Andrew John Wiles
Andrew John Wiles (Cambridge, Ingalaterra, 1953ko apirilaren 11) britainiar matematikaria da, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea. Ezaguna da 1994an Fermaten azken teorema ebatzi zuelako. 2016an Abel saria jaso zuen.
Bizitza
aldatuGaztetan hasi zen matematika lantzen, Fermaten azken teorema bereziki. Izan ere, 10 urte zituenean aurkitu zuen herriko liburutegian teorema horri buruzko liburu bat. Harrituta geratu omen zen, 300 urte pasata, artean ebatzi gabe zegoelako.[1] Oxfordeko Merton Collegen lortu zuen gradua, eta doktoregoa Cambridgeko Clare Collegen egin zuen, John Henry Coatesen zuzendaritzapean. 1977-1980 urteetan Ikerketa Kide Gaztea izan zen Cambridgeko Clare Collegen, eta irakasle-laguntzaile Harvardeko Unibertsitatean.
1980an bukatu zuen doktoregoa, eta urtebete igaro zuen Bonnen. Hurrengo urteetan Princetonen eta Parisen aritu zen irakasle. Guggenheim bekari esker, Parisko Ikerketa Zientifiko Aurreratuetako Institutuan eta École Normale Supérieurean aritu zen. Beste ikerketa guztiak utzirik, Fermaten azken teorema aztertzen hasi zen. 1988an Oxfordeko Errege Elkarteko irakasle izan zen, eta urtebete geroago elkarteko kide egin zuten. Wilesek Galoisen teorian ere lan egin zuen urte haietan, eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen alor horretan ere.
1993an, Fermaten azkeneko teoremaren froga aurkeztu zuen Cambridgeko Newton Institutuan. Hala ere, akats bat aurkitu zuten frogan, eta hurrengo urtea arte ez zen argitaratu. 1994an Eugene Higgins Irakasle izendatu zuten Princetongo Unibertsitatean. Teoremaren froga Annals of Mathematics aldizkarian argitaratu zen 1995ean. Urte horretatik aurrera, sari ugari jaso zituen: Suediako Zientzietako Errege Akademiaren Matematikako Schock saria, Paul Sabatier Unibertsitateko Fermat saria, Wolf saria eta Estatu Batuetako Zientzietako Akademia Nazionaleko matematika saria, besteak beste. 2016an Abel saria eman zioten.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber. Andrew J. Wiles matematikariak 2016ko Abel Saria jaso du Norvegian. elhuyar zientzia eta teknologia, CC-BY-SA 3.0 lizentzia, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-3-7).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrew John Wiles |