Sendagaia edo medikamentua modu farmazeutiko batean osatuta dagoen farmako bat edo gehiagoko multzoa da. Sendagaien propietateak pertsona edo animalia gaixoen osasuna hobetu, minak arindu edo egoera fisiologikoa aldatzea ahalbidetzen du, eta, bere erabilera, bai klinikoa, bai industriala izan daiteke.

Historia

aldatu

Gizakia antzinako zibilizazioetan hasi zen sendagaiak erabiltzen gaixotasunak sendatzeko. Osasuna zaintzen zuten pertsonek farmazialari eta mediku lanak egiten zituzten, hau da, gehienbat beren sendagaiak sortzen zituzten medikuak ziren. Kasu ezagunenetako bat Galeno (130-200. urteak) grekoarena da; Galénica hitza bere lanen ondorioz sortua da, eta farmakoen prestakuntza, neurketa eta administrazioaren modu egokia esan nahi du. Kultura erromatarrean, hainbat eratara administratzen ziren sendagaiak; horiek belar hautsen eta sustraien arteko nahasketak ziren, eta eztia gehitzen zitzaien. Eztiak, printzipio aktiboen garraiobide gisa funtzionatzeaz gain, gustu hobea ematen zion sendagaiari. Batzuetan, azukrea edo jarabea erabiltzen zen; jarabeak, dagoeneko, azukre disolbatua zuen ura beharrean, eta modu oretsu batean sortzen zen. Hain zuzen ere, Galenok egin zuen famatu triaka; lan oso bat eskaini zion, eta lanaren oinarria sendagai bat zen, zeinak 60 printzipio aktibo baino gehiago zituen. Galenok Erdi Aroan zuen garrantziagatik, oso ospetsua egin zen garai horretan, eta, Espainian, bere erabileraren baimena ezeztatu zen XX. mendean.

Erdi Aroan hasi ziren banatzen mediku eta farmazialariaren lanak. Farmazialariak bere botikan sortzen ditu prestaketa magistralak, hau da, paziente bakoitzari dagozkion sendagai preskribatuak prestatzea, eta medikuen antzera, gremioetan biltzen dira. Farmazeutikaren ezaguera Aro Modernoan zientzia bezala finkatzen doan heinean, errenazimenduan, nabarmenagoa da farmazeutiko eta medikuen, kirurgialari edo espezia-salerosleen arteko aldea. Formulazio magistrala ekintza farmazeutiko eta formulazio ofizialaren oinarria da farmakopea eta formulazioaren sorkuntzaren ondorioz, eta egoera horrek XX. mendeko bigarren erdialdera arte iraun zuen.

Momentu horretatik aurrera, berariazko sendagaiak sortzen hasten dira; horiek laborategi farmazeutikoek, industrialki, sortutako sendagaiak ziren. Hau da, eredu galenikoek ez dute indarra hartuko 1940 ingurura arte, industria farmazeutikoa garatu eta sendagaiak kantitate handian fabrikatzen hasi arte. Gaur egunera arte, merkatuan dauden sendagaien agerpena garatzen joan da, eta aurki dezakegun aniztasuna oso zabala da.

Era farmazeutikoa

aldatu

Era farmazeutikoa edo era galenikoa da medikamentu bat osatzeko farmakoen (printzipio aktibo) eta eszipienteen (farmakologikoki materia ez-aktiboa) bakarkako antolamendua hartzen duen era edo forma. Beste era batera esanda, medikamentuak errazago hartzeko ematen zaion kanpo-antolamendua.

Eredu galenikoaren lehen helburua sendagaiaren dosia arautzea da, eta unitate posologiko deritze. Hasieran, patologia zehatz bat tratatzeko, unitate batzuk landu ziren, eta unitate horiek sendagai dosi finko bat zuten[1].

Eredu farmazeutikoaren garrantzia da sendagaiaren eraginkortasuna zehazten duela, dela printzipio aktiboa modu mantsoago batean askatzen edo ehunaren eraginkortasun handieneko puntuan, pazienteari interakzio kimiko bidez egindako kalteak saihesten, substantzia disolbatzaileak disolbatzen, zaporea edo itxura hobetzen...

Sailkapena

aldatu
 
Antzinako Madrilgo farmazia bat.

Sendagaiak bost taldetan banatzen dira:

  • Espezialitate farmazeutikoa: Konposizio eta informazio mugatuak dituzten sendagaiak dira, berehalako erabilera baterako eredu farmazeutiko eta dosifikazio zehaztu batzuekin. Jendeari emateko prest daude autoritate sanitarioak ezarritako izen, bilgarri, ontzi eta etiketarekin.
  • Formula magistrala: Farmazeutikoak sortutako edo gainbegiratutako sendagaia da; paziente bakarrarentzat da, eta sendagaiak dituen substantzia medizinalen preskripzio zehatza betetzen du. Preskripzioa arau tekniko eta arte farmazeutikoaren arabera egiten da, eta, farmazian edo zerbitzu farmazeutikoan, erabiltzaileak beharrezkoa duen informazioarekin lagatzen da.
  • Formula ofizinala: Farmazeutikoak sortutako eta bermatutako sendagaia da, zeina farmazian edo zerbitzu farmazeutikoan ematen den. Farmazia edo zerbitzu farmazeutiko hori erabiltzen duten gaixoei ematen zaie.
  • Medikamentu prefabrikatua: Espezialitate farmazeutikoa jarraitzen ez duen sendagaia da, tratamendu industrial gabe erabili daiteke, eta autoritate farmazeutikoak baimena eman gabe komertzializatu daitekeen sendagaia da.
  • Ikertzen ari diren sendagaiak: Substantzia aktibo edo plazebo baten era farmazeutikoa da, ikertzen ari dena edo, entsegu klinikoetan, erreferentzia gisa erabiltzen dena. Substantzia horiek komertzializazio arauak dituzten produktuak erabiltzen edo konbinatzen lortzen dira, formulazioan edo ontzian, baimendutako hainbat eratan edota debekatutako indikazio batean erabiltzeko edo baimendutako erabileraren informazio gehiago lortzeko.

Beste kalifikatzaile batzuk ere izan ditzakete:

  • Sendagai zitostatikoa
  • Sendagai errukiorra
  • Sendagai esentziala
  • Sendagai heroikoa: Muturreko kasuetan bakarrik erabiltzen den akzio oso indartsua.
  • Sendagai zurtza
  • Sendagai miraritsua
  • Antzeko sendagaiak

Preskripzio medikuaren arabera

aldatu

Espainia eta Latinoamerikako herrialde batzuetan, sendagaiak farmazietan bakarrik saldu edo eskura daitezke. Bi sendagai mota daude preskripzio medikuaren arabera:

  • Salmenta libreko sendagaiak: Farmazietan libreki banatzen diren eta preskripzio edo errezeta gabe eskura daitezkeen sendagaiak dira, eta bi kategorietan banatzen dira:
    • Espezialitate Farmakologiko Publiziatarioak (EFP): Komunikabideetan, hala nola telebistan, zabaltzen diren sendagaiak dira.
    • Salmenta libreko produktuak afekzio arinagoak tratatzeko edo saihesteko erabiltzen diren farmakoak dira. Horien erabileran, esperientzia handia dago, eta espresuki baimenduak izan dira.
  • Errezeta medikoa duten sendagaiak: Mediku, erizain, podologo edo odontologo batek errezetatutako sendagaiak dira, gaixotasun edo sintoma bat tratatzeko.

Espainiako estatuan, 29/2006 Legeak, 2006ko uztailaren 26koa, bere 77. artikuluan, errezeta medikua nork preskriba dezakeen ezartzen du. Hauxe dio bere lehen puntuan:

« Mediku-errezeta, publikoa edo pribatua, eta ospitale-banaketarako agindua dira mediku, odontologo edo podologo batek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, agindu medikoa behar duten sendagaiak errezetatzeko ahalmena duten profesional bakarrak.[2] »

Gero, 28/2009 Legeak 2009ko abenduaren 17koa, gehikuntza bat ezarri zuen puntu horretan; honela dio:

« Mediku-errezeta, publikoa edo pribatua, eta ospitale-banaketarako agindua dira mediku, odontologo edo podologo batek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, agindu medikoa behar duten sendagaiak errezetatzeko ahalmena duten profesional bakarrak

Aurrekoa gorabehera, erizainek, modu autonomoan, agindu medikorik behar ez duten sendagai guztiak eta osasun-produktuak emateko agindu, erabili eta baimendu ahal izango dute, dagokion banaketa-aginduaren bidez[3].

»

1718/2010 Errege Dekretua, abenduaren 17koa, mediku-errezetari eta emateko aginduei buruzkoa, errezeta medikuek eraman behar duten datu eta baldintzei buruzko xedapenak azaltzen ditu[4].

Ustiatzeko eskubidearen arabera

aldatu
  • Patentatutako sendagaiak: Horiek komertzializatzen dituzten laborategiak berak ikertzen dituen sendagaiak nazioarteko patente agentziek eskaintzen duten merkataritza-babesaren mende daudenak.

Patentea ez da molekulara mugatzen, baita formulaziora, ekoizpen-mekanismora edo beste molekula batzuekin duen elkarketara ere. Patenteen segidaren bidez, industria farmazeutikoek beren merkataritza-aurkezpenen esklusibotasun-aldia luzatzea lortzen dute, nahiz eta molekula horien aurreko aurkezpenak libre geratu diren.

Beste laborategi batzuek nahierara produzitu ditzakete, eta prezio txikiagoa izaten dute. Sendagai-agentziek eta erakunde arautzaile nazionalek, erreferentzia diren sendagaien aurrean, sendagai generikoen antzeko biobaliokidetasuna eta bioeskuragarritasuna bermatzen dute.

Administrazio bidearen arabera

aldatu

Forma galenikoak sailkatzeko modu ugari daude, kontuan hartzen dugun faktorearen arabera: haien egoera fisikoa, administrazio-bidea, osagaien jatorria, etab. Hala ere, medikuntzaren ikuspuntutik, erabiliena eta erabilgarriena da erabilitako administrazio-bidearen araberako sailkapena.

Ahozkoak

aldatu

Ahotik emandako farmako gehienek ekintza sistemiko bat bilatzen dute, aldez aurretik xurgapen enterikoa egin ondoren. Ahoko xurgapenean, banakoaren mendeko faktoreek eta farmakoen mendeko beste batzuek esku hartzen dute, eta horiek eragina izango dute emandako farmakoaren eraginkortasun handiagoan edo txikiagoan. Era berean, ahotik hartzea elkarrekintza farmakologikoen arrazoi ohikoa da. Artikulu hori kontsultatzea gomendatzen dugu honako faktore hauen garrantzia ezagutzeko: pH-a, elikagaiak hartzea edo ez hartzea, elikagai-motak, hesteetako igarotze-abiadura, edo farmako baten xurgapenean eragina izan dezaketen beste asko.

Mihipekoak

aldatu

Ahozko administrazioaren forma berezi bat mihipeko bidea da. Bide horretan, normalean, mihiaren azpian disolbatu eta zuzenean xurgatzen diren pilulak erabiltzen dira. Substantzia ez-ionikoen igarobiderako iragazkorra izatearen eragozpena soilik du, oso lipodisolbagarriak baitira. Horrek esan nahi du bide horretatik nitroglizerina edo isosorbide bezalako potentzia terapeutiko handia duten sendagaiak baino ezin direla administratu. Ekintza terapeutiko azkarra lortzeko erabiltzen da, baita gibeleko metabolismo handia duten, zuku gastrikoak degradatzen diren edo ahoz xurgatzen ez diren sendagaietarako ere.

Parenterala

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Nutrizio parenteral»

Hasierako esanahia hori ez bada ere, gaur egun, bide parenterala da farmakoa organismoan sartzen duena oztopoa hausteari esker, normalean, barruan orratz huts bat den mekanismo baten bidez (erabilera parenteraleko orratza). Parenterala emateko bide nagusien artean, zain barnekoa, arteria barrukoa, muskulu barrukoa eta larruazalpekoa daude, beste batzuk ere badiren arren. Parenterala emateko bideak badu abantaila nagusi bat: farmakoak zuzenean edo ia zuzenean ematen dio zirkulazio sistemikoari, forma berezi batzuetan izan ezik, ia bide topikoaren ezaugarriak baititu. Gainera, ahotik hartu ezin duten edo erabili behar ez duten pazienteen tratamendua ahalbidetzen du (konorterik gabekoei, disenteriak, etab.).

Bide parenteralak hainbat eragozpen ditu:

  • Behar bezala esterilizatuta egon behar duen tresneria behar du.
  • Kasu gehienetan, beste pertsona bat behar izaten da erabiltzeko, batzuetan oso kualifikatua.
  • Infekzio lokala errazten du, eta, neurri egokiak hartu ezean, pazienteen artean kutsatzea.
  • Farmakoarekiko kontrako erreakzioa izanez gero, intentsitatea handiagoa izaten da, eta erreakzio-denbora laburtu egiten da ahozkoaren aldean.

Zain barneko bidea

aldatu

Farmakoaren eragin azkarra eta dosi zehatza ematen du, biodisponibilitate arazorik gabe. Hala ere, eragozpen larriak ekar ditzake, hala nola tronboflebitisaren agerpena, baita bide berean elkarrekin administratutako bi printzipio aktiboren arteko bateraezintasun arazoak ere. Gantz-enbolia bat eragiteko aukera dela eta, desabantaila da ez duela prestakin koipetsuak ematea onartzen. Odol-osagairen bat prezipitatzeko edo globulu gorriak hemolizatzeko gai diren osagaiak dituzten produktuak ere ezin dira erabili.

Arteria barruko bidea

aldatu

Minbizi jakin batzuen tratamendu kimioterapikoan erabiltzen da; farmakoaren kontzentrazio maximoa lortzen du tumore-eremuan, eta efektu sistemiko minimoak ditu.

Gihar barneko bidea

aldatu

Ahotik xurgatu ezin diren farmakoetarako edo pazienteari botika beste bide batetik eman ezin zaionerako erabiltzen da, substantzia narritagarrietarako erabiltzea onartzen baitu. Gihar barneko bidearen bidez, faktore askok eragingo dute farmakoaren bioerabilgarritasunean (injekzio-eremuaren baskularizazioa, farmakoaren ionizazio- eta liposolubilitate-maila, injekzio-bolumena, etab.). Bide hori asko erabiltzen da xurgapen geldo eta luzeko prestakinak emateko.

Larruazalpeko bidea

aldatu

Aurrekoaren antzeko ezaugarriak ditu, baina, larruazala baskularizatu gabeko eremua denez, xurgapen-abiadura askoz txikiagoa da. Hala ere, abiadura hori handitu edo txikiagotu daiteke bide ezberdinen bidez. Ezin da substantzia narritagarrietarako erabili, ehunen nekrosia eragin baitezake.

Beste bide parenteral batzuk

aldatu

Hain ohikoak ez direnak hauek dira: dermis barrukoa, araknoide barruko edo intratekala, epidurala, intradurala, hezur barrukoa, artikulazio barrukoa, peritoneala edo bihotz barrukoa.

Adminitrazio parenteralerako prestakinak giza gorputzean injektatu edo ezarri nahi diren formulazio antzuak dira. Behean, adierazgarrienetako bost zerrendatzen dira:

  • Prestakin injektagarriak. Printzipio aktibo disolbatuaren (disoluzio), emultsionatuaren (emultsio) edo barreiatuaren (koloide) prestakinak dira, uretan edo likido ez-urtsu egokian.
  • Administrazio parenteralaren aurretik diluitzeko prestakinak. Eman aurretik likido egoki batean diluitu ondoren, perfusioz injektatzeko edo administratzeko disoluzio kontzentratuak eta esterilak.
  • Perfusiorako prestakin injektagarriak. Disoluzio urtsuak edo kanpoko fase urtsuko emultsioak dira, pirogenorik gabeak, antzuak eta, ahal den neurrian, odolarekiko isotonikoak.
  • Garaiz kanpoko prestakin injektagarrietarako hautsa. Substantzia solido antzuak, zehazturiko ontzietan dosifikatuak eta egokituak. Berehala, irabiatzearen ondoren eta likido esteril egoki baten bolumen preskribatua dagoenean, soluzio ia garbiak, partikularik gabeak, edo esekidura uniformeak sortzen dituzte.
  • Inplante edo pelletak. Forma eta tamaina egokiko pilula antzu txikiak, denbora luzean printzipio aktiboa askatzea bermatzen dutenak.

Bide parenteraletik eta injekzio-puntutik abiatuz, printzipio aktiboen liberazio atzeratua edo luzea egin daiteke. Hori lortzeko, hainbat manipulazio galeniko egin daitezke. Horietako bat soluzio urtsu baten ordez oliotsu bat jartzean datza, baldin eta printzipio aktiboa lipodisolbagarria bada. Metodorik klasikoena printzipio aktiboaren deribatu ez oso hidrosolubleak injektatzea da, suspentsio amorfoak edo kristalinoak (adibidez, intsulina-prestakin moteltzaileak). Batzuetan, printzipio aktiboa euskarri bizigabe baten gainean ere itsatsi daiteke, eta bertatik askatuko da, edo mikrokapsulen forman finkatu daiteke, edo, farmako batzuk bektorizatzeko, liposometan sartu, eta baita kimikoki tratatua izateko ere (profarmakoa), bere propietate fisiko-kimikoak aldatzeko.

Bainuak

aldatu

Gorputz osoa edo zati bat uretako soluzio batean murgiltzea da, eta, horri, produktu jakin batzuk gehitzea. Bainu koloidalak dira erabilienak; epelak zein beroak lasaigarri eta antipruriginoso gisa jarduten dute. Prestatzean, almidoi katilu bat ur litro batean nahasten da, eta, ondoren, prestaketa hori bainuko uretara botatzen da. Bainu oliotsuetan, almidoia, honenbestez, erraz sakabanatzeko olioekin ordezten da, esekidura homogeneo bat sortuz. Gaur egun, kosmetikaren munduak bultzatuta, gatz-bainuak erabiltzen dira batez ere.

Larruazaleko eta transdermikoa

aldatu

Printzipio aktiboak xurgatzeko zailtasunari buruz esandakoa gorabehera, beti dago horien zati bat azalaren bidez xurgatzeko aukera. Fenomeno hori intentsitate handiagoarekin gertatzen da larruazala hain keratinizatuta (aurpegia) ez dagoen lekuetan, hezetasuna (gorputzeko tolesturak) areagotzen baita, edo larruazal sentikorragoetan, hala nola haurrengan. Bestalde, batzuetan, printzipio aktiboa xurgatua izatea interesatzen zaigu maila sistemikoan eragina izan dezan. Bide hori, larruazaleko edo transdermikoa da, eta ezaugarri bereziak ditu.

 
Besoan aplikatutako txaplata transdermikoa.

Sistema terapeutiko transdermikoak (STT) printzipio aktiboen larruazaleko ekarpena abiadura programatuan edo ezarritako denbora-tarte batean lortzeko asmaturiko dosifikazio-moduak dira. Hainbat sistema transdermiko mota daude, besteak beste:

Txaplata transdermikoa

aldatu

Forma galenikoa: printzipio aktiboa duen gordailu bat da, eta poliki-poliki askatzen joaten da larruazalean aplikatzean. Farmakoa, larruazalean zehar, zirkulazio sistemikora pasatzea da helburua, eta ez farmakoaren jarduera larruazalean bertan gerta dadin. Txaplata horiek farmakoaren maila plasmatiko terapeutiko konstanteak ematen dituzte, betiere larruazala ukitu gabe badago[5]. Nahiz nahiko berriak izan[6], indikazio ugari dituzte, eta etengabe ikertzen dira[7][8][9][5].

Iontoforesia

aldatu

Fisioterapian erabiltzen den teknika: larruazalaren bidez farmako bat edo printzipio aktibo bat sartzea (korronte galbanikoa edo horretatik eratorritako beste korronte mota batzuk erabiliz).

Larruazalean, bi elektrodo jartzen dira, eta, polaritatea dela-eta, ioikoki kargatutako farmako batek larruazala zeharkatzen du. Elektrodoaren polaritatearen eta hautatutako substantziaren karga ionikoaren arteko elkarreraginaren ondorioz gertatzen da (zeinu bereko poloan ioiak baztertuz).

Larruazalaren bidez sartzeko bideak honako hauek dira batez ere: ile-folikuluak, izerdi-guruinak eta koipedunak, substantziak pasatzeko erresistentzia txikiagoa baitute.

Horrela, elektrikoki kargatutako farmakoak larruazalaren zehar ematen dira, organismoan ondorio orokorrik eragin gabe, efektuak tokikoak baitira.

Arnastuak

aldatu
 
Aerosolaren aurkezpen klasikoa.

Aerosolak: printzipio aktibo baten soluzioak edo esekidurak dituzten gailuak dira, presiopeko sistema batean ontziratuak. Horrela, balbulari eragitean, printzipio aktiboa askatzen da mikrotanta moduan, agente propultsatzaile bati esker. Era galeniko horretan bidera daitezkeen printzipio aktiboak ugariak dira:

  • β2-agonista adrenergikoak:
    1. Ekintza laburrekoak: salbutamola, levalbuterola, terbutalina eta bitolterola.
    2. Iraupen luzekoak: salmeterola, formoterola, banbuterola.

Arnastuta erabiltzeak aerosolen tratamendua jasoko luketen patologietara bideratzen gaitu[10]:

  • Krisi asmatikoa
  • Arnas alergia edo kanpoko asma mantentzeko tratamendua.
  • Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan (BGBK), bai berlarreagotzeei eustean, bai profilaxian.
     
    Konpresio bidezko nebulizazio-sistema.

Hauts lehorreko inhalagailuak: egoera solidoan dagoen medikamentutik abiatuta, partikula nahiko txikiak askatzen dira, modu sinkronikoan, inspirazioarekin; arnastearen indarrak produktua arrastatzen du.

Nebulizagailuak: printzipio aktiboa disoluzioan daraman likido baten gainean, aire-korronte bat pasarazten duten gailuak dira. Printzipio aktiboaren (likidoaren) partikula uniformeak eta oso finak sortzen dira, nebulizadoreak injektatzen duen airearekin batera inspiratzen direnak. Sistema horri esker, farmakoa sakonago sar daiteke aire-bideetan.

  • Arnasketak
  • Puztaketak

Glutena sendagaietan

aldatu

Medikamentuek, errezetatuek zein salmenta librekoek, glutena, irinak edo bestelako produktu deribatuak izan ditzakete, eta garrantzitsua da hori kontuan hartzea glutenarekin zerikusia duen arazoren bat duten pertsonekin[11][12].

Espainiako estatuan, legediak sendagaien prospektuan glutena dagoela adieraztera behartzen du eszipiente gisa nahita gehitu zaienean[13]. Hala ere, ezinezkoa da jakitea sendagai batek gluten-arrastoak dituen ala ez, horiek arriskua baitakarte zeliakoentzat eta saihestu egin behar baitira[13]. Baliteke kasu horietan trazak hain txikiak izatea, ezen inolako arriskurik ez dakartela, baina, autore batzuen ustez, prospektuan, etiketan eta fitxa teknikoan zehaztu beharko lirateke sendagaien erabilera segurua bermatzeko[12][13].

Gaur egungo legediak, Espainiako estatuan eta beste herrialde batzuetan, Estatu Batuetan kasu, ez die fabrikatzaileei eskatzen osagai aktibo edo eszipienteak ekoizteko prozesuan zehar hondakinetatik eratorritako gluten-trazak aztertzea edo deklaratzea[13]. Era berean, eszipienteak eta fabrikazio-prozesuak erabat alda daitezke, edo deskribatu gabe egon daitezke[14].

Gaur egungo legediak dio gari-almidoia, oloa, garagarra edo zekalea eszipiente gisa erabiltzen denean bakarrik aztertu behar dela glutenik dagoen[13]. Arto-almidoiak, patata, arroza eta horien eratorriak erabili badira, beste jatorri bateko almidoirik ez egotea baino ez du behartzen, eta, sendagaiaren prospektuan, etiketan eta fitxa teknikoan, almidoia eta landarea zehaztu behar dira[13].

Fabrikatzaile gutxi batzuek baino ez dituzte egiten azken produktuaren kontrolak, eta beren produktuak glutenik gabeko arrastorik gabe daudela beren borondatez deklaratzen dute[12][14].​ Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren Nutrizio Lantaldearen ondorioen arabera, laborategi batek ere ez du, analitikoki, egiaztatzen egiten dituzten sendagai generikoen gluten-edukia, baina indarrean dagoen legedia betetzen dutela ziurtatzen dute[13].

Oro har, osasun-arloko profesionalek ez dituzte kontuan hartzen gluten-iturri potentzialak[14], eta farmazialariek ez dute beti behar adina denbora izaten, ezta informazio-baliabide egokiak ere[14]. Beraz, pazienteen zeregina da beren sendagaiak gluten-trazarik gabekoak diren ala ez ziurtatzea[14]. Zalantzak argitzeko eta informazio zehatza biltzeko, adierazitako prozedura laborategiarekin zuzenean kontsulta bat egitea da[12].

Zereal-almidoi glutenarekin dituzten sendagaiei buruzko abisuak

aldatu

1345/2007 Errege Dekretuaren 34. artikuluaren eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren 02/2008 Zirkularraren arabera, sendagai batek gariaren, oloaren, garagarraren, zekalearen edo haren deribatuen almidoi eszipientea badu, haren agerpena nahitaez behartuz gain, honako informazio hau ere jaso beharko du[13]:

«

• Medikamentuak milioiko 20 zati (ppm) gluten baino gutxiago baditu, bere presentzia deklaratu beharko da, baina honako hau ere adieraziko da: «egokia da paziente zeliakoentzat» eta «X-ri alergia dioten pazienteek (gaixotasun zeliakoa ez dena) ez dute sendagai hau hartu behar». • Medikamentuak 20 ppm baino gehiago baditu, honako informazio hau jasoko da: «medikamentu honek X almidoia dauka, glutenaren azaleraren baliokidea, eta hori kontuan hartu behar dute paziente zeliakoek» eta «X-ri alergia dioten pazienteek (gaixotasun zeliakoa ez dena) ez dute botika hori hartu behar».

»

Ekoizpena eta erabilera arrazionala

aldatu

Sendagaiak, oro har, farmazia-industriak ekoizten ditu. Sendagai berriak patentatu daitezke farmazia enpresak ikertu eta merkaturatu duenean botika berria. Sendagai berri bakoitzaren ekoizpen- edo lizentzia-eskubideak 10 eta 20 urte bitarteko denbora-tartera mugatuta daude. Patentatuta ez dauden sendagaiei kopia esaten zaie; patentatuta ez dauden baina tokiko agintariek onartutako biobaliokidetasun-azterketa bat duten sendagaiei, berriz, sendagai generikoak.

Sendagaien zentzuzko erabilera ziurtatzeko, botere publikoek neurriak hartzen dituzte sendagaien ontzi guztien edukia praktika klinikoko tratamenduen iraupenera egokitzeko[15].

Egonkortasun-azterketak

aldatu

Azterketa horien helburua da ebidentzia dokumentatuak ematea sendagaiaren ezaugarri fisikoak, kimikoak, mikrobiologikoak eta biologikoak denborarekin aldatzen direla tenperatura, hezetasuna eta argia bezalako faktoreen eraginpean, eta biltegiratze-baldintza egokiak eta iraungitze-aldia ezartzea.

Farmako baten egonkortasuna honela defini daiteke: ontziratze horren propietatea material jakin batean, biltegiratze- eta erabilera-denboran ezaugarri fisikoak, kimikoak, fisiko-kimikoak, mikrobiologikoak eta biologikoak zehaztutako mugen artean mantentzeko.

Farmako baten ezegonkortasun moduak hauek dira:

  • Kimikoa

Solvolisia, oxidazioa, deshidratazioa, razemizazioa, talde-bateraezintasunak.

  • Fisikoa

Polimorfismoa, lurruntzea, adsortzioa.

  • Biologikoa

Hartzidura eta toxinen sorrera.

Iraungipen-datak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Iraungipen-data»

1979an, Estatu Batuetan, lege bat ezarri zen sendagaiaren potentzia maximoa bermatzeko data jar zezatela eskatzen ziena farmazia-enpresei. Bestela esanda, ez du adierazten noiz ez den segurua hartzea, ezta noiz bihurtzen diren kaltegarri ere. Sendagai gehienak oso iraunkorrak dira, eta poliki-poliki degradatzen dira; beraz, gehienek, behar bezala fabrikatuz gero, beren potentzia maila altuetan mantentzen dute iraungitze-dataren ondoren. Bayerren exekutibo batek, Chris Allenek, esan zuen fabrikatzen dituzten aspirinek hiru urteko iraungitze-data daramatela fabrikazioaren ondoren, baina hori are handiagoa izan liteke eta, oraindik ere, bere potentzia gorenean egongo litzateke. Horren atzean dago aspirinen formula etengabe hobetzen ari direla, eta, eguneratze bakoitzeko, 4 urte baino gehiagoko iraungitze-probak egitea zentzugabea izango litzateke. Hala ere, tetraziklina daramaten sendagaiekin arazoak izan dira; iraupenean ere, salbuespenak daude, hala nola nitroglizerinarekin, intsulinarekin eta antibiotiko likido batzuekin[16][17].

Helburu terapeutikoa

aldatu

Farmakoak helburu terapeutiko bat lortzeko ematen dira

Helburu hori lortzeko kontzentrazio egokia eta dosia, besteak beste, pazientearen egoera klinikoaren, tratatu beharreko patologiaren larritasunaren, beste farmako batzuen presentziaren eta tarteko gaixotasunen mende daude.

Horretarako, erantzun farmakologiko bat lortzeaz eta horri eutsi ahal izateaz gain, beharrezkoa da farmakoa ekintza-lekuan behar bezala kontzentratzea. Horretarako, beharrezkoa da haren farmakozinetika ezagutzea.Banakako desberdintasunak direla eta, tratamendu eraginkorrak pazientearen beharren arabera planifikatzea eskatzen du.

Tradizionalki, hori helburu terapeutikoa lortu arteko dosiaren doikuntza enpirikoaren bidez egiten zen.

Hala ere, askotan, metodo hori ez da oso egokia efektua lortzeko edo toxikotasuna agertzeko atzerapena dela eta. Beste hurbilketa bat da pazientearengan espero den xurgapenaren, banaketaren eta ezabatzearen arabera ematea, eta, ondoren, dosia doitzea erantzun klinikoaren arabera eta kontzentrazio plasmatikoen monitorizazioaren bidez.

Ikuspegi horrek farmakoaren farmakozinetika ezagutzea eskatzen du: adinaren, pisuaren eta balizko gaixotasun interkurrenteen (giltzurrunetakoak, gibelekoak, kardiobaskularrak edo horien konbinazio bat) ondorio zinetikoen arabera.

Erreferentziak

aldatu
  1. Domínguez-Gil,Alfonso. Catedrático de Tecnología Farmacéutica de la Universidad de Salamanca, en declaraciones a la revista Estar bien, edición digital, 8, octubre de 2008, n.º 71 Archivado el 22 de julio de 2011 en Wayback Machine
  2. Ley 29/2006, de 26 de julio, de garantías y uso racional de los medicamentos y productos sanitarios. BOE 2007-07-27
  3. Ley 28/2009, de 30 de diciembre, de modificación de la Ley 29/2006, de 26 de julio, de garantías y uso racional de los medicamentos y productos sanitarios. BOE 2009-12-31
  4. Real Decreto 1718/2010, de 17 de diciembre, sobre receta médica y órdenes de dispensación BOE, 2011-01-20
  5. a b Marcotegui Ros, F. Sistemas terapéuticos transdérmicos. Boletín de información farmacoterapéutica de Navarra. Vol 1 n.º 3. 1993. Disponible en [1]
  6. «FDA approves scopolamine patch to prevent peri-operative nausea». Food and Drug Administration. Archivado desde el original el 16 de febrero de 2007. Consultado el 12 de febrero de 2007.
  7. Rodriguez, R., Daza, P. y Rodriguez, M. F. Uso de buprenorfina transdérmica en el alivio del dolor por cáncer. Rev. Col. Anest. [online]. Oct./Dec. 2006, vol.34, no.4 [revisada el 10 de octubre de 2008], p.253-257. Disponible en [2]. ISSN 0120-3347
  8. Clasificación Internacional de Patentes CIP 2007. Véase en
  9. Memoria L. Novartis 2008. Disponible en
  10. British Thoracic Society & Scottish Intercollegiate Guidelines Network (SIGN). British Guideline on the Management of Asthma. Guideline No. 63. Edinburgh:SIGN; 2004. (HTML Archivado el 18 de junio de 2006 en Wayback Machine., Full PDF Archivado el 24 de julio de 2006 en Wayback Machine., Summary PDF Archivado el 24 de julio de 2006 en Wayback Machine.)
  11. (Ingelesez) Day, L.; Augustin, M. A.; Batey, I. L.; Wrigley, C. W.. (2006-02-01). «Wheat-gluten uses and industry needs» Trends in Food Science & Technology 17 (2): 82–90.  doi:10.1016/j.tifs.2005.10.003. ISSN 0924-2244. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  12. a b c d (Ingelesez) «Treatment for Celiac Disease - NIDDK» National Institute of Diabetes and Digestive and Kidney Diseases (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  13. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Pérez-Diez, C.; Guillén-Lorente, S.; Palomo-Palomo, P.. (2018-03-01). «¿Qué medicamento prescribiría a un paciente con enfermedad celiaca?» Medicina de Familia. SEMERGEN 44 (2): 121–124.  doi:10.1016/j.semerg.2017.01.012. ISSN 1138-3593. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  14. a b c d e (Ingelesez) King, Allison R.; University of Kansas Drug Information Center Experiential Rotation Students, August 2012. (2013-09). «Gluten Content of the Top 200 Medications: Follow-Up to the Influence of Gluten on a Patient's Medication Choices» Hospital Pharmacy 48 (9): 736–743.  doi:10.1310/hpj4809-736. ISSN 0018-5787. PMID 24421547. PMC PMC3857120. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  15. «BOE-A-2015-8343 Real Decreto Legislativo 1/2015, de 24 de julio, por el que se aprueba el texto refundido de la Ley de garantías y uso racional de los medicamentos y productos sanitarios.» boe.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  16. Richard Altschuler "DO MEDICATIONS REALLY EXPIRE?" Redflagsdaily, 2002. Republicación en Medscape
  17. Jasińska M et al "Stability studies of expired tablets of metoprolol tartrate and propranolol hydrochloride" Journal Acta Pol Pharm, 2009. PMID 20050534

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 21
idea 21
Intern 1
iOS 3
mac 9
multimedia 1
os 70
text 1
todo 2
web 1