duela 200.000 urte inguru[14]. Hainbat mamut multzo uharteetan isolaturik geratu ziren (Kretan, Sardinian, Kaliforniako Santa Rosan...) eta nanismo prozesu bat jasan zuten. Hortik espezie berriak sortu ziren.

Horrela, beraz, Europa aldean hiru kronoespezie agertu ziren. Pentsatzekoa da klima aldaketek habitata eraldatu zutela eta horrek espezieen eboluzioa ekarri zuela:

  1. Pleistozeno goiztiarrean: Mammuthus meridionalis
  2. Pleistozeno erdialdean: Mammuthus trogontherii
  3. Pleistozeno berantiarrean: Mammuthus primigenius

Espezieak

aldatu
 
M. columbi.
 
M. meridionalis.
 
M. primigenius (mamut iletsua).
 
M. trogontherii (estepako mamuta).

Mamuten artean hamar espezie identifikatu dira:

  • Mammuthus africanavus: Afrikarra da. Duela 4,8 milioi urte agertu zen eta fosilak Afrika iparraldean aurkitu dira, Txaden, Libian, Marokon eta Tunisian. 4 miloi urte dela desagertu zen baina beste mamut espezie batzuen jatorria izan zen. Izenak "mamuten afrikar arbasoa" esan nahi du.
  • Mammuthus creticus: Kreta uhartean bizi izan zen mamut nanoa da: ezagutzen den espezie txikiena da[15].
  • Mammuthus columbi: Espezie handienetakoa da, 3 metroko altuera eta 6 tonako pisua baitzuen, baina 4 metro eta 10 tonako alea ere aurkitu da. Kalifornian, Texasen eta Mexikon aurkitu da, eta Nikaraguaraino iritsiko zela ere uste da. Klima epela zuenez, ile gutxiko mamuta zen[16].
  • Mammuthus exilis: Kaliforniako Santa Rosa uhartean bizi zen mamut nanoa zen. Badirudi mamut kolonbino talde bat iritsi zela uhartera eta bertan nanismo prozesua gertatu zela[17].
  • Mammuthus lamarmorai: Sardinia uhartean soilik aurkitu da. Mamut nanoak bezalaxe, horrek ere nanismo prozesua izan zuen, metro eta erdiko altuera baitzuen[18].
  • Mammuthus meridionalis: Hegoaldekoa da. Afrikan sortu ondoren, Europara zabaldu zen eta askoz geroago, Ipar Amerikara, Bering itsasartea zeharkatutakoan. Baso irekietan bizi zen eta hostoez elikatzen zen. Handia zen, 4 metro eta 10 tona har zitzakeen. Klima epeleko mamuta zenez, ez zuen ile askoren beharrik[19].
  • Mammuthus primigenius: Mamut iletsua izenaz ezagutzen da. Eurasia eta Iar Amerikan hezur ugari aurkitzeaz gain Siberian ongi kontserbaturiko gorpuak ere jaso dira. Ale zaharrenak Riss glaziazio garaikoak dira, duela 250.000 urtekoak. Estepako mamutaren eboluzioz sortu ziren. Klima hotzetara moldaturik zeuden ile ugarirekin (90 cm-ko luzera hartzen zutenak) eta gantz geruza sendoarekin. Pleistozenoaren amaeran desagertu ziren, baina azpiespezie nano batek K.a. 2.000 urte arte iraun zuen Wrangel uhartean[20].
  • Mammuthus rumanus: Errumanian aurkitu zen, hortik izena, baina ondoren Erresuma Batuan ere bai. Dirudienez, Afrikan sortu zen duela 3,5 milioi urte eta Europara migratu zuen ondoren. Oraindik nahikoa aztertu gabe dagoen espeziea da[21].
  • Mammuthus subplanifrons: Hegoafrikan aurkituriko mamuta da, ezagutzen den espezierik zaharrena, duela 5 milioi urte agertu baitzen. Hegoafrikatik Kenya arteraino hedatzen zen[22].
  • Mammuthus trogontherii: Estepako mamuta izenaz ere ezagutzen da. Historian zehar hainbat izen eman izan zaizkie espezie honetako aleei, Mammuthus trogontherii, Mammuthus sungari, Mammuthus armeniacus... Egun, denak Mammuthus trogontherii izenaren barruan sartzen dira[23]. Eurasia eta Ipar Amerikan zabaldu zen. Hegoaldeko mamutaren forma eboluzionatua dela uste da duela 600.000 urte agertu zena. Duela 250.000 desagertu zen mamut iletsura eboluzionatuz. 4,7 metroko altuera har zezakeen eta ar zaharrenen letaginak 5,2 metro luze izan zitezkeen. Gramineez elikatzen zen[24]. 1996an, Serbian eme baten fosil osoa aurkitu zen.

Paleobiologia

aldatu

Elikadura

aldatu

Tronpa erabiliz egunero 180 kg landare jaten zituzten, batez ere belarkarak. Espezie bakoitzak bere habitatean aurkitzen zituen landareak jaten zituen, batzuek belarra, beste batzuek forbia itxurako landareak, Artiko aldean tundrako landareak... Iparraldeko espezieek urtaroaren araberako dieta zeukaten. Horrela, neguan elurrak dena estaltzen zuenean landareen beste atal batzuk jan behar izaten zituzten, hostoak eta enborren azala batez ere.

 
Iberiar penintsularen iparraldeko megafauna Pleistozeno garaian. Mauricio Antón paleoartistaren ilustrazioa. Besteak beste mamut iletsuak ikusten dira.

Belarrak silizio asko duenez haginak gastatu egiten dira eta mamutek, elefanteek bezala, esmaltezko gandor txikiak zituzten haginetan janaria murtxikatu ahal izateko. Haginak gastatu ahala atzerago zituztenek hartzen zuten aurrekoen lekua. Helduak zirenean lau hagin baino ez zituzten izaten. Mamutek 60-70 urte zituztenerako hagin gabe gelditzen ziren eta elikatu ezin izanagatik animalia gosez hiltzen zen.

2007an Lyuba mamut kumea aurkitu zen Siberia mendebaldeko Yamal penintsulan. Gaur egungo elefantekumeek egiten duten bezala helduen gorotzak jaten zituela ikusi da, arrazoia kumeek oraindik hortzeria garatu gabe izatean datza. Gorotz horietan onddo koprofiloen espora ugari zeuden. Dirudienez onddo horiek kumearen urdaila populatzen zuten horrela beharrekoa izango zuen mikrobiota abiarazteko[25].

Ugalketa

aldatu

Mamutek Asiar elefanteen antzerako jokaera izango zutela pentsatzen da. Matriarka bat buru zuen eme taldeak osatzen ziren eta arrak sexu heldutasunera iritsi ondoren taldetik atera eta bakarrik edo multzo txikitan ibiltzen ziren[26]. Arrak beste mamut talde batzuetako emeen bila aritzen ziren ugaldu nahian eta beraien artean borroka latzak izaten zituzten. Orokorrean letaginen tamainan desoreka handia zegoenean ez da borrokarik izaten baina ezagutzen da antzerako letaginak zituzten bi mamut iletsuren kasua, borrokan hasi, letaginak trabatu eta banandu ezinik gosez hil zirenekoa[27].

Mamutaren haurdunaldiak 22 hileko luzera zuen, gaurko elefanteen antzera, eta kume bakarra jaiotzen zen. Berehala gizentzeko joera izaten zuen elikagaiak pilatzen baitzituen. Gihar masa ere handitu egiten zen eta etsaiei aurre egiteko baliogarria izaten zitzaien. Mamut iletsuaren kasuan, -50ºC-ko tenperaturei aurre egiteko, ezinbestekoa zuten gantz geruza sendoa sortzea[28].

Iraungipena

aldatu
 
Pleistozenoan izotzak hartu zuen hedadura maximoa.

Hainbat hipotesia plazaratu dira haien iraungipena azaltzeko, baina batek ere ez du arrazoia erabat azaltzen.

Glaziazio aldien amaiera

aldatu

Azken Izotz Aro amaitu zenean iraungi ziren mamutak, duela 12.000-10.000 urte inguru. Ordurako bi espezie nagusi geratzen ziren Lurrean: mamut iletsua Eurasian eta Mammuthus columbi Ipar Amerikan. Uharte batzuetan luzaroago iraun zuten, Alaskako St Paul uhartean K.a. 3750 urtera arte[29] eta Siberiako Wrangel uhartean K.a. 2000. urtera arte[30].

Klima aldaketak glaziazio aldiaren amaiera ekarri zuenez, tenperaturak epeldu ziren, itsasoaren maila igo zen eta glaziarrek atzera egin. Artean, basoek estepa eta zelai zabalak estalita, mamuten habitata eraldatu zen. Dena dela aurrez ere izan ziren klima epelagoko garairik glaziazio arteko aroetan eta ez zen mamuta desagertu.

Gehiegizko ehiza

aldatu

Plazaratu den beste arrazoi bat gizakiaren hedapena izan da. Glaziazioek atzera egin ahala gizakiek iparraldera jo zuten, hala Eurasian nola Amerikan, eta gehiegizko ehizak eragin zezakeen mamuten iraungipena. Jakina da duela 1,8 milioi urte, Homo erectusak dagoeneko kontsumitzen zutela mamut okela. Dena dela, gizakien ehizak populazioak gutxituko bazituen ere iraungipenaren arrazoi nagusia izatea zalantzan jartzen da gaur egun[31].

Gizakiak mamutak ehizatu izanaren ebidentzia ugari aurkitu izan dira egin diren indusketatan. Mamuta hain handia izanik estretagiak animalia izutzean zetzan ondoren egindako zulo batera eta labar batean behera eror zedin. Siberia aldean mamut ugari ehizatu zituzten gizakien, baina logistikoki arazoak ekartzen zituen, bai ehizatu ondoren garraiatzea nekosoa zelako eta baita eraman ezin zitekeen zatia usteldu egiten zelako ere. Duela 15.000 urteko elurtegietan haragia gorde izanaren aztarnak aurkitu dira[4].

Izurrite handia

aldatu

1997an MacFee eta Marx paleontologoek hipotesi berria proposatu zuten, Pleistozenoko ugaztun handiek jasandako izurritea, gizakiek edo haiekin batera iritsi ziren animaliek ekarritako birusen kutsaduraren ondorioz[32]. Animalia handiak zaurgarriagoak izaten dira, ziklo luzeagoak izaten baitituzte (haurdunaldi luzeak, kume gutxi...). Nilo mendebaldeko birusaren antzeko gaixotasun bat ez ote zen planteatu izan da[33]. Ez dirudi, ordea, izurrite batek hainbeste espezieren desagerpena ekar zezakeenik.

Klonazioa

aldatu
 
Siberiar izozturik aurkitu diren mamuten egoera bikainak klonaziorako itxaropena piztu du zientzilarien artean.

2021. urteko otsailean duela milioi bat urte hil zen mamut baten hondarretatik ateratako DNA sekuentziatzea lortu zuten zientzilariek[34]. Horrek mamuta biziberritzeko asmoa ekarri du, klonazio prozesuaren bidez. Baina teknikoki klonazioa burutzea hain erraza ez dela konturatu dira, hainbat arazo eta oztopo agertu direlako saiakeratan. Alde batetik DNA kopuru nahikoa ez da aurkitu oraindik, ez behintzat DNA hari osorik. Bigarrenez, geneetatik abiaturiko klonaziorik ere ez da oraindik egin, Dolly ardiaren kasuan esate baterako zelula heldu bat erabili zen. Elefantearen klonazioa ere oraindik egiteke dago: mamuta biziberritzea baino errazagoa izango litzateke. Hirugarrenez, balitele mamuten haurdunaldiaren iraupena elefantearena bezalakoa ez izatea: hori dela eta, ama elefanteak mamut kumeari gehiegizko presioa egin liezaioke denbora laburtzearen ondorioz edota metabolismo desberdina izatearen ondorioz. Bestalde, mamut kumea elefante kumea baino handiagoa eta astunagoa bide zen eta amaren osasuna ere arriskuan jarriko litzateke[35]. Azkenik, mamut kumea ongi jaiota ere posible da elefante amak kumea baztertzea edota amaren esnea ondo ez hartzea.

Arazo haien aurrean, beste bide baten aldeko apustua egiten ari dira. Ikusi da elefantearen eta mamutaren genomen artean % 99ko antzekotasuna dagoela[36] eta mamut iletsuaren eta Asiar elefantearen arteko hibridoa sortzeko proiektua proposatu izan da[37]. 2021ean, enpresa batek adierazi zuen mamutaren 60 gene txertatuko zituztela asiar elefantearen genoman hotzera hobeto egokituko den hibridoa sortzeko. Gene horiei esker, elefanteei ilea luzatuko zaie, sebo guruinak garatuko, gorputza biribiltsuagoa izango eta buruan ganga agertuko. Hemoglobina ere O2-a eraginkorrako transferitzeko moldatuko da[38]. Etorkizun batean, garai hartan zegoen tundra ekosistema biziberritzea dute helburu.

Mamuta Euskal Herrian

aldatu
 
Izturitzeko harpearen sarrera.

Mamut iletsuaren aztarnak aurkitu dira Euskal Herriko hainbat leizetan.

Glaziazioaren garai hotzenean, duela 45.000 urte, mamutek hegoalderantz jo zuten eta Pirinioetako alde bietara iritsi ziren, bai eta Kantauri itsasertzera ere. Garai hartan itsasertza gaur egun baino 18 kilometro aurrerago zegoen eta eremu guztia estepa lau zabala zen. Egun eremu horrek itsas plataforma osatzen du ur azpian[39].

Arrasateko Labeko koban 1983an egindako indusketetan animalia erraldoien hezurrak aurkitu ziren, tartean mamutarena ere bai[40]. Nafarroa Garaian, Larraungo Uitzi kontzejuko Mainea leizean orduko faunaren aztarnak aurkitu ziren 1996an: mamut baten hezurra, hainbat adinetako bost errinozero iletsuren 200 hezur eta orein hezur bat[41]. Dirudienez, tranpa natural batean erorita iritsi ziren irteerarik gabeko zulo hartara[42].

Nafarroa Behereko Izturitzeko harpean 1998an Christian Normand eta Alain Turq arkeologoek ustez mamut gazte baten omoplatoa dena aurkitu zuten. 2020an datazio egokia egin eta duela 29.000 urtekoa dela ikusi zen. 2021ean indusketa gehiago egin zituzten harpean eta agian izterrezurra edo besahezurra dena eta bi hagin ere aurkitu zituzten. Uste denez, leizetik kanpora ehizatu zen mamut gaztea eta hanka bat leizera eraman zuten, talde osoak jateko[43].

Mamuta egungo kulturan

aldatu

Aurrehistorian girotutako hainbat filmetan agertzen da. Aipagarrienak Suaren bila (1981) eta 10,000 BC (2008) dira. Animaziozkoen artean, Ice Age film guztietan protagonista taldeko mamutak Manny du izena[44].

A Song of Ice and Fire eleberri sailean (gerora Game of Thrones izenarekin telesail bihurtu zena) harresiko iparraldean eta Westeros iparraldean mamut etxekotuen taldeak agertzen dira, gerrarako erabiltzen direnak[45].

BBC katearen Walking with Beasts dokumental sailean atal oso bat eskaintzen zaio[46]. Mamuten migrazioa ikusten da, eta urtaroen zikloa egiten du dokumentalak. Ibilbidean zehar, garaiko fauna aurkitzen dute, bai eta neandertalak ere. Horiek segada egiten diete gauez eta sua erabiltzen dutenez, mamut batzuk izutu eta amildegian behera erortzen dira. Kate bereko Walking with Cavemen dokumentalean ere neandertalen eta mamuten arteko pasadizoa kontatzen da.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «mammoth, n. and adj.» OED Online (Oxford University Press) (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).
  2. a b «Academy of Natural Sciences - Thomas Jefferson Fossil Collection - Woolly Mammoth» web.archive.org 2008-09-22 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  3. (Ingelesez) «'mammoth'» Oxford English Dictionary 2012-08-16 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  4. a b Alfontso, Martinez Lizarduikoa. (1992-07-01). «Mamut ernagarriaren ezkutuko historia» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  5. (Ingelesez) Fisher, Daniel C.; Tikhonov, Alexei N.; Kosintsev, Pavel A.; Rountrey, Adam N.; Buigues, Bernard; van der Plicht, Johannes. (2012-03-26). «Anatomy, death, and preservation of a woolly mammoth (Mammuthus primigenius) calf, Yamal Peninsula, northwest Siberia» Quaternary International 255: 94–105.  doi:10.1016/j.quaint.2011.05.040. ISSN 1040-6182. (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  6. «BBC Nature - Woolly mammoth carcass may have been cut into by humans» web.archive.org 2012-04-05 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  7. (Ingelesez) Yamagata, Kazuo; Nagai, Kouhei; Miyamoto, Hiroshi; Anzai, Masayuki; Kato, Hiromi; Miyamoto, Kei; Kurosaka, Satoshi; Azuma, Rika et al.. (2019-03-11). «Signs of biological activities of 28,000-year-old mammoth nuclei in mouse oocytes visualized by live-cell imaging» Scientific Reports 9 (1): 4050.  doi:10.1038/s41598-019-40546-1. ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  8. SiE, Admin. «2019ko berri zientifiko-teknologiko garrantzitsuenak Eureka!ren eritziz» www.eurekamuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  9. «L' encyclopedie du mammouth - www.mammuthus.org» web.archive.org 2008-10-19 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  10. «L' encyclopedie du mammouth - www.mammuthus.org» web.archive.org 2008-07-04 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  11. (Ingelesez) Shoshani, Jeheskel; Ferretti, Marco P.; Lister, Adrian M.; Agenbroad, Larry D.; Saegusa, Haruo; Mol, Dick; Takahashi, Keiichi. (2007-07-01). «Relationships within the Elephantinae using hyoid characters» Quaternary International 169-170: 174–185.  doi:10.1016/j.quaint.2007.02.003. ISSN 1040-6182. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  12. (Frantsesez) à 14h25, Par Elodie Soulié Le 21 novembre 2020; À 20h03, Modifié Le 21 Novembre 2020. (2020-11-21). «Paris : le mammouth du Muséum d’histoire naturelle va être restauré, un chantier titanesque» leparisien.fr (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  13. Lister, A. M.; Sher, A. V.. (2015-11-13). «Evolution and dispersal of mammoths across the Northern Hemisphere» Science 350 (6262): 805–809.  doi:10.1126/science.aac5660. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  14. (Ingelesez) Lister, Adrian M.; Sher, Andrei V.; van Essen, Hans; Wei, Guangbiao. (2005-01-01). «The pattern and process of mammoth evolution in Eurasia» Quaternary International 126-128: 49–64.  doi:10.1016/j.quaint.2004.04.014. ISSN 1040-6182. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  15. Herridge, Victoria L.; Lister, Adrian M.. (2012-08-22). «Extreme insular dwarfism evolved in a mammoth» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 279 (1741): 3193–3200.  doi:10.1098/rspb.2012.0671. PMID 22572206. PMC PMC3385739. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  16. «Official Waco Mammoth Site - Waco, Texas» web.archive.org 2008-09-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  17. «Wayback Machine» web.archive.org 2006-05-08 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  18. Elefantenreich eine Fossilwelt in Europa ; Begleitband zur Sonderausstellung im Landesmuseum für Vorgeschichte Halle, 26.03. - 03.10.2010. 2010 ISBN 978-3-939414-48-3. PMC 642989683. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  19. Palmer, Douglas. (1999). The Marshall Illustrated Encyclopedia of Dinosaurs & Prehistoric animals. London: Marshall Editions Developments Ltd. ISBN 3-8290-6747-X..
  20. Nowak, Ronald M.. (1999). Walker's mammals of the world. (Sixth edition. argitaraldia) Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-5789-9. PMC 39045218. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  21. Herridge, Victoria L.; Lister, Adrian M.. (2012-08-22). «Extreme insular dwarfism evolved in a mammoth» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 279 (1741): 3193–3200.  doi:10.1098/rspb.2012.0671. PMID 22572206. PMC PMC3385739. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  22. «ElefantAsia - Le mammouth n'est pas l'ancêtre de l'éléphant - Sciences - Dossiers» web.archive.org 2007-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  23. (Ingelesez) Geer, Alexandra van der; Lyras, George; Vos, John de; Dermitzakis, Michael. (2011-02-14). Evolution of Island Mammals: Adaptation and Extinction of Placental Mammals on Islands. John Wiley & Sons ISBN 978-1-4443-9128-2. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  24. «L' encyclopedie du mammouth - www.mammuthus.org» web.archive.org 2008-12-10 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  25. «Ice Baby — National Geographic Magazine» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).
  26. «Extinct Mammoth Fact Sheet» web.archive.org 2011-07-27 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  27. «Academy of Natural Sciences - Thomas Jefferson Fossil Collection - Woolly Mammoth» web.archive.org 2008-09-22 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  28. (Ingelesez) Maschenko, E. N.; Boeskorov, G. G.; Baranov, V. A.. (2013-07-01). «Morphology of a mammoth calf (Mammuthus primigenius) from Ol’chan (Oimiakon, Yakutia)» Paleontological Journal 47 (4): 425–438.  doi:10.1134/S0031030113040096. ISSN 1555-6174. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  29. (Ingelesez) Veltre, Douglas W.; Yesner, David R.; Crossen, Kristine J.; Graham, Russell W.; Coltrain, Joan B.. (2008-07). «Patterns of faunal extinction and paleoclimatic change from mid-Holocene mammoth and polar bear remains, Pribilof Islands, Alaska» Quaternary Research 70 (1): 40–50.  doi:10.1016/j.yqres.2008.03.006. ISSN 0033-5894. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  30. «Natuurhistorisch Museum Rotterdam» web.archive.org 2012-06-11 (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  31. (Ingelesez) Fountain, Henry. (2009-12-21). «DNA Shifts Timeline for Mammoths’ Exit» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  32. Natural change and human impact in Madagascar. Smithsonian Institution Press 1997 ISBN 1-56098-682-4. PMC 35620388. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  33. (Ingelesez) Lyons, S. Kathleen; Smith, Felisa A.; Wagner, Peter J.; White, Ethan P.; Brown, James H.. (2004). «Was a ‘hyperdisease’ responsible for the late Pleistocene megafaunal extinction?» Ecology Letters 7 (9): 859–868.  doi:10.1111/j.1461-0248.2004.00643.x. ISSN 1461-0248. (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  34. (Ingelesez) Callaway, Ewen. (2021-02-17). «Million-year-old mammoth genomes shatter record for oldest ancient DNA» Nature 590 (7847): 537–538.  doi:10.1038/d41586-021-00436-x. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  35. «Raising the MammothWill mammoths walk again?» web.archive.org 2008-05-15 (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  36. «Mammoth Genome Project PSU» mammoth.psu.edu (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  37. (Ingelesez) «BBC Earth | Home» www.bbcearth.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  38. Tubia, Iker. «Izotz artetik, bizitzara» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  39. (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Azken glaziazioan Kantauri itsasoaren ertza nolakoa zen kontatzen digute Kiputz leizeko animalia hezurdurek. (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  40. «Macromamíferos del yacimiento de Labeko Koba (Arrasate, País Vasco) - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  41. SLU, Herritar Berri. (2021-02-04). «Duela 45.000 urte Maineara heldu ziren mamut eta errinozero iletsuen istorioa» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  42. «Uitziko Mainea leize-zuloa, errinozero iletsuen eta mamuten hilerri» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  43. Goikoetxea, Jakes. «Mamutekin aurrez aurre» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  44. «Sort by Popularity - Most Popular Movies and TV Shows tagged with keyword "woolly-mammoth"» IMDb (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  45. (Ingelesez) «Mammoth» A Wiki of Ice and Fire (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).
  46. (Ingelesez) «Mammoth Journey» Walking With Wikis (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1
eth 1
globi 1
see 1