Angelu (Lapurdi)
Angelu (ofizialki: Anglet) Lapurdiko bigarren udalerri handiena da, Baiona lehena izanik, eta hauek biek Biarritzekin batera BAM izeneko metropolitar gunea osatzen dute, Ipar Euskal Herriko populatuena eta Euskal Herri osoko bortzgarrena.
Angelu | ||
---|---|---|
Lapurdi, Euskal Herria | ||
VVF-eko hondartza Angelun eta Miarritzeko itsasargia. | ||
| ||
Kokapena | ||
Herrialdea | Euskal Herria | |
Lurraldea | Lapurdi | |
Administrazioa | ||
Estatua | Frantzia | |
Eskualdea | Akitania Berria | |
Departamendua | Pirinio Atlantikoak | |
Elkargoa | Euskal Hirigune Elkargoa | |
Barrutia | Baiona | |
Izen ofiziala | Anglet | |
Auzapeza | Claude Olive (LR) | |
Posta kodea | 64600 | |
INSEE kodea | 64024 | |
Herritarra | angeluar | |
Geografia | ||
Azalera | 26,93 km² | |
Garaiera | 0-76 metro | |
Distantzia | 5 km (Baionatik) | |
Demografia | ||
Biztanleria | 39.604 (2018: 1.135) | |
Dentsitatea | 1.455,03 biztanle/km² | |
Zahartzea[1] | % 12,2 | |
Ugalkortasuna[1] | ‰ 42,56 | |
Ekonomia | ||
Jarduera[1] | % 72,02 (2011) | |
Desberdintasuna[1] | % 4,51 (2011) | |
Langabezia[1] | % 7,91 (2013) | |
Euskara | ||
Euskaldunak | % 8,1 (2010) | |
Erabilera | % 0,37 (2011) | |
Datu gehigarriak | ||
Webgunea | http://www.ville-anglet.fr/ |
Izena
aldatuHerriaren euskal izena Angelu (aŋɡelu) da; eta frantsesez nahiz gaskoiez, Anglet (frantsesez ɑ̃ɡlet eta gaskoiz aŋˈɡlet ahoskatua).
Angelu toponimoak[2] itxura hauek izan ditu idatzizkoan:
- Angles (1188, Baionako eskutitzak[3]) eta
- Sanctus Leo d'Anglet (1761, Baionako elizbarrutiaren kolazioa[4]).
Litekeena da izena latinezko angulus hitzetik erakarria izatea, euskaraz: izkina itxurako lekua, Bénédicte Boyrie-Féniék baieztatu duenez.[5] Koldo Mitxelenak, antzeko bidetik jotzen du, baina latinezko angellus hitza hartzen du oinarritzat (forma horren txikigarria omen da angulus), eta Ibarrangelu jatorri berdineko hitza da haren ustez.[6]
Larramendik euskarazko angelu hitzaz dio "sakan" edo "sakonune" esan nahi duela.[6] Goienetxeren iritziz, berriz, latinetik sortutako Angelu leku eta herri izenak "ondarreta" du euskal ordaintzat, hondartza bat, alegia.[7]
Geografia
aldatuBaiona eta Biarritz ezagunen artean ezkutuan gera daiteke Angelu. Bi udalerri horiek alboan dituela, zaila da mugak zehaztea. Izan ere, BAB hirigune sendoa da, eta Lapurdiko biztanleen erdia baino gehiago hortxe bizi da. Baina Angeluk 26,5 km2 ditu; hortaz, zabalagoa da Baiona baino, eta Biarritzen azaleraren bikoitza du. Gainera, Angeluren itsasertza luzeagoa da haiena baino: Atturri ibaiaren bokalean hasten da Angeluko hondartza eta San Martin lurmuturreraino iristen da, Biarritzeko itsasargia dagoen lekuraino, hain zuzen.
Angeluko geografia askotarikoa da: iparraldeko itsasaldetik hasi eta nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako barrualdeko lurraldeetaraino, Arrangoitze eta Basusarri udalerrien mugan. Angelu, garai batean, baso hostotsua izan zen, gero, pixkanaka, baso hura desagertu da, zuhaizti batzuk irauten badute ere. Ontzioletara eramandako egurrak eragin handia izan du pobretze‑prozesu horretan. Angeluko ia itsasertz guztia hondartza da, zertxobait hautsia, itsaso zabaleko olatuen erasoa pairatzen duena. Atzealdean, berriz, dunak dauzka. 7 km‑ko hondartza hori kai‑mutur artifizial batzuen bidez banatuta dago. Hondartza‑zati bakoitzak izena, sarbidea (dunen artean), aparkalekua, eta bainu‑zerbitzuak ditu. Hondartzen izenak hauek dira: Cavaliers, Xiberta, L’Océan, Sables‑D’Or, Madrague, Marinela, Kortsarioak, Petit Chambre d’Amour eta Chambre d’Amour. Azken hondartza horrek San Martin lurmuturrarekin bat egiten du, bihurgune bat eratuz. Angeluren mendebaldeko muturrean geratzen da, eta, ziur asko, bitxiena da. Chambre d’Amour esaten diote, behin batean ezusteko itsas kolpe batek bikote maitemindu bat eraman baitzuen, hondartzan besarkaturik zeudela, itsasoari begira.
Pierre de Lancrek, Inkisizioko epaile ankerrak, eskuetako hatzak ere sorgin bihurtzen zitzaizkionak, 1609an ez zituen begi onez ikusten hondartza horretara joaten ziren bainu‑hartzaileak... Gaur egun, familientzako oporretarako gunea da, maien arkitektura inspirazio‑iturri duena, eta estatuaren eskuetan dago.
Angeluko hondartzarik ezagunena Xiberta da, dunetan eraikitako turismo‑gunea, itsasertzetik ehun bat metrora. Hotel erosoak eskaintzen ditu, eta igerilekuak, tenis, 18 zuloko golf‑zelaia, patinatzeko pista, eta Xibertako aintzira lasaitzailea, ur gazia duena, guzti‑guztia pinuz inguratua. Errepidearen, hondartzaren eta Atturri ibaiaren bokalearen artean daude hipodromoa, uso‑tiroa eta Bokale aintzira txikia. Pinu asko harean erroturik, bizitza bakarreko etxe xumeek, etxe dotoreek, eta Xiberta eta Chambre d’Amour paseatzeko leku zoragarriek osatzen dute , biak ere moda‑modakoak, XIX. mende ludikoan jet society eta abar etortzen hasi zirenetik. Bost bideen elkargunetik (horregatik esaten diote Cinq Cantons) hirigunera sartuko gara eta San Leon eliza aurkituko dugu, XVI. mendekoa; haren ondoan hilerri zaindua, eta udaletxe modernoa, Andaluziako estiloko patioa duena, eta parke publiko bikaina, eskultura batzuekin apaindua.
N‑10 errepidea zeharkatzea nahikoa da Parmako aireportura iristeko, eta haren zati handi bat Angeluko lurretan dago. Kilometro bat egin aurretik Brindos aintzira aurkituko dugu, eta haren uretan islaturik Brindos gaztelua. Ingurua ederra da eta gazteluko gela atseginak jatetxe ospetsu bihurtu dira. Baiona‑Angelu‑Biarritz elkarlotuta daude BAB bulebarraren bidez. Sarbide azkarra eta oso erabilia da hainbat lekutara iristeko: auzo jendetsuetara, hipermerkatuetara eta Atturri ibaian dagoen portura (Baionari dagokion atalean deskribatu dugu portua).
Ingurune naturala
aldatuUdalerriaren %10 pinudiz beteta dago, batez ere Pignada, Lazaret eta Xiberta auzoetan. Eremu oso laua da, mendirik ez duena.
Hondartzak
aldatuAngeluk 4,5 kilometroko kostaldea eta 11 hondartza ditu, iparraldetik hegoaldera hauexek dira:
- Barrakoa
- Zaldunena
- Dunena
- Itsasokoa
- Madraga
- Madragattipia
- Xibertakoa
- Mariñela
- Urrezko hondartza
- Plage du Club
- Amodio Ganbera
Euskal Herriko kostaldea eta Landetako Côte d'Argent arteko muga Amodio Ganbera izeneko haitzulo angeluarrak sortzen du.
Hidrografia
aldatuAturrik Bizkaiko golkoan duen bokalean Angelu ezkerraldean eta Tarnose eskuinaldean daude[8].
Gainera Aturriko ibaiadarrak diren Maharin eta Esboucdes errekek udalerria zeharkatzen dute. Azkenik, Petaburu errekak, Harrieta errekaren ibaiadarra dena, Angelutik ere pasatzen da.
Udalerriak hiru aintzira ditu: Xiberta, Aturriren bokalean dagoen Bokale eta Biarrizko Harausta auzotik gertu dagoen Brindos[9].
Etxeak eta auzoak
aldatuUdalerri mugakideak
aldatu- Tarnose (Landak) eta Bokale iparraldean.
- Baiona ekialdean.
- Basusarri hego-ekialdean.
- Biarritz hego-mendebaldean.
- Arrangoitze hegoaldean.
- Bizkaiko golkoa mendebaldean.
Klima
aldatuBizkaiko golkoaren aurrean bere kokapenak itsas-haizeetara zabaltzen du Angelu. Neguak ez dira latzak eta udan beroa jasan daiteke. Haize erregimena moderatua da oso eta eragin hirukoitza jasaten du: Ozeano Atlantikoa, Pirinioak eta bertoko brisak. Nagusiak diren itsas-haizeek udan hezetasuna eta freskura eta neguan leuntasuna ekartzen dituzte. Hegoaldeko haizeak Pirinioetan Foehn efektua sortzen du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Angeluko klima ozeaniko epela da.
Datu klimatikoak (Biarritz-Angelu (1981–2010)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 23.4 | 28.9 | 29.7 | 32.1 | 34.8 | 39.2 | 39.8 | 40.6 | 37.0 | 32.2 | 27.8 | 25.1 | 40.6 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 12.0 | 12.8 | 15.0 | 16.2 | 19.6 | 22.1 | 24.1 | 24.7 | 23.2 | 20.0 | 15.1 | 12.5 | 18.1 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 8.4 | 8.9 | 11.0 | 12.4 | 15.6 | 18.3 | 20.4 | 20.8 | 18.8 | 16.0 | 11.4 | 9.0 | 14.3 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 4.8 | 5.0 | 7.0 | 8.5 | 11.6 | 14.6 | 16.7 | 17.0 | 14.5 | 11.9 | 7.7 | 5.5 | 10.4 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -12.7 | -11.5 | -7.2 | -1.3 | 3.3 | 5.3 | 9.2 | 8.6 | 5.3 | -0.6 | -5.7 | -8.9 | -12.7 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 128.8 | 111.5 | 103.5 | 129.7 | 113.9 | 87.8 | 69.3 | 98.4 | 119.6 | 152.1 | 185.9 | 150.4 | 1450.9 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 13.4 | 12.0 | 11.9 | 13.6 | 12.9 | 10.4 | 8.8 | 9.6 | 9.7 | 12.5 | 13.0 | 12.6 | 140.5 |
Elur egunak (≥ 1 mm) | 0.8 | 1.0 | 0.3 | 0.1 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.3 | 0.5 | 3.0 |
Eguzki orduak | 100.2 | 114.1 | 164.4 | 169.4 | 193.7 | 203.3 | 209.0 | 206.8 | 192.8 | 141.7 | 103.8 | 88.3 | 1887.3 |
Hezetasuna (%) | 77 | 75 | 73 | 77 | 78 | 81 | 80 | 81 | 80 | 78 | 79 | 78 | 78.1 |
Iturria (1): Météo France[12][13][14] | |||||||||||||
Iturria (2): Infoclimat.fr (hezetasuna eta elurra, 1961–1990)[15] |
Politika
aldatuUrteak | Auzapeza | Alderdia |
---|---|---|
1897-1935 | Albert Le Barillier | URD |
1935-1937 | Ernest Daubin | / |
1937-1941 | François Dommain | Alderdi Erradikala |
1944-1952 | François Dommain | Alderdi Erradikala |
1952-1971 | François Lacroix | / |
1971-1992 | Victor Mendiburu | CD-UDF |
1992-1999 | Michel Bonnet | UDF |
1999-2000 | Alain Lamassoure | UDF-UMP |
2000-2008 | Robert Villenave | UDF-MoDem |
2008-2014 | Jean Espilondo | PS |
2014- | Claude Olive | UMP-LR |
Herri senidetuak
aldatuDemografia
aldatuAngeluk hazkunde demografikoa izan du azken bi mendeetan, XIX. mendetik hasita gutxienez. 1800an 2.000 biztanle inguruko herri txiki bat zen, eta XIX. mendean hazkunde etengabe baina ez oso handia izan zuen, mendearen bukaeran 5.500 biztanle izan arte. XX. mendean, berriz, eztanda demografikoa jasan zuen, eta 1920tik aurrera eta batez ere 1960ko hamarkadatik aurrera biztanlea biderkatu egin zen. Mendearen amaieran 35.000 biztanle zituen, ordurako hiri bihurturik.
Hiria urbanizazioka hazi zen, inolako plangintza orokorrik gabe. Horren ondorioz gaur garraio arazo anitz jasaten ditu, eta Baiona eta Biarritzen kanpoalde bezala handitu zenez ez du zerbitzuak, dendak eta garraio publikoa biltzen dituen erdigune argirik. Horregatik, azken urteetan udala hirigune erdialde bat bermatzeko hirigintza proiektuetan sartua dago, Angeluko herriko etxearen inguruan etxebizitza bloke berriak altxatuz eta zerbitzuak kokatuz, hala nola tram´bus geltoki berria.
XXI. mendearen hasieran hazkundeak aurrera jarraitu zuen.
Hazkunde demografiaren arrazoien artean, nabarmentzekoa da Lapurdiko hiriburu Baionaren alboan egotearen garrantzia, eta harekin eta Biarritzekin batera Euskal Kosta-Aturri multzoa osatzea.
Angeluko biztanleria |
---|
Datuen iturburua: INSEE |
Ekonomia
aldatuLehen laborantzan, batez ere baratzetan, oinarritutako ekonomia bazuen ere, egun Baiona-Angelu-Biarritz gune metropolitarrean bere kokapena dela eta ekonomia modernoa du[16].
Angeluk, Baiona eta Miarritzerekin BABko aireportuaren kudeaketan parte hartzen du. Era berean, Baiona, Bokale eta Tarnoserekin batera Baionako portua ere kudeatzen du.
Lekuko aktibitate ekonomi garrantzitsuenak:
- Bainuetxe turismoa
- Kirola (surf industria)
- Talasoterapia
- Aeronautikoa (Dassault Aviation)
Era berean departamenduko 50 nagusien aurrean nekazaritzako elikagaien industriak ere baditu[17]:
- Société bayonnaise des viandes (harategia) ;
- SAS TDA(harategia) ;
- Mandion SA (ogi eta gozogintza) ;
- Société d'abattage du Pays basque (harategia) ;
- SARL Sonath (Okindegia).
Kultura
aldatuHizkuntzak
aldatuGertuko Biarritz eta Baiona bezala, Gaskoinia eta Euskal Herria arteko mugan kokatuta dagoenez, zalantzazkoa da ea Erdi Aroan edo Aro Modernoan gaskoia ala euskara zen udalerriko hizkuntza nagusia.
Atlas Linguistique de Gascogne liburuak bere alde egin eta gaskoi herritzat hartu zuen Angelu. 1863an, berriz, Luis Luziano Bonapartek Angelun kokatu zuen euskararen muga, zenbait auzotan dudarik gabe nagusia zena. Hala ere, XX. mendean frantsesa da hizkuntza ofizial eta nagusia.
Toponimia kontuan hartuta, euskarazko "Angelu" eta gaskoizko "Anglet" izenek esanahi berbera dute: Aturri 1578. urte eta aurrerago sortzen zuen angelutik erakarria, orduko bokalea Capbreton eta Bokale Zaharra artean zegoelako.
Herriak gaskoizko goiburua du: "Mar e pignada per m'ayda", euskaraz "itsasoa eta pinudia ni laguntzeko" esan nahi duena. Tokian tokiko toponimia euskarazkoa eta gaskoizkoa da: kaleak eta auzoak tartean XIX. mendean Baionari utzitako Saint-Léon auzoa.
Euskara bultzatzeko 2001ean 15 lagunek "Ipar Izar" erakundea sortu zuten; gaskoia bultzatzeko, aldiz, Ací Gasconha[18] erakundeak lan egiten du[9].
Jaiak
aldatuHerriko bestak edo jaiak martxoaren lehenengo igandean egin ohi dira. Abuztuaren bigarren astean Euskal kirolen astea izaten da. Uda‑garaian txirrindulari‑lasterketak, xistera‑partidak, Trinitatean, nazioarteko petanka‑lehiaketak, Neptunoren festa Chambre d’Amour hondartzan, kermezak, musika‑jaialdiak...
Ondasun nabarmenak
aldatu- Angeluko herriko etxeak altzairu interesgarriak ditu[19][20].
- San Leon eliza
- Biarrizko Ingalaterrako hotela famatuaren jabeak ziren Paul Campagne (1870-1941) eta Julienne Moussempès (1879-1956) 1900an bere bigarren etxebizitza eraiki zuten Angelun. "Marnoger" izena jarri zioten Marcel (1901-1918), Nora (1902-1956) eta Roger (1905-1945) bere seme-alaben izenen lehendabiziko letrak erabiliz. Gero "Beatrix Enea" izena izan zuen 1985ean udaletxeak erosi zuenean.
- Domingotarren antzinako kalostra[21], 1928an monumentu historikoa sailkatua, jatorriz, Ekialdeko Pirinioak departamentuko Collioure udalerrian zegoen Domingotarren komentuko zatia da.
- Notre-Dame du Refuge etxaldea, Servantes de Marie kongregazioaren egoitza[22]
- Villa Prinkipo: 1930ean Xibertan Poole estatubatuar aberats familiak eraikia.
- Villa Sofia: Alexandro II.a Errusiakoa tsarraren emaztea zen Katalina Dolgorukov|Yurievskaya printzesa]] bizilekua izan zen.
Azpiegiturak
aldatuAutobusa
aldatuAngelutik STABen 1, 2, 4, 6, 7.1, 7.2, 7.3, 8, 9, 14 eta Allobus Anglet lineak pasatzen dira.
Lineak:
- .1. - Biarritz Udaletxea <> Baiona Udaletxea <> Baiona Nafarroa
- .2. - Biarrizko geltokia <> Baiona Udaletxea <> Baiona Sainsontan
- .4. - Angelu Barra Hondartza <> Baiona Udaletxea <> Hiriburu
- .6. - Gaz auzoa <> Baiona Udaletxea <> Baionako geltokia
- 7.1 - Angelu hondartzak <> Baiona Udaletxea
- 7.2 - Angelu hondartzak <> Baiona Udaletxea
- 7.3 - Angelu Bernain <> Baionako geltokia
- .8. - Angelu Juvigny <> Baiona Udaletxea <> Tarnose Platanes
- .9. - Labourd <> Baiona Udaletxea <> Santa Maddalen / Barra hondartza
- 14 - Redon <> Angelu hondartzak
- Allobus Anglet BAB 2 <> Biarrizko geltokia
Hezkuntza
aldatuUdalerriak[23] ikastetxe bi (Endarra publikoa eta Stélla Maris pribatua), lizeo bi (Cantau teknologikoa eta Sainte-Anne) eta ikastola bat (Angeluko ikastola) ditu. Bestetik, BTP institutua, arte-eskola bat[24] eta kontserbatorioa ere baditu.
Horiez gain Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen Montaury campusa Angelun kokatzen da. Bertan Euskal kostaldeko zientzia eta teknologia fakultatean biologia, ingurumen zientziak, kimika, fisika, logistika, ingeniaritza eraikuntza eta ingeniaritza zibila ematen dira. Baiona eta Euskal Herriko IUTk informatika eta ingenieritza eta industria mantentzea ematen ditu, baita Sistema eta Softwere Informatiko, Ekologia Industrial, GEO 3D, Lanbide Digitalak eta Programazio Aitzinduaren lizentzia profesionalak.
Kirola
aldatu- Dojo Aikido[25] 560 kide dituena.
- Rafting
- Ekitazioa: Club Hippique de la Côte Basque[26], 1956an sortua, 500 kide ditu.
- Errugbia: Anglet Olympique taldeak Fédérale 1 mailan jokatzen du.
- Futbola: Angeluko Isatsak taldea CFA mailan ari da[27].
- Izotz hockeya : Hormadi Elite taldea 2007-2008ko saioarentzat Lehen Mailan ariko da.
- Patin-hockeya: Angeluko Artzak 2006an Europako Kopan txapeldunordeak izan ziren. 2005ean, berriz, hirugarrenak[28].
- Kali jokoa :
- Xibertako ibilbidea, euskal kostaldeko kari joko politenarikoa da. 2005 urtean, Frantziako Open txapelketarentzat kalifikazio partida bat errezibitu du.
- Itsasargiko kali jokoa 1888an sortu zen eta Angelu zein Miarritzeko herrietan kokatzen da.
- Pilota: Angeluk sei pilota talde dauzka: Dassault Aviation - A.S.C., Hardoitarrak, Les Aiglons, Orok Bat, Pompiers-Amicales-BAB eta Teleradeko Pilotariak.
- Surfa eta lerra kirolak[29]: hondartza desberdinek gizon emazte txapelketa internazionalak errezibitzen dituzte[30]. Angelu, mundu guzian ezaguna den spot bat da. 2005 urtean, Angeluk txapelketa horiek errezibitu ditu: Lerra kirolen Frantziako txapelketa, Quiksilver Air Show, O'Neill Pro, O'Neil Angel's Challenge, KanaMissCup, Open Boadyboard Frantziako Open-a, Wake n'Ski Tour, OP Royal Single Trophée.
- Saskibaloia: A.C.B.B. taldea Frantziako txapelketaren 2. mailan jokatzen du.
- Arraunketa: Ibaialde Arraun Elkartea beteranoen ligan aritzen da.
Angeluar ospetsuak
aldatu- Louis-Édouard Cestac (1801ean Baionan sortua, Angelun zendua 1868an), apeza zen eta Servantes de Marie kongregazioaren sortzailea izan zen.
- Élise Cestac (1811an Baionan sortua, 1849an zendua Baionan), Louis-Édouard Cestacen arreba zen eta Servantes de Marie kongregazioaren sorreran parte hartu zuen.
- Léon Larribau (1889an Angelun sortua, Lehen Mundu Gerran Verdunetik hurbil zendua 1916an) errugbi jokalaria izan zen, Biarritz Olympiquen aritu zen, baita Frantziako selekzio nazionalean ere.
- Clément Duhour (1912an Angelun sortua, 1983an zendua Neuilly sur Seinen) abeslari, aktore, zinegile eta ekoizlea izan zen. Atleta, Los Angelesko Joko olinpikoetan aritu zuen 1932an.
- Jeanne Monteil (1924an Baionan sortua, 1999an zendua Baionan), poeta eta Vents et Marées aldizkarian kazetaria izan zen.
- Emilio Lopez Adan (Gasteiz, 1946) medikua, euskal idazle eta pentsalaria da. Beltza ezizenaz ezaguna da.[31] Euskal nazionalismoari eta Euskal Herriko historiari buruzko lan ugari argitara eman ditu, gai horietan aditu esanguratsua da.
- Lucien Pariès (1947an Angelun sortua, Aix-les-Bainsen 1998an zendua) errugbi jokolaria izan zen. Biarritz Olympiquen aritu zuen 1964tik 1973 arte, RC Narbonnera joana 1974tik eta gero. Frantziako selekzioan pare hartu zuen.
- Jose Miguel Beñaran Ordeñana (Arrigorriagan sortua), teorizale marxista eta Euskadi Ta Askatasunako kidea da. 1978ko abenduaren 21an, Batallon Vasco Españolak bere autoan ezarritako bonba batekin erail zuen Angelun.
- Anuntxi Arana Murillo (Luiaondon sortua, 1947an) antropologoa eta irakaslea da, Angelun errotuta dago. Frantses filologian lizentziatua, AEKko irakasle izan da Baionan, EHEko kidea eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa da. Iparraldean euskaraz aurkeztu zen lehenengo tesia berea izan zen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Itsasoko Historia. Euskal Kostaldeko Gida. liburutik txertatu zen 2014-12-18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Paul Raymond, "Dictionnaire topographique Béarn-Pays basque"
- ↑ Baionako eskutitzak edo Livre d'Or - XIV. mendeko eskuizkribua - Archives Départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ XVII. eta XVIII. mendeetako eskuizkribuak - Archives Départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ Bénédicte Boyrie-Fénié, "Dictionnaire toponymique des communes des Landes et du Bas-Adour", Cairn 2005, 255. orr.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1997). Apellidos vascos. Editorial Txertoa, 48-49 or. ISBN 84-7148-008-5..
- ↑ Goyhenetche, Manex (2004). Ipar Euskal Herria Antso Nagusiaren garaian. Euskal Herria XI. mendean: Antso III.a Nagusiaren erregealdia (1004-1035). Iruña: Pamiela/Nabarralde. 78. or. ISBN: 84-7681-413-5
- ↑ Sandre datu-basea[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Auñamendi Entziklopedia: Angelu
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Géoportail - Frantziako Institutu Geografiko Nazionala. Géoportail. (Noiz kontsultatua: 2011-10-16).
- ↑ a b c d e f EODA. Angelu (Baiona-Angelu-Biarritz). Euskaltzaindia.
- ↑ (Frantsesez) Météo France. Données climatiques de la station de Biarritz. .
- ↑ (Frantsesez) Météo France. Climat Aquitaine. .
- ↑ (Frantsesez) Météo France. Biarritz–Pays–Basque (64). in: Fiche Climatologique: Statistiques 1981–2010 et records..
- ↑ (Frantsesez) Infoclimat. Normes et records 1961-1990: Biarritz-Anglet (64) - altitude 69m. .
- ↑ Udaletxearen webgunea: ekonomia
- ↑ Sud-Ouest: Classement des 50 premières entreprises agro-alimentaires
- ↑ Ací Gasconha, gaskoiniar kultura taldea
- ↑ Palissy datu-basea: Udaletxea
- ↑ Palissy datu-basea: Udaletxea
- ↑ Mérimée datu-basea: Dominikoen antzinako komentua
- ↑ Palissy datu-basea: Notre-Dame du Refuge
- ↑ Udaletxearen webgunea: umeak eta gazteak
- ↑ Baiona-Angelu-Miarritzeko arte eskolaren webgunea
- ↑ Dojo Aikidoaren webgunea
- ↑ Club Hippique de la Côte Basque klubaren webgunea
- ↑ Genêts futbol taldearen webgunea
- ↑ sports123.com: Inline Hockey - Men: European Cup
- ↑ Anglet Surf Club
- ↑ Surf eta hondartzen argazkiak
- ↑ Sudupe Elorza, Pako.. (2020). Emilio López Adán : euskal iraultza libertarioaren pentsalari. Udako Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-738-1. PMC 1184658193. (Noiz kontsultatua: 2020-08-23).
Bibliografia
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Lapurdi |
- (Frantsesez) Webgune ofiziala
- Gaztetxearen webgunea
- (Frantsesez) Turismo bulegoaren webgune ofiziala