Atzeraldi Handia[1] 2008. urteaz geroztik mundu osoko ekonomiari eta bereziki herrialde garatuetakoari nabarmen eragiten ari zaion krisialdi ekonomikoa da, 1929ko Depresio Handiaz geroztik izan den larriena.[2] Krisialdia eragingo zuen lehenengo gertakari nagusia 2007 urtean Ameriketako Estatu Batuetan izandako subprime hipoteken krisia izan zen, ondoren mundu osora zabaldu zena. Bereziki herrialde garatuetan izandako higiezinen burbuilaren leherketa dela eta, 2008 urtean krisia finantza sektore osora zabaldu zen. Berehala, krediturako bidea itxita, finantza krisiak ekonomia erreala jo eta atzerakada nabarmena izan zen mundu osoan. Atzerakadak enpresen gelditze eta itxierak ekarri eta milioika langile lanik gabe utzi zituen, gizarte sektore askotan pobrezia areagotuz eta beste ondorio sozioekonomiko larriekin.

Erresuma Batuko Northern Rock bankuaren sukurtsala, jendea bertatik dirua ateratzeko zain dagoelarik.

Krisiak administrazio publikoak kinka larrian jarri zituen, kontsumo eta jarduera ekonomikoaren jaitsierak zerga-sarrerak murriztu egin zituelako, krisiak langabeziara eta pobreziara bultzaturiko pertsona eta familien aldeko gastu sozialerako beharrak igotzen ziren bitartean. Gobernuen defizit horiek zor publikoaren jaulkipen masiboekin estali ziren. 2009 eta 2010 urteetan zehar, atzerakada moteldu eta hazkunde-tasa positiboak, apalak betiere, itzuli arren, Europa eta Estatu Batuetako zor publikoaren krisiak, gastu eta inbertsio publikoen murrizketak ekarri zituen, eta hazkundea deuseztatu eta atzerakada ekonomiko berri baten atarian jarri zituen herrialde garatuak. Krisialdiaren izaera sakonari buruz, kapitalismoak jasaten dituen aldikako krisia baino krisi estrukturala edo sistemikoa dela aipatu da zenbait ekonomialariren aldetik[3][4] eta gainditzeko ekonomia modu berriak jarri beharko direla martxan[5][6].

Krisiaren arrazoiak

aldatu

Lehengaien prezioen gorakada

aldatu
 
Brent motako petrolioaren bilakaera 1987tik 2011ra.

1990eko hamarkadan zehar, lehengaien prezioek beheranzko joera izan zuten. Petrolioak, esaterako, 9 dolarretako balioa zeukan 1998. urtean. 1990eko hamarkadaren amaieran, Asiako eta herri azpigaratuen hazkunde handiak lehengaien eskaria handitu zuten, eta horrekin batera petrolio, kobre, zilarraren eta lehengai guztien prezioa. Bereziki handia izan zen Txina eta Indiaren hazkunde ekonomikoaren eragina. Eskari handiagorekin batera, espekulazioak ere eragin zuzena izan zuen prezioen garestitzean, eta horrela 2008ko urtarrilean, petrolioak 100 dolarretako maila gainditu zuen. 2008ko urtarrilean, kobrearen kotizazioa tonako 8.000 dolarrekoa zen Londresko metalen merkatuan. Urte bereko uztailean, 8.940 dolarretan salerosten zen, Londresko merkatua 1979an sortu zenetik gorengo mailan eta aurretik 1989an ezarritako 3.280 dolarretako mailatik %272,5 gorago. Lehengaien garestitzeak arazo handiak sortu zituen garatzeko bidean dauden herrialde askotan, eta G-8 nazioarteko erakundearen 34. bileran, munduko gosetea areagotzen ari zen garestitzeari aurre egiteko neurriak eztabaidatu ziren. 2008ko uztailean lehengaien prezioen igoera bat-batean amaitu zen, petrolioak 147 dolarretan salerosi eta gero. Petrolioa, kobrea eta beste metal preziatuek euren balio maximoen %50 inguru galdu zuten hurrengo hilabeteetan. 2008ko abenduaren hasieran, petrolioa 40 dolarreko mailatik jaitsi zen, 2005eko preziora jaitsiz.

Higiezinen burbuila eta subprime krisia

aldatu
 
Etxebizitzak erosteko hipoteken interes-tasa kalkulatzeko euriborra minimo historikoetan kokatu zen 2001etik 2006ra.

1997 urtean ondasun higiezinen prezioak aurreko urteetan baino erritmo biziagoz hasi ziren igotzen mundu osoan. 2000 urtean puntu com edo enpresa teknologikoen krisia gertatu eta aurrezleek akziotan inbertituta zuten dirua ondasun higiezinetara aldatzea erabaki zutenean, higiezinen burbuila areagotu egin zen, batzuetan urteko %30eko prezio-igoerak utziz. Herrialde garatuetan norberak bere etxea edukitzeko grina zabaldu zen herritarren artean gobernu zein hedabideen aldetik, etxebizitza inbertsiorik seguruena zela argudiatuz. Horretan nabarmen lagundu zuen Europako Banku Zentralak eta Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak diruaren interes-tasak gutxitzeak. Diru beltza garbitzeko modua ere bilakatu zen higiezinetan inbertitzea. Espainian, esaterako, 2002an euroa plazaratzeak diru beltz ugariren agerpena eragin zuen.

Horrela, bankuek etxebizitza erosteko hipotekak erruz eman zituzten, kasu askotan behar bezalako bermerik gabe, bereziki Estatu Batuetan. Zalantzazko mailegu horiek saldu eta erosi egin ziren banku eta finantza-eragile batetik bestera, subprime izenarekin, askotan aurrezleen pentsio funtsetara ere helduz eta nazioartera zabalduz. 2007 urtean, ordea, etxebizitzen prezioak gora jo eta beheraka hasi ziren, prezioa gehiago jaitsi baino lehen saltzeko irrikak etxebizitza kopuru itzela merkaturatu eta burbuilaren leherketa ekarri zuen. Etxebizitzaren balioa hipotekaren baliotik behera geratu zen kasu askotan, eta zordun askok hipoteka ordaintzeari uztea ekarri zuen horrek. Ondorioz, bereziki Estatu Batuetan, subprime aktiboen balioen gainbehera izan zen. Banku askok galera handiak izan zituzten eta horietako batzuk porrot egin zuten, horien artean Lehman Brothers Estatu Batuetako laugarren inbertsio-bankuak. Beldurra nagusitu zen finantza merkatuetan eta enpresa eta familiei krediturako bidea moztu egin zen. Horrela, higiezinen burbuilaren leherketa eta ondoriozko finantza krisia krisi ekonomiko globala bilakatu ziren[7]. Gerora, finantza merkatuetarako arautegi zorrotzik ez izatea ere aipatu zen subprime hipoteken krisiaren arrazoitzat.

Inflazioa

aldatu

Lehengaien garestitzeak inflazioaren gorakada eragin zuen 2007tik aurrera. Inflazioaren gorakadak Europako Banku Zentralak interes-tasak mantentzea eragin zuen. 2008ko otsailean mundu mailako inflazioa aspaldiko mailarik altuenean zegoen eta lehen munduko herrialde askotan 10-20 urteko mailarik altuenera igo zen. Gehiegizko moneta eskaintzak, AEBetako Erreserba Federalaren interes-tasen jaitsierak, Asiako herrialdeen hazkunde handiak eta lehengaien inguruko espekulazioak inflazioaren goranzko joera areagotu zuten.

2008. urtearen erdialdean, Nazioarteko Diru Funtsak inflaziorik altuena petrolioa esportatzen zuten herrialdetan zegoela adierazi zuen, gehien bat, kanpoko dirutan dituzten moneta erreserben handitzea zela eta.

Ondorioak ekonomian

aldatu

Munduko merkataritzaren beherakada

aldatu

2008ko urriaren erdialdean, Baltic Dry Index, nazioarteko itsas merkataritza neurtzen duen indizea %50a jaitsi zen astebetean, enpresa esportatzaileek ganbio-letrak lortzeko zailtasun handia zutelako nazioarteko krediturik gabeko merkatuan[8].

2009ko otsailean, The Economist aldizkariak nazioarteko krisialdiak manufakturen krisialdi sakona sortarazi zuela argitaratu zuen, jaitsierarik handienak esportazioetan oinarrituriko ekonomietan gertatzen ari zirela adieraziz, batez ere Asian[9].

Burtsaren gainbehera

aldatu
 
Dow Jones Industrials indizearen bilakaera.

2007ko udazkenera arte

aldatu

2000. urtean .com enpresen burbuilaren leherketak eragindako beheraldi ekonomikoak jaitsiera handia eragin zuen burtsan. Merkatuek behera jo zuten 2003an, eta ordutik, interes-tasa baxuagoei loturiko hazkunde ekonomikoak, gorantz bultzatu zituzten burtsak berriro ere. Igoera itzela izan zen, eta 2003tik 2007rako tartean, munduko burtsarik garrantzitsuenak %100 igo ziren, hau da, balioa bikoiztu zuten. Horrela, 2007ko azaroaren 9an, Ibex 35 indizeak inoizko mailarik altuena lortu zuen, 16.040,40 puntu. Hilabete lehenago, New Yorkeko burtsako Dow Jones Industrials indizeak ere maximoa eskuratu zuen, 14.198,10 puntu.

2007. urtearen amaierarako, agerian zeuden Ameriketako Estatu Batuetako subprime hipotekek bertako bankuetan eragindako kalteak eta bankuak izan ziren burtsaren jaitsiera izugarria abiarazi zutenak.

Jaitsieren hasiera

aldatu

2008ko urtarrila, aldakortasun handiko hilabetea izan zen burtsan. Urtarrilaren 21a, egun beltza izan zen, Ibex 35 indizeak %7,5 galdu zuen egun hartan, eta hurrengo egunean, sesio gehienean zehar, beste %6 inguru galtzen ibili ondoren, goraka itxi zuen sesioa, New Yorkeko burtsak jaitsierak txikitzean.

2008ko iraileko eta urriko hondamendia

aldatu

2008ko irailaren amaieratik 2008ko azaroaren hasierara arte, New Yorkeko burtsako Dow Jones Industrials indizea 11.500 puntuko mailatik 7.392 puntuko mailara jaitsi zen. Nazioarteko burtsa gehienak %20 eta %30 bitartean egin zuten behera aste gutxitan. Balore merkatuen gutxiengo balioa azaroaren 20tik azaroaren 21era lortu zen.

Azaro bukaeratik aurrera hasitako hobekuntza bat-batean eten zen urtarrila hasieran, eta nahiz eta urteko hirugarren sesioan Dow Jones Industrials indizeak 9.000 puntuen maila gainditu, hurrengo egunetan beheranzko joera nagusitu zen berriro ere. Barack Obamaren presidente izendapenak jaitsierak areagotu zituen urtarrila erdialdean, presidenteak egoera konpontzeko izango zituen zailtasunak burtsan islatzean. Otsailaren 20an, hilabete batzuk lehenagoko gutxiengo mailen azpitik jausi zen Dow Jones Industrials indizea, eta egun batzuk beranduago baita S&P 500 indizea ere.

HSBC bankuaren kapital handitzeak eta AIGren laugarren kapital beharrak finantza hondamendia ekarri zuten martxoaren 2an, eta New Yorkeko indizerik garrantzitsuenak 7.000 puntuko maila galdu zuen, 1997ko apirileko mailara jaitsiz. S&P 500 indizea 1996ko azaroko mailara jaitsi zen, 700 puntuetatik gertu.

Ondorioak gizartean

aldatu

Langabetu kopurua nabarmen igo zen herrialde askotan. OECDko herrialdeetan iraupen luzeko langabetu kopurua izan zen gehien goratu zen langabezia atala[10]. Espainia OECDko herrialdeetan langabetu gehien zituen herrialdea izatera heldu zen, %20tik gorako langabezia tasekin. Bestalde, langileen erosteko ahalmena ere nabarmen murriztu zen soldaten izozketa eta murrizketen ondorioz, inflazioak bere horretan jarraitzen zuen bitartean. Horren guztiaren ondorioz kontsumo joerak aldatu ziren; adibidez, marka zurien kontsumoa goratu egin zen, arrain freskoaren ordez arrain izoztua eta haragi mota merkeagoak erosten hasi zen jendea eta kasu askotan oporraldietan bidaiatzeari utzi egin zitzaion[11]. Pobrezia ere nabarmen igo zen eta elkartasunerako erakundeek laguntza eske joaten zitzaizkien guztiak hartzeko ezinean geratu ziren[12]. Europako herrialde batzuetan, suizidioak gehitu egin ziren, bereziki zorrak ordaindu ezinik edo euren aurrezkiak eta ondasunak galdu zituzten pertsonen artean. Horietan, oihartzun zabala izan zuen Dimitris Christoulas agurearen suizidioak.

Horren guztiaren ondorioz, krisian politikariek eta botere ekonomikoak zuten errua gaitzetsi eta eredu sozioekonomiko berriak abian jartzeko gizarte mugimenduak sortu ziren herrialde garatuetan. Islandiako finantza krisialdia sorrarazi zuten agintarien aurkako protesta biziak izan ziren Islandian; horien ondorioz, eskuineko gobernua egotzi, konstituzio berri bat prestatu, bertako bakuen zorra herritarren lepotik ordaintzwri ukatu eta krisiaren arduradun zenbait auziperatu ziren[13]. Espainian, M-15 mugimendua garatu zen 2011 urtean, protesta biziak gertatu eta greba orokorrak ere deitu ziren gobernuak hartutako neurrien aurka. Grezian ere, non krisiak bereziki kolpatu zuen, protesta handiak izan ziren, batzuetan indarkeriazko giro larri batean.

Krisialdia herrialdez herrialde

aldatu
 
     2008. urtearen amaieran ofizialki beheraldi ekonomikoan zeuden herrialdeak     Krisiak ukitutako beste herrialdeak

Amerikako Estatu Batuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Subprime hipoteken krisia»

Estatu Batuak jo izan dira krisialdi ekonomikoa piztu zuen herrialde nagusitzat, bereziki subprime hipoteken krisia finantza krisia dela eta, 2007ko abuztutik aurrera hedatzen hasi zena, nahiz eta krisialdiaren leherketaren arrazoiak aurreko urteetan errotu ziren.

2009ko [otsailaren 27an, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak Citigroup finantza erraldoiaren akzioen %36a erosiko zuela esan zuen, bankuaren porrota saihesteko[14]. Egun batzuk beranduago, gobernuak AIG enpresa diruz lagunduko zuela iragarri zuen, laugarren aldiz AIGk 60.000 milioi dolarreko galera historikoak argitaratu ostean.

2009ko otsailean autoen salmenta jaitsiera nabarmena izan zuen, 1984ko mailara helduz[15]. General Motorsek, esaterako, salmenten %53ko jaitsiera jasan zuen.

Irlanda

aldatu

Irlandaren kasua krisi ekonomikoaren kausak eta ondorio gordinak azaltzeko erabili ohi da. Izan ere, krisiaren ondorioz atzeraldian sartu zen lehenengo herrialdea izan zen.

1990eko hamarkadara arte Irlanda Europako ekonomia pobreenetakoa zen errenta termino erlatiboetan. 1987 urtean izandako gobernu-aldaketak politika ekonomikoa aldaketa sakonak ekarri zizkion herrialdeari: gastu publikoa orekatu egin zen eta bereziki Sozietateen gaineko Zergaren tasa murriztu egin zen, Europako beste herrialdeetan arrunta den %30tik gorako tasetatik %10aren inguruko tasa batera. Horren ondorioz, atzerriko inbertsioa erruz heldu zen Irlandara, hamarkadetan zehar oso txikia izan zen hazkundea Europako hazkunde tasa altuenetara aldatuz. Nazioarteko ekonomietan, Tigre Zelta deitu izan zitzaion Irlandako ekonomiari garai haietan. Atzerriko inbertsioak elektronika eta software sektoreetan izan ziren. 2001 urtetik Puntucomen burbuilaren leherketak eta Ekialdeko Europako herrialdeak Europar Batasunera sartzea atzerriko inbertsioen gutxitzea ekarri zuen, herrialde horietako lan-indarraren kostuak txikiagoak baitziren. Aldi berean, herrialde horiek Irlandak hainbat urtetan zehar Europar Batasunetik jasotako diru-laguntzak nabarmen murriztu zituen. 2008 urtera arte, ordea, hazkunde tasa handiekin jarraitu zuen, finantza sektorearen garapen itzelari [16] eta higiezinen burbuila ikaragarriari esker[17]. Higiezinen burbuila elikatzeko, hipoteka kopurua ugaldu zen, eta bertako bankuek nazioarteko merkatuetara jo behar izan zuten finantzazio bila, zor itzela metatuz.

2007 urtean higiezinen burbuila lehertu zenean, bankuen egoera jasanezina bilakatu zen. 2008ko lehenengo bi hiruhilekoan Irlandako BPGa jeitsi egin zen eta beraz herrialdea ofizialki atzeraldian sartu zen Europako lehen herria izan zen. 2008. urteak aurrera egin ahala, egoera ekonomikoa okertuz joan zen eta likidezia faltak Irlandako bankuak kaltetu zituen. Azkenik 2009ko urtarrilean, gobernuak Anglo Irish Bank bankua nazionalizatu zuen. Horrez gain, Allied Irish Banks eta Bank of Ireland bankuetan kapital ugari sartu zen, hankaz gora zegoen bankuen balantzea egonkortzeko asmoarekin.[18]. Bitartean, langabezia etengabe haziz jarraitu zuen, eta 40 urteko hilabeteko hazkunderik handiena izan zuen, egunero 1.500 pertsonek euren lanpostua galduz.[19] eta guztira 400.000tik gora langabetu izatera iritsi zen.

Britainia Handia

aldatu
 
Etxebizitzaren prezioa Britainia Handian 1975tik 2006ra.

2008ko irailean Bradford & Bingleyren 20.000 milioi librako aurrezkien adarra Espainiako Banco Santanderrek erosi zuen eta bankuaren gainontzeko negozioak banku berdinari saldu zizkioten. Bitartean bankuaren hipoteka ordaindugabeak nazionalizatu egin ziren. 2008ko azaroan, langabezia 1,8 milioira igo zen, eta urte amaierarako bi milioira igo zen. Britainia Handiko hainbat dendarik, merkealdiak abendura aurreratzea erabaki zuten, udazkeneko salmenta eskasen ondorioz. 2008ko abenduaren 1etik aurrera, gobernu britainiarrak BEZ zerga %17,5etik %15era jaitsi zuen hamahiru hilabetez, herritarren gabon aurreko kontsumoa suspertzeko asmoarekin.

2008ko abenduaren 4ean, Ingalaterrako Bankuak interes-tasak %3tik %2ra jaitsi zituen, 1951. urteko mailara[20]. 2009ko hasieran, interes-tasak %2tik %1,5era jaitsi zituzten, eta otsailean %1,5etik %1era, XVIII. mendetik sekula izandako mailarik baxuena.

2008ko urtarrilaren 23an, gobernuak Britainia Handia beheraldi ekonomikoan zegoela eman zuen jakitera, 1991. urtetik lehen aldiz. 2009ko otsailaren 26an, Royal Bank of Scotlandek bere 2008ko balantzea aurkeztu zuen, 27.274 milioi euroko galerak argitaratuz.[21]. Martxoaren 2an, HSBC bankuak irabaziak 2008an %60 gutxitu zituela esan zuen, eta 15.000 milioiko kapital handitzea behar zuela jakin zen. Ordura arte HSBC bankua krisialdi ekonomikoaren eragin kaltegarritik at ez zegoela frogatzean, bere akzioek %18 egin zuten behera eta mundu osoko burtsek astelehen beltza bizi izan zuten.[22]

Errusia

aldatu
 
RTS indizea, S&P500 indizea eta petrolioaren prezioa 2008ko maiatzetik azarora.

1999tik 2008ko udazkenera arte, Errusiako ekonomiak etengabeko hazkundea bizi izan zuen[23]. Adituen ustez, Errusiako ekonomiaren hazkunde handiaren eragileak 1998ko errubloaren debaluazioa, Boris Yeltsinen garaiko erreformak, petrolio eta lehengaien prezioaren gorakada, eta Europa eta Ameriketako Estatu Batuetako bankuen kreditu merkea izan ziren. Vladimir Putinen lehen agintaldian Mikhail Kasyanov izan zen ekonomia sailburua, eta hainbat erreforma burutu ziren, zergak gutxitu, irabazien gaineko zerga barne, eta lurraren gaineko kode berria ezarri zen.

Dena den, 2008ko urrian, krisialdiaren eragina Errusiara ere heldu zen[24], Errusia eta Georgiaren aurkako gerrak herrialdearekiko konfiantza gutxitu eta errubloaren kotizazioaren beherakada azkarra gertatu zen; horrekin batera, atzerriko dirua Moskuko burtsatik irteten hasi zen, eta 2008 urtearen amaierarako, Moskuko RTS indizeak bere balioaren %72,4 galdu zuen[25].

2008ko abenduan, Errusiako ekoizpen industriala %10,3 jaitsi zen, hilabete lehenago %8,7 jaitsi ostean[26].

Espainia

aldatu
 
Garabiak, nonahi ikus zitezkeen Espainiako hainbat tokitan 2007. urtera arte.
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako higiezinen burbuila»

Eraikuntzan oinarrituriko egitura ekonomikoa zela eta, hasiera hasieratik krisialdiak Espainia gogor kolpatu behar zuela aurreikus zitekeen arren, agintean zegoen José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak tinko eutsi zion krisia zegoela ukatzeari. 2008 urtearen bukaeran krisia bazegoela onartu behar izan zuen presidenteak, krisiaren errua kanpoko faktoreei egotzi bazien ere. Ekonomialari zenbaiten ustez, aurreikuspen ezak eta behar zen denboran beharrezko erabakiak ez hartzeak larriagotu egin zituzten krisialdiaren ondorioak.

Espainiako krisialdiaren faktore nagusia Espainiako higiezinen burbuilaren leherketa izan zen, 2008 urtearen bukaeran 1.000.000 etxebizitza berri saldu gabe eta eraikuntzako enpresari eta bankuen eskuetan utzi zituena. 1998. urtetik 2007. urtera etxebizitza eta beste ondasun higiezinekin izandako espekulazioak prezio gorakada izugarria ekarri zuen. Prezioen gorengo maila 2007ko udan izan zen eta 2008 urtean prezioak nabarmen jaisten hasi ziren herrialde osoan. Etxebizitza berrien eraikuntza bertan behera geratu zen berehala. Ondorioz, 2008 urtean zehar Martinsa-Fadesa eta Habitat eraikuntza enpresa handiek porrot egin zuten: inoiz Espainian izandako bi enpresa-porrot handienak izan ziren, 7.000 eta 2.300 milioi euroko zorrak utziz.

Horren guztiaren ondorioz bankuek izan zituzten arazoek kredituaren erabateko etena ekarri zuen. Horrek eragin latza izan zuen eraikuntza sektore osoan eta ekonomia osoan, ondoren, sekulako konfiantza-krisia sortuz. 2009ko martxoaren 29an, Espainiako Bankuaren esku-hartzea gertatu zen, CCM aurrezki kutxaren porrota galerazteko[27].

Espainiak ELGAko herrialdeetako langabezi tasarik altuena izatera heldu zen, %21.2ko tasarekin hain zuzen alegia[28].

Era berean, kontsumoaren beherakada nabarmena izan zen Espainian, eta kontsumoaren jaitsierarekin batera, KPIa berrogei urteko mailarik baxuenera jaitsi[29] eta deflazioaren atarira heldu zen.

Euskal Herria

aldatu

Krisiaren eragina inguruko herrietara baino beranduago iritsi zen Euskal Herrira. Batez ere, eraikuntzaren sektoreak Euskal Herriko BPGan duen garrantzia txikiarengatik. Dena den, eraikuntza sektoreko hainbat enpresek egin zuten porrot, garrantzitsuenen artean Ereaga eta Urazca taldeak. Ereaga Taldeak ordainketak etetean, 160 milioi euroko zorra utzi zuen ordaindu gabe hainbat hartzekodunekin, horien artean, 15 banku.[30]

Langabezia Euskal Herrian
aldatu

Espainiako Estatistika Institutuak hiru hilean behin egindako Biztanleria Aktiboaren inkestaren arabera, 2007tik 2009rako langabezi datuak honakoak izan ziren.

Hiruhilekoko langabeziaren datuak, ehunekotan
Probintzia 1. H 2007 2. H 2007 3. H 2007 4. H 2007 1. H 2008 2. H 2007 3. H 2007 4. H 2007 1. H 2009 2. H 2009
Araba %6,53 %4,36 %4,68 %4,25 %2,99 %4,26 %4,24 %7,53 %9,56 %9,20
Bizkaia %7,20 %7,40 %7,68 %6,62 %6,88 %5,72 %7,78 %9,57 %11,47 %11,83
Gipuzkoa %5,83 %4,63 %4,12 %5,04 %4,83 %4,77 %4,80 %6,68 %8,91 %9,08
Nafarroa %5,14 %,5,26 %4,38 %4,27 %6,05 %5,62 %7,09 %8,12 %10,41 %12,23
Estatua %8,47 %7,95 %8,03 %8,60 %9,63 %10,44 %11,33 %13,96 %17,36 %17,92

Egoera honen aurrean LAB, ELA, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek greba orokorra deitu zuten maiatzaren 21erako.[31]

Herbehereak eta Belgika

aldatu
 
Herbehereetako Fortis bankuaren bulego bat.

Belgika eta Herbehereetako gobernuek Fortis bankua nazionalizatu behar izan zuten, Luxenburgoko gobernuen laguntzaz, diru-falta larriak bankua porrotera ez eramateko. Horrez gain, 2008ko amaieran ING bankuak gobernuaren 10.000 milioi euro jaso zituen dirulaguntza moduan.

Hungaria

aldatu

2008ko urriaren 10ean Hungariako Forint indizeak balioaren %10a galdu zuen[32]. Sei egun beranduago, Europako Banku Zentralak 5.000 milioi euroko diru-laguntza onartu zuen Hungariako gobernuari laguntzeko. Erabakia historikoa izan zen, izan ere, Europako erakundeak euro gunetik kanpoko herrialde bat laguntzen zuen lehen aldia izan baitzen.

Hungariak kanpotik datorren finantzaketaren menpekotasun handia zuen, eta egoera okertu egin zen, nazioarte mailan bankuen likidezia erabat agortu zenean. Horrez gain, herrialdeak, Europako defizit publikorik handienetakoa dauka.

Islandia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Islandiako finantza krisialdia»

Islandiako finantza krisialdia 2008an Islandiako finantza sistemak porrot egin eta gobernuak herrialdeko banku guztiak nazionalizatzean gertatu zen. Krisialdiak Islandiako txanponaren kolapsoa eragin eta euroaren aurrean balioaren erdia baino gehiago galdu zuen 2008. urtean zehar.

Ukraina

aldatu

Ukrainak 2008an hasi zen krisialdiaren eragina jasaten, batez ere, lehengaien prezioen beherakada hasi zenean, bere auzokide Errusia bezalaxe[33]. Altzairuaren prezioaren beherakadak, herrialdeko bankuen arazoak, eta Errusiaren gas mozketek egoera gaiztotu egin zuten 2008ko udazkenean. Metalurgia eta makinak eraikitzen dituzten enpresak langileak kanporatzen hasi ziren, eta soldatak izoztu edo apur bat egin zuten behera, lehen aldiz 10 urtetan. Langabeziaren hazkundeak eta soldaten murrizteak azken hamar urteetako oparotasunean maileguak eskatu zituzten milaka ukrainar kaltetu zituzten. Mailegu gehienak dolarretan jaulki baziren ere, herritar gehienek Ukrainako txanponean, Hryvnya deritzonean, irabazten zuten euren soldata. Krisialdiak Hryvnyaren balioa asko gutxitu duenez, dolarretan itzuli beharreko dirutza gero eta handiagoa da.

Ukrainako banku guztiek mailegu berrien jaulkitzea erabat eten dute eta bezero asko bankutik diru guztia ateratzera joan ziren. Gordailuek azkar egin zuten behera eta egoera kontrolatzeko Ukrainako Banku Nazionalak gordailuen dirua ateratzeko debekua ezarri zuen[34].

2008ko abenduan Nazioarteko Diru Funtsak Ukrainaren 2009ko aurreikuspen ekonomikoa %2,5eko hazkundetik, %5eko gutxitzera murriztu zuen[35]. Hilabete bat lehenago, erakunde berdinak, 16.500 milioi dolarreko mailegua eman zion Ukrainako gobernuari[36].

Japonia

aldatu

2008ko azken hiruhilekoan, Japoniak 1970eko hamarkadatik izandako beheraldi ekonomikorik sakonenean zegoela eman zen argitara.

2008. urtearen amaieran, Txinaren hazkunde ekonomikoa asko moteldu zen, aurreko urteetan BPGa %10 baino gehiago hazi bazen ere, urte amaierarako hazkunde tasa %6ra murriztu zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Rampell, Catherine. (2009-03-11). «‘Great Recession’: A Brief Etymology» The New York Times..
  2. (Ingelesez) Bivens, Josh. (2010-01-27). «Worst economic crisis since the Great Depression? By a long shot.» Economic Policy Insitute, Economic Snapshot...
  3. (Gaztelaniaz) Niño Becerra, Santiago. (2009). El crash del 2010. , 40-45 or...
  4. (Ingelesez) Robinson, William I.. (2011-01-24). «The global capital leviathan» Global and international studies..
  5. "Kolapsoa ez da aukera bat; gertakari segurua da norabidez aldatzen ez badugu", www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-03-05.
  6. (Gaztelaniaz) Pigem, Jordi. (2009). Buena crisis. Hacia un mundo postmaterialista.. ..
  7. (Ingelesez) A Visual Guide to the Financial Crisis, www.mint.com, 2008-11-13.
  8. A juddering halt to world trade Financial Times egunkariko albistea.
  9. The collapse of manufacturing The Economist aldizkariko albistea.
  10. (Ingelesez) OECD Employment Outlook 2011: chapter summaries, www.oecd.org, 2012-03-03an kontsultatua.
  11. (Gaztelaniaz) La crisis cambia los hábitos de consumo de los españoles, www.lavanguardia.com, 2012-03-01.
  12. (Gaztelaniaz) El Secretario general de Cáritas: 'No podemos sustituir la labor del Estado', www.elmundo.es, 2011-02-17.
  13. (Gaztelaniaz) Examen a la revolución islandesa, www.elpais.com, 2011-04-10.
  14. El Tesoro de EEUU tomará un 36% del capital de Citigroup Expansion egunkariko albistea.
  15. Febrero fue el peor mes de ventas de automóviles en EEUU en más de 25 años Finanzas.com webguneko albistea.[Betiko hautsitako esteka]
  16. Langileen %14ek finantza-sektorearena egiten zuten lana.
  17. (Gaztelaniaz) Finn, Daniel; Gutiérrez, José Antonio. (2011). La crisis de Irlanda: los gemidos del “Tigre Celta”. ..
  18. McAleese signs Anglo Irish Bank Bill RTE News webguneko albistea.
  19. Jobless rate could hit 400,000 - Cowen RTE News webguneko albistea.
  20. UK in recession as economy slides BBCren webguneko albistea.
  21. Eskoziako Royal Bank-ek 27.274 milioi euroko galerak izan ditu Berria egunkariko albistea.[Betiko hautsitako esteka]
  22. Les banques dévissent, la Bourse plonge Eitb.com webguneko albistea.
  23. [https://web.archive.org/web/20070813073808/http://web.worldbank.org/WBSITE/EXTERNAL/COUNTRIES/ECAEXT/RUSSIANFEDERATIONEXTN/0,,contentMDK:20888536~menuPK:2445695~pagePK:1497618~piPK:217854~theSitePK:305600,00.html Russian Economic Reports Munduko Bankuaren txostenak.]
  24. Russia among hardest-hit in economic meltdown USA Today egunkariko albistea.
  25. Russian Index Dropped 72.4 Percent In 2008 The Moscow Times egunkariko albistea.
  26. Industrial Output Falls By 10.3% in December The Huffington Post egunkariko albistea.
  27. [http://www.elmundo.es/mundodinero/2009/03/29/economia/1238331273.html El Banco de España interviene Caja Castilla-La Mancha para garantizar su futuro El Mundo egunkariko albistea.]
  28. (Gaztelaniaz) España registra de nuevo la tasa de paro más alta de la OCDE, 2011-09-13.
  29. Otsaileko inflazioa azken 40 urteotako txikiena izan da Eitb.com webguneko albistea.
  30. El concurso de la inmobiliaria Ereaga afecta a 15 bancos Cinco Dias egunkariko albistea.
  31. ELA LAB ESK EILAS EHNE eta Hiruk Hego Euskal Herrirako greba orokorra deitu dute maiatzaren 21erako[Betiko hautsitako esteka]
  32. Boursorama.com webguneko albistea.
  33. Trade in Ukraine hrvynia drying up amid crisis Unian albiste agentziako albistea.
  34. Banco Nacional de Ucrania prohíbe por seis meses devolución anticipada de depósitos Novosti albiste agentziako albistea.
  35. IMF Lowers Forecast For Ukraine's 2009 GDP Growth Rate From 2.5% To -5% Ukranews.com webgunea.
  36. Head of IMF's Resident Representative Office in Ukraine to change his job Interfax albiste agentziako albistea.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1
News 3