Toka
Toka Euskal Herriko doitasun-joko tradizional bat da, metalezko piezak eskuz jaurtiz metro batzuetara dagoen toka izeneko txapa bat jotzea helburu duena. Piezak disko itxurakoak dira, 250 gramukoak eta 6 cmko diametrokoak gutxigorabehera eta 25 metroko distantzia batetik jaurtiki behar dira. Toka egurrezko kutxa ireki batean iltzaturik dagoen gutxi gorabehera hiru cmko zabalera duen burnizko txapa kurbatu bat da. Pieza batek toka edo txapa jotzen duenean kontatzen da tantoa (piezak txaparen aurka joaz eragindako soinuaz erraz frogatzen da hau), betiere piezak aurretik lurra jo ez badu. Kutxaren neurriak gutxi gorabehera 60×60×60 cm dira. Batzuetan toka lurrean bertan iltzaturik agertzen da, plaza batean edo etxe bateko pareta ondoan. Txanda bakoitzean jaurtikitako pieza kopurua aldakorra da tokiaren arabera (6-10) eta batzuetan piezak bi eskuak txandakatuz jaurtiki behar zirela eta txanpon arruntak jaurtikiz jokatzen zela ere jaso da.
XX. mendean zehar batez ere Gipuzkoan eta Nafarroako eta Bizkaiko herri batzuetan, hala nola Zaldibar eta Elorrio, jokatzen zen. Ohizko jokoa zen herriko jaietan. Hala ere, edozein egunetan maiz ikus zitekeen sagardotegietara inguratzen zen jendea tokan jokatzen ikustea. Gaur egun gehien bat herriko jaietara mugatzen da.
Gipuzkoako Federazioak 2018an zortzi herritan izan dira lehiaketak: Lasarte-Orian, Aian, Usurbilen, Gabirian, Zarautzen, Legazpin, Seguran eta Ereñotzun. Bola lehiaketak ere egiten dituzte herri horietan guztietan. Tokian-tokian eguneko sariak banatzeaz gain, Gipuzkoako Txapelketa jokatzen dute hogei lehenengoetan sailkatzen direnek.[1]
Toka jokalari trebea Manuel Matxain Aieteko donostiarra izan zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Maiz, Aimar. (2018-03-25). «Tokaren joaldia indartu nahian» Gipuzkoako Hitza (Noiz kontsultatua: 2018-05-25).
Bibliografia
aldatu- (Gaztelaniaz) BENGOA ZUBIZARRETA, J. L., Euskal jokoak - Juegos vascos, Colección Temas Vizcaínos, 79-80. Bilbo: Caja de Ahorros Vizcaína, 1981, 70 orr.
- (Gaztelaniaz) "Toka", Enciclopedia Auñamendi, Bernardo Estornés Lasa (koord.), Donostia: Editorial Auñamendi, 1998. 46. bol., 440-441 orr.