Mikrouhin labe
Mikrouhin labea elikagaiak berotzeko mikrouhinez baliatzen den etxetresna elektrikoa da. Etxean erabilitako mikrouhinen maiztasuna 2,45 GHz-koa da.
Mikrouhin labe | |
---|---|
Etxetresna elektrikoa, Gailu elektrikoa eta cooking appliance (en) | |
Fabrikazioa | |
Diseinatzailea | Percy Spencer (en) |
Zergatik berotzen dute janaria?
aldatuUr-molekulek eta beste osagai ugarik (gatz mineralak, globulu gorriak, deskonposatutako gorputz koipetsuak...) osatzen dituzte elikagaiak. Okelaren, arrainaren edo frutaren milimetro bakoitzak milioika ur-molekula dauzka. Mikrouhinen igorketaren eraginpean, molekula horiek uhinen norabiderantz orientatzen dira eta horren ondorioz, ur-molekulen astinketa bortitza sortzen da bat-batean. Horregatik, berotzen da elikagaien masa hain azkar. Aldi berean, ontziek ez dute energia elektromagnetikorik barneratzen eta ez dira berotzen.
Zer dira mikrouhinak?
aldatuMikrouhinak naturan dauden lehen-lehenik, eguzkiak berak igortzen baititu. Mikrouhinak espektro elektromagnetikoaren zati bat dira. Espektro honek beste uhin ezagun batzuk ere biltzen ditu: irrati-uhinak (irratia, telebista), izpi infragorriak, izpi ultramoreak eta abar.
Uhin elektromagnetiko guztiek maiztasuna hertzetan adierazten dute. Hertza uhinen maiztasuna neurtzeko unitatea da, eta segundoko oszilazio edo bibrazio bat adierazten du. Etxean erabilitako mikrouhinen maiztasuna 2.450 megahertzekoa da.
Historia
aldatuRadarretik mikrouhin labera
aldatuBatek baino gehiagok uste du lehendabiziko mikrouhin labeak okinaren egurrezko labean edo 1950. hamarkadako gas labean daukala jatorria. Baina ez, oker dabil hori pentsatzen duena. 1980. hamarkadako labe "izarrak" Bigarren Mundu Gerraren sekreturik handienetariko batean dauzka bere sustraiak, radarrari buruzko ikerketen emaitza baita. Mikrouhinaren teknologia 1930. hamarkadan hasi zen, ikertzaile talde britainiar batek bultzatuta.
Ikertzaile horiek magnetroia delakoa, hau da, uhin ultralaburrak sortzeko ahalmena zuen tamaina handiko tresna bat sortu zuten, nahiz eta hasieran eman ziezaioketen erabilera oso argi ez eduki, fenomenoa beraiek ere harrigarritzat jo baitzuten. Hala ere, uhin horien garapena hegazkinak detektatzeko zuten ahalmenari esker gertatu zen.
Estatu Batuek, misilak egiteko bereziki prestatutako enpresa baten bidez, teknika horren ikerketan jarraitu zuten, gerrarako prestaketen barruan. Hodi igortzailearen emaitzak hobetzeko asmoz, berrikuntza ugari gehitu zituzten, eta horrela, aliatuek Ingalaterrako batailan erabili ahal izan zuten. Baina handik magnetroia sukaldeko tresna bihurtu arte...
Bazkaria berotzeko
aldatuGuztia Walthamen (Massachusetts) hasi zen. Urte ilun haietan, negu gorriek eragindako hotza itzela zen. Raytheon elkartean injineru talde txiki bat, Percy Spencerren zuzendaritzapean, radarren kalitatea hobetzen saiatzen ari zen. Lehenengo magnetroiek pultsazio bidez igortzen zituzten mikrouhinak, eta horrek beraien ahalmena murrizten zuen. Baina, hala eta guztiz ere, garai latz haietan lagungarriak suertatzen ziren, goizeko hotzak mangututako hatzak berotzeko.
Inolako babesik gabe hodi berriez esperimentatzen zuten bitartean, zenbait teknikarik eguerdiko bazkarirako prestatutako zopa eta beste jaki batzuk bertan berotzen zituzten. Haietariko batek, jakinguraz, ohiko amerikar artoarekin zer gertatzen zen jakin nahi izan zuen: artaleak suziriak bezain azkar irten ziren.
Garai batean beharra eta jolasa zena zerbait desberdin bihurtzen hasi zen. Taldekoak saltxitxak, txerri-saiheskiak eta arrautzak egosten aritzen ziren. Mikrouhinek eragindako egosketa asmatu berria zen. Taxuketak eta komertzializazioak, ostera, zailtasun handiak topatu zituzten. 1949an egosketarako patente bat erregistratu zuten eta 1953an, Radarange markapean, aurreneko mikrouhin labea merkatura atera zuten. Hala ere, arrakasta osoa izatetik urrun zegoen. Magnetroia oso tresna astuna zen eta bere salneurria, auto baten parekoa. Bere existentziaren lehenengo hamabi urteetan zehar mila ale baino ez ziren saldu eta, gehienak jatetxe handietan eta garraio-enpresetan. Bezeroetan nagusiena Japoniako trenbide konpainia izan zen.
Baina kontsumo arrunterako produktu bihurtzeko bidean, kostua biziki txikitu beharra zegoen, eta praktikotasuna handitu. Horretarako, besteak beste, hozketa-sistema kendu beharra zeukaten eta horrek teknologia osoa hasieratik birplanteatzea zekarren...
Beti bezala, japoniarrak
aldatuEta hori lortu zuena talde berri bat izan zen, Keishi Ogura japoniar injineruaren zuzendaritzapean. Japoniarrek produktu honen merkatu-aukeraren kontzientzia hartu zuten eta izoztuen merkatuak gora jotzen zuen aldi berean Toshiba eta Sanyo enpresek, bi urteko denbora laburrean, produktu hobea lortu zuten. Gaur egun, etxeko elektrotresnen artean mikrouhin labe erosoa ez daukaten etxeak gutxi dira.
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz)Eremu elektromagnetikoak & osasun publikoa: Mikrouhin labea, Osasunaren Mundu Erakundea(OME)
- Mikrouhin labea
- (Gaztelaniaz)Mikrouhin labearen funtzionamenduari buruzko infografia
- (Gaztelaniaz)Mikrouhin labea erabiltzeko aholku batzuk
- Mikrouhin labearen funtzionamendua[Betiko hautsitako esteka]
- (Gaztelaniaz)Mikrouhin labearen historia
- (Gaztelaniaz)Mikrouhin labea, nola erabili, akatsak, probak eta nola konpondu.