Zizeron
Artikulu hau politikari eta hizlariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marko»
Marko Tulio Zizeron (latinez: Marcus Tullius Cicero) (K.a. 106ko urtarrilaren 3a - K.a. 43ko abenduaren 7a) politikari eta hizlari erromatarra izan zen. Latinezko hizlari handientzat jotzen da.
Familia Arpinumgoa zen, Mariorena bezala. Bizitza osoan bi familien arteko konparazioak jasan behar izan zituen Zizeronek. Mariorena aberatsagoa eta ospetsuagoa izanda, ez zituen konparazio horiek oso gustukoak.
Zizeron izena cicer hitzetik dator, zeinak latinez txitxirioa esan nahi duen. Plutarkoren arabera, Zizeronen arbasoren batek txitxirio baten moduko pikorra zeukan sudurraren puntan. Politikan sartu zenean ez zuen goitizena aldatu, hala eskatu bazioten ere.
Bizitza
aldatuLehen urteak
aldatuIkasle bikaina zen Zizeron, azkar baino azkarrago ikasten baitzuen dena. Erroma osoaren arreta erakarri zuen. Poesia zuen gogokoen. K.a. 89 eta 88an Ponpeio Estrabon eta Silaren alde borrokatu zuen Zizeronek.
K.a. 75ean, Sizilian aritu zen kuestore. Abokatu apartekoa izan zen hor. Verres gobernari ohia auziperatu eta zigorrarazi zuen. Arrakasta hori gorabehera, patrizioa ez zenez, arazoak izan zituen kontsul izenda zezaten. Gainera, kontsul-arbasorik ez zeukan azken gizona (novus homo zeritzona) Mario iraultzailea izanak ez zion laguntzen Zizeroni.
Kontsul
aldatuHala eta guztiz ere, K.a. 63an, Zizeron kontsul izendatu zuten, azken 30 urteetako lehen novus homo bihurtuz.
Urteko lorpen garrantzitsuena Katilinaren konspirazioa bertan behera uztea izan zen. Zizeronek aurkitu zuen Katilina patrizioak Erromatar Errepublika desegiteko asmoa zuela. Zizeronek senatus consultum ultimum (gerra-lege moduko bat) deklaratuta, Katilina eta haren jarraitzaileak hiritik egotzi zituen lau hitzaldi ospetsuei esker. Haietan, konspirazioaren nondik norakoa azaltzeaz gain, Estatuaren defentsan parte-hartze zuzena eskatu zien erromatarrei, okerrena gertatuz gero.
Katilinak ihes egin zuen Etrurian Silaren beteranoen artean armada bat osatzeko, eta haren jarraitzaileak Erroman geratu ziren iraultza barnetik bultzatzeko. Senatari guztien aurrean, jarraitzaileak konspirazioa aitortzera behartu zituen Zizeronek, galiarrei bidalitako mezua atzeman ondoren. Senatariek zigor aproposena zein zen eztabaidatzeari ekin zioten. Gerra-legea indarrean, atxiloketek edo erbestealdiek ez ziruditen arazoa konponduko zutenik. Senatari gehienak heriotza zigorraren alde agertu ziren hasiera batean. Julio Zesarrek, berriz, aurrekari arriskutsuegia izanen zela adierazi zien, eta hain gogorra ez zen zigorraren alde jo zuen. Hala ere, Katon Minorren hitzaldiaren ostean heriotza-zigorra adostu zen. Zizeronek Pater Patriae titulua jaso zuen Estatuari egindako zerbitzuei esker.
Erbestea eta itzulera
aldatuK.a. 58an, epaiketarik gabe Erromako hiritarrei heriotza-zigorra eman zietenak erbesteratzeko legea onartu zuen Publio Klodio Pulkerrek. Zizeronek aldarrikatu zuen senatus consultum ultimum-ek inmunitatea ematen ziola. Gainera, hiritarren babesa eskatu zuen. Klodio Pulkerren jarraitzaileen beldur, Italiatik kanpo joan zen eta hitzaldiak idazteari ekin zion Zizeronek. Atiko lagunari bidalitako gutunetan, Senatuaren portaeraz kexu agertu zen Zizeron, beharrezko babesa ez eskaintzeagatik.
Erromara itzultzean, jendetzak harrera beroa eman zion, Demostenesi bezala. Hurrengo urteetan Milo populista bultzatu zuen Zizeronek Klodio Pulkerren aurka, zeinen jarraitzaileek terrorea zabaldu zuten Erromako kaleetan. Miloren gladiatoreek Klodio Pulker hil zuten orduan. Zizeronek Milo defendatu zuen, baina arrakastarik gabe. Halere, Pro Milone hitzaldia erretorikako maisulantzat jo ohi da. Horretan, Zizeronek argudiatzen zuen Milok ez zuela Klodio hiltzeko inolako arrazoirik. Milo erbesteratu egin zen Gerra Zibila arte.
Zesar eta Ponpeioren arteko borroka areagotu zenean, Ponpeioren alde jo zuen Zizeronek, nahiz eta Zesarren jomuga bihurtzea saihestu zuen. K.a. 49an, Zesarrek Italia inbaditu zuenean, Erromatik kanpo joan zen Zizeron, Zesarrek geratzeko eskatu bazion ere. Farsaliako guduan ponpeiotarrekin bat borrokatu zuen Zizeronek. Porrota gorabehera, Erromara itzuli zen. Varroni adierazi zion bezala, Zesarren diktadurapean ahalik eta gutxien ateratzen zen etxetik. Errepublikaren alde nahiago zuen ideiak idatzi Senatuan hitz egin baino. K.a. 45ean, haren alaba Tulia hil zen.
Marko Antonioren aurka
aldatuZesarren hilketak ezustean harrapatu zuen Zizeron. Trebonio konspiratzaileari adierazi zion "izugarrizko oturuntza horretarako gonbidapena jaso" izana gustatu zitzaiokeela. Zizeron senatarien buruzagietako bat bilakatu zen, hiltzaileak aske uztearen aldekoa. Haien aurka, Marko Antonio eta zesartarrak zeuden, hiltzaileak gogor zigortzeko prest.
Zizeron eta Marko Antonioren harremana inoiz ona izan ez bazen ere, Zesarren hilketaren ondoren, elkarren etsai bihurtu ziren. Zizeronek Zesarren testamentua bere onerako erabiltzea eta askatasun zibilak suntsitzea leporatu zion Marko Antoniori. Philippicae izeneko hitzaldietan Marko Antonioren aurka egin zuen.
Oktaviano, Zesarren oinordekoa, Erromara itzuli zenean, Zizeronek Marko Antonioren kontra erabili zuen. Senatarien burua, Zizeron, ospearen gailurrean zegoen. Dezimo Bruto Galia Zisalpinako gobernariaren izendapena bultzatu zuen. Luzio Pisonen, Zesarren aitaginarrebaren, hitzaldia gorabehera, Marko Antonio Errepublikaren etsai izendatu zuten senatariek Zesarren hiltzaileak eraso zituenean.
Hala ere, Oktavianok eta Marko Antoniok, Lepidorekin batera, elkar hartu zuten, Zizeronen ezusterako. Bigarren Triunbiratua legalki osatu ostean, arerioen kontrako proskripzioak hasi zituzten. Zizeron eta Kinto, haren anaia, (Zesarren laguntzailea izan bazen ere) zerrenda beltz haietan agertu ziren. Marko Antoniok su eta gar bilatu zuen Zizeron. Haren villa batean atzeman zuten. K.a. 43ko abenduaren 7an hil zuten.
Lanak
aldatu- Hitzaldiak
- (K.a. 80) Pro Roscio Amerino
- (K.a. 70) In Verrem
- (K.a. 66) Pro Cluentio
- (K.a. 63) In Catilinam I-IV
- (K.a. 63) Pro Murena
- (K.a. 62) Pro Archia Poeta
- (K.a. 56) Pro Caelio
- (K.a. 52) Pro Milone
- (K.a. 44) Philippicae
- Erretorika eta filosofia
- (K.a. 55) De Oratore ad Quintum fratrem libri tres (
- (K.a. 51) De Re Publica
- (?) De Legibus
- (K.a. 45) De Finibus Bonorum et Malorum
- (K.a. 45) Tusculanae Quaestiones
- (K.a. 45) Hortensius
- (K.a. 45) De Natura Deorum
- (K.a. 44) Cato Maior de Senectute
- (K.a. 44) Laelius de Amicitia
- (K.a. 44) De Officiis
- Eskutitzak
Irudi galeria
aldatuIkus, gainera
aldatu- Erromako kontsulen zerrenda
- Platon
- René Descartes
- Agustin Hiponakoa
- Tomas Akinokoa
- Kronos
- Julio Zesar
- Ponpeio
- Marko Antonio
- Kasio
- Eszipion Emiliano
- Hirugarren Gerra Punikoa
- Klodio Pulker
- Klodia
- Tito Anio Milo
- Safo
- Katilina
- Erromako Senatua
- Optimates
- Max Weber
- Camille Desmoulins
- Bingen Ametzaga Aresti
- Latinezko literatura
- Tito Lukrezio Karo
- Voltaire
- Catania
- Antzinako greziar filosofia
- Jokin Zaitegi
- Hamabi Taula
- Peru Abarka
- Ubide
- Gela (Sizilia)
- Pizkundeko humanismo
- Mediar Gerrak
- Rome
- Delfosko orakulua
- Laodizea
- Jeronimo Estridongoa
- Vulgata
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Zizeron |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zizeron |