Porru

baratxuriaren familiako landarea

Porrua (Allium ampeloprasum var. porrum edo Allium porrum) barazki luzea eta haritsua da, zuri eta berde kolorekoa. Tipularekin eta baratxuriarekin batera Amaryllidaceae familiako Allioideae subfamiliakoa da. Porruaren atal jangarria ez da zurtoina, hala pentsa badaiteke ere, biribildutako hostoz osatutako multzo estu bat baizik.

Porru
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaAsparagales
FamiliaAmaryllidaceae
GeneroaAllium
EspezieaAllium ampeloprasum
Barietatea Allium ampeloprasum var. porrum

Hainbat motako porruak daude, baina motarik arruntenak, landatzen diren sasoiaren arabera, bi dira: udakoak, landatu diren urtean biltzekoak direnak, eta negukoak, landatu ondorengo urteko udaberrian biltzen direnak. Neguko porruek normalean handiagoak dira eta zapore sakonagoa dute.

Historia

aldatu

Hebrear Biblian jada aipatzen da חציר, adituek porru gisa identifikatzen duten landarea, eta Egipton oso landare ohikoa dela esaten du[1]. Antzinako Egipton aurkitutako landare lehortuek, margolanek eta erliebeek esaten digute porrua K.a. 2. milurtekoan oso landare ohikoa zela euren dietan. Testuek ere Mesopotamian kultibatzen zela esaten digute, gutxienez milurteko horren hasieratik[2].

Antzinako Erroman baratxuria edo tipula baino kalitate hobea zuela pentsatzen zuten. Apicius I. mendeko sukaldaritza-liburuak lau errezeta ditu porruak erabilita[3]. Neron enperadoreak porru gordinak maite zituen, eta olioan zein porrusalda moduan jaten zituen, uste zuelako bere ahotsarentzat oso ona zela[4]. Hori dela eta, kroniketan "Porrofago" ezizena ematen zitzaion, "porru-jalea"[3].

Deskribapena

aldatu

Porru landareak hiru atal ditu; hosto luze lantzeolatuak, berde-urdinxka kolorea dutenak, zurtoina eta amaieran bulbo zuri luzanga sustrai fin ugari ateratzen direna. Porruak metro erdi inguruko luzera hartzen du eta 3-5 cm arteko diametroa. Tipularen antzeko zaporea du, suabeagoa baina.

Nutrizio balioa

aldatu

Porru gordinaren %83a urak osatzen du, %14a karbohidratoek eta %1a proteinek. Ez du lipidorik apenas. Karbohidratoen artean aipatzekoa da inulina iturri garrantzitsua dela.

Ekoizpena

aldatu

Indonesia da mundu mailan porru ekoizle nagusia[5].

2014ko ekoizpena
# Herrialdea Tonak
1   Indonesia 584.631
2   Turkia 223.303
3   Belgika 190.000
4   Frantzia 165.712
5   Txina 156.469

Galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Glantz, Animal and plant life in the Torah, חי וצומח בתורה, p. 204
  2. Zohary, Daniel.. (2012). Domestication of plants in the Old World : the origin and spread of domesticated plants in Southwest Asia, Europe, and the Mediterranean Basin. (4th ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-954906-1. PMC 761379401. (Noiz kontsultatua: 2020-09-20).
  3. a b The cultural history of plants. Routledge 2005 ISBN 0-203-02090-1. PMC 57480711. (Noiz kontsultatua: 2020-09-20).
  4. Pliny, the Elder.. (1938-1963). Natural history. Harvard University Press ISBN 0-674-99364-0. PMC 313293. (Noiz kontsultatua: 2020-09-20).
  5. «World's Top 10 Leek Producing Countries» www.mapsofworld.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1
multimedia 1
os 9