Uro berriak edo "Heck azienda" izenez ezaguturiko bobido edo betabereak[1], 1920. urtean Lutz eta Heinz Heck anaia eta biologo germaniarrek XVII. mendean desagertutako uroa berreskuratzeko saiakeren ondorio dira.

Uro berri
Sailkapen zientifikoa

Datu orokorrak
Altuera135 cm
Masa650 kg

Ikerlari hauen teoriaren arabera, espezie bat ez da guztiz desagertzen bere ondare genetikoa erabat desagertzen ez den bitartean, eta antzinako uroen zenbait ezaugarri gordetako hainbat behi arraza irauten dutenez gero, posiblea ikusten zuten haien bidez arraza berreskuratzea.

Sakontzeko, irakurri: «Uro»

Heck azienda (Bos taurus) mota bat da finean. Heck anaien ustez, desagertutako uroen erregresio bat lortu zuten antzinako behi azienden arteko gurutzaketen ondorioa. Hala ere egitasmoa oso eztabaidatua izan da. Akatsak ikusten zaizkio bai genetikaren aldetik, baita fenotipoari dagokionez ere. Benetako azken uroak 1627. urtean desagertu ziren Poloniako basoetatik.

Arrazaren historia

aldatu

Heck aziendaren egitasmoa XX. mendeko hastapenetan hasi zen lantzen. Heinz Heckek Municheko Hellabrunngo Lorategi Zoologikoetan egiten zuen lan, eta bertan sortu zuen uro berria 1920. urtean. Bere aldetik, Lutz Heck bere anaiak, Berlingo Lorategi Zoologikoen zuzendaria, arraza zabaltzeko zenbait lan abiatu zuen Agintaritza Naziaren laguntzaz Bigarren Mundu Gerraren urteetan, desagertutako uroa berreskuratzeko asmoz.[2] Horrela lortutako uro berriak erabiliak izan ziren propaganda nazirako, Nazio Arioaren historiaren mitologia idilikoaren zati bat bezala.[3][4]. Jakina, herri germaniarrei buruzko idatzi eta agiri zaharretan, uroen ehiza ia errituala edo germaniar gerlarien aldetik uroen adarren erabilera edateko edalontzi gisa agertzen baitira.

Heck anaiek Hungariako behi arreak, Camargako behiak, Murnau-Werdenfels behiak, Higlands-eko behiak eta Korsikako zezenak besteak beste erabili zituzten beraien saiakeran.

Horrela, belaunaldiz belaunaldi saiatu ziren marrazki zaharretan gordetako uroen ezaugarriak lortzen. Emaitza handik aurrera Heck azienda bezala ezagunak diren behi eta zezenak ditugu. Abere handiak dira, adar bikainekin eta kolore beltz eta arre. Hala ere, garai bateko uroak baino askoz txikiagoak dira, zenbaitetan tamaina ezberdinako adajea dute eta kolore aldakorra sarritan.

 
Hecken azienda parke batean

Izaerari dagokionez, askoz okerragoak dira uro berri hauek. Ezin diete otsoei eta gainontzeko harrapariei aurre egin, edota negu gorrian mendian eta basoan beraien kabuz bazka bilatu.

Heck aziendaren zabalpena munduan zehar

aldatu

Hauetako abere batzuk ikusgai daude bitxikeria gisa munduko zenbait zoologiko zein animalia parkeetan. Abere hauek zabaltzeko etxalde bat edo beste dago ere Alemanian, Frantzian zein Herbereetan.

Arrazaren inguruko polemika

aldatu

Aditu askorentzat, esperimentu honekin oso kritikoak direnak, Heck anaia eta beraien jarraitzaileen saiakerak porrot egin du. Uro berriak ukuilutik ateratako eta basoetan larretzen jarritako etxeko abereak baino ez dira. Gainera Heck anaiak antzineko marrazkietan oinarritu ziren soilik arraza bersortzeko, eta ez egun ezagutzen ditugun uroen aztarnetan. Saiakeraren oinarri zientifikoa beraz oso eskasa da.

Z. Pucek irakasleak, Europako bisontea Poloniako Białowieża basoan berreskuratzeko programaren arduraduna, oso gogor hitz egin du beti Hecken abere hauen aurka, zera esanez; "XX.en mendeko iruzur zientifikorik handiena direla". Jakina, Pucek gogor egin du uro berri hauek Bialowiezako basoetan, alegia, garai bateko benetako uroen azkenetariko eremuetan, ez sartzeko. Beretzako gainera argi dago abere hauek ez liratekela gai izango Białowieżako harrapariei (hartza, otsoa...) aurre egiteko. Dena den, uro berrien inguruko eztabaida eta polemika guzti honetan ezin da ahaztu Heck anaiek eta beraien abereek Agintaritza Naziarekin izandako harremanak beste zenbait ikuspegiak baldintzatzen dituztela, ikuspegi zientifiko soilen gainetik. Zenbaitzuen arabera, agian bi anai germaniarren naziekiko harreman hauek eman ezean, beraien abereak onartuagoak lirateke.

 
Augsburg hirian aurkitutako hau bezalako uroen marrazki zaharretan oinarritu ziren Heck anaiak beraien uro berrien ezaugarriak finkatzeko

Heck anaien azienda Alemaniako zein Herberetako zenbait parke naturaletan sartu dute ordea, baina lehen aipatutako naturan libre bizitzeko egokitze arazoekin.

Hainbat adituek zera aholkatzen dute, Hecken abereekin berriro lanean hastea edota zuzen baztertzea eta lanean hastea beste zenbait arrazekin, antzinako ezaugarriak dituzten arrazak jakina, benetakoagoak lirateke "uro berriak" lortzeko. Haren harira, "Taurosproject" egitasmoak Hecken anaien ideia jarraitu nahi dute baina haientzako egokiagoak diren behi arrazak eta gurutzaketak erabiliz[5].

Beste aldetik, zenbaitzuek ez dute antzekotasun handia ikusten Hecken anaien abere eta kontserbatu diren antzinako uroen irudien artean.

 
Uro berrien samalda bat elurretan Wörtheko irlan. Aditu askok arraza honen basatasuna ezbaian jartzen dute.

Uro berrien erabilera

aldatu

Animali hauek parke zein zoologikoetan erakusteaz gain, uro berri hauek erabilera dute zenbait natura babesleku zein natura parketako landaretzaren oreka mantentzeko. Orokorki, etxeko behiak baino gogorragoak izanik, antzinako belarjale handiek (uroak barne) betetzen zuten paper ekolojikoa betetzen dute. Esate baterako, zenbait hezegune (zohikaztegiak, aintzirak...) mantentzeko guztiz beharrezkoa da belarjaleen lana. Baita bazka aldetik eta etxeko aziendari begira eskasak diren txilardegi zein larre naturalak. Esan daiteke Heck azienda gaur egun bereziki zabaldu dela hainbat lekuetan desagertutako megafaunaren lana egiteko ekosistemetan, lehen aipatutako polemikaz aparte. Hala ere aurrera jarraitzen du adituen arteko eztabaida ekosistemetan arraza honek daukan egokieraren inguruan, eta zalantzakorra da ea zein den benetan uro berriek betetzen duten txoko ekologikoa.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu


Kanpoko loturak

aldatu

sartzerakoan 2009-04-26


Bideoak

aldatu
  NODES
Note 1
Project 2