Quebeceko historia
Quebeceko historia luzatzen da lehenengo jatorrizko herriak (inuitak eta beste batzuk) lurralde horretan finkatu zirenetik XX. mende amaieran Quebecek Kanadatik bereizteko egin zituen saiakeren ondoren arte. Hala ere, egungo Quebecen gizarte eraketa frantsesen kolonizazio garaian hasten da, XVII. mende hasieratik aurrera. Alde horretatik, Kanadako historiari hertsiki lotuta dago.
Zazpi Urteko Gerran, Quebec Britainia Handiaren menpe geratu zen, eta ingeles kolonizazioa hasi zen. Horrek ingeles legeak eta administrazioa eraman zituen jatorrizko nazioetara eta frantses kolonoen artera, eta gatazkak luze gabe piztu ziren baztertuta geratutako biztanleria horrekin. Lehen Mundu Gerraz geroztik, quebectar nazionalismoa sortu zen, eta quebectarrek zertxobait hobetu zituzten beren hizkuntza eta ordezkaritza eskubideak. 70eko hamarkadatik aurrera, burujabetza eta independentziari buruzko eztabaidak bi erreferendum oso lehiakor eragin zituen, 1980an eta 1995an. Quebec lurralde elebidun frantses-ingelesa da ofizialki egun.
Jatorrizko biztanleak
aldatuAlgonkiarrak, Iroquoiarrak eta Inuit nazioak lurralde horretan bizi izan ziren europarrak ailegatu baino lehen. Orain dela 10.000 urte inguru iritsi ziren bertara.[2] 1000. urteetan, baina, bikingoen espedizioak iritsi ziren Eskandinaviatik, eta ekialdeko kostaldean finkapen iraunkor bat baino gehiago kokatu zuten[3].
Europarren etorrera
aldatuBeste europar batzuk, arrantzale euskaldunak, Behe Erdi Aroan heldu zirela uste da, Ternuan eta San Laurendi ibaian barrena. 1534an Jacques Cartier Frantziako esploratzailea San Laurendiko kostaldean lurreratu zenerako, euskaldunak eta portugesak zebiltzan bertan arrantzan (makailua batez ere) eta salerosketan, azken honetan larruarekin bereziki. Cartier-ek, baina, Frantziako erregearentzat aldarrikatu zituen lurraldeok, ohol eta ikur baten bitartez. Stadaconaraino aitzinatu zen, gero Quebec hiria sortutako lekuan. Montreal uharteko Hochelaga herriskan ere izan zen, 'Kanadako erresuma'ren erdian.[oh 1]
Cartierrek eta bere espedizio-buruak, bigarren kanpaina batean, ehunka preso eta gaizkilerekin lurraldea kolonizatzeko saioa egin zuen 1541ean, baina huts egin zuen.[4] Aldi berean, XVII. mende arte, frantsesen eta euskaldunen arteko lehia bizia izan zen.[5] Euskaldunek Tadoussacen eta Euskaldunen Uhartean (Île aux Basques) zituzten San Laurendi itsasadarreko postu iraunkor aurreratuenak. Une horretan, Nouvelle France izendapenarekin batera, Nouvelle Biscaye agertzen da mapetan Ameriketako lurralde honi deitzeko.[6]
Quebec frantsesen kolonia
aldatuXVII. mende hasiera arte, Nafarroako Henrike III.aren erregealdian, ez zen kolonizazio ahalegin berririk egin. 1601ean Quebecq izena hartu zuen lurraldeak, Kebek toponimo algonkinotik.[7] 1608an, Samuel Champlainek San Laurendi itsasadarra estutzen den tokian Quebec Hiria izango zena sortu nahi zuen, eta finkapen iraunkor bat sortzen ahalegindu zen, hura gotortuz.[1] Hori Tadoussacen finkatutako euskaldunei ez zitzaien batere ondo iruditu, bertako biztanleekin merkataritza hondatuko zuelakoan.[8] Gogor egin zioten frantsesari eta, konplot baten bitartez, Champlain erailtzen saiatu ziren; konplotak, baina, huts egin zuen.[oh 2]
Richelieu kardinalak serioago hartu zuen 1628an Quebec kolonizatzeko asmoa, baita Frantzia Berriko Konpainiaren sorrera bultzatu ere horretarako. Hurrengo 15 urteetan, 4.000 gizon eta emakume eraman zituen ingurune horretara, hainbat pizgarri emanez.[9] 1634tik aurrera, Frantziako erregea jaurerriak esleitzen hasi zen, metropoliko jaunen artean lursailak banatuz. 1642an, berriz, Santa Maria Montrealekoa konpainiako misiolariek postu bat sortu zuten ibaian gora bertako biztanleak kristautu nahirik, eta Ville-Marie sortu zuten, egungo Montreal. Irokiarrak, baina, horrelako frantses kolonizatzaileei sarritan eraso egin zieten, eta Ipar Amerikako frantses kolonien jarraipena kolokan izan zen 1650eko hamarkadan.[10]
1663an, baina, Luis XIV.a errege frantsesak bere eskuetan hartu zuen Ipar Ameriketako kolonien auzia. Jean-Baptiste Colbert bere ministroari Kanadari[oh 3] arreta berezia jartzeko agindu zion. Hasteko gerra agindu zuen irokiarren kontra, eta 1.200 gerlariko taldea bidali zuen Quebecera 1665ean, kopuru gaitza inondik ere; horiek gotorlekuak eraiki zituzten. Denbora gutxiren buruan, irokiarrak eta beste herriak azpiratu zituzten, bake hitzarmenetara helduz, eta soldaduei San Laurendi inguruan finkatzeko pizgarriak eman zizkieten.[11] Artean, hala ere, gizonak ziren kolonietako gehienak: 6 gizoneko emakume bat zegoen. 1668tik 1673ra, desoreka hori hautsi egin zen, Frantziatik 850 fille de roi ('erregearen alabak') igorri zituztenean.[12]
Ordurako, frantses koloniak 6.700 biztanle zituen. Kolonizatzaileak etorri ahala, bertako biztanleen kopuruak izugarri ahuldu ziren gerrak eta izurriek jota. Nolanahi ere, hurrengo hamarkadetako kronikek adierazten dutenez, kolonizatzaileek bertako biztanleen hainbat ohitura eta bitarteko tekniko bere egin zituzten.[12] Aldi berean, meatzaritza eta ontziolak garatu ziren eta, haiekin batera, egurketa. Bakea, baina, hauskorra zen, eta Ingalaterra Berritik ingelesek beren begiak jarri zituzten San Laurendiko lurretan eta, horregatik, frantsesek Quebec hiria eta Montreal gotortu zituzten 1720tik aurrera. Azkenean, 1756an, Zazpi Urteko Gerra piztu zen (Quebecen Konkistako Gerra ere deitua, besteak beste).
Quebec ingelesen mende
aldatuPariseko Ituna
aldatu1763an, Britainia Handiaren menpe gelditu zen, legez Pariseko Itunaren bitartez. Une horretan, 90.000 biztanle frantses-hiztun eta jatorrizko biztanle zeuden; Britainia Handitik eta Irlandatik etorritako gainerako biztanleak 600 ziren.[13] Iraultza haizeak jotzen ari ziren Ipar Amerikan, eta 1778ko Bostongo istiluek eta Hamairu Kolonietako independentzia aldarrikapenak herriaren subiranotasunaren ideia Kanadara ekarri zuten: La Fayette jeneral frantsesa Erresuma Batutik askatzen laguntzeko prest ere agertu zen.
Bertako herritarrek, baina, ez zuten Eliza katolikoko agintarien babesa izan: Elizak harreman ona izan zuen gerora ere Erresuma Batuko koroarekin. 1783an, ingelesek Hamairu Kolonietako gerra galdu zutenean, lurralde horietako 7.000 leialistak errepublika sortu berritik alde egin zuten britainiarren peko Kanadara, eta agintariek ongi etorri beroa eman zieten, baita haien artean lurraldeak banatu ere, baina Montrealetik mendebaldera.[14] Ordu arte, 'kanadar' deitzen zitzaien Quebec probintziako biztanle frantses-hiztunei, baina hori aldatzen hasi zen, 'kanadar berri' eta 'kanadar zahar' bereizketa eginez.
Quebec aitortzarik gabe
aldatu1791ean, Quebec probintzia desagerrarazi eta Kanada Beherea eta Kanada Garaiaren sorrera ofiziala dekretatu zen, zein bere parlamentuarekin, lehena egungo Quebecen mugen antzekoa eta bigarrena, berriz, ingeles lege eta instituzioen araberakoa. William Pitt 'Gaztea' lehen ministroaren arabera, hobe zen horrela: hartara, frantses-hiztunak pixkanaka britainiar sistemara berez asimilatuak izaten joango ziren, 'konbentzimenduz'. Berehala hasi ziren parlamentuko ingeles- eta frantses-hiztunen ordezkaritzaren auzia.[15]
Bi komunitateen arteko liskarrak Kanada Beherean kontrako egunkarien sorrera ekarri zuen: batetik, Quebec Mercury eta, bestetik, Le Canadien. James Craig gobernariak azken honetako zuzendariak atxilotzeko agindu zuen, 'sedizioa' leporatuta (1807). Handik gutxira, britaniarren eta estatubatuarren arteko gerra piztu zen 1812an, eta lehenengoek armadara deitu zituzten kanadarrak. Gerara amaituta, kanadar frantses-hiztun gehiengoak protesta egin zuen, ordezkaritza txikiagoa zutelako ingeles-hiztunen aldean. Une horretan sortu ziren lehen alderdi politikoak, eta Parti Canadien.
Quebec kontserbadorea kinkan
aldatu1832an eta 1834an, kolera agerraldi latz bana izan zen Kanada Beherean, Parti Canadienen batzuek bertako biztanleria suntsitzeko ahalegintzat jo zutena. Bitartean, Latinoamerikako independentzia aldarrikapenen berri zabaldu zen, baita herriaren subiranotasunaren ideia ere. Parti Patriotek hauteskundeetatik ateratako batzar legegile bat eskatu zuen, baina Londresek entzungor egin zion, eta Montrealen kanadar ingeles- eta frantses-hiztunen elkarte sutsuenen arteko gatazka piztu zen (Doric Club eta Fils de la Liberté), baita errebolta ere. Britainiar armadak, baina, patrioten errebolta armatua gordinki zapaldu zuen 1838an.[16]
1840an, Victoria erreginak Kanada Beherea eta Garaia bateratu zituen, batzuek 'bigarren konkistatzat' jo izan zutena. Kanada Beherean, horren ondoren, Eliza katolikoak indar handia hartu zuen eta, britaniar agintari kolonialekin batera, 1848ko Europako Iraultza Liberaletatik alde egindako erlijio ordenak gonbidatu zituen Quebecera. Liberalismoa bilakatu zen haientzat arerio nagusia.
Kanadako Domeinu britainiarrean
aldatu1857tik aurrera, aldaketa demografikoek Kanadako gobernu laburrak eragin zituzten, krisia etengabea zen. Konponbidea Ipar Amerikako britainiar kolonien federazio bat zela nagusitzen joan zen. Estatu Batuetako Batasunaren kontra kolonietako milizia osatzeko arazoak handiak ziren Kanada Beherean ("Ekialdeko Kanada", orduan Quebeci deitzen zitzaion bezala), frantses-hiztun askok uko egiten baitzioten bertan sartzeari. Nolabaiteko bizikidetza adosteko, federazio bat proposatu zen 1864ko Quebeceko konferentzian. Biztanle frantses-hiztunen ordezkariek gehiengo estuz babestu zuten hori, erdiek baino zertxobait gehiagok bakarrik. Londreseko Jaunen Ganberak oniritzia eman ondoren, Kanadako Domeinua sortu zen 1867ko uztailean, gobernu federal batez eta probintziako gobernuz osatua, eta elkarren artean eskumenen banaketa bat eginez.[17]
Kanadako Britainiar Domeinua
aldatuHurrengo urteetan, milaka askok emigratu egin zuten Quebecetik Estatu Batuetako ipar-ekialdera bertako gerra zibila amaitutakoan, eta haien hizkuntz asimilazioa bilatu zen. 1875an, boto sekretuz egindako lehen hauteskundea egin zen Quebecen. Industrializazioa izugarri areagotu zen, sindikatuak sortu, eta grebak egin. Aldi berean, 1880tik Quebec Mendebaldeko joeren baitan kokatu zen, eta lehenengo 'frantses kanadarrek' eta Frantziak elkarren arteko lotura emozional bat ezarri zuten, frantsesezko opera emanaldien eta kantaldien bidez. Calixa Lavalléek, Kanadako musikari nazionala deituak, gerora Ô Canada ereserkia izango zena musikatu zuen.[18]
Handik gutxira, Hegoafrikako Boerren Gerran zerbitzu militarra egitearen auzia piztu zen, Quebecen beti kontrako jarrera zuen gaia. Azkenean, frantses kanadarrak errejimendu berezi batean joan ziren. Boerren Gerraren epelean, Quebeceko nazionalismoa sortu zen. Une honetan, frantses kanadarrek gehienean maila apaleko lanbideetan zebiltzan, eta Elizako agintariek negozioak haientzat ez zirela ere esaten zuten. Aldiz, zerbitzu militarretik itzulita, Alphonse Desjardins kazetaritzan hasi zen lanean, eta gero lehen aurrezki kooperatiba sortu zuen (caisse populaire).
Quebeceko frantses-hiztunen borrokak Ontariora zabaldu ziren: London Ontarioko apezpiku katolikoak Ontarioko eskola katoliko fratses-hiztunak bertan behera uztera deitu zuen; izan ere, haien asimilazioa bultzatzen irlandar Eliza katolikoak indar berezia egin zuen. Horri Le Devoir egunkari berriak (1910) aurre egin zion, askotariko kanpainetan.[19] Lehen Mundu Gerra hastean, frantsesezko eskolan auzia puri-purian izan zen, eta quebectar askok gogor egin zioten milizietan sartzeari, gai hori konpontzen ez zen bitartean. San Laurendiko itsasadarraren inguruan frantses-hiztunen estatu bat sortuko zelako zurrumurrua ere zabaldu zen, baita kontrako adierazpen bortitzak ere. Zerbitzu militarrari buruzko intsumituak ugaldu egin ziren, eta Quebec hirian protesta eta liskarrak izan ziren. Gero, gainera, gripe espainiarra deitua heldu zen Europatik.[20]
Hurrengo urteetan, hala ere, biztanleria asko hazi zen, eta hirietako biztanleak gehiago izatera pasa ziren, landa ingurunekoak baino. 20ko hamarkadaren hasieran, gainera, ibilgailuak 26.000 bat izatetik 140.800 izatera pasa ziren hamar urte geroago.[21] 1929ko hondamendi finantzarioak gogor astindu zuen Quebeceko gizartea eta, horri aurre egiteko, gobernua lan publikoak egiten hasi zen. Batzuek Quebecen independentzia ikusi zuten soluziobide; beste batzuek, berriz, gobernu komunista. Azken hauen kontra, errepresio handia izan zen, Padlock Lawren bitartez hauspotua. 1940an Paris okupatu eta gutxira, nahitaezko zerbitzu militarra deitu zuen Kanadako gobernuak. Erreferendum batean Quebeceko % 70ek haren kontrako botoa eman zuten (Kanadaren kontrako muturrean); 1944tik aurrera, quebectarrei zerbitzu militarra inposatu zitzaien, hala ere. Zentsura ere ezarri zen.[22]
Garai berri bat
aldatuGerraren amaierak Quebeceko biztanleriaren hazkunde handi bat ekarri zuen jaiotzetan, % 21,7koa 1941etik 1951ra eta, aldi berean, jatorri askotako etorkinak areagotu egin ziren, batez ere Europatik eta Montrealera. Maurice Duplessis Quebeceko lehen ministroak berretsi egin zuen Quebecen aparteko nortasuna eta, Quebeceko biztanleria frantses-hiztunaren identitateari erantzunez, 1948ko urtarrilean Quebeceko bandera sortu zuten, Duplessisek bultzatuta.[23]
Duplessis 1960an hil arte izan zen agintean, eta aro bat markatu zuen: oso kontserbadorea ekonomian, gobernua enpresa eta konpainiekin buruz buru lan eginez, Estatu Batuetako firma handien inbertsioak bultzatuz, eta Eliza-estatuaren arteko harreman estuaz. Ezkontzaz kanpoko jaiotza gutxi zeuden, abortua legez kanpokoa zen, eta dibortzioa 1968an legeztatu zen osoki.[24] Kritikoek garai iluntzat dute, tartean dela Elizaren peko erakundeetan izandako abusuak, umeen kontra, adibidez.
Aldi berean, baina, Les Automatistes artista taldeak Le Refus global argitaratu zuen, "erabat ukatu" esanahiaz. Adierazpen hori Quebeci buruzko ikuspegi berri bat hasteko ahalegina izan zen. "Erlijioaren eta boterearen kontrako manifestutzat" jo izan da, baita "Quebeceko historia modernoan eragin oso handia izandako arte- eta gizarte-arloko dokumentutzat" ere. Haren eragina iraunkorra izan zen, 1960ko hamarkadan egosten ari zen Iraultza Isilaren aktibisten baitan bereziki.[25]
1960 eta 1970eko hamarkadak baikortasun urteak izan ziren, eta hainbat egitasmoa eraman ziren aurrera, adibidez, 1967ko Montrealgo Nazioarteko Erakusketa Unibertsala, Montrealgo metroa, eta Jean Drapeau parkea. Quebeceko gobernuak ekonomiako interbentzioa areagotu zuen, garrantzi handiko negozio frantses-hiztunak garatuz. 1976an, Joko Olinpikoak egin ziren Montrealen. 1968ko urriaren 11n sortu zen Parti Quebecois (PQ) alderdi politiko independentista, eta 1977ko abuztuaren 26an PQk frantsesa izendatu zuen hizkuntza ofizial bakartzat, André Lévesque hautatua izan eta gutxira.
Subiranotasunerantz
aldatu1980ko maiatzaren 12an burujabetzari buruzko lehenengo erreferenduma egin zen Quebecen. Kanadarekin bateratuta jarraitzearen aldekoek irabazi zuten: % 59,56 / % 40,44. 1995eko urriaren 30ean banaketari buruzko bigarren erreferenduma egin zuten, baina independentistek berriz galdu zuten, oso gutxigatik bada ere: % 49,4 / %50,6. 1982an beste data erabakigarri bat izan zen: Erresuma Batuko parlamentuaren erabakiz, ia lotura guztiak moztu ziren Kanadarekin (Canada Act 1982); aldiz, Quebecek ez zuen urte bereko Kanadako konstituzioa berretsi, René Lévesqueri agiri hori fait acompli gisa aurkeztu ziotelako, quebectarren ekarpenik gabe.[26]
« | Kanada ingelesak oso argi eduki behar du, nornahik edozer dioela edo egiten duela ere, Quebec gizarte desberdin bat dela, egun eta betiko, askea eta haren destinoa eta garapena bere gain hartzeko gai. Eskerrik asko. | » |
—Robert Bourassa Quebeceko lehen ministroa, 1990eko ekainaren 22a, Meech Lake Akordioaren porrotaren ondoren |
Ondorioz Kanadaren eta Quebecen artean sortutako zuloaren eraginez, Meech Lake Akordioa eta Charlottetown Akordioa sinatu ziren Brian Mulroneyren lehen ministroaren gobernuan, Quebecekin adiskidetu eta Kanada Legea sinatu zezaten. Aldiz, Kanada ingeles-hiztunean askok onartezintzat jo zuten Quebeci esleitutako puntu batzuk, eta Charlottetown Akordioaren kontra bozkatu zuten. Akordio horien porrota Quebecekeko independentziazaleak 1995eko erreferenduma antolatzera hauspotu zituen. Bitartean, baina, Lehen Nazioen altxamendu bat izan zen Okako Gatazkan, lurren gaineko borroka bat zela eta. Mohawk nazioa aurrez aurre jarri zuen Quebeceko gobernuarekin, Okako udala hirigintza planak eta golf zelai bat eraikitzen saiatu zenean, non eta Mohawken lurretan, arbasoen hilobi lurretan. Armadak parte hartu eta gobernuen eskumenen inguruko istilua piztu zen.
1995eko urriaren 30ean, Quebecen subiranotasunari buruzko bigarren erreferendum bat egin zen, eta subiranotasunaren zaleek tarte oso urriaz galdu zuten: ezetzak % 50,58, eta baietzak % 49,42). Subiranotasunaren aldeko buruzagien artean Lucien Bouchard eta Quebeceko lehen ministro Jacques Parizeau izan ziren.
2003an, Bernard Landryk, Parti Québécoisko Parizeauren ondorengoak, galdu egin zituen Quebeceko hauteskundeak Québéceko Alderdi Liberalaren eta Jean Charesten kontra. Landryk dimisioa eman zuen PQko buruzagi gisa 2005ean; haren ordezko lana André Boisclair-ek hartu zuen alderdian 2007ko hauteskundeetan Quebeceko Alderdi Liberala gobernura heldu eta PQ oposizioko bigarren alderdi gisa geratu ondoren, justu Action Démocratique alderdiaren atzetik. 2006ko azaroaren 27an, Kanadako parlamentuak mozio bat onartu zuen, "quebectarrek Kanada barruko nazio bat eratzen dute"la aitortuz. Mozioa Gobernu Federalak sartu zuen parlamentuan.
Oharrak
aldatu- ↑ Lacoursièrek dioenez, "kanada" irokiar hitz bat da, herrixka edo hitz-multzoa esan nahi duena, ikus Lacoursière, Jacques. 2009, 11. or.
- ↑ Teoria batek istilu hauei egozten die Lapurdira Pierre De Lancre epailea Henrike III.ak igortzeko hartu zuen erabakia.
- ↑ Une honetan, San Laurendi ibaiari erreferentzia egiten zion izenak; "Frantzia Berria"k, berriz, eremu zabalagoa hartzen zuen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Lacoursière, Jacques. 2009, 12. or.
- ↑ Historical atlas of Canada. University of Toronto Press [1987]-1993 ISBN 0802024955. PMC 18188779. (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
- ↑ L., Wernick, Robert. (1979). The vikings. Time-Life Books ISBN 0809427095. PMC 4504087. (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 10-11. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 10-12. or.
- ↑ Maia, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 19. orria.
- ↑ Maia, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 63. orria.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 12-13. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 14-15. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 17. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 22-24. or.
- ↑ a b Lacoursière, Jacques. 2009, 22-25. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 72. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 77-78. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 79-80. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 96-99. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 110-115. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 123-128. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 136-137. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 138-143. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 144-147. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 148-153. or.
- ↑ Lacoursière, Jacques. 2009, 155-157. or.
- ↑ Linteau, Paul-André. 1991, 323-40. or.
- ↑ Paulin, Marguerite. 2005, 182. or.
- ↑ Sheppard, Robert. The Canadian Encyclopedia, Constitution Act, 1982.
Bibliografia
aldatu
- Lacoursière, Jacques; Philpot, Robin. (2009). A People's History of Quebec. Rochester, New York: Baraka Books ISBN 978-0-9812405-0-3..
- Maia, Jon. (2006). Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean ISBN 84-0-9783-433-X..
- Linteau, Paul-André. Quebec Since 1930 (1991), standard 2 vol. Testuliburua.
- Paulin, Marguerite. (2005). Maurice Duplessis. Dundurn ISBN 9781894852173..