Belgika
Belgika[1] (nederlanderaz: België, frantsesez: Belgique, alemanez: Belgien), izen ofiziala Belgikako Erresuma, mendebaldeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Herbehereak ditu, Alemania ekialdean, Luxenburgo hego-ekialdean, Frantzia hego-mendebaldean, eta Ipar itsasoa ipar-mendebaldean. 30.528 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,6 milioi biztanle zituen 2022an.[2] Brusela hiriburua eta hiri nagusia da.
Monarkia konstituzional federala da. Bi eskualde nagusik osatzen dute: Valonia frantsesduna hegoaldean, eta Flandria nederlanderaduna iparraldean: tartean, Bruselako eskualdea dago. Hizkuntza ofizialak nederlandera, frantsesa eta alemana dira, eta katolizismoa erlijio nagusia da.
1830ean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita, erlijioa aitzakia harturik. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurreratua bilakatu da, Europar Batasunaren barruan. Azken urteotan, krisi ekonomikoak, flandriarren eta valoniarren arteko tirabirak eta eskuin muturraren gorakadak kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera.
Ekonomian, garrantzi handikoak dira industria (elikagaiak, siderurgia, ehungintza) eta, batez ere, zerbitzuak. Hartara, zerbitzuek ematen dute Belgikako barne produktu gordinaren % 77,2, industriak % 22,1 eta nekazaritzak % 0,7 (2017).[3]
Geografia
aldatuMugak
aldatuBelgika Europako ipar-mendebaldean dago, ipar latitudeko 49°30 eta 51°30 artean, eta ekialde longitudeko 2°33 eta 6°24 artean. Iparraldean 478 kilometroko muga du Herbehereekin; ekialdean 133 kilometrokoa Alemaniarekin; hego-ekialdean 130 kilometrokoa Luxenburgorekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean 556 kilometrokoa Frantziarekin. Ipar-mendebaldean Ipar itsasoa du (66,5 kilometroko itsasertza).[3]
Erliebea
aldatuHiru alde nagusi bereizten dira: itsasaldeko lautada, erdialdeko goi-ordokia eta, hegoaldean, Ardenetako mendigunea. Itsasaldeko lautada polderrez (dike eta ubideen bidez Ipar Itsasoari irabazitako eremuak) eta dunaz osatuta dago. Erdialdeko goi-ordokiak 100 eta 200 metro arteko garaiera du; haran emankorrak dira, ibai ugarik zeharkatuak. Ipar-ekialdean Campineko zabaldi hareatsua dago. Ardenetako muinoak eta goi-ordokiak malkartsuagoak dira eta baso trinkoz estalita daude; haitzulo eta arroila txikiak ere daude. Mendebaldean Frantzian ere sartzen da mendigune hori, eta ekialdean Alemaniako Eifel mendiekin loturik dago, Hautes Fagnes goi-ordokiaren bitartez. Bertan dago herrialdeko mendirik garaiena: Signal de Botrange (694 metro)
Hidrografia
aldatuIbai nagusiak hiru dira: Eskalda (350 km luze, horietako 200 km Belgikan), Mosa (925 km luze, 183 km Belgikan) eta Yser (78 km luze, 50 km Belgikan). Hirurek iturburua Frantzian dute, eta Ipar Itsasora isurtzen dira. Brusela-Eskalda, Brusela-Charleroi, Erdialdeko kanala (Mosa-Eskalda) eta Albert kanala (Anberes-Lieja) ubide nabigagarri garrantzitsuak dira.
Klima
aldatuKlima ozeanikoa da, oro har, Cfb Köppen klima sailkapenaren arabera, gogorragoa mendialdean. Bruselaren ondoko Uccleko estazioan, urteko batez besteko tenperatura 10,4 gradukoa da; urtarrila hilerik hotzena da (3,3 °C) eta uztaila, beroena (18,4 °C). Urteko prezipitazioak 852 mm ingurukoak dira, ongi banatuak urte osoan: handienak abuztuan (79,3 mm) eta txikienak, apirilean (51,3 mm).[4]
Historia
aldatuIndependentzia aurreko Belgika
aldatuK. a. 57an, Julio Zesarrek Galiaren ipar-mendebaldea konkistatu zuen; bertan belgae izeneko herri zelta bizi zen. K. a. 22an, Zesar Augustok Galia Belgika erromatar probintzia sortu zuen, Sena eta Rhin ibaien artean; Durocortorum Remorum (egun Reims, Frantzia) zen hiriburua.[5] Erromatarrek galtzada garrantzitsuak eraiki zituzten probintzian zehar, hala nola Boulogne-Kolonia eta Reims-Treveris artekoak, eta latina bilakatu zen administrazioaren hizkuntza. Kristautasuna IV. mendearen hasieratik aurrera hedatu zen; Tongeren izan zen lehenbiziko apezpikutegia.[6] IV. eta V. mendeetako migrazioetan, frankoak kokatu ziren eskualde hartan, eta bertan eratu zuten lehenbiziko erresuma frankoa. Txilderikok Tournain ezarri zuen hiriburua; haren seme Klovis I.ak bataioa hartu zuen 496 aldean, eta Parisera lekualdatu zuen gortea.[7]
843an sinatutako, Verdungo Hitzarmenaren arabera, Luis Errukitsuaren hiru semeen artean banatu zen Karolingiar Inperioa. Egungo Belgikaren lurraldeei dagokienez, Lotario I.ak jaso zituen Eskalda eta Rhinen arteko lurrak (Lotaringia), eta Karlos Burusoilak Flandria. 923ean, Lotaringia Ekialdeko Frantziari lotu zitzaion. XI. eta XII. mendeetan, lurraldea zenbait konderri eta jaurerri feudaletan banaturik zegoen: Flandriako, Namurko, Hainauteko, Luxenburgoko eta Loongo konderriak, Brabanteko eta Linburgoko dukerriak eta Liejako Printzerria. Flandria Frantziako Erresumaren parte zen, eta gainerako lurraldeak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende zeuden.[8]
X. mendetik aurrera, merkataritza bideak sendotuz joan ziren. Haien ondoan hiri berriak sortu eta zaharrak suspertu ziren. Urteko feriek garrantzi handia hartu zuten. XII. mendetik hara, produktu batzuk kanpora saltzen hasi ziren, hala nola Flandesko ehunak eta Valoniako metalurgia-lanak. Hiri batzuek, Gantek, Brujasek eta Ypresek adibidez, hiri gutuna eskuratu zuten. Zistertar abadia ugari eraiki ziren urte haietan: Orval (1132), Ten Duinen (1139), Villers (1146), Aulne (1147), Ter Doest (1174), Val-Saint-Lambert (1191). XIV. mendea izan zen Flandesko hirien garairik oparoena. Bertan ekoitzitako oihalak ontziz eramaten ziren Baltikorantz, Hansaren portuen bitartez. Leku estrategikoan kokatua, finatza gune garrantzitsu bihurtu zen Brujas, eta bertako portuak berealdiko ontzi-trafikoa zeukan.[8]
XIV-XV. mendeetan, Borgoinako dukeen esku gelditu ziren egungo Belgikako lurralde guztiak, Liejako eta Stavelot-Malmedyko printzerriak eta Tournai izan ezik. Frantzia eta Inperio Santuaren artean estatu indartsu bat eratzea zen haien asmoa. Urte horietan, 1400-1450 bitartean batez ere, ekonomia, kultura eta arte loraldia gertatu zen Borgoinar Herbehereetan. Filipe Onberak gauzatu zuen lurralde horien guztien bateratze administratiboa. Hiri handiek, ordea, beren autonomia gorde nahi izan zuten, politika zentralista horren aurka. XV. mendearen amaieran, Brujasen gainbehera hasi zen, eta Anberes bilakatu zen Flandesko merkataritza-hiri nagusi.[8]
1477an amaitu zen Borgoinar Herbehereen independentzia, Maria Borgoinakoa Maximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu zenean. Maria eta Maximilianoren iloba Karlos Habsburgokoak oinordetu zituen lurralde horiek, Espainiako Koroa eta Inperio Santuarekin batera. 1521ean Tournai eta egungo Herbehereetako probintzia batzuk ere bereganatu zituen. Eskuratu berriko eskualde horiek eta Borgoinar Herbehereek osatutako estatu multzoari Espainiar Herbehereak (edo Hamazazpi probintziak) izena ematen zaio. Hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Pizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma Protestantea errotzeko gune egokienetako bat.[9] Karlos Habsburgokoak aurre egin bazion ere, kalbinismoa azkar hedatu zuen Espainiar Herbehereetako iparraldean.[8]
Filipe II.a Espainiakoa izan zen Karlos Habsburgokoaren oinordekoa. Hamazazpi probintzietako nobleziak ez zuen gogo onez hartu haren jatorri atzerritarra, ezta haren nagusikeria ere. Protestanteen aurka Filipek abiarazi zuen politika bortitzak haserrea areagotu zuen. 1568an espainiarren aurkako matxinada piztu zen, Gilen Isila buru zela. Hasieran espainiarrak nagusitu baziren ere, iparraldeko probintziek borrokari eutsi zioten, eta Zazpi Herbehere Batuen Errepublika independentea (Probintzia Batuak ere deitua) eratu zuten 1581ean. Hegoaldeko hamar probintziak (ipar-mendebaldeko Frantzia, egungo Belgika, Liejako probintzia izan ezik, eta Luxenburgo) Espainiako Koroaren mendean geratu ziren. Horiek horrela, hegoaldeko probintzietako herritar ugari erbesteratu egin zen Zazpi Probintzietara edo beste herrialde batzuetara.[8]
XVII. mendean Espainiak etengabeko gerrak izan zituen, bai Frantziaren aurka, bai Probintzia Batuen aurka. Horren ondorioz, Hegoaldeko Herbehereak guduzelai bilakatu ziren, eta herrialdea suntsiturik geratu zen. Miseria garaia izan zen, artean Inperio Santuaren mende zegoen Liejako Printzerrian izan ezik. Gudu horietan Zeelandako Flandria, Ipar Brabante eta Maastricht aldea konkistatu zituzten Probintzia Batuek, eta Artois, Frantziar Flandria eta Hainauteko hegoaldea bereganatu zituen Frantziak.[8] 1714an, Espainiako Ondorengotza Gerraren ostean, Habsburgotar monarkiak eskuratu zituen Hegoaldeko Herbehereak; handik aurrera, Austriar Herbehereak izena eman zitzaien. 1794an, Frantziako Iraultzako Gerretan, Frantziako Errepublikak beretu zituen; frantsesen nagusitasuna 1815ean amaitu zen, Napoleon erabat azpiratua izan zenean.[10]
Independentzia ondoko Belgika
aldatu1815ean, Herbehereetako Erresuma Batua sortu zuten Napoleonen aurkako aliatuek, Probintzia Batuak, Austriar Herbehereak eta Liejako Printzerria bateraturik, hizkuntza eta erlijio berezitasunak kontuan hartu gabe, eta Gilen Orangekoa ezarri zuten errege. 1830ean, ordea, hegoaldeko valoniar eta flandriar katolikoak matxinatu eta Herbehereetatik bereizi ziren (Belgikako Iraultza). Monarkia konstituzionala ezarri zen, Leopoldo I.a errege zela. Leopoldo I.a 1865ean zendu zen, eta Leopoldo II.a semea izan zen ondorengoa. Afrikako kolonizazioaren eragile nagusietako bat izan zen Leopoldo II.a; Kongoko Estatu Burujabea haren jabego pribatua izan zen, eta hilketak, bahiketak eta torturak erabili zituen bertako aberastasunak beretzeko. 1908an, Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren izugarrikeriak ezagutu zirelarik, gobernuaren esku utzi behar izan zuen erregeak lurralde hura, harrezkero Kongo Belgikarra izena hartu zuena.[11]
Leopoldo II.a 1909an hil ondoren, Alberto I.a tronuratu zen. Herrialde neutrala bazen ere, Lehen Mundu Gerraren hasieran, 1914ko irailean, Alemaniak Belgika inbaditu zuen, Frantziari erasotzea helburu zuen Schlieffen planaren barnean. Gerrako mendebaldeko fronteko bataila nagusietako batzuk mendebaldeko Belgikan gertatu ziren. Gerra ondoan, Versaillesko Itunaren bitartez, Eupen eta Malmedy bereganatu zituen,[12] eta baita erdialdeko Afrikako Ruanda-Urundi kolonia ere.[13] 1932an onartu zen lehenbiziko hizkuntza legea, herrialdea hiru eremutan banatu zuena: Valonia (frantsesa ofiziala), Flandria (flandesera ofiziala) eta Brusela (elebiduna).[14]
Alberto I.a 1934an hil zen mendi istripu batean, eta haren seme Leopoldo III.a izan zen ondorengoa. 1940eko maiatzaren 10ean, Alemania Naziak herrialdea inbaditu zuen. Erregeak kapitulatzeko agindua eman bazuen ere, gobernuak —Parisen erbesteraturik zegoen— uko egin zion amore emateari. Alferrik izan zen, eta hilaren 28an baldintzarik gabe errenditu zen Belgika.[15] 40.000 belgikar baino gehiago hil zituzten naziek, horietako erdiak juduak. 1944ko irailaren eta 1945eko otsailaren bitartean, Aliatuek herrialdea askatu zuten. Belgikar herriak naziekin kolaboratu izana egotzi zion Leopoldo III.ari, eta 1951n Baudouin semeari utzi behar izan zion erregetza.[16]
1948an, Benelux izeneko ekonomia eta aduana batasuna eratu zuten Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok. Hiru urte geroago, hiru herrialde horiek, Frantziak, Italiak eta Mendebaldeko Alemaniak Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa sortu zuten, Europar Batasunaren ernamuina.1960an, burujabetasuna onartu behar izan zion Belgikar Kongori (egun Kongoko Errepublika Demokratikoa).[17] Ruanda-Urundiri dagokionez, 1961ean egin zen independentziarako erreferenduma, eta bi estatutan banatu zen 1962an: Ruanda eta Burundi.
1960-1961eko neguan, Gaston Eyskensen gobernuaren austeritate politikaren aurkako greba orokorra egin zen, sei aste iraun zuena. Flandriar hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabirak areagotu ziren 1960ko hamarkadatik aurrera. Horren ondorioz, Lovainako Unibertsitate Katolikoa bitan zatitu zen 1968an: Katholieke Universiteit Leuven eta Université catholique de Louvain. Hainbat erreformen ondoren, konstituzio federala onartu zen 1993an; horren arabera, hiru eskualdez (Brusela, Flandria eta Valonia) eta hiru komunitatez (flandriarra, frantsesa eta germanofonoa) osatutako estatu federala da Belgika.[18] Urte horretan bertan zendu zen Baudouin erregea; haren ondorengoa, Alberto II.a, 1993ko abuztuaren 9an koroatu zuten belgikarren errege.[19]
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuBelgika monarkia konstituzionala, ordezkaritzazkoa eta hereditarioa da. Estatuburua erregea da, eskumen mugatuak dituena, eta lehen ministroa da gobernuburua. Legebiltzarra ganbera bikoa da, Senatuaz (60 kide) eta Ordezkarien Ganberaz (150 kide) osatua. Lehenbiziko konstituzioa 1831n onartu zen, eta zazpi aldiz berrikusi da harrezkero, 1993an azkenekoz. Flandriera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabiren ondorioz-edo, konstituzioaren azken aldaketa horretan estatu federal bilakatu zen.
Hiru eskualdek osatzen dute herrialdea (Flandria, Valonia eta Brusela) eta hiru komunitate daude (flandriarra, frantsesa eta aleman hiztuna), lurralde bakoitzean mintzatzen den hizkuntzaren arabera eraturik. Horrezaz gainera, lau hizkuntza-eremu daude (flandriera hiztuna, frantsesa hiztuna, elebiduna eta alemaniera hiztuna). Komunitate bakoitzak bere parlamentua eta bere gobernua ditu. Flandriako eskualdea eta komunitatea batu egin ziren eta parlamentu bakarra dago bi erakundeak ordezkatzeko. Valoniako eskualdea eta izen bereko komunitatea, berriz, bereizirik daude.[18]
Banaketa administratiboa
aldatuBelgikako administrazioa hiru mailatan banatuta dago:
- Belgikako gobernu federala, egoitza Bruselan duena.
- Hiru hizkuntza-komunitate:
- Flandriar komunitatea (flandriera hiztuna);
- Frantziar komunitatea (frantsesa hiztuna);
- Alemaniar komunitatea (aleman hiztuna).
- Hiru eskualde:
- Flandria, bost probintziatan azpibanatua: Anberes, Ekialdeko Flandria, Flandriako Brabante, Linburgo eta Mendebaldeko Flandria;
- Valonia, bost probintziatan azpibanatua: Hainaut, Lieja, Luxenburgo, Namur eta Valoniako Brabante;
- Brusela-Hiriburua eskualdea.
Probintziak
aldatuMapa | Probintzia | Nederlanderaz | Frantsesez | Alemanez | Hiriburua | Hiri handiena | Eremua (km²) |
Biztanleria (2022/1/1)[2] |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Anberes | Antwerpen | Anvers | Antwerpen | Anberes (nl: Antwerpen) (fr: Anvers) |
Anberes (nl: Antwerpen) (fr: Anvers) |
2.860 | 1.886.609 | |
Ekialdeko Flandria | Oost-Vlaanderen | Flandre-Orientale | Ostflandern | Gante (nl: Gent) (fr: Gand) |
Gante (nl: Gent) (fr: Gand) |
2.982 | 1.543.865 | |
Flandriako Brabante | Vlaams-Brabant | Brabant flamand | Flämisch Brabant | Lovaina (nl: Leuven) (fr: Louvain) |
Lovaina (nl: Leuven) (fr: Louvain) |
2.106 | 1.173.440 | |
Hainaut | Henegouwen | Hainaut | Hennegau | Mons (nl: Bergen) |
Charleroi | 3.800 | 1.351.127 | |
Lieja | Luik | Liège | Lüttich | Lieja (fr: Liège) (nl: Luik) (de: Lüttich) |
Lieja (fr: Liège) (nl: Luik) (de: Lüttich) |
3.844 | 1.110.989 | |
Linburgo | Limburg | Limbourg | Limburg | Hasselt | Hasselt | 2.414 | 885.951 | |
Luxenburgo | Luxemburg | Luxembourg | Luxemburg | Arlon (nl: Aarlen) (de: Arel) |
Arlon (nl: Aarlen) (de: Arel) |
4.443 | 291.143 | |
Mendebaldeko Flandria | West-Vlaanderen | Flandre-Occidentale | Westflandern | Brujas (nl: Brugge) (fr: Bruges) (de: Brügge) |
Brujas (nl: Brugge) (fr: Bruges) (de: Brügge) |
3.151 | 1.209.011 | |
Namur | Namen | Namur | Namur | Namur (nl: Namen) |
Namur (nl: Namen) |
3.664 | 499.454 | |
Valoniako Brabante | Waals-Brabant | Brabant wallon | Wallonisch Brabant | Wavre (nl: Waver) |
Braine-l'Alleud (nl: Eigenbrakel) |
1.093 | 409.782 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2022aren hasieran Belgikak 11.584.008 biztanle zituen.[2] Dentsitatea Europako handienetakoa da, 379 biztanle kilometro koadroko. Dentsitate hori ez da berdina alde guztietan: iparraldeko probintziek askoz handiagoa dute Ardenetakoek baino. Eskulade populatuena Flandria da, 2022an 6.698.876 biztanlerekin (Belgikako populazioaren % 57,8a), ondoren dator Valonia 3.662.495 biztanlerekin (% 31,6a), eta azkenik Brusela-Hiriburua eskualdea 1.222.637 biztalerekin (% 10,6a).[2] Biztanle gehienak, % 98, hirietan bizi dira. Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 17,2 dira, 15-24 urte bitartekoak % 11,2, 25-54 urte bitartekoak % 39,8, 55-64 urte bitartekoak % 13 eta 65 urtetik gorakoak % 18,8. Bizi itxaropena oso garaia da, 81,2 urtekoa; 78,6 urtekoa gizonezkoena eta 83,9 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[3]
Banaketa etnikoa
aldatuBi gizatalde nagusi daude Belgikan: flandriarrak (% 55) eta valoniarrak (% 44); eta askoz txikiagoa den beste bat, alemanak (% 0,4). 2011n biztanleen % 25 etorkinak edo etorkinen ondorengoak ziren: italiarrak (% 4,1), marokoarrak (% 3,7), frantziarak (% 2,4), turkiarrak (% 2), herbeheretarrak (% 2), eta beste herrialde batzuetakoak (% 12.8).[3]
Hizkuntzak
aldatuBi dira Belgikako hizkuntza nagusiak: biztanleen % 55k nederlandera dute ama hizkuntza, eta % 38k frantsesa.[20] Nederlandera Flandrian mintzatzen da, Belgikako iparraldeko erdian, eta frantsesa, berriz, Valonian, hegoaldeko erdian. Aleman hiztunak (% 0,4) ekialdean bizi dira. Biztanleen % 9 elebidunak dira. Hiriburua, Brusela, gizatalde guztien elkargunea da, eta han, nederlandera eta frantsesa ofizialak dira.
Aurrekoez gain, honako hizkuntza gutxitu hauek ere lurralde batzuetan mintzatzen dira: pikardiera, Valoniako Tournai eta Mons barrutietan; linburgera, Liejako probintziaren iparraldean; eta luxenburgera, Luxenburgo probintzian.
Erlijioa
aldatuLibrepentsamenduak eta frankmazoneriak ahuldua izanda ere, katolizismoak eragin handia izan du Belgikako gizarte eta politikan independentzia adierazi zutenetik. Belgikako konstituzio laikoak kontzientzia-askatasuna babesten du eta, gobernuek horren alde egin dute. 2015eko Eurobarometroaren arabera egindako zenbatespenaren arabera, belgikarren % 60 kristaua da (% 52 katolikoa, % 2,1 protestantea, % 1,6 ortodoxoa, % 4,1 beste kristau sineste batekoa), % 5,2 musulmana, % 17,1 agnostikoa eta % 14,9 ateoa.[21]
Osasuna
aldatu1960ko hamarkadatik aurrera, urtero bi hilabetetan hazi zen bizi itxaropena, Europako batezbestekoaren antzera. Gaitz kardiobaskularrak, neoplasiak, arnas aparatuaren gaitzak eta naturalak ez diren kausak (istripuak eta suizidioak) dira heriotza-arrazoi nagusiak. Minbizia eta heriotza-arrazoi ez naturalak nagusiak dira 24 urte baino gehiagoko emakumeengan eta 44 urte baino gehiagoko gizonengan.[22]
Gizarte-segurantzak eta zergek finantzatzen dute osasun-sistema. Nahitaezkoa da osasun-asegurua kontratatua izatea. Mediku eta ospitale gehienak sektore pribatuan aritzen dira. Gaixoak gastuak ordaintzen ditu, eta aseguru-etxeak geroago itzultzen dio.[22] Osasun-sistema Gobernu federalak, hiru eskualdeek eta hiru komunitateek ikuskatzen eta finantzatzen dute. Beraz, sei osasun-ministerio daude, Flandriako eskualdekoak eta komunitatekoak bat egin zutelako.[22]
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuBelgika munduko herrialde industrializatu aurrenetako bat da. Gaur egun industrian eta merkataritzan ditu ekonomiaren bi oinarri nagusiak. Hala, biztanleen % 80,1 hirugarren sektorean aritzen da, eta ia % 18,6 bigarrenean. Nekazaritza-abeltzaintzak ez du % 1,3 baizik hartzen (2013ko datuak),[3] baina oso etekin handiak ematen dituzte, herrialdeko elikagai beharren % 80 asetzen baitituzte gutxi gorabehera.
Nekazaritza eta abeltzaintza
aldatuLurraren laurden bat lantzeko erabiltzen da, % 16 belardi eta larreetarako, eta % 22 basoa da.[3] Azkeneko urteotan, beterraba, patata, garia eta garagarra landu dira batez ere, fruituez, tomatez eta lihoaz gainera. Dena dela, nekazari gehienak ez dira baserriko lanetik bakarrik bizi. Nekazaritzarako lur hoberenak Flandriako zelaiak, Brabante eta Hainaut dira. Abeltzaintzan txerri, behi, ardi eta zaldi hazkuntza da aipagarriena. Belgikak kontsumitzen duen haragiaren % 95 ekoizten du, eta behar beste gurin, arrautza eta esne.
Meatzaritza
aldatuGarrantzi handiko harrikatz-hobiak izan ditu, baina gaur egun agorturik daude: 5,6 milioi tona ikatz atera ziren 1986an, 634.000 tona 1991n, eta 278.000 baino ez 1992an. Ikatza izan zen Belgikako ekonomiaren suspertzaile nagusia XIX. mendean. Meatze nagusiak Mosa-Sambre eskualdean zeuden, eta besteak beste Charleroi eta Lieja hirien hazkundea eragin zuten. Etorkin gehienak meatzetan aritzen ziren lanean. Azkenik, hobi sakonenak ustiatzeak zituen gastu ikaragarriak eta hidrokarburoen lehiak behartuta, bertan behera utzi ziren.
Industria
aldatuEuropako herrialde industrializatuenetako bat da, duen kokaleku egokiari eta garraio azpiegiturari esker. Europa kontinentalean Industria Iraultzari ekin zion lehenengo herrialdea izan zen: kokalekuaz gainera, ikatza eta ehungintza (Erdi Aroan Flandriako hirien aberastasun-iturri nagusia) izan ziren iraultza hartako oinarri nagusiak. Industriak bultzada handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta beheraldi bat gero, 1950eko hamarkadan, baina 1957an Europako Ekonomia Erkidegoan (Europar Batasuna, gaur egun) sartzeak eta inbertsioa sustatzeko gobernuak bultzatu zituen ekimenek berriro suspertu zuten.
Ikatz ekoizpenak sustatuta, garrantzi handiko siderurgia izan du oraintsu arte. Burdin eta altzairu asko ekoizten du, erdia baino gehiago kanpora saltzeko. Ehungintzak —garrantzi handiko jarduera, Erdi Aroaz geroztik— kotoia, artilea, lihoa eta ehun sintetikoak ekoizten ditu, batez ere Brujas, Brusela, Linburgo, Gante, Lieja, Kortrijk eta Malinasen. XX. mendearen bukaeran 46.000 tona kotoizko ehun, 32.000 tona artilezko ehun eta 38.000 tona raion eta zetazko oihal ekoizten ziren urtean.
Belgikako industria kimikoa kobalto eta erradio gatzen munduko ekoizle handiena da, eta munduko handienetako bat egur-mundruna, ongarriak eta plastikoak ekoizten. Garrantzizko beste industria batzuk dira: ontziolak (Anberes) eta trenak; diamanteak lantzeko industria (Anberes), munduko inportanteena; farmazia industria; argazki hornigaiak; beirazko gauzak; altzariak; alfonbrak (Sint-Niklaas); papera eta kartoia; zementua. Burdinarik gabeko metalen industriak, Kongoko Errepublika Demokratikoko (Belgikar Kongo ohia) lehengaiez horniturik, era askotako metalez —kobrea, zinka, beruna, platinoa, germanioa eta uranioa— hornitzen ditu industria metalurgikoak, kimikoak eta bestelakoak.
Energia
aldatuArgindarraren %35 erregai fosilen bitartez lortzen da, % 28 zentral nuklearretan, % 1 ur indarretxeetan, eta % 36 beste iturri berriztagarrien bitartez (2016-2017ko zenbatespenak).[3]
Azpiegiturak
aldatuAireportuak
aldatuKultura
aldatuGastronomia
aldatuFrantziako sukaldaritzaren eragina nabarmena da Belgikan. Sarritan, gourmetak baino gehiago tripontziak (frantsesez: gourmands; nederlanderaz: bourgondiërs) direla esaten dute belgikarrek, hau da fine cuisine baino nahiago dutela grand cuisine edo sukaldaritza zabala. Topikoetatik aldenduz, egia esan, Belgikako sukaldaritza zabala izateaz gain kalitatezkoa ere bada. Izan ere, Alemaniako kantitatea eta Frantziako kalitatea ematen omen dute bertan.[24][25] Bruselako gaufreak, txokolateak eta garagardoak ospetsuak dira herrialdetik kanpo ere. Belgikako sukaldaritza bertoko sasoiko produktuak lantzen ditu batez ere, adibidez Flandriako carbonade flamande izeneko erregosia edo Dinanteko couque izeneko galletak. Egunean hiru otordu egin ohi dira: gosari arina, bazkari arina edo ertaina eta afari handia.
Komikiak
aldatuBelgika osoa, baina batez ere Brusela hiriburua, Europa osoko komikigintzaren egoitza nagusietako bat da.[26] Comanche, Lucky Luke, Pottokiak, Tintin (nederlanderaz: Kuifje) edo Spirou et Fantasio komikiak bertan jaio ziren.
Kirolak
aldatuBelgikan zale gehien duen kirola futbola da, eta RSC Anderlecht talde nagusia da; aipagarriak dira, orobat, Club Brugge KV, Standard Liège eta RKV Malinas, besteak beste. Zale ugari dituzte txirrindularitzak, tenisak, igeriketak eta judoak ere.[27]
Txirrindularitzan, Lieja-Bastogne-Lieja eta Flandriako Tourra klasiko handiak, Valonian eta Flandrian jokatzen dira, hurrenez hurren. Gainera, La Panneko Hiru Egunak, Kuurne-Brusela-Kuurne, Omloop van de Westhoek, Omloop Het Niewsblad, Mendebaldeko Flandriako Hiru egunak, Flandrian Zehar, Pino cerami Sari Nagusia eta Flèche Brabançonne lasterketak egiten dira. Halaber, inoizko txirrindularirik handienen artean, Eddy Merckx dago.
Belgikar ospetsuak
aldatu- Pieter Paul Rubens (1577-1640), margolaria.
- Guy Huygens (1924-), margolaria.
- Herge (1907-1983), komikigilea.
- Morris (1923-2001), komikigilea.
- Jean-Michel Charlier (1924-1989), komikigilea.
- Pierre Culliford "Peyo" (1928-1992), komikigilea.
- Jacques Brel (1929-1978), abeslaria.
- Eddy Merckx (1945-), txirrindularia.
- Jean-Claude Van Damme (1960-), aktorea.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b c d (Frantsesez) Au 1er janvier 2022, la population légale belge comptait 11.584.008 habitants. Statbel (Noiz kontsultatua: 2023-2-19).
- ↑ a b c d e f g Belgium. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-01-13).
- ↑ Les normales mensuelles à Uccle. Institut Royal Météorologique, meteo.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ Gallia Belgica. Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
- ↑ La principauté de Liège: Les premiers évêques. perso.infonie.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
- ↑ Pfister, Christian. Clovis. 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
- ↑ a b c d e f Histoire avant l'indépendance. vivreenbelgique.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
- ↑ Erlijio gerrak. Historia Unibertsala, Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-18).
- ↑ War of the Spanish Succession. historyworld.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
- ↑ El Genocidio de Leopoldo II. ikuska.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ Robert H., George. Eupen and Malmedy. foreignaffairs.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ Samson, Anne. Ruanda and Urundi. 1914-1918-online. International Encyclopedia of the First World War, encyclopedia.1914-1918-online.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ Beljika burujabearen hizkuntza politika. soziolinguistika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ May 28: Belgium surrenders unconditionally. This Day in History, A&E Television Networks, history.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ Vanderstappen, Tom. Leopold III: The Belgian king who was forced to abdicate after the Second World War. 2019 The Brussels Times, brusselstimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ The Congo, Decolonization, and the Cold War, 1960–1965. Office of the Historian, Bureau of Public Affairs, United States Department of Statehistory.state.gov (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ a b Bernales Soriano, Roberto. Federalismo fiskala XXI. mendean: gure inguruko ikuspegi orokor bat. conciertoeconomico.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ Le roi Albert II. monarchie.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
- ↑ Eurobaromètre spécial 386: Les Européens et leurs langues. European Commission, ec.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
- ↑ Eurobarometer 437: Discrimination in the EU in 2015. European Commission, zacat.gesis.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
- ↑ a b c Corens, Dirk. (2007). «Belgium, health system review» Health Systems in Transition (European Observatory on Health Systems and Policies) 9 (2).
- ↑ Chiffres de population au 1er janvier 2018, ibz.rrn.fgov.be
- ↑ www.belgium.alloexpat.com. Belgian cuisine - General. .
- ↑ Jackson, Michael. Michael Jackson's Great Beers of Belgium. ISBN 0-7624-0403-5..
- ↑ Dierick, Charles. (2000). Het Belgisch Centrum van het Beeldverhaal. Brusela: Dexia Bank / La Renaissance du Livre, 11 or. ISBN 2-8046-0449-7..
- ↑ George Wingfield (2008). Charles F. Gritzner argitaldaria. Belgium. Infobase Publishing. 94–95. orr. ISBN 978-0-7910-9670-3.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Belgika, argia.eus
- (Nederlanderaz) (Frantsesez) (Ingelesez) (Alemanez) Belgikako Gobernuaren webgunea
- (Frantsesez) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) Commune Libre d'Ilot Sacré