Pubertaro
Pubertaroa, hasierako pubertaroa edo pubertaro goiztiarra nerabezaroaren lehen aldia da. Emakumeen kasuan pubertaroa 8 eta 10 urteen artean hasten da. Gizonezkoen kasuan, berriz, 12-14 urteen artean. Gainera, 13-14 urteen artean amaitzen da emakumeen kasuan[1][2], eta gizonezkoen kasuan, aldiz, 15-16 urteen artean. Pubertaroan zehar aldaketa fisikoak gertatzen dira. Prozesu horretan, haurraren gorputzak ugalketa sexualaren gaitasuna bereganatzen du, nerabe bihurtuz.
Pubertaro | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | Giza gorputzaren garapena |
Identifikatzaileak | |
MeSH | D011627 |
Pubertaro berantiarra gertatzen dela esan dezakegu nesken kasuan 13 urte betetzerako bularrak hazi ez badira, edo 16 urte betetzerako hilekorik izan ez badute. Mutilen kasuan, aldiz, 14 urteren inguruan barrabilen hazkunderi egon ez bada, edo ile pubikorik agertu ez bada 15 urte betetzerakoan esan dezakegu pubertaroa atzeratu dela.
Haurren hazkuntza fisiko esanguratsua gertatzen da pubertaroaren hasieran, eta garapen maximoa izaten du amaieran. Izan ere, pubertaroaren aurretik haur emeen eta arren arteko desberdintasun nabariena genitaleetan aurki dezakegu.[3] Horrela, bada, pubertaroan zehar bereizketa nabariagoa egiten da arren eta emeen artean, tamainari, formari, konposizioari eta zenbait sistemen funtzioen garapenari dagokienez. Zentzu hertsian, pubertaro terminoak sexu-heltzean gertatzen diren gorputz-aldaketei egiten die erreferentzia, eta ez horrek dakartzan aldaketa psikosozial eta kulturalei.
Bestalde, nerabezaroa haurtzaroaren eta helduaroaren arteko trantsizio psikologiko eta soziala da. Nerabezaroak pubertaroaren zati handi bat hartzen du bere baitan, baina haren mugak ez daude pubertaroarenak bezainbeste zehaztuta eta lehen aipatutako ezaugarri psikosozialak eta kulturalak jorratzen ditu.
Pubertaroko gorputz-aldaketak
aldatuEmeetan gertatzen diren aldaketak
aldatuEmeen pubertaroan, estradiola da hormona nagusia, estrogeno mota bat. Estradiolak bularren eta umetokiaren hazkundea sustatzea ez ezik, tamainuaren emendapena ere bultzatzen du. Hauek dira emeen kasuan pubertaroan zehar gertatzen diren aldaketa batzuk:[4]
- Ile pubikoaren hazkundea
Pubiseko ilea, normalean, pubertaroko laugarren agerpena izaten da. Hasiera batean ileak aluaren ezpain handien inguruan agertzen dira, eta emeen % 15 inguruk bularrak garatu orduko agertzen zaie ile pubikoa.
- Aldaketak aluan, umetokian eta obarioetan
Aluan geruza mukitsua loditu egiten da, eta kolore errosazeoa hartzen du.[3] Guzti hori estrogeno mailaren igoeraren ondorioz gertatzen da.
- Hilekoaren hasiera eta ugalkortasuna
Obulazioa beharrezkoa da ugalkortasunerako, eta lehen zikloetan ager daiteke edo ez. Hilekoaren lehen odol jarioa, menarkiaz ere ezagutua, 10-15 urte bitartean agertzen da. Alabaina, hilekoaren hasierako aldiak ia inoiz ez dira erregularrak eta hilerokoak izaten lehenengo urteetan.[5]
Arretan gertatzen diren aldaketak
aldatuPubertaroaren hasieran, hauek dira arren kasuan gertatzen diren aldaketa fisiko eta fisiologiko batzuk:
- Karaktere sexual sekundarioen garapena.
- Muskulaturaren garapena.
- Gorpuzkera helduaren eraketa.
- Barrabilen haziera: Arestian aipatutako moduan, barrabilen haziera da gazte bat pubertaroan sartzen ari dela konturatzeko lehen ezaugarrietako bat; izan ere, barrabilak handitu egiten dira 13-14 urtetik 16 urtera bitartean[3][6].
- Ile publikoaren hazkundea: Ile pubikoa gazte bat pubertarora iristean gertatzen diren lehen gertaeretako bat izaten da. Lehenik eta behin, zakilaren oinarriaren inguruan agertzen da, kolore argi batez, 11 urteren inguruan, lodiagoak eta kizkurragoak bihurtu arte; ilundu eta hazi ere egiten dira, genitalen zati bat estali arte.
- Gorputzeko ilearen hazkuntza: Hipotalamo-Hipofisi-Adrenal ardatza pubertaroan aldaketak jasaten dituen lehen ardatza da. Hormonak sortzen hasten dira, hala nola androstenediona, DiHidroTestosterona (DHT), estrogenoak eta progesterona, 7-8 urte inguruan. H-H-Adrenalaren ardatzeko jarduera horrek, zeina "adrenarkia" izenaz ere ezagutzen den, honako hauen agerpena bultzatzen du: ile pubikoa, besapeetako ilea, aurpegiko ilea (bizarra eta bibotea), hanka eta besoetako ilea, zakiletik zilborreraino luzatzen den ile-lerroa, bularreko ilea.
Pubertaro goiztiarra
aldatuPubertaro goiztiarra ezohiko pubertaroa da. Nahasmendu hori sexu-hormonen sistema behar baino lehen aktibatzeak eragiten du, zehazki, gonadotropinena. Nahasmendu horren arrazoiak, gehienetan, ezezagunak dira, batez ere nesken kasuan; mutilen kasuan, berriz, prozesu organikoekin lotu ohi dira.
Emeetan hilekoa agertzen da oraindik hari buruzko informazirik jaso ez dutenean, inork ez baitu espero 8 urterekin lehen hilekoa izatea. Beste batzuetan, ile pubikoaren agerpen goiztiarra gertatzen da, eta bularrak ohikoa baino goizago hazten dira. Hau gutxi balitz, aknea agertzen da, eta horrek banakoaren osasun mentalean eragin negatiboa izan dezake. Adituek diotenez, gainera, pubertaro goiztiar horrek ondorio nabarmenak izan ditzake gerora, eta, adibidez, gantzak pilatzeko edo insulinaren eraginarekiko erresistentzia nabarmena izateko aukera, gehiegizko pisua edo, kasu batzuetan, ile gehiegi izatea aipatzen dute.
Pubertaro berantiarra
aldatu14 urterekin bularra garatzen hasi ez zaien emeek pubertaro atzeratua dutela kontsideratzen da (bularreko botoia). Arren kasuan, berriz, 17 urterekin testikuluek okupatzen duten bolumena handitzen hasi ez denean eta 4 ml-tik beherakoa denean (Praderren orkidometroarekin neurtuta). Pubertaro berrantiarraz arituko gara, halaber, oso aurrerapen motela duen eta ohikoa den denboran azken fasera iristen ez den pubertaro bat gertatzen denean, edo dagoeneko hasita dagoen pubertaroa eteten denean.
Kausa ohikoena hazkundearen atzerapen konstituzionala da, hazkunde normalaren aldaeratzat hartzen baita. Hala ere, sarritan haurrei atzerapen konstituzionala modu okerrean diagnostikatzen zaie, horren atzean kausa organiko bat dagoelako, besteak beste. Izan ere, analisi biokimikoak (odol-analisiak, adibidez) ez dira nahikoak asaldura jakin batzuk baztertzeko, gaixotasun zeliakoaren kasuan gertatzen den bezala. Altuera txikia, hazkunde-abiaduraren atzerapena (bai altueran, bai pisuan) edota pubertaro berantiarra izan daitezke gaixotasun zeliako aktiboaren agerpen kliniko bakarrak, bestelako sintomarik ez bada.[7][8][9]
Halaber, zenbait gaixotasun kronikoek pubertaroaren atzerapena eragin dezakete, batez ere gaixotasun gastrointestinalek eta sistemikoek. Esaterako: diagnostikatu eta tratatu gabeko gaixotasun zeliakoa (askotan digestio-sintomarik gabe agertzen dena), hesteetako hantura-gaixotasuna, zirrosi hepatikoa, fibrosi kistikoa, giltzurrunetako gutxiegitasun kronikoa, diabetes mellitus-a, hipo eta hipertiroidismoa, gazteen artritis erreumatoidea, lupus eritematoso sistemikoa, Fanconiren anemia, talasemia handia, hiperprolaktinemia, anorexia nerbiosoa, bulimia eta hipogonadismoa…
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Shaffer, David Reed; Kipp, Katherine. (2007-06-29). Psicología Del Desarrollo: Infancia Y Adolescencia. CENGAGE Learning ISBN 978-970-686-779-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ «Pubertad» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ a b c Marshall, William A.; Tanner, JM (1986). «Cap. 8: Pubertad». En Falkner F, Tanner JM, eds., ed. Crecimiento humano: tratado comprensivo (2ª ed. edición). Nueva York: Plenum Press. pp. 171-209. ISBN 0-306-41952-1.
- ↑ MacGillivray, M. H.; Morishima, A.; Conte, F.; Grumbach, M.; Smith, E. P.. (1998). «Pediatric endocrinology update: an overview. The essential roles of estrogens in pubertal growth, epiphyseal fusion and bone turnover: lessons from mutations in the genes for aromatase and the estrogen receptor» Hormone Research 49 Suppl 1: 2–8. doi: . ISSN 0301-0163. PMID 9554463. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Gordon, Catharine M.; Laufer, MR (2005). «Cap. 4: Fisiología de la pubertad». En Emans SJH, Goldstein DP, Laufer, MR, eds., ed. Ginecología Pediátrica y Adolescente (5th ed. edición). Philadelphia: Lippincott, Williams & Wilkins. pp. 120-155. ISBN 0781744938.
- ↑ Lee, Peter A.; Reiter, Edward O.. (2002-02). «Genital size: a common adolescent male concern» Adolescent Medicine (Philadelphia, Pa.) 13 (1): 171–180, viii. ISSN 1041-3499. PMID 11841963. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Wei, Christina; Crowne, Elizabeth Clare. (2016-05-01). «Recent advances in the understanding and management of delayed puberty» Archives of Disease in Childhood 101 (5): 481–488. doi: . ISSN 0003-9888. PMID 26353794. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Mearin, M. Luisa. (2015-06-01). «The prevention of coeliac disease» Best Practice & Research Clinical Gastroenterology 29 (3): 493–501. doi: . ISSN 1521-6918. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Leffler, Daniel A.; Green, Peter H. R.; Fasano, Alessio. (2015-10). «Extraintestinal manifestations of coeliac disease» Nature Reviews Gastroenterology & Hepatology 12 (10): 561–571. doi: . ISSN 1759-5053. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).