Zika birus
Zika birusa[1] (ZIKV) gizakia eta primate batzuk infektatzen dituen birusa da. Flavivirus generoan sailkatutakoa, zika sukarra eragiten du. Birusa 1947an deskribatu zen estreinakoz, Ugandako tximino batean (Zika eskualdean).
Zika birus | |
---|---|
Aedes aegypti da Zika birusa transmititzen duen eltxoa | |
Sailkapen zientifikoa | |
Ezaugarriak
aldatuFlavibirusak RNA birusak dira: bere material genetikoa polaritate positiboko RNA kate bakarrez osatuta dago. Horren gainetik kapside ikosaedrikoa dute.
Zika birusak senidetasuna konpartitzen du denge eta sukar horiaren birusekin. Hirurak eltxo beraren ziztadaren bitartez (Aedes generoko eltxoaren bitartez) transmititzen dira.
Epidemiologia
aldatuUgandako makako batean aurkitu zuten lehenbizikoz zientzialariek zika birusa, 1947an. 1952an Ugandan eta Tanzanian birus honen lehenengo giza infektatuak agertu ziren. Birusak Afrika tropikalean urte luzeetan iraun zuen, harik eta 2007an Asiako Mikronesian agertu arte. 2015an, aldiz, lehenengo kasuak agertu ziren Amerikan ere (Brasilen), eta kontinente honetan hedatzen ari da orain (Erdi eta Hego Amerikan zehar).
Flaviviridae familiako birus guztiak Aedes eltxoaren ziztadaren bidez transmititzen dira. Aedes aegypti da gaitzaren ohiko bektorea. Zika sukarraren prebentzioa eltxo bektorearen kontrolean eta intsektizida eta uxagarrien erabileran datza. Epidemiologoen ustez, baina, eltxo bektorearen erabateko suntsipena oso korapilatsua da, ia ezinezkoa, Aedesek aparteko moldagarritasuna izaten baitu.
Patogenia
aldatuZika sukarra, orokorrean, gaixotasun arina da, egun gutxitan berez sendatzen dena. Infektatuen artean hiru laurdenek (%75-ak) ez dute inongo sintomarik garatzen, eta infekzioak ez die gaixotasunik eragiten.
Beste laurdenak, aldiz, sintoma arinak ditu: sukar txikia, larruazaleko erupzioa, artralgiak, buruko mina eta konjuntibitisa. Hainbat kasutan digestio-aparatua ere kaltetuta suertatzen da, gorakoak eta beherakoak agertuz.
Eskuarki arrisku maila txikikoa izan arren, zika birusaren infekzioak -kasu gutxi batzuetan- ondorio gaiztoak ekar ditzake: Guillain-Barré sindromea piztu, adibidez [2]. Bestalde, 2015eko Brasileko izurritean bertako osasun-agintariek birus honen infekzioa haur jaioberriaren mikrozefaliarekin lotu zuten. Antza, haurdun dauden emakumeengan birusak karena zeharkatuko luke eta kalte neurologiko larriak sortuko lituzke umekiarengan [3].
Oraingoz ez dago tratamendurik, ezta txertorik ere, gaitzari aurre egiteko.
Erreferentziak
aldatuIkus, baita ere
aldatuKanpo estekak
aldatuGai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |