Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Antzinako Egipto Nilo ibaiaren ibarrean sortutako antzinateko zibilizazioa da, gaur egun Egiptok hartzen duen eremuan gutxi gorabehera. Zibilizazioa K.a. 3150 inguruan sortu zen, Goi eta Behe Egipto politikoki bateratu eta lehenengo faraoiaren agindupean. 3.000 urtez iraun zuen. Bertako historia bi garai egonkorretan banatzen da, Inperio edo Erresuma izenekoak, garai ezegonkorrek bereiziak, Tarteko Aro izenekoak. Azken inperioaren ostean, zibilizazioa gainbehera lasai baina jarraian sartu zen, atzerritarrek herrialdearen agintea hartu baitzuten. Faraoien agintaldia K.a. 31n amaitu zen ofizialki, Erromatar Inperioak Egipto konkistatu eta probintzia bihurtu zuenean.

Antzinako Egiptoko zibilizazioaren arrakasta Nilo ibaiaren aldaketetara ongi moldatzetik dator. Ibar emankorraren ureztatze kontrolatuak uzta oparoak eragin zituen, gizartearen eta kulturaren garapen handia eragin zutenak. Horrela, administrazioek edo gobernuek meatzaritza sustatu, idazkera sistema sortu eta nekazaritza zein eraikuntza bultzatu zituzten, eta inguruko giza taldeekin merkataritza garatu eta gerra garaipenak lortu zituen, eskualde osoko zibilizazio nagusia bihurtzeraino. Ekintza hauek sustatzen eta antolatzen elite kultural eta militar bat sortu zen (eskribak, apaizak, administratzaileak) egiptoarren batasuna ziurtatzen zutenak, erlijio konplexu baten inguruan.

Antzinako egiptoarren lorpen ugarien artean daude matematika sistema konplexuak, meatzaritza aurreratua, behaketa eta eraikuntzako hainbat eraikin monumental altxarazteko (piramideak, tenpluak eta obeliskoak) teknika garatuak, faiantza eta beiraren teknologia zehatza, medikuntza sistema praktiko eta eraginkorra, literatura forma berriak, ureztatze eta nekazaritza sistema emankorrak, eta munduko lehen bake hitzarmena. Egiptok ondare iraunkorra utzi zuen: artea eta arkitektura geroko hainbat estiloren oinarri izan dira, artelanak mundu osoan daude barreiatuta, euren arrasto monumentalek hainbat bidaiari eta idazle inspiratu dituzte eta erlijioak eragin handia izan du gure munduaren ikuskeran.

Historia

aldatu
 
Antzinako Egiptoko mapa, non Aro Dinastikoko hiri eta leku nagusiak agertzen diren (K.a. 3150 - K.a. 30).

Nilo ibaiak markatu du bizitza munduaren eremu honetan milurtekotan zehar[1]. Niloren ertzean eta basamortuko oasietan haitzetan zizelkatutako aztarnak ageri dira. K.a. 10. milurtekoan, ehiztari-biltzaile eta arrantzale kulturak zereal-ehotzaile kultura baztertu zuen. Klima aldaketaren eta gehiegizko abeltzaintzaren eraginez, Egiptoko larreak idortzen hasi ziren eta K.a. 8000 inguruan, Sahara basamortua agerrarazi zuten. Gizataldeak Nilo ertzerantz migratu eta nekazaritzan oinarritutako gizarte zentralizatuago bat sortu zuten[2].

Aro aurredinastikoa

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Aro aurredinastikoa»

K.a. 6000 inguruan, kultura neolitikoa Nilo haranean sustraitu zen[3]. Garai honetan Egiptoko lika ez zen gaur egun bezain idorra[4]. Egiptoko hainbat eskualde sabanaz estalirik zeuden eta ungulatu ugari zeuden han-hemenka jaten. Fauna eta flora askoz anitzagoa zen ingurune guztietan eta Niloko eskualdeak Anseriformes taldeko hainbat hegazti zituen. Ehizatzea ohikoa zen egiptoarren artean, eta garaia honetan hainbat animalia bezatu zituzten[5][6].

K.a. 5500. urterako hainbat tribu txikik kultura ezberdinak garatu zituzten, nekazaritza eta abeltzaintzaren gaineko kontrol handia erakutsiz. Kultura hauek euren materialak garatu zituzten, hala nola eltzegintza eta pertsonen dekoraziorako elementu ezberdinak. Kultura hauetatik handiena Egipto Garaian Badariarrena izan zen, ziurrenik Mendebaldeko Basamortutik etorriak; euren zeramika, harrizko tresneria eta kobrearen erabileragatik ziren famatuak[7].

 
Hierakonpoliseko T100 hilobiko margoaren zatia, c. K.a. 3500

Naqada aroak Egiptoko zibilizazio dinastikoaren aurrekaritzat hartzen dira. Naqada aroetako lehenengo atalari Amratiarra deitzen zaio (Naqada I) eta bigarrenari Gerzeh (Naqada II), hainbat garapen teknologiko ekarri zituztenak[8]. Naqada I Aroan egiptoar aurredinastikoek obsidiana ekarri zuten Etiopiatik, eta lauzak egiten ikasi zuten hori erabilita[9]. Naqada II garaian Ekialde Hurbilarekin lehen harremanak sortu ziren, bereziki Kanaan eta Biblosekin[10]. 1.000 urtetan Naqada kulturak nekazal-komunitate txiki batetik zibilizazio boteretsu baterako bidea egin zuen, Nilo harana eta bertan zeuden herrien gaineko kontrol osoa eskuratuz[11]. Euren boteregunea Nejenen ezarri zuten (grezieraz Hierakonpolis) eta, beranduago, Abidosen. Bertatik, Naqada III-ko liderrek lortu zuten Egiptoko kontrola hedatzea iparralderantz, Nilo osoan zehar. Nubiarekin bide komertzialak ireki zituzten hegoalderantz, oasi ezberdinekin mendebalderantz eta Ekialde Hubileko eta Mediterraneoko kulturekin ekialdean[1].

Naqada kulturak ondasun material kopuru handia sortu zuen, euren eliteak zuen botere eta aberastasun pilatzearen erakusgarri, baita jendartean erabiltzeko ondasunak ere, hala nola orraziak, estatua txikiak, ontziteria margotua, harrizko ontzi dekoratiboak, paleta kosmetikoak eta urre, lapis lazuli eta bolizko bitxigintza. Zeramikazko kristal bat garatu zen, faiantza izenekoa, Erromatar Garaia heldu arte erabili zena kopak, amuletoak eta figuratxoak egiteko[12]. Egiptoar hieroglifo zaharrenen aztarnak Naqada III garaiko buztinezko ontzietan agertzen dira, Aro Aurre-dinastikoan, K.a. 3200 inguruan[13].

Aro protodinastikoa (c. 3050–2686 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Aro Dinastiko Goiztiarra»
N16
N16
tAwy («Bi Lurrak»)
hieroglifotan

Aro protodinastikoa Sumer eta Akadtar Inperioarekin batera sortu zen, baita antzinako Elamen garai berean. K.a. III. mendean Manetho egiptoar apaizak faraoien zerrenda osatu zuen eta Menesetik hasi zen, 30 dinastia kontatuz. Gaur egun ere sistema hori erabiltzen dugu[14]. Bere historia ofiziala «Meni» izeneko errege batekin hastea erabaki zuen (Menes, grezieraz), Egipto Garaia eta Egipto Beherea K.a. 3100. urte inguruan batu zituela esaten zena[1].

Antzinako Egiptoko idazleek eta historialariek idatzi zutena baino geldoago izan zen estatu bateratu baterako trantsizioa, eta ez zegoen garaiko idazkunik Menes aipatzen duenik. Ikerle batzuen arabera, hala ere, Menes mitiko hori Narmer faraoia izan zitekeen, Narmerren Paletan agertzen dena errege jantzi zeremonialekin bateratze ekintza sinbolikoa irudikatuz[14]. Aro protodinastikoan, K.a. 3150. urte inguruan, lehen faraoien dinastia egonkortu zen Egipto Beherean eta bere hiriburua Menfisen ezarri zuen. Bertatik lan-indarra eta Niloko deltaren nekazaritza kontrolatzen zuten, eta Ekialde Hurbilera zihoazen merkataritza bideak menperatzen zituzten. Faraoien botere eta aberastasuna handituz joan zen periodo dinastiko goiztiarren, Abidosen eraiki zituzten mastaba motako hilobiak eta bestelako heriotzarako egiturak ikusita. Faraoiak deifikatzen hasi ziren euren heriotzaren ostean[1]. Erregetzaren instituzio indartsua garatu zuten faraoiek eta lurraren, langileen eta baliabideen gaineko estatuaren kontrola zilegiztatzeko baliatu zuten boterea. Horrek Antzinako Egiptoko zibilizazioaren hazkuntza eta biziraupena ziurtatu zuen[15].

Egiptoko Inperio Zaharra (2686–2181 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Inperio Zaharra»

Arkitektura, arte eta teknologian aurrerapen handiak eman ziren Egiptoko Inperio Zaharraren garaian, batez ere nekazal-produkzioaren hazkundeak eragindako biztanleria handitzearren eraginez, administrazio zentral garatua eratu zelako[16]. Antzinako Egiptoko lorpen ezagunenak diren Gizako piramideak eta Gizako Esfinge Handia aro honetan eraiki ziren. Djati baten zuzendaritzapean, estatuko ofizialek zergak jasotzen zituzten, ureztatzeko proiektuak koordinatzen zituzten eta nekazaritza hobetzeko lanak kudeatzen zituzten, nekazari asko eraikuntza proiektuetara bideratzea lortuz. Bakea eta ordena mantentzeko justizia-sistema sortu zuten[1].

Administrazio zentralaren garrantziarekin batera eskribau eta ofizialen klase berria eratu zen. Klase honek faraoien faborea zuen, eta euren lanaren truke eraikin garrantzitsuak jaso zituzten. Faraoiek lurrak lagatzen zituzten euren heriotza kultu eta tenplu lokalen mantenua ziurtatzeko, baita euren heriotzaren ostean ere. Ikerlarien ustez bost mendeko praktika horrek pixkanaka higatu zuen faraoien botere ekonomikoa, eta ekonomiak ezin zuen mantendu hain denbora luzez administrazio zentralizatu handi bat[1]. Faraoien boterea gutxiagotzen zihoan heinean, nomarka deitutako eskualde-gobernadoreek faraoien supremazia arriskuan jarri zuten. Honek, K.a. 2200 eta 2150 artean egon zen lehorte handiarekin batera[17], 140 urteko gosete bat sortu zuela uste da, Tarteko Lehen Aroa izena ematen zaiona[14].

Tarteko Lehen Aroa (2181–1991 K.a.)

aldatu

Egiptoko gobernu zentralaren erorketaren ondotik Inperio Zaharra amaitu zen, eta administrazioak ezin izan zuen gehiago mantendu herrialdeko ekonomia. Eskualdeetako gobernuek ezin zuten erregean babesik lortu krisi garai horietan, eta elikagai eskasiaren ondorioz sortu ziren gatazka politikoek goseteak ekarri zituzten, baita maila txikiko gerra zibilak ere. Bizi zen egoera Ipuurren Papiroan aipatzen da.

Arazoak handiak baziren ere, lider lokalek ez zioten faraoiei men egin beharrik, eta independentzia berri hori probintzietako kultura sendoa sortzeko baliatu zuten[18]. Euren baliabideen kontrola ziurtatu zutenean probintziak ekonomikoki aberasten hasi ziren, eta klase guztiek hilobi hobeak eraiki zituzten garai honetan[1]. Sorkuntza garaiak izan ziren, probintzietako artisauek lehenago erregetzak bakarrik erabil zitzakeen kultura-elementuak hartu eta eraldatu zituzten, eta eskribauek estilo literario berriak garatu zituzten, garai horretan bizi zen optimismoaren eta originaltasunaren erakusgarri[1].

Faraoiari leialtasunetik libre, agintari lokalen arteko lehia hasi zen lurraldearen kontrolaren eta botere politikoaren inguruan. K.a. 2160an Herakleopolis Magnako agintariek Egipto Beherea kontrolatzen zuten iparraldean, eta Tebasen sustraitutako Intef fmailiak Egipto Garaia kontrolatzen zuen hegoaldean. Intef familiak boterea lortu ahala iparralderantz hedatzen hasi zen, eta bi dinastia etsaien arteko gatazka ekidinezina suertatu zen. K.a. 2055. utean Tebaseko iparraldeko indarrak agintzen zituen Nebhepetre Mentuhotep II.ak Herakleopoliseko agintariak garaitu zituen, Bi Lurraldeak berriro batuz. Inperio Ertaina gisa ezagutzen den berpizkunde ekonomiko eta kulturaleko garaia hasi zen[14].

Inperio Ertaina (2134–1690 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Inperio Ertaina»

Inperio Ertaineko faraoiek herrialdeko oparotasuna eta egonkortasuna berrezarri zuten, berriro ere artearen, literaturaren eta eraikuntza proiektu monumentalen pizkundea eraginez[1]. Mentuhotep II.ak eta bere XI. Dinastiako ondorengoek Tebas aukeratu zuten hiriburutzat, baina Amenemhat I.a bisirrak boterea eskuratu zuenean XII. Dinastiaren hasieran, K.a. 1985. urtean, hiriburua Itjtawyra mugitu zuen, gaur egungo Faiyumen. Itjtawytik XII. Dinastiako faraoiek lurren berreskuratze eta ureztatze azpiegituren luzera begirako plangintza garatu zuten, eskualde osoaren nekazal-produkzioa areagotuz[14]. Gainera, militarki birkonkistatu zuten Nubia, urre eta meatzetan aberatsa zena, eta babes sistema bat eraiki zuten Niloko deltaren ekialdean, kanpoko erasoengandik babesteko[1].

Faraoiek militarki eta politikoki segurtasuna lortu zutenean, eta nekazal- zein mineral-aberastasun handia lortu zutenean, herrialdeko biztanleria, artea eta erlijioak gorakada izan zuen. Inperio Zaharrean zegoen jainkoekiko jarrera aldatu zen, eta Inperio Ertainean erlijiotasun pertsonalaren goraldia egon zen. Inperio Ertainean literatura gai sofistikatuak garatu ziren, hitz jario handiko estilo berrian[1]. Eskultura eta erliebeek norbanakoen zehaztasunak jasotzen zituen, eta teknikoki asko garatu zen arte hau[19].

Inperio Ertaineko azken agintaria Amenemhat III.a izan zen, eta Kanaaneko herri semitak Ekialde Hurbiletik deltara sartzea baimendu zuen, eraikuntza eta meatzaritza kanpaina handi baterako lan-eskua eskainiz. Proiektu handi hauek eta bere erregealdian izan ziren Nilo ibaiaren uholde handiek inperioaren gainbehera ekarri zuten, eta XIII. dinastia eta XIV. dinastiaren artean Tarteko Bigarren Aroa hasi zen. Gainbehera honetan, Kanaaneko kolono berriek deltako eskualdea kontrolatzen hasi ziren, azkenean Hikso gisa boterera iritziz Egipto osoan[1].

Tarteko Bigarren Aroa (1674–1549 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Tarteko Bigarren Aroa»
 
Egipto K.a. XV. mendean.

K.a. 1785. urte inguruan, Tarteko Bigarren Aroan, hikso semitikoen agintaldia etorri zen, atzerritarren lehena. Hikso inbaditzaileek Behe Egipto bereganatu eta hiriburu berri bat sortu zuten: Avaris. Gobernu zentrala Tebasetik alde egitera behartu zuten eta faraoiak eurei ordaintzea espero zuten[20]. Hiksoek (literalki, "kanpo agintariak") Egiptoko aginte ereduak mantendu zituzten, eta euren burua faraoitzat hartu zituzten, Egiptoko kulturako elementuak integratuz. Egipton arma berriak sartu zituzten, batez ere arku konposatua eta zalgurdia[1].

Faraoiak Tebasera mugitu zirenez, inguratuta zaudela aurkitu zuten: Kanaaneko Hiksoak zeuden iparraldean eta euren aliatu nubiarrak hegoaldean, Kuxeko Erresuma. Urteak pasa ahala, Tebasek berriro lortu zuen botere nahikoa Hiksoak mehatxatzeko eta 30 urte iraun zuen gerra hasi zuen, K.a. 1555. urterarte[20]. Seqenenre Taa II.a eta Kamose faraoiek lortu zuten nubiarrak garaitzea hegoaldean baina ez zuten lortu hiksoak garaitzea iparraldean. Kamoseren ondorengoa izan zen Ahmosis I.ak lortu zuen azkenean garaitzea, kanpaina sorta baten ostean. Dinastia berri bat sortu zuen. Inperio Berria izenarekin ezagutu zen, eta ikuspegi militarrak hartu zuen garrantzirik handiena, faraoien nahia Egiptoren mugak handitu eta Ekialde Hurbilean influentzia handiagoa izatea bilatuz[1].

Inperio Berria (1549–1069 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Inperio Berria»

Egiptoko Inperio Berrian faraoiek aurretik ikusi gabeko oparotasun garaia lortu zuten, bereziki mugak babestuz eta diplomazia handituz euren inguruko herriekin, tartean Mitanni, Asiria eta Kanaan. Kanpaina militarrak egin zituzten Tutmosis I.ak eta bere biloba Tutmosis III.ak, faraoien eragin eremua handituz Egiptok inoiz ikusi zuen inperiorik handienean.

Hatsehpsut, faraoi gisa agindu zuen erreginak, hainbat eraikuntza proiektu sortu zituen, tartean hiksoek kaltetutako tenpluak, eta espedizioak bidali zituen Punt eta Sinaira[14]. Tutmosis III.a hil zenean K.a. 1425. urtean, Egiptok Siriako ipar-mendebaldeko Niyatik Niloko Laugarren Ur-jauziraino hedatzen zen inperioa zuen, brontze eta egurra inportatzeko nazioarteko loturekin[16]. Inperio Berriko faraoiek Amon jainkoa gurtzeko eraikin berrien kanpaina zabala hasi zuten, Karnaken oinarri zuen kultua. Euren lorpenak goraipatzeko monumentuak ere eraiki zituzten. Karnakeko tenplua da Egipton inoiz eraikitako tenplurik handiena[21].

K.a. 1350. urte inguruan Amenhotep IV.ak aldaketa kaotiko eta erradikal sorta bat egin zuen, Egipto osoa hankaz gora jarriz. Lehenengo eta behin, bere izena Akenatonera aldatu zuen, Aton eguzki-jainkoa jainko bakar gisa izendatu zuen, beste jainkoen gurtza ezabatu zuen eta hiriburua Akhetaton hirira mugitu zuen, gaur egungo Amarnan[22]. Estilo artistiko berria piztu zuen erlijio honekin. Bere heriotzaren ostean, Atonen gurtza azkar utzi zen alde batera eta erlijio-tradizioa berrezarri zen. Bere ondorengo faraoiak Tutankamon, Ay eta Horemheb izan ziren, eta Akhenatonen lan guztiak kentzera dedikatu ziren. Garai horri Amarna Aroa deitzen zaio gaur egun[23].

K.a. 1279 inguruan, Ramses II.a iritsi zen tronura, eta tenplu, estatua eta obelisko gehiago eraiki zituzten. Beste inoizko faraoik baino seme-alaba gehiago izan zituen, 100 baino gehiago[14]. Lider militar garrantzitsua, Ramses II.ak hititen aurka borrokatu zuen Kadeshko guduan, eta amaierara arte borrokatu ostean, bake akordioa sinatu zuen K.a. 1258an. Bake akordio hau inoiz erregistratutako lehena izan zen[24], eta Antzinaroko gudurik dokumentatuena da[25].

Egiptoren aberastasuna inbasiorako aitzakia ona zen, batez ere Libiako berbereen aldetik mendebaldean, eta Itsasoko herrien aldetik, Egeoko herrien ustezko konfederazio bat[26][27]. Hasiera batean, militarrak gai izan ziren inbasio hauek gelditzeko, baina momenturen batean Kanaanen zituzten lurrak asiriarren esku geratu ziren. Kanpotik zetozen arazo hauek barnekoak ere piztu zituzten: ustelkeria, hilobien lapurretan eta desadostasun zibilak. Garai honetan Tebasko Amonen tenpluko apaizek lur eta ondasun asko metatu zituzten eta Tarteko Hirugarren Aroa deitzen garaia hasi zuten, euren boterearen ondorioz herrialdea zatituz[1].

Tarteko Hirugarren Aroa (1069–653 K.a.)

aldatu

Ramses XI.aren heriotzarekin K.a. 1078. urtean, Smendesek Egiptoko iparraldearen autoritatea eskuratu zuen, Tanis hiritik aginduz. Hegoaldea Tebasko Amonen tenpluko apaizek kontrolatzen zuten, berez, eta Smendes onartu bazuten ere, izena baino ez zuten onartu. Garai honetan, libiarrak mendebaldeko deltan bizitzen hasi ziren, eta euren nagusiek autonomia irabazi zuten. Libiako printzeek deltaren agintea lortu zuten Shoshenq I.arekin, K.a. 945. urtean, Libiar edo Bubastiar dinastia ezarriz[28]. Dinastia honek 200 urtez aginduko zuen. Shoshenqek Egiptoko hegoalderen gaineko kontrola eskuratu zuen, bere familiako kideak apaizen artean posizio onetan jarriz. Libiaren kontrola higatuz hasi zen deltako beste familia batek boterea lortu zuenean Leontopolisen, eta kuxtarrek hegoaldean erasoak egin zituztenean. K.a. 727. urtean Piye kuxtarrak iparraldea inbaditu zuen eta Tebas eta delta eskuratu zituen[1].

Egiptoren ospea txikiagotu zen Tarteko Hirugarren aroan. Atzerriko aliatuak asiriarren eragin esparruan erori ziren, eta K.a. 700. urte inguruan bi estatuen arteko gerra ekidinezina zen. K.a. 671 eta 667. urteen artean, asiriarren Egipto erasotu zuten. Taharqa eta bere seme Tanutamunen erregealdiak asiriarrekin izandako gatazkek markatu zituen, nahiz eta Egiptok garaipen garrantzitsuak eskuratu zituen. Azkenean, asiriarrek kuxtarrak Nubiara bota zituzten, Menfis okupatu zuten eta Tebasko tenpluak ebatsi zituzten[1].

Aro Berantiarra (672–332 K.a.)

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoko Aro Berantiarra»

XXX. dinastia izan zen bertako agintarien azkenekoa faraoien garaian. K.a. 342an, pertsiarrek Naktanebo II.a garaitu eta agintea hartu zuten. Geroago, Egipto mazedoniarren esku erori zen. Honekin hasi zen 2.000 urteko atzerritarren agintaldia.

Aro Berantiarreko faraoiek garrantzizko obrak erailei bazituzten ere, arte horren oso lekuko gutxi geratu zaizkigu.

XXIII. dinastiako erregeek eraikuntza berriak erantsi zizkioten Karnakeko tenpluari, eta hala, apaindutako atari berri bat eraiki zuten Inperio Berriaren garaiko azken eraikinen atzean. Tenplu berri bat ere eraiki zuten Bubastisen, XXII. dinastiaren hiriburuan, baina egoera txarrean dauden hondakin gutxi batzuk besterik ez da geratzen.

XXV. dinastiako Taharga faraoiak (K.a. 690–664) papiro formako zutabeak zituen kiosko bat eraikiarazi zuen Karnakeko bigarren pilonoaren ate aurrean. Oraindik zutik dago hamar zutabeetako bat. Kuxtar faraoiek ere eraikin handiak altxa zituzten Nubian, beren jatorriko lurraldean. Piankhik eta Tahargak Gebel Barkal, Sanam eta Kawako tenpluak zaharberritu zituzten. XXV. dinastiako faraoiek, Inperio Zaharreko ereduen imitazioz, berriro ere piramide azpian egin zituzten heren hilobiak. Hala egin zuten, esate baterako, Gebel Barkalen hegoaldeko Nuri izeneko nubiar nekropolian, gaur Sudango lurraldean, non, geroago, meroetar faraoiak ehortzi baitzituzten. XXV. dinastiako faraoien piramideak utileiak ziren: Piankhyrenak 68°ko makurrera du, eta oinarrian 8 metro besterik ez du alde bakoitzean. Piramidearen azpian zegoen hileta ganbera, eta haren egiturarekin zerikusirik ez zuen kanpoko eskailera batetik sartzen zen benara. Karnakeko tenpluaren esparrua behin betiko mugatzen zuen pezozko murru eskerga bat eraikiarazi zuen. Egiptoar jatorriko azken faraoia izan zen Nektanebo II.ak (K.a. 360–343), Siwa oasiko tenplua eraikiarazi zuen, non Alexandro Handiak orakuluari galdegin baitzion. Faraoi horrek berak, Horusi eskainitako santutegi berri bat eginarazi zuen Edfuko tenpluan, baina egun ez da aaaosa[erreferentzia behar] baizik geratzen, alegia, jainkoaren irudia edukitzen zuen granito beltzezko atal bat.

Aro Ptolomaikoa edo helenistikoa (332–30 K.a.)

aldatu
 
Alexandro Handia, 100 K.a. – 100 K. o, 54.162, Brooklyneko Museoa

Garai helenistikoa K.a. 323tik K.a.146 urte arte iraun zuen. Alexandro Handiaren gerrak amaitu eta Grezia errepublika erromatarrean satu zen arte, hain zuzen ere. Alexandro Handiaren konkistek greziar hirietan hainbat ondorio izan zituzten, adibidez, Greziaren lurralde mugak nabarmen zabaldu ziren.

Erromatar Aroa (30 K.a. – 641 K. o.)

aldatu

Egipto erromatar inperioko probintzia bihurtu zen K.a. 30. urtean, Marko Antonioren eta Kleopatra VII-ak porrot egin zuten Actiumeko Guduan Octavio (Augusto Enperadorea izango zenaren) kontra.

Konkistaren ondoren ohitura batzuk iraun zuten, esaterako, mumifikazioa eta jainko tradizionalen gorespena. Beste batzuk, ordea, aldatu egin ziren: kristautasuna egiptoarren egunerokoan errotzen hasi zen edota hieroglifikoen idazkera desagertzen hasi zen.

Hizkuntza

aldatu

Garapen historikoa

aldatu

Egiptoar hizkuntza iparraldeko afro-asiar hizkuntza bat da, berberera eta hizkuntza semitikoekin estuki lotuta. Egiptoko hizkuntzak, sumerieraren ondotik, historia luzeenetako duen hizkuntza da. K.a. 3200tik hasi Erdiarotik igaro eta gaur egun arte ezaguna den hizkuntza da.

Historian zehar honako bilakaera izan zuen:

  • Egiptoera arkaikoa (K.a. 2600 baino lehen)
  • Antzinako egiptoera (K.a. 2600 – K.a. 2000)
  • Egiptoera ertaina (K.a. 2000 – K.a. 1300)
  • Egiptoera berantiarra (K.a. 1300 – K.a. 700)
  • Demotiko (K.a. VII. mendea – V. mendea)
  • Koptoera (II. mendea – XVII. mendea)
 
Hieroglifoa

Egiptoera zaharra hizkuntza sintetikoa zen hasieran eta gero analitikoa bilakatu zen.

Gramatika eta soinuak

aldatu

Egiptoera zaharrak afro-asiar hizkuntzen erako 25 kontsonante ditu. Hiru bokal luze eta hiru bokal motz dauzka, egiptoera beratiarrean bederatzira zabaldu zirenak.

Idazkera

aldatu
Artikulu nagusia: «Egiptoar idazkera hieroglifiko»
 
Komombo tenpluko horma

Egiptoar idazkera hieroglifikoa Antzinako Egipton erabilitako idazkera sistema bat da, hieroglifoak edo elementu ideografikoak, logografikoak eta alfabetikoak lotzen dituena. Hieroglifo hitzak sustrai grekoak ditu (ιερος hieros «sakratu» eta γλυφειν glyfein «irarri» edo «idatzi»). Idazkera hau sakratutzat jotzen zen Antzinako Egipton eta bere ezagutza elizgizonek zuten soilik. Herri xumeak, demotiko izeneko beste idazkera bat ibiltzen zuen.

K.a. 3150 urte inguruan, egiptoarrek mesopotamiarren antzeko idazkera-sistema piktografiko bat erabiltzen hasi ziren. Mesopotamiarrek gero eta idazkuntza eskematikoagoa eta soilagoa asmatu zuten (kuneiformea); egiptoarrek, aldiz, itxura konplexua eta artistikoa (hieroglifikoa) eman zioten, eta tenpluak zein hilobiak apaintzeko erabili zuten.

Hainbat urtez ulertezinak izan arren, hieroglifoen esanahia Rosetta harriari esker Jean-François Champollion frantziarrak dezifratu zituen, hainbat ikerketa eginez.

Kultura

aldatu

Erlijioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egiptoko erlijioa»
 
Hilen Liburua, hildakoaren hilondoko bidaldian lagungarri.

Antzinako Egiptoko erlijioak jainko eta dotrina ugari zituen. Erlijio kosmikoa zen, unibertsoari buruzko ikusmolde zikliko baten inguruan egituratua, eta izadiko gertarien eragiletzat hartzen zituen Jainkoak. Egiptoarren kosmogoniak hiriburuen araberakoak ziren (Heliopolis, Hermopolis, Menfis, Tebas). Jainkoek giza edo animalia itxura hartzen zuten, eta hiruko taldetan elkartu ohi zituzten (aita, ama eta semea).[29]

Jainko asko ziren arren, batzuk ziren nagusi; haienganako gurtza egiptoarren lurralde osora hedatzen zen eta elkarren osagarri ziren bi ziklo handietara biltzen ziren: Raren edo Eguzkiaren inguruko zikloa (Ra, Amon, Aton, Atun, Horus, Khepri, Knum) eta Osirisen inguruko zikloa (Osiris, Isis, Nephti, Seth). Osirisen gurtzak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta hirian hiriko jainkoen (Anubis, Apis, Apopis, Bastet, Bes, Harpokrates, Hathor, Khonsu, Ptah, Sekhmet, Serapis, Sobek, Thot, Thueris) lekua hartu zuten askotan. Alexandro Handiaren osteak Egiptoz jabetu ondoren, helenismoa (Hermes jainkoaren gurtza sustatu zuen erlijioa bereziki) zabaldu zen bertan, Isis, Osiris eta Serapis jainkoen gurtza, besteren artean, desagertu ez zen arren.[29]

Jakintza

aldatu

Egiptoarrek teknika landu zuten batez ere, enpirismo soilean oinarritzen baitziren matematika eta astronomia alorretako kalkuluak egiterakoan. Antzinako Egiptoko apaizak izar behatzaileak ere baziren. Behaketa haiei esker eratu zen 365 eguneko egutegia (K.a. XXVIII. m., Inperio Zaharraren hasiera), lau urtez behin egun bat atzeratzen zena. Egutegi haren arabera, egiptoarren urteak 1460 urtez behin baizik ez zuen Eguzki urtearekin bat egiten. Urteak hamabi hilabete zituen, 30 egunekoak, eta beste bost egun (epagomenoak) eransten zizkioten. Egunak eta gauak hamabina ordu zituzten. Matematikak praktikoak ziren, osagarri teoriko eta arrazonamendurik gabeak. Egiptoarrek sistema hamartarra erabiltzen zuten eta aritmetikako oinarrizko lau eragiketak ezagutzen zituzten, eta baita zatikiak ere. Geometriako eragiketak modu enpirikoan egiten zituzten, baina bazekiten hainbat gorputz geometrikoren azalera kalkulatzen. Bestalde, piramideen bolumena kalkulatzen ikasi zuten eta 3,1605 inguruko balioa eman zioten ð konstanteari. Harrigarria da, hain ezagutza xumeez eta apalez baliatuta, nola jaso ahal izan zituzten Antzinako Egiptoko arkitektoek hain eraikuntza handiak: egiptoarren papiroek aditzera ematen dutena baino jakituria zabalagoaren jabe zirela dirudi.[29]

Arkitektura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura egiptoarra»
 
Edfuko tenplua.

Lehen aztarnak K.a. 4000. urte ingurukoak dira, gainerako zibilizazio ezagunetakoak baino askoz ere zaharragoak. Egiptoko tenplu eta hilobi handi bikainak ezagunak dira mundu osoan. Egiptoko zibilizazioa Niloren ibarrean garatu zen; basamortuaren inguruan zituen mendiek, gainerako zibilizazioetatik aldentzen bazuten ere, monumentuak egiteko gai egokiak eskaintzen zizkioten. Egiptoarrek trebetasun berezia izan zuten harri izugarriak garraiatzen eta langile saldoak eratzen. Harrizko eraikuntzetan atalburuek eta zutabe sail handiek eutsitako etzanetarako estalkiak bakarrik erabili zituzten. Faraoien hilobi handiek piramide forma hartu zuten. Egiptoko piramideen artean, trinkotasunagatik eta handitasunagatik, Gizakoak dira nagusiak. Zaharrena (K.a. 3700), eta handiena, Keopsena da: 302 m da altu, 190 m zabal, eta kareharriz egina dago dena. Hiru ganbera nagusi ditu, eta pasabide zeharrez osaturiko sistema nahasi bat. Kefren eta Mikerinos dira piramide txikienak. Horiez gainera, punta moztuta duten piramide (mastaba) eta haitzetan hilobi asko geratu dira Egipton, irtenbiderik gabeko arazoen sinbolo den esfingeaz gainera. Egiptoko gauza miresgarrien artean tamaina guztietako tenpluak daude; Karnakeko Amonen tenplua da horietan aipagarriena (K.a. 2466.). Luksorkoak eta Edfukoak ere antzekoak dira, eta Abu Sinbelgo biekin batera halako ingurune misteriotsu bat sortzen dute. Jauregiak eta etxebizitzak, hasieran zurez eta lohiz, eta ondoren adreiluz eginak, aspaldi galdu ziren. Eraikuntza antze zaharra K. o. IV. mendean galdu zen, Erromatar Inperioaren bukaeran, eta ez zen gero berritu, VII. mendetik aurrera islamiarren arteak hartu baitzuen nagusitasuna.[29]

Piramideak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Egiptoar arkitektura»
 
Piramide makurra

Inoiz altxatu diren hilobi monumentu handienak eraiki zituzten faraoiek, sekula sekulakotz aintzatuak eta gogoratuak izango ziren itxaropenean. Ez da ahaztu behar, hala ere, elementu gehiago hartzen zituen hileta eraikin multzo baten parte izaten zela piramidea, nahiz eta hilobia bertan egon. Hala, aipatzekoak dira: beheko tenplua, ibai ertzean; goiko tenplua, piramidearen alboan, faraoiaren gurtzarako; piramidera heltzeko galtzada; biltegiak; eta, batzuetan, faraoiaren hileta ontziarentzako hobia. IV. dinastiatik aurrera, piramide txikiago batzuk egin zituzten faraoien emazteentzat, piramide handiaren alboan. Hileta eraikin multzo handi hauen inguruan altxatzen zituzten handizkiek eta funtzionarioek ere beren mastabak, faraoi jainkotuagandik hurbil hilobiratuak izan zitezen.

Ezagutzen den lehen hileta eraikin multzo piramideduna Horus Netjerikhet edo Djoser faraoiarena da (K.a. 2668–2649). Imhoteparkitekto handiak eraiki zuen, eta azken hori da, hain zuzen ere, errege eta gobernariak kenduta, bere izen propioz gogoratzen den historiako lehen gizakia. Saqqarako Piramide Mailakatua mastaba handi baten gisara diseinatu zen lehenbizi. Hau da, garaiera gutxiko egitara karratu bat, goiko aldetik putzu erako sarrera bat zuena. Hasierako mastaba hari solairu gehiago erantsi zitzaizkion gainean, harik eta behin betiko piramide mailakatu forma eman zitzaion arte. Kareharriz eraikitako sei harmailaz dago osatua piramidea.

 
Gizako piramideak

Piramideen bilakaerako hurrengo urratsa IV. dinastiako lehen faraoia izan zen Snofruren (2575–2551 K.a.) erregealdian egin zen. Faraoi honen garaian hiru piramide handi eraiki ziren eta, itxura batean behintzat, ez dirudi herrialdeko ekonomiari eta giza baliabideei gehiegi erasan zitzaienik. Hiru piramide horietan ikusten da piramide mailakatuetik benetako piramidera arteko bilakaera (tartean erronboide formakotik pasa zen). Meidumeko piramidea, lehenengoa, Huni faraoiak, Snofruren aitak, eraikitako piramide mailakatu bat zen hasieran, gero harmailak berdindu bazitzaizkion ere, 92 metro altuko benetako piramide baten itxura eman zitzaion arte. Gaur egun, piramide horren barne egitura baizik ez dago zutik, kanpoko estalkia berehalaxe erori baitzen. Ondoren beste piramide baten eraikuntzari ekin zion Snofruk Dahsurren. Malda pikoa emanez hasi ziren zenotafio berria eraikitzen: 54° 31', baina erdialdera heldu zirenean pitzatu batzuk agertu ziren eta Meidumekoa bezala eroriko zitzaien beldurrez, malda apaltzea erabaki zuten. Hala, 43° 21'ko malda eman zioten handik gora, eta horregatik geratu zitzaion erronboide itxura bitxi hori: Piramide Makurra. Nahiz eta piramide hark 102 metroko garaiera izan, Snofruk Piramide Gorria deitu zitzaion hirugarren piramide bat eraikitzeko agindu zuen, eta hantxe hilobiratu zuten.

Gizako piramide multzoa da, edonola ere, denetan ikusgarriena eta ezagunena, hantxe iritsi baitzuten perfekzioa Inperio Zaharreko arkitektoek. Khufu edo Keopsen piramidea (K.a. 2589–2566) da, segur aski, historia guztian harriz eraikitako monumenturik handiena. Aldera dakiokeen bakarra Txinako Harresi Handia da, askoz geroagoko obra, bestalde.

Eskultura eta pintura

aldatu

Eskulturak eginkizun bikoitza zuen: arkitekturaren osagarri izan eta giza irudiak eskaini. Mastabetako eta piramideetako hil ganberetako hormak egunoroko bizitzako gertaerak jasotzen zituzten behe-erliebe oparoz apainduak zeuden, irudi horiek ondorio magikoak zituztela uste baitzen. Faraoiei eta jainkoei buruzko gertaerak kontatzen zituzten apaindurez edertzen zituzten tenpluetako horma zabalak. Erliebeak lauak dira, eta bikain apainduta daude. Hilen estatuak zurezkoak edo harrizkoak ziren, eta izpirituaren munduan eragina izateko balio zuten. Piramideen garaiko estatuek, margoturiko harriz eginak gehienak, duintasun bikaina eta bizitasun handia dute, teknika aldetik sotilak badira ere, Gizako Esfinge Handiaren irudiak erakusten duen bezala: harlanduz egina, gizon buru bat duen lehoi eseri bat da. Estatuak bakanagoak dira tenpluen garaian. Egiptoarrek erregeen eta jainkoen irudiak ipintzen zituzten tenpluen sarreretan; oso eskultura handiak ziren. Aipatzekoak dira, besteak beste, Abu Sinbelgo tenpluetako ate ondoetan daudenak. Pintura hormetako apaingarri gisa erabili zen, eta erliebeen esanahi magiko bera zuen. Teknika nahiko finkoa erabili zuten egiptoarrek: irudiak aurpegi emanez ageri dira eta une berean soslaiez, ez pintatzen ez zekitelako, pentsamolde berezi batek hala azaltzea agintzen zielako baizik. Zurez, harriz, urrez, beiraz eta zeramikaz eginiko hainbat gauza heldu da gaur arte, etxeko apaingarriak eta altzariak gehienak. Teknikari dagokionez maisutasun handia igartzen zaie lan horiei guztiei, eta era berean irudimen sakona eta marrazkirako sen berezia.[29]

Nekazaritza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egiptoko nekazaritza»

Inperio eta kultura haien oinarrian nekazaritza zegoen. Nekazaritzari esker Egiptoko biztanleen kopurua handitu zen eta horren ondorioz egiptoarren boterea zabaldu egin zen. Nekazaritza hori oso ezaugarri bereziak zituen, Nilo ibaiaren aldaketekin erabat lotuta. Bidaiari greziarrek, esaterako Herodoto eta Diodoro Sikulo, nekazaritza hori deskubritzerakoan haien harridura oso garbi erakutsi zuten. Egiptoarren artean, aldiz, nekazarien lana neketsu eta desatsegina bezala zegoen ikusita.

 
Nilo ibaiaren ertzetako lur landuak

«Uholdea noizkoa zen eta nolakoa zen jakiteko, lana antolatzeko, soberakinak pilatzeko eta, beharrezkoa zenean, banatzeko, garrantzitsuak ziren faraoiaren funtzionarioak; normalean, eskribauak eta apaizak. Horien guztien gainean, sistema osoa zuzentzen faraoia zegoen». Lan zuzena, azkenik, nekazarien eskuetan zegoen, gizarte mailan oso gaizki ikusita zegoen taldea.

Nilo ibaia

aldatu

K.a. 5000. urterako eremu lehor bihurtu zen Sahara, klima geroz eta bero eta lehorragoaren erruz, eta horrek bertako biztanleak, berriro ere, galtzea karri zuen, Niloren Aranera desplazatu zelarik. Niloren Aranean bizitoki iraunkorrak sortu zituzten. Baina oraindik okerrera egingo zuen klimak, eta Afrika erdialdeko eurite indartsuak desagertu ziren. Ordutik lehorra da Afrikaren ekialdea. Horren ondorioz, egiptoarren nekazaritza Nilo ibaiaren uraldien menpe gelditu zen.

Nilo ibaia Antzinako Egiptoko gizartearen ardatz nagusia zen. Hiri gehienak bai bere bazterretan bai bere deltan zeuden, Asuandikiparraldera. Egiptoko kulturan Nilo ibaia funtsezkoa izan zen Harri Arotik aurrera. K.a. 8000 urte inguruan, klima aldaketaren eraginez, Saharako basamortua sortu zelarik eskualdeko biztanleek migratu behar izan zuten eta Niloren bazterrean kokatu ziren. Han nekazal ekonomia sedentarioa eta gizarte zentralizatua garatu zuten.

Elikadura eta jantziak

aldatu

Egiptoar gehienen dieta oso soila zen. Oinarrizko elikagaiak ogia eta garagardoa ziren, eta arrain lehorra, dilistak eta ilarrak ere jaten zuten, bai eta fruta ere; pikuak eta mahatsa, batez ere. Jakiak gozatzeko eta pastelak egiteko, berriz, eztia eta datilak erabiltzen zituzten.

Aberatsenek era askotako jakiak jaten zituzten; hegaztiak, haragiak, barazkiak eta frutak, esate baterako.

Egiptoarren jantziak ere oso soilak ziren: haurrak biluzik ibiltzen ziren, emakumeak lihozko oihal batekin estaltzen ziren, eta gizonek gerrialdean trapu bat lotzen zuten.

Aberatsenen artean ere, arropa oso arina zen; emakumeek eta gizonek, dena den, bitxiak, diademak eta bularretakoak erabiltzen zituzten, apaintzeko. Emakumeek ileorde ikusgarriz estaltzen zuten burua.

Gizartea

aldatu

Antzinako Egiptoko familiek egungoen antzekoak ziren. Familia nuklearra aita, ama eta seme-alabek osatzen zuten, oso etxe txikian pilatuta. Seme-alabek, nerabetasuna igaro ondoren, etxetik alde egin eta norberak bere bidea bilatzen zuen.

Haur baten jaiotza jainkoen oparitzat hartzen zen antzinako Egipton eta horrela jasotzen da papiro zaharretan. Izan ere, kide berriekin familiaren jarraipena eta gurasoen etorkizuneko ileta-errituak bermatzen ziren.

Nahiz mutila hobetsi, neska baten jaiotza ere ongi etorria izaten zen. Emakumeak etxean erditzen ziren, kukulumuxuka, sortzain baten laguntzarekin. Haurrari, jaio orduko, lepoko bat zintzilikatzen zioten, jainkoen babesa jaso zezan. Ordea, erditzetan eta haurraren bizitzako lehen hilabetean hilkortasun-tasa oso handia zen. Horrelakoetan, haurtxoa etxe-ondoan bertan lurperatzen zuten, zuzenean ontziren batean sartuta edo, goi mailako familietan, momifikatuak.

Haurtzaroan haurrak, inguruko hozberoak kontuan hartuta, biluzik ibiltzen ziren hara eta hona, lepoko zinginarriren baten babespean, soildutako burutik ile-xerlo bakarra zeramatela zintzilik. Urteak bete ahala, gaztetxoak helduen egitekoetan murgiltzen hasten ziren, familiaren egoera sozialaren arabera ia beti. Izan ere, familiek lanbide berean jardun ohi zuten belaunaldiz belaunaldi eta, horregatik, 10 urteko gaztetxoak aitari zegokion lanbidean trebatzen hasten ziren gehienetan: nekazaritza, abeltzaingoa, arrantza, ehiza, ardogintza, artisautza...

Gizonezko gehienak nekazaritzan edo merkataritzan ari ziren bitartean, emakumezkoak etxeko lanez arduratzen ziren: josi, alea ehotu, ogia egin, otorduak prestatu… Hori bai, aztarnek erakutsi digutenez, emakumeek itxura fisikoa zaintzea eta makilatzea gustukoa zuten.

Lehen heziketa etxean bertan jasotzen zuten, eta gero auzoan edo inguruan zegoen eskolaren batean. Ikasgaiak oinarrizkoak izaten ziren, artean idazkera hieroglifikoaren hastapenak.

Sarritan goi-funtzionarioek eskolak ikuskatzen zituzten, bertako ikaslerik azkarrenak biltzeko eta haiei lanbide egokiagoak eskaintzeko administrazioan. Hori izaten zen mailaketa sozialean goraka egiteko bidea.

Aisiari dagokionez, hilobietako aztarnei esker ezagutu ditugu antzinako Egiptoko neska eta mutikoek erabiltzen zituzten jostailuak. Zurezko animaliak ziren gehien maite zituztenak, kolore biziz margotuak: zaldiak, lehoiak, krokodiloak… Oro har, zurezko jostailuak oso preziatuak izan ohi ziren, zura bera oso eskasa baitzen Egipton. Panpinak ere oso ohikoak ziren, zurezkoak nahiz buztinezkoak. Baliabide gutxiko familietako haurrek landare-zuntzez egindako pilotekin eta zibotarekin jolasten ziren.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q The Oxford history of ancient Egypt. (New ed. argitaraldia) Oxford University Press 2003 ISBN 0192804588..
  2. Midant-Reynes, Béatrix. The Prehistory of Egypt: From the First Egyptians to the First Kings. Oxford: Blackwell Publishers.
  3. The Nile Valley 6000-4000 BC Neolithic (The British Museum, 2005, 2008-08-21)
  4. (Ingelesez) Kuper, Rudolph; Kröpelin, Stefan. (2006-08-11). «Climate-Controlled Holocene Occupation in the Sahara: Motor of Africa's Evolution» Science 313 (5788): 803–807.  doi:10.1126/science.1130989. ISSN 0036-8075. PMID 16857900. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  5. (Ingelesez) Ikram, Salima. (1995). Choice Cuts: Meat Production in Ancient Egypt. Peeters Publishers ISBN 9789068317459. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  6. N., Shirai,. (2010). The Archaeology of the First Farmer-Herders in Egypt : New insights into the Fayum Epipalaeolithic and Neolithic.. Leiden University Press ISBN 9789087280796..
  7. Hayes, William C.. (1964-10-01). «Most Ancient Egypt: Chapter III. The Neolithic and Chalcolithic Communities of Northern Egypt» Journal of Near Eastern Studies 23 (4): 217–272.  doi:10.1086/371778. ISSN 0022-2968. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  8. (Ingelesez) Adams, Robert M.. (1954-04-01). «ARCHEOLOGY: New Light on the Most Ancient East. V. Gordon Childe» American Anthropologist 56 (2): 316–319.  doi:10.1525/aa.1954.56.2.02a00390. ISSN 1548-1433. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  9. Ancient Egyptian materials and technology. Cambridge University Press 2000 ISBN 0521452570..
  10. 1910-1996., Patai, Raphael,. (1999). The children of Noah : Jewish seafaring in ancient times.. Princeton University Press ISBN 9780691009681..
  11. Naqada chronology. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  12. Faience in Egypt. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  13. The Oxford history of ancient Egypt. (New ed. argitaraldia) Oxford University Press 2003 ISBN 9780192804587..
  14. a b c d e f g A., Clayton, Peter. Chronicle of the Pharaohs : the reign-by-reign record of the rulers and dynasties of ancient Egypt. ISBN 0500050740..
  15. Information, Early Dynastic Egypt. (Noiz kontsultatua: 2018-01-28).
  16. a b Henry), James, T. G. H. (Thomas Garnet. (2005). The British Museum concise introduction to ancient Egypt. University of Michigan Press ISBN 0472031376..
  17. (Ingelesez) BBC - History - Ancient History in depth: The Fall of the Egyptian Old Kingdom. (Noiz kontsultatua: 2018-01-29).
  18. Jaromír., Málek,. (1999). Egyptian art. Phaidon Press ISBN 9780714836270..
  19. Gay., Robins,. (1997). The art of ancient Egypt. Harvard University Press ISBN 0674003764..
  20. a b B., Ryholt, K. S.. (1997). The political situation in Egypt during the second intermediate period, c. 1800-1550 B.C.. Carsten Niebuhr Institute of Near Eastern Studies, University of Copenhagen ISBN 8772894210..
  21. Ancient Egypt 2675-332 B.C.E.: Architecture and Design. 2005-01-01 (Noiz kontsultatua: 2018-02-01).
  22. Cyril., Aldred,. (1988). Akhenaten, King of Egypt. Thames and Hudson ISBN 0500050481..
  23. Amenhotep III : perspectives on his reign. (1st pbk. ed. argitaraldia) University of Michigan Press 2001, ©1998 ISBN 0472088335..
  24. A., Tyldesley, Joyce. (2001). Ramesses : Egypt's greatest pharaoh. Penguin ISBN 0140280979..
  25. Ockinga, Boyo G.. (1987-01-01). «On the Interpretation of the Kadesh Record» Chronique d'Egypte 62 (123-124): 38–48.  doi:10.1484/J.CDE.2.308740. ISSN 0009-6067. (Noiz kontsultatua: 2018-02-05).
  26. The Philistines and other "sea peoples" in text and archaeology. Society of Biblical Literature [2013] ISBN 9781589837218..
  27. (Ingelesez) Drews, Robert. (1995). The End of the Bronze Age: Changes in Warfare and the Catastrophe Ca. 1200 B.C.. Princeton University Press ISBN 0691025916. (Noiz kontsultatua: 2018-02-05).
  28. The Cambridge Ancient History.. (3rd ed. argitaraldia) Cambridge University Press 1970-<2005> ISBN 0521086914..
  29. a b c d e Egipto. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-18).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 18
idea 18
Ideen 6
iOS 1
multimedia 1
os 76
text 1
web 1