Bare (organoa)
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Bare (argipena)»
Barea ornodun animalia guztiek daukaten organoa da, gizakiengan abdomenaren ezker goialdean dagoena. Fisiologikoki, bi funtzio nagusi ditu. Batetik, globulu gorrien erregulazioa: globulu gorri zaharren suntsipenaz arduratzen da, eta bere barnean odol-biltegia dauka horretarako. Bestetik, immunitate-sistemaren zati garrantzitsua osatzen du, eta bere gabeziak babesgabe utz gaitzake infekzio zehatz batzuen aurrean.
Bare (organoa) | |
---|---|
Barearen kokapena barrunbe abdominalean. Irudi gehiago | |
Giza barearen laparoskopia bidezko ikuspegia. | |
Xehetasunak | |
Honen parte | immunitate-sistema |
Kokapena | sabelaldeko barrunbea |
Hona drenatzen du | zain esplenikoa |
Arteria | arteria espleniko |
Zaina | zain esplenikoa |
Identifikadoreak | |
Latinez | splen |
MeSH | eta A15.382.520.604.700 A10.549.700 eta A15.382.520.604.700 |
TA | A13.2.01.001 |
FMA | 7196 |
Terminologia anatomikoa |
Etimologia
aldatuGreziera klasikoan σπλήν zen, "spleni" alegia, eta latinez "lien". Hala ere, gaur egungo izenak hizkuntza erromantzeetan aldentzen dira hitz horietatik, hala nola "bazo" gaztelaniaz, "baço" portugesez eta "rate" frantsesez. Eredu klasikoetatik eratorriak ditugu ingelesezko "spleen" eta esperantozko "lieno". Euskaraz "are" (Arratiako bizkaieran), "bae" (zubereran) eta "bara" (Nafarroako gipuzkeran) ere dokumentaturik daude.[1]
Anatomia
aldatuGiza barea abdomenaren atzealdean dago, ezkerreko giltzurrunaren gainean, 9. eta 12. saihetsen artean eta hauen azpian. 13-15 cm izaten da luze, 7 cm inguru zabal, eta 3-4 cm lodi; 200 gr inguruko pisua du. Kolore gorri urdinxka du eta itxura biribildua. Ehun konektibozko kapsula batez inguraturik dago, eta kapsularen irtenuneak barearen barrunbera sartzen dira, eta bitan banatzen dute mamia: mami zuria barnealdean, eta mami gorria aurrekoaren inguruan. Mami zuria da berez linfoideoa, eta B eta T linfozitoz osaturik dago, arteriola baten inguruan. Mami gorria, berriz, odolez betetako sinu benosoz eta eritrozitoz osatua da.[2]
Funtzioak
aldatuHiru funtzio nagusi ditu:
- Immunitatea. Funtsezko zeregina burutzen du immunitate zelularrean eta humoralean. Odola iragazten du eta mikroorganismoak deuseztatzen, makrofagoen fagozitosiaren bidez.[2] Antigeno arrotzak iristen zaizkionean, M immunoglobulinak ekoizteko gaitasuna dauka. Horrezaz gainera, organo linfatiko sekundario garrantzitsua da, gongoil linfatiko, amigdala eta Peyer-en plakekin batera. T eta B linfozitoak pilatzen ditu, eta opsoninak ekoizten.
- Hematopoiesia. Haurdunaldian, laugarren hilabetetik zazpigarrenera bitartean, organo hematopoietiko nagusia da. Jaiotzaren ondoren hezur-muinak ordezten badu ere, zenbait gaixotasun hematologikotan gerta daiteke bareak berriro eginkizun hori hartzea.
- Odol-zelulen kontrola. Eritrozito eta plaketa zaharrak edo akastunak suntsitzen ditu, makrofagoen bitartez.[2] Barea erauzten bada, hezur-muinak eta gibelak egiten dute funtzio hori. Eritrozito, leukozito eta plaketen biltegia da.
Gaixotasunak eta nahasmenduak
aldatuEsplenomegalia barearen handitze patologikoa da. Gibeleko gaitza bat izaten da arrazoirik ohikoena, baina infekzioek, linfomek edo prozesu tumoralek ere eragin dezakete. Esplenomegaliaren ondoriorik larriena barea apurtzea da, odol-galera handia gertatzen delako, eta segituan konpondu beharreko arazo kirurgikoa da.[3] Abdomeneko traumatismo baten ondorioz ere hauts daiteke barea, eta orduan ere erauzi egin behar izaten da, peritoneoaren barneko odoljarioa saihesteko. Barea kendu ezkero, beste organo batzuek burutzen dituzte haren funtzioak, hezur-muin gorriak eta gibelak batez ere.[2]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Bare. Orotariko Euskal Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-25).
- ↑ a b c d Olivares, María José. Odola, linfa-sistema eta immunitate-sistema. Lanbide ekimena, klasikoa.eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-25).
- ↑ Wong, Jhonatan. "Esplenomegalia linfoma bat garaiz antzemateko lehen sintoma izan daiteke". asuncionklinika.com (Noiz kontsultatua: 2020-6-25).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Bareaz Encyclopedia Britannican (sarean)