Antartikako historia
Antartikako historia Antartika kontinentearen esplorazioen historia azaltzen duen artikulua da. XV. mendetik aurrerako mapetan Terra Australis Incognita ("Hegoaldeko lurralde ezezaguna") izena agertzen hasi zen baina 1820. urtean ikusi zen aurrenekoz. XX. mendearen hasieran Hego Polora iristeko lehia sotu zen eta Roald Amundsen norvegiar esploratzailea izan zen iritsi zen lehenengoa. Gaur egun Amundsen-Scott basea aurkitzen da bertan.
Hasierako esplorazioak
aldatuAntzinaroa
aldatuAristoteles filosofo greziarrak K.a. IV mendean Meteorologia liburuan idatzi zuen "Hegoaldean egon behar du eskualde batek, gure poloan hartzak dituen eremuaren antzekoa dena"[1]. Ptolomeoren garaitik ipar hemisferioko lurraldeak (Eurasia eta Ipar Afrika) "konpentsatzeko eta oreka mantentzeko" hegoalde urrunean kontinente handi bat zegoela uste zen.[2]
Maorien kondaira batek ere esaten du Ui-te-Rangiora nabigatzaileak VII. mendean Antartika esploratu zuela Te Ivi o Atea itsasontzian[3].
Aurreneko espedizioak (XV-XVII mendeak)
aldatuAntartikaren inguruneetako lehen kontaktua Bartolomeu Diasek izan zuen 1487. urtean Esperantza Oneko lurmuturrerra heldu zenean. Afrika kontinentearen eta hegoaldeko kontinente hipotetiko honen artean ozeano bat zegoela frogatu zuen.[4] Fernando Magallaes-ek, 1520an Magallaes itsasartetik igarotzean, Suaren Lurraldean ikusitako irlak hegoaldeko lurralde ezezagun horren parte zirela suposatu zuen. 1564an Abraham Ortelius-ek bere lehen mapa argitaratu zuen, Typus Orbis Terrarum. Zortzi orriko mundu mapa honetan, Regio Patalis Locach gunearekin kokatzen dira, Terra Australis-en iparraldeko luzapen bezala, Ginea Berriraino heltzen direlarik.[5][6]
Geografo europarrek Suaren Lurraldea Ginea Berriko kostaldearekin lotzen zuten haien lurbira-globoetan, Atlantikoko hegoaldea, eta ozeano pazifiko zein indikoen hegoaldeko gune ezezaguna Terra Australis Incognita (Hegoaldeko Lurralde Ezezaguna) bezala identifikatuz; tropikoraino luzatzen zen kontinente izugarria. XVI. eta XVII. mendeetan kontinente honen bila esploratzaile asko inspiratu ziren.[4]
Gabriel de Castilla Antartikako kontinentea deskubritu zuen lehen esploratzailea kontsideratzen da, 1603an 64º H-tik haratago "elurrez estalitako mendiak" ikusi zituela esanez, baina bere garaian baztertu egin zuten.[7][8]
1606an Pedro Fernández de Quirós-ek Australia del Espiritu Santo uhartera iritsi zen (Hebrida Berriak) eta Australia izena eman zion. Uharte hura eta hego Polorako bidean aurkituko zituen guztiak Espainiako erregearen izenean jarriz, baina gaixotu egin zen eta atzera buelta egin behar izan zuen.[4]
Francis Drake-k, bera baino lehenagoko esploratzaile espainiarrek bezala, Suaren Lurraldearen hegoaldera pasabidea bazela uste zuen. Willem Schouten eta Jacob Le Maire-ek Suaren Lurraldeko hego-luzapena deskubritu eta Hornos lurmuturra izendatu zuten 1615ean. Uhartedi honek tamaina txikia zuela eta hegoaldeko lurralde mitikoarekin loturarik ez zuela frogatu zuten. Azkenik, 1642an Abel Tasmanek azaldu zuen Holanda Berria (gaur egungo Australia) urez banandurik zegoela beste inolako kontinentetik.[4]
Antartikako Konbergentziatik hegoaldera
aldatuAnthony de la Roché-k Hego Georgiara egin zuen bidaia 1675an eta Antartikako Konbergentziatik hegoaldera aurkituriko aurreneko lur zatia izan zen[9][10]. Antartikako Konbergentzia Antartikatik datorren gainazaleko ur hotzek iparraldeko (Atlantiko, Ozeano Bareko eta Indiako Ozeanoetako zona epelak) ur epelakik topo egiten duten eremua da. Handik gutxira, Roché uhartea irudikatzen hasi ziren mapetan. 1775ean James Cook-ek kontuan izango zuen aurkikuntzahura, uhartea kartografiatu zuenean.[11]
Edmond Halley Paramour HMS ontzian Atlantikoaren hegoaldean ikerketa magnetikoak egiten ari zela 52º H paralelora iritsi zen 1700. urteko urtarrilean[12]. 1730ean Jean Baptiste Charles Bouvet de Lozier itsas-ofizial frantsesa saiatu zen "sieur de Gonneyville"-k deskribatutako "Hegoaldeko Lurraldea" aurkitzen eta Bouvet uhartea aurkitu zuen 54º10´ H puntuan. 55ºH-tik gertu izotzez estalitako itsasoa aurkitu zuen.[13]
1771an, Yves Joseph Kerguelen Frantziatik itsasoratu zen Maurizioko hegoaldera joateko aginduarekin "kontinente oso handi baten bila". 50º H-an zegoen lurralde bat aurkitu zuen bidean eta "Hego Frantzia" izena eman zion. Hegoaldeko kontinentearen masaren erdigunea zelaren uste izan zuen orduan. Lurralde hura esploratu ondoren konturatu zen han bizitzerik ez zegoela eta "Desolazio uhartea" izen berria ipini zion. Gaur egun Kerguelen uharteak izena du uhartedi hark.[13]
Zirkulu Antartikoaren hegoaldean
aldatuXVIII. mendean oraindik deskubritu gabe zegoen kontinentea aurkitzeko obsesioak eraman zuen Alexander Dalrymple hidrografoa espedizio handi bat antolatzera. Tahitirako bidaia zen berez, hegoaldeko kontinentea aurkitzeko desbideratuko zena. James Cook kapitana jarri zuen buru. 1772an Resolution itsasontziaren ardura hartu zuen Cookek eta Tobias Furneaux kapitainaren Adventure ontzia izan zuen alboan. Bouvet uharterako norabidea ezarri bazuen ere ez zuen aurkitu. Hego-ekialderantz jarraitu zuen, bidaiaren gehiengoa 60º H-tik hegoaldera eginez, aurrez lortu gabekoa. 1773ko urtarrilaren 17an itsasontzi biak 67° 15' H 39° 35' E puntura iritsi ziren eta bidaia eten behar izan zuten izotzak harrapatu baitzituen. Iparralderantz jo eta Zeelanda Berrira iristea lortu zuen ordea.
1773ko azaroan Zeelanda Berria utzi eta hegoaldera jo zuen berriz. Abenduaren 20an Zirkulu polar antartikoa zeharkatu zuen eta beste hiru egunez hegoalderatnz jarraitu zuen 67° 31′ H-ra iritsiz. 1774ko urtarrilean saiakera berri bat egin zuen eta urtarrilaren 30ean 71° 10′ H eta 106° 54′ M puntura iritsi zen. Ez zuen lurrik aurkitu baina XVIII. mendean ez zen marka hori gaindituko.[14]
Antartikaren aurkikuntza
aldatuWilliam Smith itsasgizon ingelesa izan zen 60ºH paralelotik hegoaldera lurra aurkitu zuen aurreneko pertsona. Livingston uhartea izenaz ezagutzen dena ikusi zuen 1819ko otsailaren 19an. San Telmo itsasontziaren hondarrak aurkitu zituen bertan. San Telmo Ferrolen egindako ontzia zen, Peruko Independentzia Gerran parte hartzera zihoala Hornos Lurmuturrean desagertu zena. Ezin da jakin ordea itsasontzia bertan lehorreratu zen ala itsasoak hondarrak bertara eraman zituen[15]. Hilabete batzuk beranduago Smith Hego Shetlandak esploratzera itzuli zen eta George erregearen uhartea aurkitu zuen. Izenak erakusten duen bezala lurralde berri guztiak Jurgi III.a Erresuma Batuko erregearen izenean ezarri zituen.
Antartika kontinentea aurreneko aldiz ofizialki 1820ko urtarrilaren 27an ikusi zen. Fabian Gottlieb von Bellingshausen eta Mikhail Lazarev espedizio errusiar baten buru ziren eta haiek deskubritu zuten Antartika kontinentea. Vostok eta Mirny ontzietan Marta Printsesaren kostaldera iritsi ziren eta izotz geruza bati jarraika urtarrilaren 30ean Trinitate penintsula aurkitu zuten, Antartikan iparralderen dagoen lur zatia. Espedizio berean Petri I.aren eta Alexandro I.aren uharteak aurkitu eta tsar handienaren eta garai hartan agintean zegoen tsarraren izenak eman zizkien[16].
Kontinentearen hasierako esplorazioak
aldatuJohn Davis kapitain estatubatuarra 1821eko otsailaren 7an Antartikan lurreratu zela esan izan bazen ere orain zalantzatan jartzen da[17]. Urte haietan itxastxakur eta balea ehiztariak izan ziren Antartikara ikustera iritsi ziren aurrenekotakoak. Nathaniel Palmerrek Antartikako penintsula ikusi zuen 1820an eta James Weddell bere izena daraman itsasoan ibili zen. Charles Wilkesek 1840. urtean Estatu batuetako espedizio bat gidatu zuen eta Wilkes Land ("Wilkesen lurraldea") deskubritu zuen[18], gaur egun 120º hartzen dituen sektorea da.
1831n Iparraldeko Polo magnetikoa deskubritu zen eta zientzilariek eta esploratzaileek hegoaldekoa aurkitzeko nahia adierazi zuten. James Clark Ross britainiarrak gutxigorabeherako kokapen bat zehaztu zuen baina lau urtetako espedizioan ez zen gai izan Hego Polo magnetikoa aurkitzeko. Erebus aeta Terror itsasontziak hartuta hegoalderantz jo zuen baina 30 metrotako altuera zuen izotz geruza batek bidea moztu zion. Gaur egun Ross izotz hesia izenaz ezagutzen da. Espedizioak ekialderantz jo zuen eta bi mendi identifikatu zituen, ontzien izenak eman zizkienak, Erebus mendia eta Terror mendia.[18]
Dokumentazio ofizialari kasu eginez, Mercator Cooper itsasgizon estatubatuarra izan zen aurrenekoa Antartikan lurreratzen. 1853ko urtarrilaren 26an izan zen eta Viktoria Lurraldea deritzon eskualdean lehorreratu zen[19]. Hurrengo esploratzaileek Antartikako kostaldea aztertzen jarraitu zuten, baina ez ziren kontinentean barneratu, baldintza oso eskasak izateaz gain zientifikoki baliozkoa izan zitekeen aurkikuntzarik egiteko itxurarik ez ziotelako hartu. Hurrengo hamarkada pare batean behintzat ez zen espedizio berririk antolatu[20].
Antartikaren esplorazioaren "Aro heroikoa"
aldatuSakontzeko, irakurri: «Antartikako esplorazioaren Aro heroikoa».
"Aro heroikoa" deitua izan dena XIX. mendearen amaiera aldera hasi zen eta 1917ko Ernest Shackleton esploratzaile anglo-irlandarraren Trans-Antartika Espedizio Inperialak (1914-1917) itxi zuen[20]. Bitarte horretan nazioarteko zientzialari eta geografoen ikerketen helburua izan zen eta hamar herrialdetako 17 espedizio handi antolatu ziren.
Hasierak
aldatuDundee balea espedizioa (1892-1893) izan zen hasierako espedizioetako bat. Ohiko Artikoko ibilbidea egin beharrean hegoaldera jo zuten Dundee herri eskoziarreko lau baleaontzik. Hainbat naturalista (tartean William Speirs Bruce) eta William Gordon Burn Murdoch artista zihoazen bertan. Itzuleran egin zitzuten erakusketek Antartikarekiko interesa berritu zuten. Interes honek bultzatuta Dundeeko ontziolatan RRS Discovery itsasontzia eraiki zen[21]. John Murray ozeanografoak 1893ko azaroaren 27an Londresko Royal Geographical Society elkartean The Renewal of Antarctic Exploration ("Antartikaren esplorazioaren berriztea") izeneko hitzaldia eman zuen. Bertan adierazi zuen premiazkoa zela Antartika ikertzeko espedizio bat antolatzea, mundu mapek hegoaldean oraindik erakusten zituzten gabeziak behin betiko argitzeko[22]. Royal Geographical Societyk bazuen 1887an eraturiko Antartikaren komisio bat, baina Murrayren hitzaldiaren ondoren baleazaleek hegoaldeko itsasoak esplora zitzaten konbentzitzeko hautua egin zuen[23].
1895eko urtarrilaren 24an Antarctic itsasontzi norvegiarra Antartikako Adare lurmuturrera iritsi zen. 1895eko abuztuan Nazioarteko VI. Geografia Kongresoa ospatu zen Londresen eta munduko zientzia elkarte guztiei dei egin zitzaien Antartikaren esplorazioa sustatu zezaten, bakoitzak ahal zuen eran. Zientziaren alor desberdinetarako onuragarria izango zela adierazi zen[24]. Ideia hura Carsten Borchgrevink norvegiarrak plazaratu zuen, Antarctic itsasontziarekin urte berean Antartikan egona zenak, eta Adare lurmuturra eskala handiko Antartikaren esploraziorako basea izan zitekeela proposatu zuen[24]. Handik aurrera espedizio ugari abiatu ziren hegoaldeko kontinentea ikertzeko helburuaz.
Belgikako Antartiar Espedizioa
aldatuBelgikako Antartiar Espedizioa 1897an abiatu zen eta bi urte iraun zituen. Adrien de Gerlache zen kapitaina eta RV Belgica izeneko itsasontzia izotzek harrapatuta gelditu zenez hura urtu artean ezin izan zuten alde egin. 1898ko otsailaren 28an gelditu ziren harrapatuta eta 1899ko martxoaren 14an egin ahal izan zuten ihes. Tripulazioan Frederick Cook estatubatuarra eta Roald Amundsen norvegiarra aurkitzen ziren. Negua Antartikan pasa zuen aurreneko espedizioa izan zen eta marinel batzuk erotu egin ziren, tenperatura hotzez gain Antartikako gau luzearen ondorioz ere bai[25]. Itzulerakoan Hego Shetlandetan egon ziren.
Lehenengo britainiar espedizioak
aldatuHegoaldeko Gurutzearen espedizioa edo Britainiar Antartiar Espedizioa (1898-1900) Borchgrevink norvegiarrak gidatu zuen eta Southern Cross ("Hegoaldeko gurutzea") itsasontziak burutu zuen. Ross izotz hesira igo ziren (garai hartan "Izotz hesi handia" izena zuen) eta Antartika kontinenteko lurrean negua pasa zuen aurreneko gizataldea izan zen. Txakurrak eta lerak erabili zituzten Antartikan zehar bidaiatzeko. 78° 50′H punturarte iritsi ziren eta ikerketa zientifiko ugari egin zituzten. Hego Polo magnetikoaren kokapena zehaztu zuten[26].
Discovery espedizioa edo Britainiar Antartiar Espedizioa (1901-1904) Robert Falcon Scott britainiarrak gidatu zuen. Espedizioari RRS Discovery itsasontziak ematen dio izena. Viktoria lurraldeko mendiak igo zituzten eta lautada polarra deskubritu zuten. Hegoalderako bidean errekor berria ezarri zuten, 82°17'H. McMurdo itsasartean basea ezarri zuen aurreneko espedizioa izan zen[22]. Tripulazio haren barnean Ernest Shackleton zegoen.
Eskoziako Antartiar Espedizio Nazionala (1902-1904) William Speirs Brucek gidatu zuen Scotia itsasontzian. Robert Falcon Scotten espedizioak itzala egin bazion ere ikerketa zientifiko eta esplorazio programa zabala betetzea lortu zuen. Espedizio honetako kideek estazio meteorologiko bat ezarri zuten eta Weddell itsasotik ekialdera eginez lurralde berriak aurkitu zituzten[27].
Nimrod espedizioa edo Britainiar Antartiar Espedizioa (1907-1909) Ernest Shackletonek gidatu zuen. Hegoburu geografikora iristea zuen helburua ez zuen lortu baina errekor berria ezarri zuen, 88° 23'H. Polotik 180'6 kilometro eskasera gelditu zen. Espedizioko kideak lautada polarrera iritsi ziren eta Edgeworth David galestarrak gidaturiko talde batek Erebus mendia igo eta Hego Polo magnetikora iristea lortu zuen[28].
-
Southern Cross
(1898-1900). -
RRS Discovery
(1901-1904). -
Scotia
(1902-1904). -
Nimrod
(1907-1909).
Beste herrialde batzuetako espedizioak
aldatuGauss espedizioa edo Alemaniako Hego Polorako Espedizioa (1901-1903) Erich Dagobert von Drygalski geologoak Gauss itsasontzian egindako espedizioa da. Gilen II.aren Lurraldea esploratu zuten eta kostaldeaz haratago Gauss mendia identifikatu zuten. Ezin izan zuten aurrerago joan izotzetan harrapatuta gelditu zirelako[29].
Suediako Antartiar Espedizioa (1901-1903) Otto Nordenskjöld eta Carl Anton Larsen esploratzaileek gidatu zuten espedizioa Antarctic itsasontzian. Graham Lurraldearen kostaldea ikertu zuten eta ondoren Weddell itsasoan itsasontzia urperatu zenez Cerro Nevado eta Paulet uharteak ikertu zituzten. Uruguay izeneko itsasontzi argentinarrak erreskatatu zituen.
Frantziar Antartiar Espedizioa (1904-1907) Jean-Baptiste Charcotek gidatu zuen eta suediarrei erreleboa hartuko zien espedizioa izan zenez Graham Lurraldearen mendebaldeko kostaldeko uharteak kartografiatu zituzten. Azterturiko kostaldeari Loubet Lurraldea izena eman zioten, garaiko Frantziako presidentearen izena hain zuzen ere[30]. 1908 eta 1910 artean rantziako beste espedizio batek hartu zuen erreleboa eta Bellingshausen itsasoko uharteak deskubritu zituen[31].
Hego Polorako lasterketa
aldatuHego Polo geografikora aurrenengo iristeko lasterketa abiatu zen orduan. Bi espedizio antolatu ziren, alde batetik Roald Amundsen norvegiarra Fram itsasontzian eta bestetik Robert Falcon Scott britainiarra Terra Nova ontzian.
Amundsen iparburura joatekotan zen baina dagoeneko norbait iritsi zela jakin zuen. Robert Falcon Scott ingelesak hegoburura iristeko espedizioa antolatu zuela jakin zuen orduan. Fridtjof Nansenek erabilitako Fram itsasontzia hartu eta sorpresaz harrapatzeko 1910ko ekainaren 3an Oslotik Artikorantz abiatu zen[32]. Hala ere hegoaldera desbideratu eta Madeira uhartearen parean zirela esan zion eskifaiari benetan Antartikara zihoazela. Madeira bertatik telegrama bat bidali zion Scotti:
- "Informatu nahi dizut Fram Antartikara doala - Amundsen"[33].
1911ko urtarrilaren 14an iritsi zen Amundsen Ross izotz hesiko ekialdeko ertzera. Baleen badian ezarri zuen kanpamenduari Framheim izena eman zion. Aurrez izandako espedizioetan eramandako artilezko jantzien ordez animalien larruz egindako jantziak hobetsi zituen, aurrez inuitengandik ikasia zuen bezala[34]. Eskiak eta zakur-lerak erabiliz janaria garraiatu eta Hego Polorako bidean hornidura puntuak ezarri zituzten 80º, 81º eta 82º-ko latitudetan[34]. Zakur batzuk akatzea ere aurrikusi zuen haragi freskoaren iturri izan zitezen. Poloko lautadara azaroaren 21ean iritsi ziren eta abenduaren 14an bost gizonek eta 16 zakurrek Hego Polora iristea lortu zuten[35].
Scott beste lau gizonekin 33 egun beranduago iritsi zen Hego Polora, 1912ko urtarrilaren 17an. Itzulerakoan bostak hil ziren gosez eta hotzez[36].
Endurance Espedizioa
aldatuTrans-Antartika Espedizio Inperiala edo Endurance Espedizioa (1914-1917), Ernest Shackleton kapitainak Endurance ontziarekin burututako espedizio gogoangarria izan zen. Hego Poloa konkistatua zegoenez Shackletonek esan zuen Antartikara bidaiatzeko gelditzen zen helburu bakarra kontinentea zeharkatzea zela, eta helburu horrekin abiatu zen. Bigarren ontzi bat kontrako aldetik abiatu zen Antartikara. Aurora ontzia zen eta Aeneas Mackintosh zen espedizio burua. Bigarren ontzi honek elikagai biltegi bat utzi zuen Ross izotz hesian Shackletonentzako, bidaiaren azken partean arazorik izan ez zezaten[37].
Endurance ontzia ordea Weddel itsasoan izotzek harrapatuta gelditu zen eta ez ziren kontinentean lur hartzera iritsi. Itsasontzia askatzeko saiakera ugari egin zuten arren ezin izan zuten ezer egin eta azkenean izotzak zanpatuta suntsitu zen. Bi urte asa zituzten izotzetan eskifaia osatzen zuten 28 gizonek. Azkenik Shakletonek eta bost gizonek James Caird izena zuen txalupa irekian 1.300 kilometro egin zituzten Ozeano Antartikoan eta Hego Georgia uhartera iristea lortu zuten. Grytviken baleazaleeen postuan alarma eman eta eskifaia guztia errekatatzea lortu zuten[38].
1921ean Shackleton Antartikara itzuli zen. Shakleton-Rowett espedizioa (1921-1922) Quest tsasontzian burutu zen. Kostaldea kartografiatuz Antartikari itzulia ematea zuen helburu. 1922ko urtarrilaren 5ean Shakleton hil egin zen eta espedizioak programa laburragoa osatu eta etxera itzuli zen[39]. Aro heroikoaren amaiera Shakletonen heriotzarekin batera iritsi zen.
Ondorengo esplorazioa
aldatuAire bidezko zeharkaldiak
aldatuShackletonekin azken espedizioan izan zen Hubert Wilkins naturalista eta Carl Ben Eielson pilotua Artikoa eta iparburua esploratzen ibili zen[40] eta 1928ko apirilaren 15 eta 16 artean Artikoa zeharkatu zuten 20 ordutako hegaldi batean[41]. Honi esker eta aurretik egindako lanei esker Wilkins zaldun izendatu zuten Erresuma Batuan. William Randolph Hearst enpresaburuaren finantziazioaz baliatuz hegoaldera jo eta Antartika ere zeharkatu zuten San Francisco izeneko hegazkinean.
Richard E. Byrd almirante estatubatuarrak bost espedizio egin zituen Antartikara 1930, 1940 eta 1950 hamarkadetan. 1929ko azaroaren 28 eta 29 artean hegoburuaren gainetik pasa zen Bernt Balchen pilotua alboan zuela. 1926an iparburuaren gainetik pasatakoa zen. Ikerketa zientifikoa egitea zuen helburu eta hegazkina erabili zuen esplorazioa burutzeko.
Finn Ronne kapitaina 1947-48 artean Antartikan izan zen kontinentea bitan banaturik zegoen ustea baztertzeko. Itsas armadaren laguntza, hiru hegaztik eta txakurrak erabili zituen esploraziotan. Ronnek 5.800 km egin zituen eskiatuz eta txakur leraz, historiako beste edozein esploratzailek baino distantzia handiagoa. Ronne izotz geruza ere aurkitu zuen, eta emaztearen izena jarri zion[42].
Lurretiko zeharkaldia
aldatuCommonwealth Trans-Antartiar Espedizioa (1955-58) hegoburutik pasatuz Antartika lurrez zeharkatzeko helburua zuen espedizioa izan zen eta Erresuma Batuez gain Commonwealth osatzen duten hainbat herrialdek ere hartu zuten parte. Vivian Ernest Fuchs britainiarrak gidatzen zuen espedizioa eta Edmund Hillary zeelandaberritarrak laguntza taldea. Prestaketa ugari egin ondoren Fusch-ek 1957ko azaroan abiatu zuen zeharkaldia. Hamabi gizonetako taldeak sei ibilgailu zeramatzan eta ibilbidean zehar hainbat ikerketa zientifiko egin zituzten, seismo entzuketak eta irakurketa grabimetrikoak bereziki. Edmund Hillary eta beste hiru gizon kontinentearen beste aldean zeuden eta haien lana ibilbidean elikagaiak eta baliabideak uztea zen, Fuschen taldeak bidaiaren azken zatian erabil zitzaten[43]. Aurrera eginez Edmund Hillaryren taldeak 1958ko urtarrilaren 3an hegoburura iristea lortu zuen, historiako hirugarrenak ziren Amundsen eta Scotten ondoren. Fuschen taldea 1958ko urtarrilaren 19an iritsi zen bertara. Ondoren Hillaryk egindako bidea jarraitu zuen, bidean utzitako probisioak aprobetxatuz eta zeharkaldia osatuz[44].
Historia politikoa
aldatuBritainiarren aldarrikapenak
aldatuBritainiarrek Falkland uharteen gaineko subiranotasuna aldarrikatu zuten 1833an eta ordutik bertan presentzia izan dute. 1908an subiranotasun eremua handitu egin zuten Hego Georgia, Hego Orkadak, Hego Shetlandak, Hego Sandwichak eta Graham Lurraldea ere hartuz. Atlantikoaren hegoaldeko ozeano zatia eta Antartika hartu zituen, 50 paralelotik hegoaldera eta mendebaldeko 20º eta 80º meridianoen artean dagoen eremua hain zuzen ere[45]. Faklandetako gobernadoreak kudeatzen zuen eremu hau. Helburua komertziala zen, balea ehizaren tasak kudeatzea hain zuzen ere. 1917an lurraldea handitu egin zuten hegobururaino iritsiz.
Leo Amery Kolonietako Estatu azpiidazkariak 1923ko uztailaren 30ean esan zuen kontinente guztia Britainiarren Inperioan sartu behar zela, Txilek eta Argentinak eskaturiko zati txiki bat eta Frantziak zituen uharte batzuk ezik. Zeelanda Berriko gobernadorearen esku geldituko zela adierazi zuen[46].
Beste herrialde europar batzuen aldarrikapenak
aldatuFrantziak ere aldarrikatu zuen Antartika zati bat 1924. urtean. Jules Dumont d'Urville esploratzaileak aurkituriko Adélieren Lurrakldea eskatu zuen[47]. Ingelesek onartu zuten eskaera eta 1938an Adélie Lurraldearen eta Australiako Antartikako Lurraldearen arteko muga ezarri zuten.
Norvegiako baleazaleek ingelesek tasak ekiditeko Lars Christensen ontzien jabeak hainbat espedizio finantzatu zituen Antartikara, Norvegiaren subiranotasuna aldarrikatu eta kontinentearekiko pribilejioak eskuratzeko[48]. Lehenengo espedizioa Nils Larsen eta Ola Olstadek egin zuten 1929an Petri I.a uhartera eta 1933an Norvegiako dependentzia bihurtu zen. 1929an bertan uhartearen ondoan dagoen kontinente zatia aldarrikatu zuten eta Maud Erreginaren Lurraldea izendatu zuten, orduko erreginaren izena emanez. Norvegia espedizioak lurraldea esploratu zuen 1930 eta 1931ean.
Alemaniar naziek Alemaniar Espedizio Antartikoa (1938–1939) baliatuz Norvegiarren lurraldea eskuratu nahi izan zuten. Schwabenland itsasontzian iritsi ziren Antartikara 1939ko urtarrilaren 19an eta Alfred Ritscher espedizioburuak 350.000 km2ko azalerari atera zizkion argazkiak. 26 kilometroro swastikadun dardoak jaurti zituen eta eremuari Suabia Berria (Neuschwabenland) izena eman zion. Bigarren Mundu Gerra galdu zutenean ordea aldarrikapenak ez zuen baliorik izan.
Hego Amerikako herrialdeen aldarrikapenak
aldatuEuroparrak Bigarren Mundu Gerran buru belarri sartuta zeudela aprobetxatuz Txilek bere Antartika zatiaren aldarrikapena egin zuen.
Argentinak historia luzeagoa zuen, gobernuak 1904rako jadanik inguruko uharteak populatzeari ekin baitzion. laurie uharteko estazio meteorolojikoa erosi zuen eta 1906an Hego Orkadetan base iraunkor bat ezarri zuen[49]. Azkenik 1943an Antartika zati baten aldarrikapena egin zuen.
Alemaniarren saiakera eta hegoamerikarren aldarrikapenak ikusita, britainiarrek Antartikan populazio iraunkor bat izatea erabaki zuten eta Tabarin operazioa abiatu zuten. Argentinarren banderak kendu eta eurenak jarri zituzten eta norvegiarren baseak ere okupatu zituzten. Gerra amaitzean Faklandek hartu zuen haien ardura eta zibilak ezarri ziren bertan ikerketa zientifikoak egioteko helburuarekin[50].
Nazioarteko ituna
aldatuBigarren Mundu Gerraren ondoren nazioarteko itun bat egiteko ideia azaldu zen. 1948an izan zen aurrenengo saiakera, eta aldarrikapenak egin zitutzen zazpi nazioak (Erresuma Batua, Australia, Zeelanda Berria, Frantzia, Norvegia, Txile eta Argentina) eta Estatu Batuak elkartu ziren. Sobietar Batasuna kanpoan utzi zuten eta honek aldarrikapenik ez zuela onartuko esan eta bere aldarrikapen propioak egiteko eskubidea ere bazuela adierazi zuen 1950. urtean[51].
1957-1958 Geofisikaren Nazioarteko Urtea izan zen. Britainiarren Royal Society elkarteak Halley Ikerketa zentrua ezarria zuen 1956an, estatubatuarrek Amundsen-Scott base iraunkorra 1957an eta japoniarrek Showa estazioa 1958an. Horretaz gain 1958an aipaturiko Commonwealth Trans-Antartiar Espedizioa izan zen.
Azkenik, konflikto militarrik egon ez zedin 1959an Itun Antartikoa sinatu zuten Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Sobietar Batasunak eta beste 9 herrialdek. 1961 sartu zen indarrean[52].
Emakumezkoak Antartikan
aldatuEmakumezkoek Antartikara espediziotan joateko eskatu bazuten ere 1960. hamarkadararte ez zuten lortu. Hango muturreko baldintzak jasateko gai ez zirela esaten zitzaien. 1969an ere Estatu Batuetako Kongresoak emakumezkoei debekatu egin zien Antartikara joatea.
Banaka batzuk izan ziren aurretik, baina salbuespenak izan ziren. Louise Séguin (1772–1773)[53] eta Ingrid Christensen (1931) izan ziren Antartikako urak ikusten aurrenekoak[54] eta Caroline Mikkelsen (1934-1935) Antartika kontinentean joan zen aurrenekoa. 1947an Jackie Ronne eta Jennie Darlington negua pasatzen izan ziren[55] eta aurreneko emakumezko zientzilaria Maria Klenova izan zen, 1956an[56]. Silvia Morella de Palmak Antartikan erditu zuen 1978ko urtarrilaren 7an. Emilio semea Antartikan jaiotako aurreneko pertsona izan zen[57].
Hurrengo urteetan emakumezkoak onartu baziren ere sexismoari eta sexu jazarpenari aurre egin behar izan zieten kasu askotan[58]. 1990. hamarkadararte ez zen ohikoa izan emakumezkoen presentzia Antartikan[59].
Irudi galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «The Internet Classics Archive | Meteorology by Aristotle» classics.mit.edu (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Wilford, John Noble. (1982). The mapmakers: the Story of the Great Pioneers in Cartography from Antiquity to Space Age. (1. argitaraldia) Vintage Books, Random House, 139 or. ISBN 0-394-46194-0. PMC 6918813. (Noiz kontsultatua: 2020-07-05).
- ↑ Wehi, Priscilla M.; Scott, Nigel J.; Beckwith, Jacinta; Rodgers, Rata Pryor; Gillies, Tasman; Van Uitregt, Vincent; Watene, Krushil. (2021-06-06). «A short scan of Māori journeys to Antarctica» Journal of the Royal Society of New Zealand 0 (0): 1–12. doi: . ISSN 0303-6758. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Mill, Hugh Robert. (1911). Polar Regions. (11. argitaraldia) Encyclopædia Britannica 21. Cambridge University Press, 961–972 or..
- ↑ (Ingelesez) «Ortelius, Abraham (1527–1598), map maker» Oxford Dictionary of National Biography doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
- ↑ (Ingelesez) Barber, Peter; Barnes, Katherine; Erskine, Dr Nigel; Gertisen, Rupert; Green, Dr Jeremy; Helman, Dr Susannah; Kaus, David; King, Robert J. et al.. (2013). Mapping Our World: Terra Incognita To Australia. National Library of Australia ISBN 978-0-642-27809-8. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2007-06-21 (Noiz kontsultatua: 2020-07-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vázquez de Acuña, Isidoro. (1993). Don Gabriel de Castilla primer avistador de la Antártica. Revista de Marina.
- ↑ Headland, Robert, 1944-. (1984). The island of South Georgia. Cambridge University Press ISBN 0-521-25274-1. PMC 10163039. (Noiz kontsultatua: 2020-07-20).
- ↑ (Ingelesez) Dalrymple, Alexander. (1771). A Collection of Voyages Made to the Ocean Between Cape Horn and Cape of Good Hope. London.
- ↑ (Ingelesez) Cook, James. (1777). A Voyage Towards the South Pole and Round the World. Volume 2. London: Printed for W. Strahan and T. Cadell..
- ↑ Colledge, J. J.. (2006). Ships of the Royal Navy : the complete record of all fighting ships of the Royal Navy from the 15th century to the present. (Rev. ed.. argitaraldia) Chatham ISBN 978-1-86176-281-8. PMC 67375475. (Noiz kontsultatua: 2020-08-11).
- ↑ a b (Ingelesez) Mill, Hugh Robert. (1911). Polar Regions. (11. argitaraldia) Encyclopædia Britannica 21. Cambridge University Press, 961–972 or..
- ↑ (Ingelesez) Mill, Hugh Robert. (1911). Polar Regions. (11. argitaraldia) Encyclopædia Britannica 21. Cambridge University Press, 961–972 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Roche, Arnaud Cazenave de la. (2019). «Pesquisas sobre el descubrimiento de la Antártida: tras la estela del Williams of Blyth y del San Telmo (1819-1821)» Magallánica : revista de historia moderna 6 (11): 276–317. ISSN 2422-779X. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Rubin, Jeff. (2005). Antarctica. (3rd edition. argitaraldia) ISBN 978-1-74059-094-5. PMC 56912986. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Bourke, Jane. (2004). Amazing Antarctica. Ready-Ed Publications ISBN 1-86397-584-5. PMC 156735172. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ a b «Antarctic Exploration - Chronology» web.archive.org 2006-09-08 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Antarctic Firsts» www.antarctic-circle.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ a b McElrea, Richard. (2004). Polar castaways : the Ross Sea Party (1914-17) of Sir Ernest Shackleton. McGill-Queen's University Press ISBN 978-0-7735-7245-4. PMC 226375906. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Matthew Jarron. (2015). Art in Dundee 1867-1924. Independent & Individualist.
- ↑ a b Crane, David. (2005). Scott of the Antarctic : a life of courage, and tragedy in the extreme south. HarperCollins ISBN 0-00-715068-7. PMC 60793758. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ American Association for the Advancement of Science. (1887). The Exploration of the Antarctic Regions. New York: Science, Vol. 9, 223 or..
- ↑ a b Borchgrevink, C. E.. (1980). First on the Antarctic continent : being an account of the British Antarctic Expedition, 1898-1900. C. Hurst & Co. ISBN 0-7081-1081-9. PMC 219899511. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Antarctic Explorers: Adrien de Gerlache» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Swan, R. A.. «Borchgrevink, Carsten Egeberg (1864–1934)» Australian Dictionary of Biography (National Centre of Biography, Australian National University) (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Scotland and the Antarctic: Section 5: Voyage of the Scotia [ebook chapter / James A. Goodlad, 2003»] gdl.cdlr.strath.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Scotland and the Antarctic: The Nimrod expedition, 1907-1909» gdl.cdlr.strath.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Antarctic Explorers: Erich von Drygalski» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Mills, William J.. (2003). Exploring polar frontiers : a historical encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 1-57607-422-6. PMC 52948935. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Antarctic Explorers: Jean-Baptiste Charcot» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Ingelesez) «Timeline of Amundsen» mia.no (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Simpson-Housley, Paul. (1992). Antarctica : exploration, perception, and metaphor. Routledge ISBN 0-203-03602-6. PMC 252798819. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ a b (Ingelesez) Thomas, Henry; Thomas, Dana Lee. (1954). Living Adventures in Science. Hanover House ISBN 978-0-8369-2573-9. (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
- ↑ «Roald Amundsen (Norway - the official site in the UK)» web.archive.org 2008-04-22 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Captain Scott - Antarctic explorer : Explorers & leaders : Sea & ships fact files : Sea & ships : Explore online : NMM» web.archive.org 2008-12-02 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Tyler-Lewis, Kelly. (2006). The lost men : the harrowing story of Shackleton's Ross Sea party. Bloomsbury ISBN 0-7475-6926-6. PMC 156754294. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- ↑ Shackleton, Ernest Henry. (1919). South : the story of Shackleton's last expedition, 1914-1917. London : William Heinemann (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- ↑ Huntford, Roland. (1985). Shackleton. Hodder and Stoughton ISBN 0-340-25007-0. PMC 13108800. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- ↑ Althoff, William F.. (2007). Drift Station: Arctic outposts of superpower science. Potomac Books Inc., Dulles, Virginia., 35 or..
- ↑ (Ingelesez) Wilkins, Sir George Hubert. (1928). Flying the Arctic. G. P. Putnam's sons (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) «Ronne Ice Shelf | ice shelf, Antarctica | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «Friends of Ferguson Heritage- The Worst Journey in the World» www.fofh.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «Sir Vivian Ernest Fuchs | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Francioni, Francesco; Scovazzi, Tullio. (1996). International Law for Antarctica. Martinus Nijhoff Publishers ISBN 978-90-411-0364-2. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «Territorial claims in Antarctica - Encyclopedia Westarctica» www.westarctica.wiki (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ Dunmore, John. (2007). From Venus to Antarctica : the life of Dumont D'Urville. Exisle Pub ISBN 978-0-908988-71-6. PMC 156759417. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ Norge i antarktis : fra erobring til oderne forskning. Schibsted 2008 ISBN 978-82-516-2589-0. PMC 430112004. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ Mulvaney, Kieran. (2001). At the ends of the earth : a history of the polar regions. Island Press/Shearwater Books ISBN 1-55963-908-3. PMC 46474075. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) «About» British Antarctic Survey (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ Dodds, Klaus. (2012). The Antarctic: A Very Short Introduction. ISBN 978-0-19-163351-5. PMC 1022945775. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) «Antarctic Treaty | 1959 | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Hulbe, Christina L.; Wang, Weili; Ommanney, Simon. (2010/ed). «Women in glaciology, a historical perspective» Journal of Glaciology 56 (200): 944–964. doi: . ISSN 0022-1430. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) «The First Women in Antarctica» oceanwide-expeditions.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «Antarctic Firsts» www.antarctic-circle.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Bogle, Ariel. (2016-08-11). «New Wikipedia project champions women scientists in the Antarctic» Mashable (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «Born Freezing: Meet Antarctica's First Citizen» WebEcoist 2011-02-15 (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Dean, Cornelia. (1998-11-10). «After a Struggle, Women Win A Place 'on the Ice'; In Labs and in the Field, a New Outlook» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
- ↑ «The Antarctic Sun: News about Antarctica - Long Time Coming (page 1)» antarcticsun.usap.gov (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).