Boloniako prozesua Italiako Bolonia hirian 1999an Europako hainbat herrialdetako Hezkuntza Ministroek sinatutako hitzarmenarekin hasitako prozesuaren izena da. Prozesuaren helburu nagusia Europako Unibertsitate Esparrua sortzea da, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua (GHEE)[1] delakoa, Europar Batasunaren barruan eta akordioarekin bat egingo duten beste herrialde batzuen artean unibertsitate-titulazioen esparru amankomun bat eraikitzeko. Asmo horrekin estatu horien hezkuntza-legeetan aldaketa nabarmenak egin dituzte, batez ere 2000ko hamarkadan.

Boloniako prozesuaren logotipoa.

Hasiera batean prozesuaren amaiera 2010. urterako aurreikusi dute (2010-2011 ikasturtean hasi da gauzatzen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoan). Helburua lortzeko bi urtetik behin bildu dira hezkuntza-ministroak 1999tik hona. Horrela, 1999an Bolonian bildu ondoren, Pragan (2001), Berlinen (2003), Bergenen (2005) eta Londresen (2007) elkar ikusi dute.

Aditu askoren ustez, Boloniako prozesuak 1999ko akordioan sinatu ez ziren beste hainbat aldaketa ere suposatuko ditu, besteak beste unibertsitate publikoaren finantziazioaren pribatizazioa. Prozesuaren alderdi horrek batez ere kontrako jarrera ugari piztu ditu[2][3].

Hitzarmena sinatu duten estatuak

aldatu
 
Boloniako hitzarmena sinatu duten estatuen mapa.

Boloniako Adierazpena sinatu duten eta, ondorioz, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren kideak diren 46 herrialderen zerrenda honakoa da[4]:

Errefusatutako estatu eta eskualdeak

aldatu

Beste lau estatu eta eskualdek eskatu dute Boloniako prozesuan sartzea, baina momentuz ez dira onartuak izan, batez ere Europako Kontseiluan barne ez daudelako: Ipar Zipreko Turkiar Errepublika, Israel, Kirgizistan eta Kosovo.

GHEEren helburu orokorrak

aldatu

Boloniako prozesuak jomuga duen Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruak sei helburu nagusi ditu[1]:

  1. Titulazio- eta kalifikazio-sistema bateratuak lortzea. Horretarako, Tituluaren Gehigarri Europarra izeneko agiria sortu dute (Diploma Supplement[5] delakoa).
  2. Kreditu-sistema bateratua sortzea: ECTS (European Credit Transfer System) izeneko kredituak. Ikasturte bakoitzak 60 ECTS kreditu suposatuko ditu (1.500-1.800 ikastordu, etxeko lanak barne).
  3. Unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan banatzea: Gradua (180-240 ECTS kreditu), Masterra (90-120 ECTS kreditu) eta Doktoretza (ECTS kredituen kopuru jakinik gabe)[6].
  4. Europar unibertsitateen arteko lankidetza sustatzea.
  5. Ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatzea.
  6. Ikasleen garapen kurrikularra sustatzea.

GHEEren gauzatzea Euskal Herrian

aldatu

Ipar Euskal Herria

aldatu

Baccalauréat -bigarren hezkuntzako azken fasea- eta doctorat esaten zaien zikloek ez dute aldaketarik jasoko printzipioz, baina DEUG (Diplôme d'études universitaires générales) eta licence zaharra hiru urteko licence berri batean uztartuko dituzte, graduko lehen ziklo berria osatuko duena (180 ECTS kreditu).

Hego Euskal Herria

aldatu

Espainiar administraziopeko unibertsitateek 2005ean Hezkuntza-Ministeritzak argitaratutako dekretuak jarraitu beharko dituzte[7][8][9]. Horrela, graduko lehen ziklo berria lau urtekoa izango da (240 ECTS kreditu). Ikasketa-planak onetsiko dituen erakundea ANECA (Agencia Nacional de Evaluación de la Calidad y Acreditación delakoa) izango da. Helburu antzerakoekin Euskal Autonomia Erkidegoan Uniqual (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia) sortu dute ere bai. Halaber, EAEko unibertsitateak —EHU, MU eta DU— GHEEra moldatzeko Eusko Jaurlaritzak 2007-2010eko Unibertsitate Plana[10] martxan jarri du.

Medikuntza, Arkitektura eta Ingeniaritzako ikasketen luzera eta kreditu-kopurua ezberdina izango da. Azken bi horietan Karrera Amaierako Proiektua izango da ere bai.

Unibertsitate publikoen matrikulen tasen prezioa Autonomia Erkidego bakoitzak erabakiko du[11].

Lehen ondorio gisa, EHUren Arabako Campusak lau filologiako ikasketa galduko ditu (Filologia Hispanikoa, Klasikoa, Frantsesa eta Alemaniarra), Bolognako Prozesuaren ondorioz ezarritako legeak gutxienez 30 ikasle eskatzen baititu klase bakoitzean[12].

Kritikak

aldatu
  • Pribatizazioa: Boloniako prozesua mundu-mailan ematen ari den hezkuntzaren pribatizazio prozesu handiago baten parte izan daiteke, zeinetan hezkuntza-korporazio handiek eragin zuzena izan dezaketen[2].
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa: Unibertsitatea enpresa pribatuaren esanetara jartzeko arriskuaz ohartarazi du askok, hezkuntza produktu gisa ulertuko dela esanez. Gizartea eta merkatua, alabaina, ez dira berdina[13].
  • Elitizazioa: Graduondoko ikasketak ordaintzea ez ei da ikasle guztion eskura egongo eta, ikasketa batzuetan profesionalki aritzeko gaikuntza graduondokoak berak emango duenez, derrigorrezkoa izango da hura egitea (eta, ondorioz, ordaintzea). Bekak edo diru-laguntzak beharrezkoak izango omen dira unibertsitate-ikasketa osoak amaitzeko, baita aldarrikatzen den mugikortasuna egikaritzeko ere.
  • Euskara: Boloniako prozesuaren ondorioz euskarak, espainera eta frantsesa hizkuntzen aurka borrokatu ez ezik —orain arte bezala—, ingelesaren aurka ere egin beharko du. Europako Unibertsitate Esparru berriak ez du hizkuntza-aniztasuna babesten[14].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b CAMPOS, TONTXU; JUARISTI, PATXI. Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua: aurrerapausoak eta erronkak. Jakin aldizkaria (168. zenbakia), 2008ko iraila-urria. ISSN 0211/495X
  2. a b Jose Miguel Campillo: Bologna eta kapitalismoa[Betiko hautsitako esteka] (2005/10/13).
  3. Ikasle Abertzaleak: Zer da Bologna? (2006/11/17).
  4. (Ingelesez) Europar Batasuna: Who participates in the Process? (Nork hartzen du parte prozesuan?).
  5. (Ingelesez) European Commission: The Diploma Supplement
  6. (Ingelesez) Bergengo bileratik: The framework of qualifications for the European Higher Education Area (2005).
  7. (Gaztelaniaz) BOE: Real Decreto 55/2005 (Graduko ikasketak).
  8. (Gaztelaniaz) BOE: Real Decreto 56/2005 (Graduondoko ikasketak).
  9. (Gaztelaniaz) BOE: Real Decreto 1509/2005 (55/2005 eta 56/2005 dekretuen aldaketa).
  10. Eusko Jaurlaritza: 2007-2010eko Unibertsitate Plana (2008).
  11. '(Gaztelaniaz) En el nombre de 'Bolonia elpais.com webgunean
  12. (Gaztelaniaz) Filologiako karreren desagerpenaren berria elcorreodigital.com webgunean
  13. (Gaztelaniaz) Fernández Liria, Carlos. & Serrano García, Clara.. (2009). El Plan Bolonia. Los Libros de la Catarata ISBN 84-8319-434-1. PMC 462789069. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
  14. Aquilina Fueyo Gutiérrez: Goi Mailako Heziketako Europako Esparrua. Garapenerako Hezkuntzarako esparru bat?

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1
multimedia 1
os 11
web 3