San Paulo katedrala (Londres)
San Paulo Katedrala (ingelesez: Saint Paul's Cathedral) Londres hiriko eliza nagusia da. 1676 eta 1710 bitartean eraikia izan zen Christopher Wrenen zuzendaritzapean 1666an Londresko Sute Handiaren ondorioz erre zen bertan zegoen Erdi Aroko Antzinako San Paulo Katedralaren hondakinen gainean. Inguru guztiko eraikinetatik, Bigarren Mundu Gerratik onik irten zen gutxietako bat da, eta Karlos, Galesko printzea eta Diana Spencer printzesaren arteko ezkontza bezalako gertakarien agertoki izan zen. City of London eremuan kokaturik dago.
San Paulo katedrala (Londres) | |
---|---|
St Paul's Cathedral | |
Ondasun Ingelesa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Ingalaterra |
Ingalaterrako eskualdea | Londresko eskualdea |
Hiria | City of London |
Kokapen fisikoa | Ludgate Hill (en) |
Koordenatuak | 51°30′50″N 0°05′54″W / 51.51378°N 0.09831°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1675 - 1710 |
Hileta | 1806 |
Hileta | 1852 |
Protection | 1940 |
Hileta | 1965eko urtarrilaren 30a |
Wedding of Charles, Prince of Wales, and Lady Diana Spencer | 1981eko uztailaren 29a |
Hileta | 2013ko apirilaren 17a |
Jabea | Diocese of London (en) |
Erlijioa | anglikanismoa |
Elizbarrutia | Diocese of London (en) |
Izena | Paulo Tartsokoa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Christopher Wren |
Materiala(k) | Portland harria |
Estiloa | English Baroque (en) |
Dimentsioak | 111 () × 37 () × 158 () m Transeptu: 75 () m Kupula: 34 () m kanpandorre: 67 () m |
Ondarea | |
Ondare Ingelesa | 1079157 |
Webgune ofiziala | |
Eraikuntza aldetik erronka bat izan zen. Garaiko zientzialari onenek fisika, matematika eta geometrian egindako aurrera-pausoak aplikatu ziren bertan. 33m-ko gurutzadura gaineko zuloa estaltzeko 3 geruzako Kupula bat diseinatu zuten arkitektoek.
Historia
aldatuGaur egun katedral honek hartzen duen tokian Ingalaterrako lehen eliza eraiki zen, zurezkoa, 604an San Agustinen jarraitzaile zen San Mellitusi esker, betebehar bezala anglosaxoiak kristautasunera bihurtzea zuena. Jatorrizko eraikin hau 675ean, , 962an eta 1087an berritua izan zen.
Nagusitasun Agiria 1534an ezarria izan ondoren, katedrala ahaztua izan zen Iñigo Jones eraikin hau 1633an zaharberritzen hasi zen arte, arkupe neoklasikoa gehituz. Dena den, antzinako katedrala 1666ko Londresko sute handian erre zen eta berreraiki egin behar izan zen. Lan honen kargu Christopher Wren egon zen, barroko estilo berri batean birplanteatu zuena.
James Thornhillek San Pauloren bizitzaren irudiak margotu zituen kupulan, Grinling Gibbonsek Koruko eta organo handiko zura landu zuen, Jean Tijoyk Koruko hesiak egin zituen, eta ondorengo belaunaldiek tenpluaren apainketarekin jarraitu zuten. Koruko mosaikoa bizantziar inspiraziokoa da eta munduaren sorrera Hasieraren arabera irudikatzen du. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran gehitu zituzten Stevens, Watts, Britten eta Richmondek William Holman Hunten Munduko argiarekin batera. Henry Morreren Ama eta semea lana ipar-ekialdeko nabean kokatu zen, eta arte garaikideak tenplua aberasten jarraitzen du.
Katedrala bere kupulagatik ere nabarmentzen da, munduko handiena Vatikanoko San Petri basilikarenaren ondoren. Askoz hurbilagotik ikus daitezke bertako freskoak 530 eskailera maila igoz, eta ondoren kupulatik irten eta hiriaren ikuspegi panoramiko bikain batez gozatu.
Bertan gertatzen dira nazio mailako garrantzia duten gertakariak, errege ezkontzak kasu, Karlos, Galeseko printzea eta Diana Spencerren artekoa adibidez, heroi nazionalen hileta elizkizunak, Winston Churchill eta Horatio Nelsonenak kasu, azken hau kriptan lurperatua, bisita daitekeena, eta oroigarri ugari, 2001eko irailaren 11ko atentatuak AEBetan eta 2005eko atentatuak Londresen.
Testuingurua
aldatuAro Modernoan gaude indibidualtasuna, aurrerakuntza, komunikazioa eta arrazoiaren garaian. Momentu honetan Burgesia sortu zen, komertzioari esker aberastutako maila soziala.
Ingalaterran, Erreforma anglikanoaren ondoren aurkitzen gara. Londres hiri komertzial oso garrantzitsua zen itsas-merkataritzari esker, eta aberastasunak demografiaren hazkundea ekarri zuen. Intelektualak ere erakarri zituen hiriburuak, beste intelektual batzuez inguratzea bilatzen zutenak.
1660an Royal Society fundatu zen, Europako lehenengo sozietate zientifikoa. Filosofo eta zientzialariek osatutako talde bat zen “filosofia berria”-ren inguruan eztabaidatzen zuena. Bertako kide izan ziren besteak beste Christopher Wren eta Robert Hooke.
Londresen XVII. mendean hainbat izurrite pairatu ziren. Honez gain 1666an sute handi bat jasan zuten; 3 egunekoa, hiriguneko 13.200 etxe eta 87 eliza erre ziren, artean San Paulo. Berreraikuntzak 10 urte iraun zituen eta Robert Hooke-ek gainbegiratu zuen, gertuko lagun Christopher Wren-ekin kolaborazioan.
Arteari dagokionez, Europan Barrokoaz zebiltzan bitartean, Ingalaterran Gotikoarekin jarraitzen zuten. Baina bazen bat Pizkundeaz ausartu zena: Inigo Johns. Honek Italiara bidaiatu, modan zeuden Palladioren obretatik ikasi, itzultzean erregearen arkitekto bihurtu, eta ikasia bere herrialdean landu zuen. Bere ondorengoa Christopher Wren izan zen.
Arkitektoak
aldatuIngalaterran arkitektura ez zen orain ezagutzen dugun bezala. Ondo hezitako gizon gazteen (“virtuosi”) aisialdiko aktibitatea zen, matematika aplikatuen erro bat. Eraikinak, sustatzailearen beharren arabera eta gremioen gomendioei kasu eginez eraikitzen ziren.
Christopher Wren eta Robert Hooke zientzialariak ziren. Fisikaren, matematikaren eta materialen ezagutzak zituzten, eta arkitekturarako gerturaketa bide honetatik egin zuten.
Sir Christopher Wren 1632ko Urriaren 20an jaio zen East Knoyle-en, Wiltshire eta 1723ko Otsailaren 25ean hil. Oso gaztetatik matematika eta gauzak asmatzea gustuko zuen. Westminster-eko eskolan eta Oxford-eko Unibertsitatean ikasi zuen eta astronomiako irakasle izan zen. 1660an Royal Society inauguratu zuen hitzaldi batez.
1665ean, Parisera bidaiatu eta Bernini ezagutu zuen. Frantziako eta Italiako estilo Barrokoa jaso eta hau Ingalaterrako aplikatu zuen. 1666ko Londreseko Sute Handiaren ondoren Carlos erregearen arkitekto bihurtu eta 51 eliza berri diseinatu zituen, tartean San Paulo katedrala.
Zientzialari honek estetika hutsean oinarritzen zen Klasizismo absolutua suntsitu zuen. Vitrubioren edertasuna lortzeko proportzioak baztertu, eta kalkulu estrukturalean oinarritu zituen eraikuntza elementuen dimentsioak, emaitza ekonomikoagoak lortuz. Dena den, elementu klasiko hauen balio asoziatiboa ulertzen zuen, eta askotan ikur moduan ibili zituen bere lanetan.
Robert Hooke 1635eko uztailaren 18an jaio zen Freshwater-en eta 1703ko martxoaren 3an hil Londresen. Gaztetatik miresten zituen obra mekanikoak eta marrazkiak. Westminster-eko Eskolan eta Oxford-eko unibertsitatean ikasi zuen eta geometriako irakasle izan zen. 1660an fundatutako Royal Society-ko kide, idazkari, bibliotekari eta esperimentuen arduraduna izan zen.
Robert Boyle-rekin lanean zebilela “Hooke-ren elastizitatearen legea” formulatu zuen, eta erresorte helikoidala (muelle) asmatu zuen. 1665ean argitaratutako Micrographia liburuan berak asmatutako mikroskopioarekin eginiko obserbazioen marrazkiak erakutsi eta “zelula” hitza ibili zuen lehen aldiz.
Hooke-k bere ideia asko anagrama moduan plazaratu zituen. Wren-ek San Paulo katedralean baliatutako legea jarraian agertzen den bezala publikatu zen Micrographia liburuan. Forma honi beranduago Katenaria deitu zaio, eta Antonio Gaudí-k askotan ibiliko du.
- · Publikatua: “abcccdeeefggiiiiiiiillmmmmnnnnoorrssstttttuuuuuuuvx”
- · Ordenatua: “Ut pendet continuum flexile, sic stabit contiguum rigidum inversum”
- · Itzulia: “hari flexible bat zintzilikatzen den bezala baina inbertituta arku zurrun bat eutsiko da”[1]
Katedrala
aldatuKokapena eta Orientazioa
aldatuLudgate Hill-eko eremu hau beti egon da eraikin erlijiosoz okupatua. Dolmena, Tenplua eta Eliza jaso zituen XII. mendean katedrala eraiki aurretik.
Baina, Wren-en San Paulo katedralaren berreraikuntza ez dago zehatz aurreko katedralaren leku berdinean txertatuta; behatoki erabilera emateko ardatza biratu zion, zimendu gotiko zaharrak erabiltzeari uko eginez eta berriak planteatuz.
Katedralaren Historia
aldatuIngalaterrako lehen katedrala San Agustinen diszipulo batek eraiki zuen 604. urtean. Eraikinak historian zehar zenbait birgaitze izan ditu. 1087ko Normandiako duke frantzesaren konkistaren ondorioz, eraikina berreraikia izan zen.
XIII. mendean, berriro birgaitua izan zen. San Pauloko transeptu zabalaren gurutzaduran dorre altu bat zegoen, orratz batez errematatuta baina 1598. urtean desagertu zen. 1658ko grabatu batzuen arabera, eraikinak oraindik gurutzaduraraino horma normandoak kontserbatzen zituen eta aurrealdeko egitura gotikoa.
Hemendik aurrera, katedrala zenbait urtez berdin mantendu zen, Jacobo I tronora ailegatu arte. Honek, bere arkitektoari eraikinaren fatxada berri bat diseinatzeko eskatu zion. Guda Zibilaren ostean barrakoi moduan erabili zen eta portikoan dendak ezarri ziren.
Londreseko 1666. urteko Sute Handian eraikina desagertu zen. Behin desastrea igarota Ingalaterrako hiriburua berreraikitzeko lanak abian ipini ziren lehenbailehen. Wren-ek plan bat proposatu zuen, ez zena onartu. Biztanleria errautsen gainean beraien lurretan berreraikitzen hasi zen, eta beraz, Carlos erregeak Hooke izendatu zuen berreraikitze lanen begirale.
Zorionez, Sute Handiak ez zuen Normandiako katedrala erabat suntsitu. 1668. urtean, hiriaren berreraikuntzarako komisioak mendebaldean aldare eta pulpitu tenporala egiteko agindu zuen. Horrez gain, katedrala estaltzeko zurezko estalkia proposatu zen. Baina, eraikinaren kolapsoa gertu zegoen. Egoera honek eskainitako zurruntasun faltak eraikin bat egiteko beharra adierazten zuen.
1668. urtean, Orden Real baten bidez katedralaren lurperatze osoa agindu zen eta Wren 1673an arkitekto ofizial izendatu zuten. Carlos II erregeak planoak onartu zituen eta 1675an katedrala zorutik altxatzen hasi zen. Beraz, Wren-ek egindako San Paulo katedralaren eraikuntza katedral zaharrarekin hasten da.
Wren-en Diseinuak
aldatuWren, katedralaren diseinua egiteko, tratatuetako modeloetan oinarritu zen. Diseinu proesuan zenbait etapa bereizi daitezke:
Lehenengo diseinuaren maketa bakarra dago, 1670an gauzatua. Oin basilikaleko eliza laukizuzena zen, kupula zirkular batez errematatutako bestibulo batekin.
Bigarren diseinuaren ideia garaiko monarken erresidentzia eta jauregien edertasunaz lehiatuko zuen monumentua egitea zen. Oin zentraleko tenplu bat proiektatzen zuen, gurutzadura kupula batez estalia eta nabeen arteko desberdintasunik gabea. Proposamena errefuxatua izan zen, alde batetik zuen kostuagatik, eta bestetik eliza katolikoen antza handia zuelako. Beraz, Wrenek bi estilo hauek fusionatzea ideia egokiena zela ikusi zuen.
Hirugarren diseinuak ere oin grekoa zuen, baina nabe luzatu batekin. Honek ere beste elizen antza gehiegi zuela esan zioten, eta gainera, etapaka eraikitzea eskatzen zuela, onartu ezin zena. Diseinu hau zuen Wren-ek gustukoena, Pizkundeko edertasuna lortzen baituzen.
Laugarren diseinua onartu zuen erregeak. Iada estilo Gotikoan murgiltzen zena. Gurutze latindarreko oin longitudinala zuen eta Inigo Johnes-en San Paulo-ren influentzia nabarmena zen mendebaldeko portiko klasikoan eta gurutze gaineko kupulan. Erregeak baimena eman zion diseinu honen gainean aldaketa ornamentalak egiteko, baina Wren-ek honen hitza askatasun handiaz hartu, eta eraiki bitartean hainbat aldaketa burutu zituen. Aldaketa esanguratsuena kupula izan zen.
Eraikuntza Metodoa: Gremioak
aldatuGarai honetan, erdi aroan bezala, gremio ezberdinak kontratatuz egiten zen lan. Bakoitzaren espezializazioaren arabera, behar ziren egun eta lekurako kontratatzen ziren, eta egindako lanaren arabera egunean bertan ordaintzen zitzaien. Piezen zuinketa lekuan bertan egiten zen, blokeak moztu bitartean plantilarekin konparatzen. Ostean trazatuarekin bat egin eta altxatzen ziren.
Zurgintza lana interesgarria izan zen. Hauek aldamio eta zinbrak egiteaz gain, maila baxuetan zurezko arrapalak egin zituzten harriak igotzeko; goiko mailetara iriseko aldiz poleak egin zituzten. Igeltseritzari dagokionez, bi talde ezberdin kontratatu eta elkarren kontra lehian jarri ziren, albo ezberdinetan, azkarrago bukatzeko.
Espazioak eta Forma
aldatuKatedrala estilo barroko moderatu batean eraikita dago, Wrenen arrazionalismoaren erakusle dena. Ertaroko eliza ingelesen tradizioa jarraitzen du, baina Palladioren, Iñigo Johnes-en eta Erromako XVII.m.ko estilo klasikoarekin nahasita.
San Pauloren altuera zabalera baino handiagoa da eta trantseptoaren besoak potente nabarmentzen dira. Fatxadan proportzioak dira ezaugarri nagusia; behe mailan hiru nabeak hartzen ditu zabaleran, goikaldean aldiz nabe nagusiaren zabalera bakarrik. San Pauloko alboko nabeak eta koroa altuera bakarrekoak dira; ondorioz, fatxadan agertzen diren bi solairuko hormaren goialdea faltsua da. Honek helburu bikoitza du; gangaren kontrahormak eutsi eta XVII. mendean eraikina hiriko beste puntuetatik egoki ikustea, hau da, estetika.
Sartzerako orduan lehenengo ikusten dena hiru espazioko nabea da. Koruaren bankuak eta organoa aurrean aurkitzen dira. Aldarea koroaren zabaleran hedatzen da eta, nabe eta koroaren beste aldeko arku nagusien altuera hartzen du. Bestalde, hego-mendebaldeko bidegurutzean kokatzen diren eskailerek kupula eta bere galeriaraino eramaten dute.
Kupula
aldatuKupulen Historia eta Konparaketa
aldatu- Antzinako Grezia: Harri adintelatu bidezko kupula faltsuak.
- Inperio erromatarra: Kupula nagusi [Agriparen Panteoia]
- Inperio bizantziarra: Teknikek eboluzionatu, petxinak [S. Sofia]
- Islam: Kupula elementu ark. nagusia [Jerusalem-eko Arroka]
- Erdi Aroa: Dimentsio txiki eta ertaineko kupula gutxi.
- Pizkundea: Teknika berriekin erabilera bultzatu [S.M. del Fiore]
- Barrokoa: Kupula nabarmenenak sortu [San Paulo]
- Neoklasikoa: Eraikin instituzionaletan [U.S. Capitol]
- XX. mendea: Garapen teknologikoa eta Hormigoi Armatua [Montreal Biosfera]
ERAIKINA | KOKAPENA | BARNE DIAMETROA | ARGI/LODIERA PROPORTZIOA |
---|---|---|---|
Panteoia | Erroma | 43,00 m | 11 |
Santa Maria dei Fiore | Florentzia | 42,00 m | 21 |
San Pedro | Erroma | 41,40 m | 30 |
San Paulo | Londres | 33,00 m | 37 |
San Pauloko Kupularen Diseinua
aldatuWren-ek katedralaren diseinua garatzen zuen bitartean, lehenengo kupularen zorua kokatzen hasi zen, diseinuarekin batera. Behin lana abian zegoela, 1676an kupula berriaren kurba kokatu zuen lehen pisuan, beheko euskarri eta gangak ondo eraiki ahal izateko. Hala ere, kupula nahiko berandu bukatu zen, eta denbora honetan zehar ikuskapen eta aldaketa ugari izan zituen. 1693an modelo desberdin ugari aurkitu zuten.
San Paulo-ren kupularen diseinua garaiko zientziaren aurrerapausoekin lotua zegoen. Wren eta Hooke 1670-eko arku eta kupulen forma idealen inguruko eztabaidan aritu ziren.
Bakoitza konponbide ezberdin batekin aurkitu zen. Biak hurbileko lagunak ziren, eta Hooke-k bere konklusioak Wren-i erakutsi ondoren, honek bere diseinuak aldatu zituen. Arkitektoek, tentsioak kontuan hartuta, manposteriako egiturek eskatzen zuten forma aztertu zuten. Forma ideala “bultzada-lerroa” jarraituz eraikitzea zela ikusi zuten, eta konpresiora lan egiten zuen sekzioa bakarrik ibiliz kupula oso fina izan zitekeela.
Horrela, Hooke-k 1671ean deskribatutakoa praktikan jarri zuten. Modeloa, soka edo kate bat bi puntutan eseki eta haietatik kargak zintzilikatuta lortzen da. Kateak, bere pisua eta kargena eusteko forma ideala hartzen du, eta honen inbertsioa konpresioan lan egiteko froma egokiena izango da, hau da, bultzada-lerroarena. Printzipio hau hartu eta erdiko ardatzaren inguruan biratuta hiru dimentsiotara hedatu zuten: kupulara.
Kupularen Deskribapena
aldatuGurutzaduran agertzen den 33-mko kupulak erronka estetiko eta egiturala suposatu zuen. Katedralaren barrutik kupulak irudi egokia izango zuen, kanpoaldean perfil xumea eskaintzen duen bitartean. Egitura aldetik, pitzatuko ez zen egitura bat sortzea zen helburua, eta ahalik eta arinena izan behar zen.
Wrenek sortutako egitura azpia malguki eta lau bastioi ditu, eta hauek kupula eusten dutela dirudi. Hala ere, errealitatean harrizko galeriara transmititzen dira kargak, kupularen euskarrian dagoena. Egiturak ere 30m diametroko danborra eusten du, honek harrizko linterna koroatzen duen manposteriazko “kono” bat ezkutatzen duelarik. Kono kupula honen kanpoaldetik zurezko egitura entramatu bat aurkitzen da, hiriko profilean parte hartzen duen berunezko kupula handia eusteko. Beraz, hiru elementu nagusik osatzen dute kupula eta hauek forma desberdinen bidez jantzita eta estalita daude, 111m-ko eta 66.000Tn-ako multzoa sortuz.
Eraikuntza Sistema eta Materialak
aldatuWren-en proposatutako kupula soluzioaren dotorezia egitura eta estetikaren arteko bereizketan datza. Kupula hiru elementu nagusi desberdinez osatuta dago, garrantzitsuena ezkutatua dagoen adreiluzko konoa delarik.
Behekaldetik hasita, elementu guztiak barneko danborrean eusten dira eta hemendik kargak lurzorura igorriko dira zenbait elementu tartean direla, zutabe era arkuak. Horrez gain, egituraren kargak arintzeko fabrika elementuetan zuloak egin zituen. Gainera, barneko danborra zilindro bat izan beharrean, puntan moztutako kono bat da (fristum). Honela, egiturak forma ideala dauka karga transmisioa egiteko. Gainera, kanpoaldetik kolumnata peristilo batek eragindako pisuak kupularen barneko kargak bertikalagoak bihurtzen ditu.
Barneko danbor honek lodiera uniformeko adreiluzko kupula eusten du, katedralaren barnetik hauteman daitekeena. Hala ere, esfera ez da perfektua, goikaldean lauagoa baita eta bertan okulo bat dago. Kupulak bere karga soilik heltzen du eta adreiluzkoa da erabat, euskarrian daukan burdinazko katea salbu.
Egitura elementu nagusiena ezkutatuta dagoen adreiluzko katenaria kupula da, barne eta kanpo kupulen artean kokatzen dena. Elementu hau harrizko galeriatik abiatzen da eta goikaldeko harrizko linterna pisutsua (1000 Tn) eusten du. Era berean, linterna hau parabolari konpresio indarra eragiten dio, elementuari egonkortasuna emanez. Bestalde, Wren-ek San Pauloko kupulen trakzio indarrak menperatzeko, burdin forjatuko hiru kate erabili zituen kupula honen euskarrian.
Azkenik, adreiluzko kono formako kupulak berunezko kanpo kupula eusten du. Hiru dimentsioko katenariaren inguruan erradialki antolatzen diren zurezko entramatuak ditugu, harrizko galeriako hormatik abiatu eta linternaren azpiraino iristen direnak. Hauek erdiko kupulan bermatuak daude, eta bata bestearekin zurezko milaka habexkaz lotuak. Zurezko habexka hauen gainetik berunezko geruza dago, kanpo kupula izango dena.
Katedralaren oinplanoa
aldatuNabe nagusia mendebaldeko atetik kupularaino hedatzen da eta fededunak bertan esertzen dira mezako gertakari nagusietan zehar, kleroa eta korua aldarerantz doazen bitartean. Alboko hiru kapera daude, bata Santu Guztiei eskainia, beste bat San Migel Goiaingeruari eta hirugarrena San Jurgiri. Alde honetan ikus daiteke Wellingtongo dukearen omenezko monumentua eta nabea kupularekin elkartzen den tokia, baita Sergei Chepiken lau margolan berri ere, non Jesusen Gurutziltzaketa, Berpiztea, Ministerioa eta Haragitzea deskribatzen den.
Aldarea kupula handiaren azpian dago, Zerua eta Lurra elkartzen dituen behatoki handi bat bezala pentsatua. Thornhillen margolanek San Pabloren bizitza deskribatzen dute, estatuek ekialdeko eta mendebaldeko elizetako ordezkariak erakusten dituzte. Mosaikoetan lau ebanjelariak eta Itun Zaharreko profetak ikus daitezke, eta Middlesexeko kaperan, jada aipatua izan den Holmant Hunten Munduko argia lana dago.
Korua da kleroak eta koroak Jaungoikoari ofrendak egiten dizkioten tokia, zerbitzu hau kupulapean egiten ez denean. Bertan dago gotzainaren aulkia edo katedra. Koruak aldare nagusira darama, eta bere ekialdeko zatian Amerikar Oroigarriaren Kapera (American Memorial Chapel) dago. Mosaikoek Sorkuntza eta beste gertakari bibliko batzuk irudikatzen dituzte.
Kupularen barnean, 259 eskailera maila igo ondoren, Xuxurlen Galeria dago, non 32 metroko distantziara zurrumurru bat entzun daitekeen. Galeria honen gainean, jada kupularen kanpoaldean, Harrizko Galeria dago, nora 378 eskailera maila igo ondoren iristen den, eta gorago Urrezko Galeria, 530 eskailera maila igo ondoren, Londresko hiriaren ikuspegi panoramiko bat eskaintzen duena.
Kripta
aldatuKripta Katedraleko hil kamera da, eta bertan pertsonaia garrantzitsu ugariren hilobiak daude, Horatio Nelson, Wellingtongo dukea, Thomas Edward Lawrence, Alexander Fleming etab... Kriptaren erdigunean Fede Santuaren Kapera edo OBE kapera dago, Britainiar Inperioaren Ordenari eskainia baitago.
Informazio praktikoa
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ [www.sedhc.es/biblioteca/actas/Aju%20001%20Addis.pdf Las contribuciones de Christopher Wren y Robert Hooke al nacimiento de ingeniería de la construcción moderna. ].
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)San Paulo katedralaren webgune ofiziala