Titikaka
Titikaka[1] (gaztelaniaz: Titicaca; kitxuaz eta aimaraz: Titiqaqa) Andeetako Altiplanoan, Peru eta Boliviaren arteko aintzira da. Itsas mailatik 3.812 m-ko garaieran dago eta 8.372 km²-ko eremua du. Ontziz zeharka daitekeen munduko aintzira garaiena da eta, hedadurari dagokionez, Hego Amerikako bigarren aintzira da eta munduko 19.a[2].
Titikaka | |
---|---|
Gizateriaren Ondare | |
Datu orokorrak | |
Garaiera | 3.812 m |
Mota | aintzira, laku monomiktiko eta erakargarri turistiko |
Luzera | 204 km |
Zabalera | 80 km |
Azalera | 8.372 km² |
Sakonera | 489 m |
Bolumena | 893 km³ |
Geografia | |
Koordenatuak | 15°49′30″S 69°19′30″W / 15.825°S 69.325°W |
Estatu burujabe | Peru |
Peruko eskualdea | Puno Department |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Hustubidea | yuca guasi (en) lurrunketa |
Erresidentzia denbora | 1.343 a |
Arroaren azalera | 56.270 km² |
Arro hidrografikoa | Titicaca basin (en) |
Geografia
aldatuTitikaka aintzirak 8.372 km²-ko eremua du; 4.772 km²-ko azalera Perukoa da, eta gainerakoa (3.790 km²) Boliviakoa. Sakonera handiena 281 m-koa da[3] eta kostaldeetan sakonera txikiko badiak zabaltzen dira.
Aintzira ia banandurik dauden bi ur-eremuz osaturik dago, Tiquinako tartean lotzen direnak. Tarte honek 800 metroko zabalera du tokirik estuenean. Ur-eremu zabalena, Lago Grande edo Lago Chucuito, batez beste 135 metro sakon da (gehienezko sakonera 281 m). Ur-eremu txikiena, Lago Pequeño edo Lago Huiñaimarca (kitxuaz, Wiñay Marka) deitua, batez beste 9 metro sakon da (gehienezko sakonera 40 m).
Titikakaren betebide nagusia bost ibai dira: Ramis, Coata, Ilave, Huancané eta Suchez ibaiak. Haiei ura euritatik eta Andeetako glaziarrak urtzetik datorkie. Beste 20 ibaik edo ura isurtzen diote. Aintziran biltzen den ur gehiena (% 90 inguru), ordea, lurrundu egiten da eguzki irradatzearen indarragatik eta goi-ordokiko haize lehorrengatik. Aintziraren hegoaldetik Desaguadero ibaia irteten da eta Boliviako Poopo aintziraraino eramaten du ura.
Uharteak
aldatuTitikakan 41 uharte daude, batzuk biztanle kopuru handikoak. Hauek dira nagusiak:
- Perun: Amantaní, Anapia, Campanario, Uros (kanaberaz egindako uharte artifiziala), Soto, Suasi eta Taquile.
- Bolivian: Isla de la Luna, Isla del Sol, Kalahuta eta Suriki.
Klima
aldatuTitikakako klima garaiera handiko azpitropikalaren eta alpinoaren arteko ezaugarriak ditu. Urte guztiko tenperaturak freskoak edo hotzak dira. Urteko pilatutako prezipitazioa 610 mm-koa da, eta gehiena udako ekaitz erauntsietan jasotzen da.
Datu klimatikoak (Juliaca, Peru, 1961–1990) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 16.7 | 16.7 | 16.5 | 16.8 | 16.6 | 16.0 | 16.0 | 17.0 | 17.6 | 18.6 | 18.8 | 17.7 | 17.1 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 3.6 | 3.5 | 3.2 | 0.6 | -3.8 | -7.0 | -7.5 | -5.4 | -1.4 | 0.3 | 1.5 | 3.0 | -0.8 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 133.3 | 108.7 | 98.5 | 43.3 | 9.9 | 3.1 | 2.4 | 5.8 | 22.1 | 41.1 | 55.3 | 85.9 | 609.4 |
Iturria: Hong Kong Observatory,[4] |
Fauna eta flora
aldatuTitikakako landare bereizgarrenetako bat totora (Schoenoplectus californicus) da, uru etniakoek txalupak egiteko baliatzen dutena[5]. Myriophyllum elatinioides (hinojo llacho), Zannichelia palustris (siji llacho) eta Elodea potamogeton (yana llacho) murgildutako landareek llacho deitutako formazioa osatzen dute. Beste ur-landare batzuk Azolla filiculoides, Lemna gibba eta puruña (Chara sp.) alga dira[6].
Altiplanoko iktiofaunak taxonomia-aniztasun txikia du. Bertako espezie autoktonoak hiru generotakoak dira: Orestias, Astroblepus eta Trichomycterus. Orestias generoa Peru, Bolivia eta Txileko garaiera handiko aintziretan eta haietara isurtzen diren ibaietan endemikoa da. Genero horretako 23 espezie (tartean beharbada galdurik dagoen Orestias cuvieri[7]) Titikakaren arroan baino ez dira aurkitu. Arrantza komertzialean karachia (Orestias luteus) eta ispia (Orestias ispi) garrantzitsuenak dira. Haiez gain, populazio handiak dituzten espezie sartu batzuk, hala nola ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss) eta pejerreya (Odontesthes argentinensis) ere ustiatzen dira[8].
Arriskuan dauden beste espezie endemiko batzuk Telmatobius culeus igela eta Rollandia microptera txilinporta dira. Lophonetta specularioides, Anas puna, Anas flavirostris, Anas cyanoptera, Anas platalea, Oxiura ferruginea eta Fulica ardesiaca ehiza-hegaztiak dira[6]. Aintzira flamenkoentzako (Phoenicopterus chilensis) eremu garrantzitsua da[9].
Historia
aldatuBertan Amerikako kulturarik zaharrenetakoak sortu ziren. Hegoaldeko kostaldetik hurbil Tiahuanaco hiriaren hondakinak daude. Tradizioaren arabera, Sol edo Titikaka uhartean (aintzirako uharterik handienean) sortu zen inka herria[10].
Demografia
aldatuAintziraren bazterretan aimara, kitxua eta uru etnietako kideak bizi dira. Puno (Peru aldean) eta Guaqui (Bolivia aldean) aintziraren ertzeko hiri nagusiak dira. Beti ere, landa inguruko biztanleria hirietakoa baino ugariagoa da.
Titikakaren arroak osotara 2.054.622 biztanle ditu: 1.132.378 peruar aldean eta 922.244 boliviar aldean, era honetan banatuak:
- Bolivia
- Eliodoro Camachoko probintzia:
- Puerto Acosta: 27.296 bizt.
- Mocomoco: 13.950 bizt.
- Puerto Carabuco: 16.499 bizt.
- Omasuyoseko probintzia:
- Achacachi: 70.503 bizt.
- Ancoraimes: 15.199 bizt.
- Los Andeseko probintzia:
- Pucarani: 26.802 bizt.
- Laja: 16.311 bizt.
- Batallas: 18.693 bizt.
- Ingaviko probintzia:
- Guaqui: 7.552 bizt.
- Manco Kapaceko probintzia:
- Copacabana: 14.586 bizt.
- Tito Yupanki: 2.213 bizt.
- San Pedro de Tikina: 6.093 bizt.
- Aintziraren ertzean ez dauden probintzietako herriak:
- Pelechuco: 5.115 bizt.
- Gral. Pérez (Charazani): 9.262 bizt.
- Puerto Acosta: 27.296 bizt.
- El Alto: 649.958 bizt.
- Tiahuanaco: 17.231 bizt.
- Desaguadero: 4.981 bizt.
- Eliodoro Camachoko probintzia:
- Peru
- Yunguyoko probintzia: 47.400 bizt.
- El Collaoko probintzia: 81.059 bizt.
- Chucuitoko probintzia: 126.259 bizt.
- Punoko probintzia: 229.236 bizt.
- San Romaneko probintzia: 240.776 bizt.
- Mohoko probintzia: 27.819 bizt.
- Huancaneko probintzia: 69.522 bizt.
- Lampako probintzia: 48.223 bizt.
- Melgareko probintzia: 74.735 bizt.
- San Antonio de Putinako probintzia: 50.490 bizt.
- Azángaroko probintzia: 136.829 bizt.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- ↑ Large Lakes of the World. infoplease.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-20).
- ↑ Lake Titicaca. International Lake Environment Committee Foundation, wldb.ilec.or.jp (Noiz kontsultatua: 2015-09-22).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ ClClimatological Information for Juliaca, Peru. Hong Kong Observatory, weather.gov.hk.
- ↑ Totora. global.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-21).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Gutierrez, Edwin R.. Reserva Nacional del Titicaca. reserva-nacional-titicaca.blogspot.com.es (Noiz kontsultatua: 2015-09-21).
- ↑ Orestias cuvieri. iucnredlist.org (Noiz kontsultatua: 2015-09-22).
- ↑ El lago Titicaca. fao.org (Noiz kontsultatua: 2015-09-22).
- ↑ Chilean Flamingo. birdlife.org (Noiz kontsultatua: 2015-09-21).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.