Aran uharteak
- Artikulu hau Irlandako Errepublikako uharteei buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aran».
Aran Uharteak (gaeleraz: Oileáin Árann edo Na hÁrainneacha; ingelesez: Aran Islands edo The Arans) Ozeano Atlantikoa eta Galwayko badiaren artean dagoen hiru uhartez osatutako uhartedi bat da. Maiz antzinako gaeliko kulturaren gotorleku eta itsasoko bizimodu latzaren ikur modura ikusi izan dira. Gaur egun oraindik uharte hauetako biztanleen eguneroko hizkuntza nagusia irlandera da.
Aran uharteak | |
---|---|
| |
Bertako izena | Aran Islands/Oileáin Árann |
Geografia | |
Kokapena | Galwayko badia Galwayko konderria Irlanda |
Uhartedia | Aran uharteak |
Uharteak denera | Hiru. Inishmore, Inishmaan eta Inisheer. |
Politika | |
Herrialdea | Irlandako Errepublika |
Gizartea | |
Talde etnikoak | Irlandarrak. |
Uharteak
aldatuAran uhartedia hiru uharte hauek osatzen dute:
- Inishmore (irlanderaz Inis Mór, euskaraz "Uharte Handia" esan nahi du): Mendebaldeko uhartea da, hiru uhartetatik handiena, baita bisitatuena eta turismoaren eragin gehiena jaso duena ere. Honek egunerokotasunean ingelesa beste bi uharteetan baino ohikoagoa izatea ekarri du. Uharteak 14 kilometro luze eta 3,8 kilometro zabal ditu.
- Inishmaan (Inis Meáin, "Uharte Ertaina): Erdialdeko uhartea da. Baita turismorako ustezko interes gutxien duena ere, honek bere mesedetan jokatu izan du, hiru uharteetan irlandera gehienen mintzatu eta jatorrizko giro irlandar edo gaelikoa hobekien gorde duen uhartea baita.
- Inisheer (Inis Oírr, "Ekialdeko Uhartea"): Izenak ongi dioen bezala ekialdeko uhartea da, hiru uharteen artean txikiena. Clare konderriko kostaldetik hurbil dago, udaldean Doolin udalerriko portutik uhartera itsasoratzen diren ontziak iritsi ohi direlarik.
Irlandera
aldatuAran uharteak Gaeltacht eremuaren barnean daude (irlandera hiztunen eremua). Oraindik XX. mendearen amaieran uharteetako leku isolatuetan irlanderazko jende adindu elebakarra bazegoen, halere gaur egun belaunaldi gazteetan irlanderaren erabilera gainbehera somatu liteke, nagusiki ingelesezko telebista saioen eraginez (hau uharteetara 1960ko hamarkadan iritsi zen), gainera bizimodua aurrera ateratzeko gazte askoren irtenbide bakarra uhartea laga eta lur lehorrera joatea izan ohi da, maiz ingelesezko eremuetan bizitzen jartzen direlarik.
Biztanleria
aldatu2002ko erroldaren arabera Aran uharteek denera 1.280 biztanle zituzten, uhartez-uharte honela banatzen zirelarik:
- Inis Mór, uharte handienak 831 biztanle ditu. Uharte honetako Kilronan (Cill Ronáin) herri handienak 270 biztanle ditu.
- Inis Meáin, erdialdeko uharteak tamainaz txikiena ez bada ere, biztanle gutxien dituen uhartea da, 187 biztanle dituelarik.
- Inis Oírr, ekialdeko uhartea eta hiruetan txikiena denak 262 biztanle ditu.
Ohiturak
aldatuIrlanda osoan bereziki baina baita munduan ere aski ezagunak diren Aran jertseak uharte hauetan jatorria dute, bertako emakumeek artilez josi eta uharteetako arrantzaleek jantzi ohi zutelarik.
Garraioa
aldatuUharte hauetara ferri nahiz hegazkinez iritsi ahal liteke:
Itsasoz
aldatuUrte osoan zehar Connemara eskualdeko kostaldeko Rossaveal udalerriko portutik Island Ferries konpainiako ferriak itsasoratu ohi dira (30-40 minutuko bidaia), bestalde Galway hirian Rossaveal udalerriko portura dihoazen autobusak ere hartu litezke (azken honetarako onena Galway hiriko turismo bulegoan galdetzea).
Bestalde, Clare konderriko Doolin udalerritik Aran uharteetara dihoazen ferriak ere badaude (20 minutu), baina hauek uda sasoian bakarrik itsasoratu ohi dira (apirilaren 1etik urriaren 31ra). Argibide gehiago Aran Uharteen webgunean ikusi.
Udaldean Galway hiriko portutik uharteetara doan ferria ere badago, bidai honen iraupena 90 minutukoa delarik. Halere, uda sasoitik kanpo ez da itsasoratzen.
Airez
aldatuAer Arann hegazkin konpainiak hiru uharteetara dihoazen hegaldiak eskeini ohi ditu, hegaldi hauek Connemara eskualdeko Inverin udalerriko aireportua eta Inishmore uharteko aireportua lotzen dituzte (10 minutu). Gainera, Galway hirian Inverin udalerrira doazen autobusak ere har litezke (Galway hiriko turismo bulegoan galdetu).
Bizikleta, gurdiak eta taxia
aldatuUharteetan oinez harat-honata ibiltzeko aukera badago, hortaz txangoak egiteko leku ezinobea da, baina uharteen neurriak eta batez ere Inishmore uhartea alderik-alde gurutzatzen denbora luzez oinez ibiltzen ohitua ez dagoenarentzat garraiobide onena bizikleta da. Bestalde, uhartean bertan alokairuzko zaldi gurdi eta taxiak ere badaude.
Autoak uhartean
aldatuUharte bakoitzean herri errepide sare bat ere badago, baina hauetan 50 km/h abiadura mugatua dago.
Literatura
aldatuUharte hauek luzaroan eta Irlandan bertan ere exotikotasun edo irlandar giro jator eta garbiaren ikur izan ziren, horregatik XIX.-XX. mendearen artean hizkuntzalari, idazle eta ikerlari ugari erakarri izan ditu.
Literaturari dagokionez, 1897an John Millington Synge idazleak irlandera ikasteko asmoz uharte hauetan bizi eta bere The Aran Islands izeneko liburuan ezagutuarazi zituen, haien ikuspegi idilikoeta misteriozko bat eman zuelarik. Haiei buruz honako hau idatzi zuen:
« | Aranmorren nago, sutondoan eserita, taberna txiki batetik nire gelara iristen den gaeleraren marmarioa entzunez. | » |
John Millington Synge, The Aran Islands eleberria.[1] |
Bestalde, idazle berberak uhartetarren elebakartasuna eta ingelesa ulertu eta mintzattzeko zituzten zailtasunaren inguruko hainbat aipamen idatzi zituen. Adibidez:
« | Killeany-ra joan nintzen - Aranmorreko udalerririk txiroena - hego-mendebalderuntz itsasoan barneratzen zen duna batetan zehar. Belarretan etzan nintzenean Connemarako mendietatik lainoak altxatu ziren, une batez, orlegi izurtua begi aurrean, atzealdean urrutira muino multzoak zeudela, Erromatik hurbil dagoen landa oroituarazi zidan. Orduan hooker ontzi baten belaren goialdeak dunaren ertza erraztu eta itsasoaren presentzia agertuarazi zidan. Mugitzen hasi nintzean aldameneko herritik zetozen mutiko eta gizon batzuk mintzatzen hasi zitzaizkidan, eta hemen behinik-behin, ingelesa larri xamar ulertzen dutela frogatu ahal izan nuen. Uhartean zuhaitzik ba ote zegoen galdetu nienean, euren artean gaeleraz solasaldi arin bat izan zuten, eta orduan gizonak "zuhaitza" hitzak "sastraka" esan nahi ote zuen galdegin zidan, hala izan ezkero ekialdeko babespeko zuloetan bazeudela. |
» |
John Millington Synge, The Aran Islands eleberria.[2] |
1896an William Butler Yeats poeta eta antzerkigileak bisitatu zituen. Patrick Pearse irlandar nazionalista eta irlanderaren zaletua ere 1898an uharte hauetan egon eta irlandartasunaren ikurtzat jo zituen.
Bestalde, uharte hauetan jaio eta haien ikuspegi errealistagoa eman duen jendea ere badago, esate baterako Liam O'Flaherty edo Máirtín Ó Direáin idazlek.
Zinema
aldatu1934. urtean Robert J. Flahertyk zuzendutako Man of Aran ("Arango Gizona") dokumentalak, Aran uharteetako eguneroko bizitza kontatzen du. Eguneroko bizirauteko borroka, gizakia eta naturaren arteko borroka, bai eta itsasoko lanaren gogortasuna ere. Dokumental honen hasierako hitzauureak honela dio:[3]
« | Aran uharteak Irlandaren mendebaldean kokatzen dira. Hiruak txikiak dira... harkaitzez beteak... zuhaitzik gabeak... lur emankorrik gabeak... Neguan ekaitzak itsasoaren bidez zeozer baretzen dira... hau, kostaldearen garaiera bitxiaren ondorioz munduko itsaso erraldoienetako bat bilakatzen da. Egoera etsi honetan, bere independetzia bere bizian irabazi dezakeen pribilegio estimatuenatzat duen Arango Gizonak bere biziraupenagatik borrokatzen da, nahiz eta hau latza izan. Bere egun hezigaitzen amaierarte atsedenik emango ez duen borroka da, edota bere jaunarekin topatuko den arte - itsasoa. |
» |
Robert J. Flaherty |
Interes guneak
aldatu- Kilmurvy Beach: Uharteetako hondartzarik garrantzitsuenetako bat, Kilmurvy udalerritik hurbil.
- Teampall Chiaráin: San Claranen omenezko XII. mendeko eliza baten hondakinak
- Dun Duchathair: Burdin Aroko eraikuntza.
- Dún Aonghasa: Burdin edo Brontze aroko gotorlekua. Ozeano Atlantikoaren gain dagoen itsaslabar batean kokatua, handik uharte osoa ikus daiteke.
- Dun Eochla: Brontze Aroko gotorlekua
- Dun Eoghanachta: K. a. I. mendeko harrizko gotorleku zirkularra
- Na Seacht d´Teampaill: San Brecanen omenezko barruti monastikoaren hondakinak, IX eta XV. mendeen artean datatuak. Zazpi elizak bezala ezagutzen dira.
- Kilronan: Aran uharteetako hiriburua eta portu nagusia.
Uhartetar ezagunak
aldatu- Bridget Dirrane (1894-2003), ehun urte baino gehiagoko bizitako emakumea.
- Liam O'Flaherty (1896-1984), idazlea.
- Pat Mullen (1901-1976), idazlea eta aktorea.
- Máirtín O'Díreáin (1910-1988), idazlea.
- Maura Derrane (1970-), RTÉ eta TG4 telebista kateetako aurkezlea eta kazetaria.
Iruditegia
aldatu-
Inis Meáin uharteko paisaia.
-
Inishmore uharteko itsaslabarrak.
-
Killeany, Inishmore.
-
Inishmorreko paisaia.
Ikus, gainera
aldatu- Man of Aran filma-dokumentala.
- Galwayko konderria
Erreferentziak
aldatuKanpo estekak
aldatu- Aran uharteei buruzko informazioa (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez)
- Aran uharteei buruzko argibidea (Ingelesez)
- Aran Ferries konpainiaren webgunea (Ingelesez)