Petrolioa (latinetik Petroleum, eta hori grezieratik πέτρα, "harri" + ἔλαιον, "olio") osaera ezberdineko hidrokarburoen (batez ere alkanoen) nahasketa likidoa da. Hidrokarburoaren kate-luzera C5H12 eta C18H38 artekoa da. Materia naturala beltza edo marroi iluna da, horixka edota berdexka ere izan badaiteke ere, baina osaeraren arabera, itxura desberdina hartzen du.Lurraren azpian dago eta makinak erabiltzen dira ateratzeko, gero erregaia sortzeko eta horrela makinak, autoak,trenak eta abar funtzionatzen dute.


Energia emateko duen gaitasun handiarengatik, aise garraiatzeko erraztasunagatik eta haren ugaritasun erlatiboagatik, 1950eko hamarkadatik aurrera munduko energia-iturririk garrantzitsuena bilakatu da. Gainera, hainbat produktu kimikoren lehengaia da petrolioa, hala nola, zenbait disolbatzaile, ongarri plastiko eta pestizidarena. Energia ekoizteko kontsumitzen ez den % 16a material horietan erabiltzen da.

Lurrazaleko zenbait tokitako arroka porotsuetan biltegiratuta dago. Leku berberean egoten dira petrolioaren eta gas naturalaren hobiak, eta horrek ustiapena errazten du. Petrolio-hobietatik petrolio gordina ateratzen da. Petrolio gordinetik zenbait eratorri ateratzen dira, erregai deritzenak: gasa, butanoa, ibilgailuetarako erregaia, kerosenoa, diesela, olio industriala, lubrifikatzaileak eta asfaltoa, besteak beste. Petrolio gordina erabiltzen da argindarra sortzeko eta industria-lehengai gisa erabiltzeko. Gas naturala ekonomiaren sektore guztietan erabiltzen da, baita etxe eta kaleetan ere.

Petrolioaren jatorria

aldatu

Petrolioa jatorri fosileko hidrokarburoetako bat da, zooplanktonetik eta algetatik eratorritako materia organikoaren eraldaketaren ondorioz sortua. Bizidun horiek itsas hondo anoxikoetan edo iragan geologikoko aintzira-eremuetan kantitate handitan metatu ziren eta, ondoren, sedimentu-geruza astunen azpian lurperatu ziren.

Hidrokarburoak milioika urtez lurperatutako landareen eta mikroorganismoen hondarretatik abiatuta sortzen dira, zenbait prozesu fisiko eta kimikoren ondorioz. Diagenesian sortutako beroak eta presioak eragindako eraldaketa kimikoak (krakeatze naturala) betuna eta gero eta hidrokarburo arinagoak, bai likidoak bai gaseosoak, ekoizten ditu hainbat etapatan.

Produktu horiek, dentsitate txikiagoa dutenez, azalerantz igotzen dira, arroka sedimentarioen porositateari esker. Igoera hori eragozten duten egitura geologikoak, alegia, petrolio-tranpak, azaltzen badira, petrolio-hobiak sortzen dira. Hidrokarburoen igoera oztopatzen duten tranpak askotarikoak izan daitezke, besteak beste, arroka iragangaitzak, egitura antiklinalak eta gatz-diapiroen ertzak.

Petrolio-erreserbak

aldatu

Nigeria (%7), Iraq (%7), Mexiko (%12), Venezuela (%13), Saudi Arabia (%14), Kanada (%15) eta beste batzuk (%32) dira munduko petrolio-erreserbak.

Ezagutzen diren petrolio-erreserbek 1,2 trilioi kupel dauzkate hainbat estimazioren arabera eta harea-petrolioa kontuan hartu gabe. Egungo kontsumoa 84 milioi kupel egunekoa izanda, erreserbak 2039an dira amaitzekoak, aurkikuntza berriak, kontsumo-aldaketak, harea-petrolioaren erabilera eta beste faktore batzuk alde batera uzten badira behintzat. Petrolio-eskaria eta ustiapena hirukoiztu egin dira azken berrogeita hamar urteetan. Herrialde industrializatuak eta jendeztatuenak dira kontsumitzaile handienak: Estatu Batuak daude lehen postuan, eta, haien atzetik, Txina eta Japonia. Gas naturalaren kontsumoak ere, gora egin du 1973ko petrolioaren krisiaz geroztik eta, gaur egun, munduko energia-kontsumoaren laurdenari dagokio.

Petrolioaren Kimika

aldatu
 
Oktanoa, petrolioan aurki daitekeen hidrokarburoa: marrak lotura bakoitiak, esfera beltzak karbono-atomoak eta zuriak hidrogeno-atomoak dira.

Petrolioa jatorri naturaleko likido oliotsu iluna da, hainbat substantzia organikoz osatua: hidrokarburoen nahasketa da, baina sufre- eta oxigeno-konposatu gutxi batzuk ere izan ohi ditu. Petrolio gordina edo  soilik gordina ere esaten zaio, eta kolore iluneko likido oliotsua bada ere, arroka sedimentariotzat hartzen da. Konposizio aldakorreko nahasketa  oso konplexua da, irakite-puntu ezberdin askotako hidrokarburo dituena. Konposatu organiko horiek egoera solidoan, likidoan eta gaseosoan egon daitezke, eta elkarrekin disolbatzen dira likatasun aldakorreko soluzio bat eratzeko.

Petrolio naturalean, hidrokarburoez gain, nitrogenoa, sufrea, oxigenoa, kolesterina, klorofilatik eta heminetatik eratorriko produktuak daude, eta elementu gisa, trazak, banadioa, nikela, kobaltoa eta molibdenoa.

Petrolioa luzera ezberdineko hainbat hidrokarburo-katez osatuta dago. Hidrokarburo desberdinak destilazioz banatzen dira petrolio-findegietan, gasolina, fuela, kerosenoa eta beste hidrokarburo batzuk ekoizteko, eta haien formula orokorra CnH2n+2 da.

Adibidez, 2,2,4-Trimetilpentanoak, gasolina ekoizteko oso erabilia, C8H18 formula du, eta oxigenoarekin erreakzionatzen du exotermikoki:

 

Gasolinaren edo petrolioaren errekuntza osatugabeak gas pozoitsuak sortzen ditu, hala nola, karbono monoxidoa edo oxido nitrikoa. Erreakzio honen bidez gertatzen da errekuntza:

 

Arazoak

aldatu

Petrolioak eta gas naturalak bi arazo dakartzate. Alde batetik, ingurumen-aldaketak eragiten dituzte, batez ere, petrolioarekin lotutakoak: petrolioa erretzen denean, partikula kutsagarriak atmosferara isuri, eta itsas isuriak gertatzen dira. Horien ondorioz, ekosistemak eta biosfera suntsitu egiten dira. Bestetik, herrialde industrializatuek energia-mendekotasuna dute herrialde ekoizleekiko. Herrialde industrializatuak egoera ahulean daude; izan ere, herrialde ekoizleek erabakitzen dutenaren menpe daude, esaterako, petrolio gordinaren prezioaren igoeraren menpe.

Ingurumenean eta gizartean eragindako kalteak

aldatu

Petrolioa uretan disolbaezina da eta, beraz, garbitzeko zaila. Gainera, haren eratorrien errekuntzak hondakin-produktuak sortzen ditu, hala nola, partikulak, CO2 -a, SOx-a (sufre oxidoak), NOx-a (oxido nitrosoak). Oro har, hidrokarburo-isuriek kalte handia egiten dute lekuko ekosisteman; hori dela eta, munduko petrolio-industriak arau eta prozedura zorrotzak bete behar ditu ingurumena babesteko.

Itsasora isurtzen diren petrolioaren eta industria-eratorrien ia erdia kostako hiriek isurtzen dituzten hondakinak dira. Itsasoa substantzia kutsatzaileen biltegi irisgarri eta merke gisa erabiltzen da. Beste isuri batzuk petrolio-ontzi handiek izaten dituzten istripuen ondorio dira, erregaia baldintza desegokietan garraiatzen baitute. Nolanahi ere, petrolio-isuriak dira ozeano-kutsaduraren arrazoi nagusietako bat. Uretako hegaztien, arrainen eta ozeanoetako beste izaki bizidun batzuen heriotza ugari eragin, eta ekosistemaren oreka aldatzen dute. Ukitutako eremuetan, ezinezkoa izaten da arrantza, nabigazioa eta hondartza aisialdirako aprobetxatzea.

Petrolio-alternatibak

aldatu

Petroliotik eratorritako erregaien ordezko substantzia nagusiak bi dira: biodesela eta bioetanola. Biodiesela, landare ezberdinetako hazi oleaginosoetatik ateratzen den dieselaren antzeko ezaugarriak dituen olio erregaia da eta, bioetanola landare-hondarretatik datorren beste erregai batzuekin nahasteko edo erregai ekologikoagoak fabrikatzeko oinarri diren eterrak fabrikatzeko erabil daitekeen erregaia da.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1