Olio toxikoaren sindrome

Olio toxikoaren sindromea, sindrome toxikoa edo koltza olioaren izurritea[2] ere deitua, 1981eko udaberrian Espainian gertatutako pozoitze masiboa izan zen. Sindromeak 20.000 pertsona inguru jo zituen eta, horietatik, 5.000 pertsona hil ziren urteen joanean, 400 lehen hamazortzi hilabeteetan, eta ondorio larriak utzi pertsona askorengan[3][4][5].

1981-82an sindrome toxikoak hunkitutakoen banaketa geografikoa :[1]

     5.000 kasu baino gehiago: Madril.      5.000 - 1.001 kasu: León eta Valladolid.      1.000 - 501 kasu: Segovia eta Palentzia.      500 - 101 : Zamora, Salamanca, Ávila, Toledo, Burgos, Soria eta Guadalajara.      100 - 51 : Kantabria.      50 - 11 : Asturias, Ourense eta Bizkaia.

Gizarte eta konfiantza krisi larria piztu zuen Espainian. Gerora jakin zenez, prozesu judizial luze eta tirabiratsu baten ondoren, enpresaburu batzuek diru irabazia lortzeko koltza olio desnaturalizatua merkaturatzean gertatu zen.[6] 1989an eman zen auziaren gaineko azken epaia: Pich, Salomó, Alabart eta R. Ferrero, eta J. M. Bengoechea izan ziren kondenatuak.[7]

Hasiera

aldatu

1981eko apirilaren 27an Torrejón de Ardozeko (Madrilgo probintzia) 8 urteko Jaime Vaquero García umea hil zen. Hasiera batean, heriotzaren arrazoia neumonia atipikoa zela esan zen. Aste bat geroago hildakoak 6 ziren eta, Madrilgo probintzian bakarrik, beste 150 gaixo zeuden[8]. Biriketako infekzioa zela zirudien, baina antibiotikoak ez ziren eraginkorrak. Askotan familia bereko kide batzuk eri egoten ziren, beren auzokoek inongo sintomarik ez zuten bitartean.

Koltza olioaren afera

aldatu

Ekainaren hasieran Juan Manuel Tabuenca Oliver, Niño Jesus eritegiko pediatrak, epidemiaren kausa aurkitu zuela iragarri zuen: berak artatutako 210 umeek koltza olioa kontsumitua zuten. Hasieran zalantzak izan zituen arren, Gobernuak bere teoria onartu zuen. Ekainaren 10eko gauean, ofizialki adierazi zen eragilea sukaldeko olio toxikoa zela[9].

1989an Espainiako Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman zuen oliba olio gisa saldu zen koltza olio industrialak eragin zuela pozoitzea. 1981ean Espainian koltza olioaren inportazioa baimendurik zegoen baina, bertan ekoiztutako oliba olioa babesteko helburuz, industria erabilerarako besterik ez. Giza kontsumorako erabili ez zedin, markatzaile bat (anilina) gehitzen zitzaion. Auzitegi Nazionalaren arabera, Rapsa enpresak Frantziatik inportatu zuen anilinaz poluitutako koltza olioa, "etekina ateratzeko neurrigabeko asmoz", giza kontsumora desbideratu zen[4][10]. Beti ere, auzitegiak aitortu zuen ezin zela zehaztu zein osagaik eragin zuen gaixotasuna[9].

Kaltetutakoaren kopurua 1.000 hildako eta 25.000 gaixo[11][2] izan zela adierazi izan da, baina 40 urte ondoren, orotara 5.000 hildako izan direla uste da.[5]

Beste teoria batzuk

aldatu

Osasunerako Mundu Erakundeak olio toxikoaren teoria onartu zuen arren, beste aditu batzuek hasieratik arbuiatu zuten. Izan ere, gaixotutako batzuek ukatu zuten horrelako oliorik inoiz kontsumitu zutenik. 1981eko maiatzaren 12an, La Paz ospitaleko endokrinologia departamentuburu Angel Peralta doktoreak, pozoitzearen eragilea fosforodun konposatu bat izan zitekeela adierazu zuen. Antonio Muro, Hospital del Rey eritegiko zuzendariak, olio toxikoaren tesia baztertu zuen. Haren ikerketen arabera, fosforodun intsektizidekin tratatutako Almeríako tomateen kontsumoak eragin zuen sindromea[9].

Bestalde, lehenbiziko kasuak Torrejón de Ardozen, AEBen base militarretik gertu, agertu izanak, konspirazioaren teoria elikatu zuen. Honek zioenez, Ameriketako Estatu Batuetako Armada Iran-Irak gerran erabiliko ziren arma kimikoekin saiakerak egiten ari zen, eta gai hauetako batek eragin zuen pozoitze masiboa[8].

Erreferentziak

aldatu
  1. 10 kasu baino gutxiago izan zuten probintziak ez dira markatu (El País, 1983ko urtarrilak 18).
  2. a b «Bernardo Atxagak Espainian 1980ko hamarkadan izan zen "koltza olioaren izurritea" izan du gogoan» (+ AUDIO) EITB - > HABE (iKASBIL).
  3. Kaltetuen elkarteek 700 hildako baino gehiago zirela salatu zuten, baina auzitegiek 330 baino ez zuten onartu [1] Elpais.com
  4. a b El tribunal establece que el síndrome tóxico fue causado por el aceite desnaturalizado Elpais.com
  5. a b (Gaztelaniaz) «Colza, el aceite de la muerte» La Vanguardia 2021-05-01 (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  6. (Gaztelaniaz) «Colza, el aceite de la muerte» La Vanguardia 2021-05-01 (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  7. (Gaztelaniaz) Sauquillo, Francisca; Benitez, José Manuel Gómez. (1989-05-31). «La sentencia de la colza» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  8. a b José YOLDI: Un envenenamiento masivo causado por la codicia Elpais.com
  9. a b c Bob WOFFINDEN: The Spanish cooking oil scandal Guardian.co.uk
  10. Eneko IMAZ AMIANO: Koltza-olioaren sindromearen eragilea aurkitu dutelakoan Zientzia.net
  11. (Ingelesez) «Twenty years ago, 1,000 people died in an epidemic that spread across Spain.» The Guardian 2001 (Noiz kontsultatua: 2018-05-9).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES