Poli(etilen tereftalato)
Poli(etilen tereftalato)a (ingelesezko PET siglengatik ezagunagoa) botilak, ontziak eta ehunak egiteko asko erabiltzen den plastiko-mota da. Urtean 70 milioi tona produzitzen dira munduan.
Poli(etilen tereftalato) | |
---|---|
Konposizioa | oxigeno, karbono eta hidrogeno |
Mota | Poliester |
Ezaugarriak | |
Dentsitatea | 1,38 kg/m³ (20 ℃, solido) |
Fusio-puntua | 260 ℃ (1 atm) |
Irakite-puntua | 350 ℃ |
Identifikatzaileak | |
CAS zenbakia | 25038-59-9 |
Reaxys | 9473797 |
Gmelin | 61452 |
ZVG | 530566 |
EC zenbakia | 607-507-1 |
ECHA | 100.121.858 |
CosIng | 36708 |
MeSH | D011093 |
UNII | 5YSH70HE6K, 645M2T7FHZ, JHW12Q65DD, KJ6GWA9DJ0 eta Y78AJD3DED |
Kimikoki PET polimero bat da eta azido tereftalikoaren edo dimetil tereftalatoaren eta etilen glikolaren arteko polikondentsazio-erreakzio baten bidez lortzen da. Poliesterrak izeneko material sintetikoen multzokoa da.
Polimero termoplastiko lineala da, eta kristalinitate-maila handia du. Termoplastiko guztiak bezala, estrusioz, injekzioz, injekzio eta puzte bidez eta termokonformazioz prozesa daitezke. Esferuliten eta kristal-lamelen gehiegizko hazkundea saihesteko, materiala berehala hoztu behar da eta, hala, gardentasun handiagoa lortzen da. Azkar hoztean, kristalak ez dira guztiz garatzera iristen eta haien tamainak ez dio eragiten argi ikusgaiaren uhin-luzeraren ibilbideari.
Ezaugarriak
aldatuPETak erabilera oso hedatua du botila edo edukiontzi moduan hainbat ezaugarri medio:
- Gasentzako hesi gisa jarduten du.
- Gardena eta kristalinoa da, baina koloratzaile batzuk onartzen ditu.
- Oso arina da eta botila batek edukiaren pisuaren 1/20 izan daiteke.
- Iragazgaitza da.
- Edukiarekiko geldoa da.
- Esfortzu iraunkorrekiko eta higadurarekiko erresistentea da, zurruntasun eta gogortasun handia baititu.
- Birziklagarria da.
Alabaina ez da biodegradagarria oso kristalinoa delako eta bere katea molekula aromatikoz osatuta dagoelako.
Birziklatzea
aldatuBotilen kasuan, PETa birziklatzeko botilak bildu eta birziklatze-enpresara eramaten dira. Bertan, txikitu, garbitu eta lehortu egiten dira, eta, azkenik, prozesatu egiten dira, xaflak edo hariak lortuz. Kontuan izan behar da, halaber, botilen tapoiak polietilenoz edo polipropilenoz eginak daudela, beraz, birziklatu aurretik, botilen gorputza eta tapoiak banatu egin behar dira[1].
Dena dela, birziklatutako materialetik lortzen den PETak ezaugarri mekanikoak galtzen dituenez, industriak nahiago izaten du monomeroetatik abiatzen PETaren sintesia[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Agudo, Leire Sangroniz. (2020-04-29). «Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizitza berri bat emanez» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ chemport.cas.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).