Abraham Lincolnen hilketa
Abraham Lincolnen hilketa, Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren amaieran, 1865eko apirilaren 14an, AEBetako Washington Hirian jazotako garaiko Abraham Lincoln presidentearen erailketa izan zen, bertako gaueko 22:25 inguruan (UTC-5) gertatu zena.
Atentatua Robert E. Lee Ipar Virginiako Armadaren komandante jenerala Ulysses S. Grant Potomaceko Armadaren buruaren aurrean errenditu eta bost egun geroago gertatu zen. Lincoln erail zuten lehendabiziko Estatu Batuetako presidente bilakatu zen,[1] izan ere hogeita hamar urte aurrerago, 1835ean, Andrew Jackson presidentea hiltzeko ahalegina kale egin zuelako.
John Wilkes Booth aktore konfederatuzaleak hilketa prestatu eta burutu zuen, gainerako gudaroste konfederatuak biltzeko eta borrokara eusteko asmoz. Horretarako Boothek gaizkide batzuk erreklutatu zituen: David Herold, Lewis Powell (Lewis Payne ere deitua) eta George Atzerodt. Heroldek eta Powellek William H. Seward estatu idazkaria eta Atzerodtek Andrew Johnson presidenteordea erailtzeko aginduak zituzten. Hilketa hirukoitza honi esker, Boothek anabasa sortzea eta Batasunaren gobernua uzkailtzea helburua zuen.
Abraham Lincoln hamaseigarren presidentea, bere emaztea eta bi gonbidatuekin batera Washington Hiriko Ford Antzokian Tom Taylorren Our American Cousin antzezlana ikusten ari zela buruan tiro bat jazo zuen. Lincoln erailtzea lortu arren, konplotaren gainontzeko planek porrot egin zuten: Powellek Seward zauritu baino ez zuen egin eta bizirik atera zen; Atzerodtek, berriz, Johnson erailtzeko agindua zuena, izutu eta ahaleginik egin gabe hiritik ihes egin zuen.
Hilketaren ostean armada hiltzailearen jazarpenaz arduratu zen. 1865eko apirilaren 17an Powell eta hilaren 20an Atzerodt preso hartu zituzten. Boothek eta Heroldek, berriz, ihes egitea eta Marylanden biltzea lortu zuten. Baina apirilaren 26an armadak biak inguratu egin zituen: Heroldek amore egin zuen baina Boothek errefusatu eta hil zuten. Armadak beste susmagarri batzuk ere hartu zituen preso. 1865eko maiatzaren 9tik aurrera, auzitegi militar baten zazpi gizon eta emakume bat- Mary Surratt deitua- epaitu zituen.[2] Ekainaren 30ean auzitegiak denak erruduntzat jo zituen eta haietako lauk heriotza zigorra jasan zuten. Epaiketak irregulartasunak izanda ere, Edwin M. Stanton gerra-idazkariak ez zituen barkaberatasun deiak aintzat hartu eta uztailaren 7an denak urkatu zituzten.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) The Library of Congress. (2009-10-3). Lincoln Shot at Ford’s Theater. .
- ↑ (Ingelesez) Bingham, John A.. (1865). Trial of the Conspirators for the assassination of President Lincoln. Washington Hiria: Govt. Print. Office OCLC .49134480.