Umekia garapen fasean dagoen ornodun bibiparoa da, fase enbrionario eta erditzearen artean dagoena. Umekiaren fasean ez da organo edo ehun berririk eratzen, jadanik daudenak garatzen dira.

Umeki
Xehetasunak
Identifikadoreak
TEE1.0.2.6.4.0.6
FMA63919
Terminologia anatomikoa

Gizakiaren kasuan, umekiaren fasea ernalketa gertatu eta 9. astean hasi eta erditu arteko tartea da.[1][2]

Garapena

aldatu

9. eta 16. asteen artean

aldatu

Aurretik aipatu bezala, umekiaren fasea ernalketa gertatu eta bederatzigarren astean hasten da. Fase honen hasieran, umekiak 30 milimetro inguru neurtu eta 8 gramo inguru pisatzen ditu eta bere buruak umeki osoaren ia erdia hartzen du.[1] Buruak umekiaren ia erdia hartzen du.[3] Arnasketa, umekiaren mugimendutzat, biriken garapenerako da beharrezkoa eta ez oxigenoa lortzeko.[4] Bihotza, eskuak, oinak, burmuina eta beste organo batzuk badaude, baina garapenaren hasieran daude eta ez dute ia funtziorik betetzen oraindik.[5][6]

 
12 aste inguru dituen umekia karenari lotuta.

Umekia ernalketa osteko 12. astean lotzen da karenara.

Umekia ez da mina sentitzeko gai bere hasierako fasean eta baliteke haurdunaldiaren azken hiruhilekora arte ez izatea gaitasun hau. Garapenaren une honetan kontrolik gabeko mugimenduak eta dardarak gihar eta burmuinaren garapenaren menpe daude.

17. eta 25. asteen artean

aldatu

Lehen aldiz haurdun dagoen emakumeak umekiaren higidurak 21. astetik aurrera nabarituko ditu, hainbat haurdunaldi izan dituenak aldiz, 20. astetik konturatzeko gai izango da.[7] Bosgarren hilabetearen amaieran umekiak 20 zentimetro inguru izango ditu.

26. eta 40. asteen artean

aldatu

Ernalketa gertatu eta 40 astera umekia 51 zentimetro ingurukoa izango da. Gorputzeko lipido kantitateak nabarmen egingo du gora. Birikak ez daude erabat helduta, hezurrak berriz garatuta dauden arren bigunak eta malguak dira oraindik. Burdina, kaltzioa eta fosforoa ugaritu egingo dira. Azkazalak hatzen muturreraino helduko dira. Lanugoa, hau da, umekiaren gorputza estaltzen dagoen ilea, desagertzen hasiko da eta buruko ilea berriz, loditu eta laztu egingo da.

Erditzea 40. astean ematen da normalean. Umekia 37-40 asteetatik aurrera umetokitik kanpo bizirauteko gai dela kontsideratzen da.[8][9] Jaiotzean bere luzera 48-53 zentimetroen artean egoten da.

Hazkuntzaren aldakortasuna

aldatu

Umekiaren hazkuntzan aldakortasun handia dago. Batzuetan bere tamaina espero dena baino txikiagoa da, hau bererengan amarekin, karenarekin edota umekiarekin erlazionatutako faktoreek eragiten dutelako da.[10]

  • Amarekin erlazionatutako faktoreen artean bere pisua, gorputz-masaren indizea, egoera nutrizionala, estres emozionala, substantzia toxikoekiko esposizioa (tabakoa, alkohola, heroina eta umekia kalte dezaketen beste substantzia batzuk) eta umetokiko odol-fluxua daude.
  • Karenarekin lotutakoak tamaina, mikroegitura, zilbor-hestearen odol-fluxua, proteina garraiatzaileak eta lotura proteinak, elikagaien erabilera eta produkzioa dira.
  • Umekiarekin erlazionatutakoak berriz, umekiaren genoma eta elikagaien eta hormonen produkzioa dira. Gainera, umeki emeek arrek baino pisu baxuagoa izaten dute.

Pisu baxuegia duten umekiak pisu baxuarekin jaiotzen dira. Honen eraginez, jaioberriaren heriotza gertatzeko arriskua handiagoa da, hala nola, asfixia, hipotermia, polizitemia, hipokaltzemia, disfuntzio immunologikoa, asaldura neurologiko eta epe luzeko beste gaixotasun batzuen eraginez. Haur hauek gainera, hazkuntzan atzerapena izan ohi dute eta batzuetan garaiera txikiko helduak izaten dira.

Bideragarritasuna

aldatu
 
Umekiaren garapena eta bideragarritasuna.

Bideragarritasunak umeki batek umetokitik kanpo bizirauteko puntua adierazten du. Honen muga bost hilabeteren inguruan dago, baina gehienetan hortik gora izatea beharrezkoa da biziraupena ziurtatzeko.[11]

Umekiaren garapenean ez da denbora edo pisu mugarik berau zuzenean bideragarri bihurtzeko.[12] 2003-2005 urteetako datuen arabera, 23 asteetara jaiotako haurren %20-35ek biziraun zuten, 24-25 asteetarako jaiotakoen %50-70ek eta 26-27 asteetara jaiotakoetan aldiz %90 baino gehiagok.[13] Jaiotzean 500 gramo baino gutxiago duten jaioberriek bizirik irautea arraroa da.

Jaioberrien heriotzaren arrazoi nagusia arnas aparatua eta nerbio-sistema zentrala erabat ezberdinduta ez egotea da. Erditzearen ondoren arreta egokia emanez gero, 500 gramo baino pisu baxuagoarekin jaiotako haurrek bizirik iraun dezakete. Jaioberrien heriotza gehienak denbora baino lehen jaiotako jaioberrien artean ematen dira.[14]

Zirkulazio-aparatua

aldatu
 
Umekiaren zirkulazio-aparatuaren diagrama.

Giza umekiaren zirkulazio-aparatua jaioenekiko ezberdina da, batez ere birikek ez dutelako funtzionatzen eta umekiak oxigenoa eta elikagaiak amarengandik lortzen dituelako karena eta zilbor-hestearen bitartez.[15]

Karenako odola zilbor-heste zainaren bidez heltzen da umekira. Odol honen erdia beheko kaba zainera doa eta beste erdia gibelera doa. Gibeleko eskuin lobulua odoleztatzen duen zilbor-heste zainaren adarra porta zainarekin elkartzen da, ondoren odola bihotzeko eskuin aurikulara mugitzen da. Umekian eskuin eta ezker aurikularen artean irekiune bat dago, eta bertatik odolaren gehiengoa eskuin aurikulatik ezkerrekora igarotzen da. Gero, odola ezker bentrikulura doa eta bertatik aorta arteriaren bidez gorputz osoan zehar barreiatzen da. Odolaren zati bat aortatik barneko zain iliakoan zehar zilbor-heste zainera pasa eta hemendik berriro karenara itzultzen da non karbono dioxidoa eta beste hondakin batzuk umekitik amaren zirkulaziora joaten diren.[15]

Hala ere, odolaren parte bat eskuin aurikulatik eskuin bentrikulura igarotzen da ezker aurikulara joan beharrean eta gero, birika arteriatik ateratzen da. Umekian birika arteria eta aortaren artean ductus arteriosus izeneko konexio berezi bat dago eta honek odolaren gehiengoa biriketatik kanpora bideratzen du (umekia likido amniotikoan suspentsioan dagoenez ez baititu arnasketarako erabiltzen).[15]

Jaiotza ondorengo garapena

aldatu

Jaiotza ondorengo lehen arnasketaren ondoren sistema hau bat-batean aldatzen da. Birika erresistentzia bortizki murrizten da. Jaio aurretik baino odol kantitate handiagoa mugituko da eskuin aurikulatik eskuin bentrikulura eta gero, hemendik birika arteriara, ezker aurikulara doan odol kantitatea berriz txikiagoa izango da. Odola biriketara heldu eta bertatik birika zainen bidez ezker aurikulara iritsiko da bertako presioa handituz. Eskuin aurikulako presioaren jaitsierak eta ezkerrekoaren igoerak bi aurikulen artean dagoen konexioa itxiaraziko du, bananduta geratuz.

Garapen arazoak

aldatu

Jaiotzetiko anomaliak jaio aurretik umekiak hartutako arazoak dira. Garapen fasean dagoen umekia hazkuntzan eta metabolismoan anomaliak hartzeko sentikorragoa da. Honetan eragin handia du haurdun dagoen emakumeak haurdunaldian zehar eramandako bizitzak.[16]

Umekiaren garapenaren fase goiztiarrenetan amaren elikadura oso garrantzitsua da. Ikerketa askok aldi honetan azido folikoaren kontsumoa oso onuragarria dela erakutsi dute. Dietarekin zerikusia duen beste zerbait gosaria da. Emakumeak gosaldu ezean, bere odolean elikagaien kontzentrazioak behera egingo baitu eta hau umekiaren garaia baino lehenagoko erditzearen eragilea izan daiteke besteak beste. Alkoholaren kontsumoak berriz, umekiaren sindrome alkoholikoa eragin dezake haurretan atzerapen mentala sortuz. Tabakoak haurdunaldian jaioberriaren pisuan izango du eragina, hau da, pisu baxuarekin jaio da haurra eta honen ondorioz beste gaixotasun batzuekiko sentikorragoa izango da.

Ikus,gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Klossner, N. Jayne Introductory Maternity Nursing (2005): "Umekiaren aldia ernalketa ondorengo 9. astetik jaiotza bitarterainokoa da."
  2. The American Pregnancy Association
  3. MedlinePlus
  4. Institute of Medicine of the National Academies, Preterm Birth: Causes, Consequences, and Prevention (2006), page 317. Retrieved 2008-03-12
  5. The Columbia Encyclopedia (Sixth Edition). Retrieved 2007-03-05.
  6. Greenfield, Marjorie. “Dr. Spock.com". Retrieved 2007-01-20.
  7. Levene, Malcolm et al. Essentials of Neonatal Medicine (Blackwell 2000), p. 8. Retrieved 2007-03-04.
  8. Your Pregnancy: 36 Weeks BabyCenter.com Retrieved June 1, 2007.
  9. "full-term" defined by Memidex/WordNet.
  10. Holden, Chris and MacDonald, Anita. Nutrition and Child Health[Betiko hautsitako esteka] (Elsevier 2000). Retrieved 2007-03-04.
  11. Halamek, Louis. "Prenatal Consultation at the Limits of Viability", NeoReviews, Vol.4 No.6 (2003): "jaioberrietan adituak diren askoren ustez 22-23 aste baino gazteago jaiotzen diren haurren biziraupena oso zaila da eta kasu horietan ez da hauek berpizteko ahaleginik egin behar."
  12. Moore, Keith and Persaud, T. The Developing Human: Clinically Oriented Embryology, p. 103 (Saunders 2003).
  13. March of Dimes - Neonatal Death Retrieved on September 2, 2009
  14. March of Dimes --> Neonatal Death Retrieved on September 2, 2009
  15. a b c Whitaker, Kent. Comprehensive Perinatal and Pediatric Respiratory Care[Betiko hautsitako esteka] (Delmar 2001). Retrieved 2007-03-04.
  16. Dalby, JT. (1978).Environmental effects on prenatal development Journal of Pediatric Psychology, 3, 105-109.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Association 1