Txagos uhartedia
Txagos (ingelesez: Chagos; frantsesez: Bassas de Chagas) Indiako ozeanoko uhartedia da, Maldivak uharteen hegoaldean dagoena. Zazpi atoloi eta 55 uharte txikik osatzen dute, eta hirutan baizik ez dira bizi izan gizakiak; horietan Diego García da irla nagusia[1]. Uharteak Maldivetatik 500 kilometrora daude hegoaldean. Txagos-Laccadive gandorraren hegoaldeko uharteak dira, Indiako Ozeanoan zehar hedatzen den ur-azpiko mendilerro luzea. Uhartediaren iparraldean daude Salomon uhartea, Nelsons uhartea eta Peros Banhos; hego-mendebaldea daude Hiru Anaiak, Eagle uhartedia, Egmont uhartedia eta Danger uhartea; hego-ekialdean dago Diego García, handiena dena. Guztiak dira txakonera oso txikiko atoloiak.
Txagos uhartedia | |
---|---|
| |
Bertako izena | Chagos Archipelago |
Geografia | |
Kokapena | Indiako ozeanoa |
Azalera | 56,13 km² |
Politika | |
Herrialdea |
|
Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldea | Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldea |
Gizartea | |
Biztanleria | 3.000 (2014) |
Talde etnikoak | %95,88a britainiar edo estatubatuar %4,12a besteak |
Txagosetan bizi ziren txagostarrak, bourbonnais kreolera hitz egiten duen herri bat, Erresuma Batuak txagostarren kanporatzea egin zuen arte, Ameriketako Estatu Batuen eskariz. 1967 eta 1973 artean AEBk Diego Garcia Itsas-Armadaren Laguntzarako Instalazioa bertan eraiki zezan. Base militar hau Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldearen barnean dago, baina AEBk alokatze-hitzarmen bat du bertan. 1971tik aurrera Diego Garcia da biztanleak izan dituen atoloi bakarra, eta soilik AEBko militarren eta bere kontratupeko zibilen eskutik. Txagostarrak kaleratu zituztenetik, AEBk eta Erresuma Batuak ez diete uzten uhartean berriro ere sartzen.
Maurizio Frantziaren kolonia zenean, uharteak Mauriziotik kudeatzen ziren, dependentzia gisa. 1814ko Parisko Itunak Maurizio eta bere dependentzia guztiak Erresuma Batuaren esku utzi zituen<. 1965ean, Maurizioren independentzia planifikatzen ari zenean, Erresuma Batuak Txagosen estatusa aldatu zuen eta Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldearen barnean sartu zuen[2][3]. 1968an Maurizio independizatu zen, baina Txagos uhartea galdu zuen. Geroztik, euren lurraldearen parte dela aldarrikatu dute.
2019an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak iritzi aholku-emaile ez-loteslea eman zuen, eta, bertan, honako hau adierazi zuen: Erresuma Batuak «Txagos artxipelagoko bere administrazioari lehenbailehen amaiera emateko betebeharra du, eta estatu kide guztiek Nazio Batuekin lankidetzan jardun behar dute Maurizioren deskolonizazioa osatzeko»[4]. Urte bereko abenduan, Sega tambour Chagos musika generoa Maurizioko Ondare Kultural Inmaterial izendatu zuen UNESCOk[5]. 2021eko urtarrilean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuen, hura aldarrikatuz. 2021ean, Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak bere jurisdikziorako berretsi zuen Erresuma Batuak «ez duela Txagos uharteen gaineko subiranotasunik», eta, beraz, uharteak Mauriziori itzuli behar zaizkiola[6][7].
2024ko urrian, gobernu britainiarrak iragarri zuen Txagos uharteen subiranotasuna Mauriziori emango ziola, itun bat amaitzeko zain. Txagostar batzuek akordioa kritikatu zuten komunitatearen erabakiak hartzeko prozesuan ez zutelako parte hartu[8]. Egun berean, Maldivetako Mohamed Nasheed presidente ohiak deituratu zuen Txagos uharteak Mauriziora transferitzeko erabakia, Maldivek ere lurraldea aldarrikatzen dutelako[9].
Historia
aldatuXVI. mendean Pedro Mascarenhas portugaldarrak aurkitu zituen lurrok[10], ordura arte gizakiek ukitu gabeak. Beranduago frantsesek berenganatu zituzten, Maurizio izeneko koloniaren barruan ipiniz. Gero, 1810ean, Britainia Handiak kendu zizkien frantsesei, eta orduan hasi zen Diego García, Solomon Islands eta Peros Banhos uharteen benetako kolonizazioa, ordura arte esklabo bakan batzuk baizik ez zituzten-eta ekarriak. Gaurko txagostarrak Madagaskar, Mozanbike, Maurizio eta India hegoaldetik iritsitako nekazarien askazikoak dira[1].
150 urteren buruan txagostarrak 3.000 izatera iritsi ziren eta, arrantzan aritzeaz gain, nagusiki kopra zen haien bizimoduaren funtsa, oliotarako esportatzen zuten kokoa. Baina 1971n Txagosetako jende guztiak kanporatu egin zituzten britainiarrek, bertan amerikarrek eraiki zezaten Indiako ozeanoan daukaten base handia. Txagostarrek ekin zioten etxera itzultzeko eskubidea auzitegietan aldarrikatzeko kalbariobide luzeari; mila gorabeheraren ondoren, 2008ko apirilean arrazoi eman zien Londresko Lorden Ganbarak[1].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c Zubiria, Pello. Txagostarrek etxera nahi dute baina han kaserna dago. in: Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0). argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-17).
- ↑ (Ingelesez) Meetarbhan, Milan. (2012-04-06). «Time for UK to Leave Chagos Archipelago | RealClearWorld» www.realclearworld.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) Nichols, Michelle. «U.N. asks international court to advise on Chagos; Britain opposed» U.S. (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ «Legal Consequences of the Separation of the Chagos Archipelago from Mauritius in 1965» www.icj-cij.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) «UNESCO - Sega tambour Chagos» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) UN court rules UK has no sovereignty over Chagos islands. 2021-01-28 (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) Siddique, Haroon; correspondent, Haroon Siddique Legal affairs. (2021-05-16). «UN favours Mauritian control over Chagos Islands by rejecting UK stamps» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) «UK deal to hand over Chagos Islands criticised over lack of say for Chagossians» BBC News 2024-10-03 (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ (Ingelesez) «Nasheed says UK ceding Chagos to Mauritius unacceptable | Atoll Times» atolltimes.mv (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ British Indian Ocean Territory. worldstatesmen.org (Noiz kontsultatua: 2016-8-17).