Cannaeko gudua K.a. 216ko abuztuaren 2an Apuliako Cannaetik gertu Bigarren Gerra Punikoko gudua izan zen. Bertan Hanibalek zuzendutako kartagotar armadak, bera baino handiagoa zen Gaio Terentzio Mario Varron eta Luzio Emilio Paulok zuzendutako erromatar armada menderatu zuen[1]. Adituek historia militarraren garaipen taktikorik handienetariko batez gain, Antzinako Erromaren bigarren porrotarik handienentzat hartzen dute, hildakoen kopurua kontuan hartuta.

Cannaeko gudua
Bigarren Gerra Punikoa
Italiako frontea
Trebia, Trasimene aintzira eta Cannaeko guduen kokapena
DataK.a. 216ko abuztuaren 2a
LekuaCannae, Italia
Koordenatuak41°18′23″N 16°07′57″E / 41.306388888889°N 16.1325°E / 41.306388888889; 16.1325
EmaitzaKartagotarren garaipen taktikoa
Gudulariak
Kartago Erromatar Errepublika
Buruzagiak
Hanibal Gaio Terentzio Mario Varron,
Luzio Emilio Paulo
Indarra
56.000:
40.000 oinezko,
6.000 infanteria arina,
10.000 zaldun
86.000:
40.000 erromatar oinezko,
40.000 oinezko aliatua,
2.000 erromatar zaldun,
4.000 zaldun aliatua
Galerak
Hildakoak:
8.000 (Tito Livio)
5.700 (Polibio)
* 4.000 galiar
* 1.500 hispaniar eta afrikar
* 200 zaldun
Hildakoak: (Tito Livio)
45.500 oinezko
2.700 zaldun
Presoak:
3.000 oinezko
1.500 zaldun

Trebia (K.a. 218) eta Trasimeno aintzirako guduetan (K.a. 217) menderatuak izan ondoren, erromatarrek Cannaen Hanibal aurre egitea erabaki zuten. Horretarako, aliatuak barne, 87.000 soldadu eraman zituzten. Erromatarrek bere infanteria astuna formazio sakon batean kokatu zuten, Hanibalek matxarda-mugimendua erabili zuen bitartean. Hain zen latza porrota ezen erromatar armada desegin eta Capua eta beste italiar hiri-estatuek Erromatar Errepublikatik atera baitziren.

Will Durant historialariak honela deskribatu zuen gudua:

« Agintearen adibide gorena izan zen, historian zehar inoiz hobetua... hurrengo 2.000 urterako taktika militarren oinarriak jarri zituen[2] »


Oinarri estrategikoak

aldatu

Bigarren Gerra Punikoa hasi bezain pronto, Hanibal Italiara heldu zen eta Alpeak neguan zeharkatu ondoren, erromatarrak bi gudutan garaitu zituen, hots, Trebian eta Trasimeno lakuan. Erromatarrek porrotaren ostean, Kinto Fabio Maximo Erromako diktadore izendatu zuten kartagotar mehatxuari aurre egin ziezaion. Fabiok higadurazko gerra bat antolatu zuen Hanibalen hornidurak mozteko, baina gudu bat aurkeztu gabe. Erromatarrentzat taktika hauek ez ziren gogokoak, zeinek jasandako porroetatik berreskuratuta, zalantzan jartzen baitzuten Fabioren estrategia, kartagotarren armadari elkartzeko aukera ematen ziolako[3]. Erromatar gehienek nahi zutena zen gerra ahalik eta azkarren bukatzea. Honetaz gain, pentsatzen zuten kartagotarrek Italia arpilatzen bazuten oposiziorik gabe, erromatar aliatuen iritzia izango zen Erromak ezingo zuela penintsulan ziurtasuna eman eta, ondorioz, etsaiaren aldera igaroko zirela[4].

Gauzak honela, agintaldiaren amaieran, erromatar senatuak ez zion diktadoreari botereak berriztu eta armadaren agindua Kneo Servilio Gemino eta Marko Atilio Regulo kontsulei itzuli zien.

K.a. 216ko hauteskundeetan, Gaio Terenzio Varron eta Luzio Emilio Paulo aukeratuak izan ziren kontsulak izateko. Ordura arte ikusita ez zegoen armada berri baten agindua eman zieten eta zuzenean Hanibalen kontra abiatu ziren. Polibiok honako hau idatzi zuen:

« Senatuak erabaki zuen zortzi legio gudu-zelaira eramatea, ordura arte Erromak egin ez zuena. Legio bakoitzak 5.000 soldaduz osatutako zegoen, gehi aliatuak (…). Gudu gehienen emaitzetan kontsul batek baino ez du parte hartzen, hau da, haren bi legiorekin eta aliatuekin. Oso arraroa da aldi berean lau legioak erabiltzea. Hala ere, hain berezia zen egoera honetako beldurra ezen erabaki baitzuten ez lau baizik eta zortzi legio bidaltzea[5]. »


Erromatar armada, zortzi legio horiek, gehi 2.400 zaldun inguruk osaten zuten. Legio bakoitzak beste horrenbeste soldadu aliatuen kopurua zuen eta zalditeri aliatua 4.000 gizon ingurukoa zen, beraz, Hanibalen kontrako erromatar armada ez zen 90.000 gizon baino gutxiago izango[6].

Atarikoa

aldatu

K.a. 216ko udaberrian, Hanibalek ekimena hartuz, hornidurazko biltegi bat setiatu eta hartu zuen, Cannae hirian kokaturik zegoena, Apuliako lautadan. Honela erromatarren eta haien hornidurazko iturri nagusiaren artean kokatu zen. Polibiok komentatu zuen Cannae hartzeak ezinegona sortu zuela erromatar armadan, ez zituelako bakarrik hiria eta biltegiak galtzen baizik eta eskualde osoa[7]. Kontsulek erabaki zuten Hanibali aurre egitea eta hegoaldera abiatu ziren horren bila. Bi eguneko ibilaldiaren ostean, afrikarraren armada ikusi zuten Audifus ibaiaren ezkerraldean, eta erabaki zuten 10 kilometrora kanpamendua jartzea. Dirudienez, Giskok izeneko kartagotar ofizial batek agerian utzi zuen erromatar armadaren tamaina baina Hanibalek erantzun zion: Beste gauza harrigarri bat ez duzu kontuan hartu, nahiz eta hain handia izan, beraien artean ez dago inor Gisko izena duenik[8]. Hanibalen iruzkinak barrearazi zien soldadu urduri horiei[9].

Ohikoa zenez, kontsul bakoitzak bere armada zuzentzen zuen, baina biak elkarrekin zeudenez, erromatar legeen arabera, boterea tartekatu behar zuten. Hanibalek, jakinaren gainean zegoenez, horren arabera antolatu zuen bere estrategia. Varron kontsula, lehenengo egunean agintzen zuena, antzinako iturrien arabera arduragabekoa izateaz gain, erabakita zegoen Hanibal garaitzea. Erromatarrak Cannaera hurbiltzen ziren bitartean, Hanibalen indar txiki batek erromatar armada inguratu zuen. Varronek, erasoa atzera bota ondoren, bidaia jarraitu zuen. Garaipen honek, balio militarreko borrokatxo bat baino ez bazen ere, erromatar soldaduen adorea suspertu zuen baita Varronena ere. Paulok, berriz, ez zuen gogoko halako enfrentamendurik eta Varronen alderantziz, zuhurragoa zen uste zuelako lelokeria zela zelai zabalean Hanibalen kontra borrokatzea, nahiz eta latinoek indar gehiago eduki. Hori zentzuduna zen Hanibalek zalditeria trebeagoa eta handiagoa zelako. Hala ere, Paulok lehenengo garaipenaren ondoren, ez zuen erabaki bere armada erretiratzea eta horren bi herenari Aufidus ibaiaren ekialdera agindu zion kanpatzea, gainontzeko soldaduak, berriz, ibaiaren beste aldera bidali zituen posizioa gotortzeko. Bigarren kanpamenduaren helburua zen kanpamendu nagusiko hornidura-biltzaileen partidak babestea eta etsaia erasotzea[6].

Bi egunez armada bakoitzak hasierako tokian jarraitu zuen. Bigarren egunean, (abuztuaren 1ean), Hanibalek bazekienez hurrengo egunean Varron agintean egongo zela, kanpamendutik irten zen eta erromatarrei borroka eskaini zien, baina Paulok ez zuen onartu. Jarraian, Hanibalek armada bidali zuen erromatar kanpamendu txikiari, uraren bila joaten ziren soldaduak erasotzeko. Polibioren arabera, zalditeri punikoak bueltaka ibili zen erromatar kanpamenduaren inguruan kaosa eta izua sortaraziz[10].

 
Cannae guduaren monumentu modernoa

Indarrak

aldatu

Bi kontsulen bateratutako indarrek infanteriazko 75.000 soldadu zituzten, gehi 2.400 erromatar zaldun eta 4.000 aliatu. Hauek izan ziren gudu-zelaian parte hartu zutenak. Honetaz gain, gotortutako kanpamenduan infanteria astuneko 2.600 gizon eta arinekoa 7.400 zeuden. Honen arabera, erromatarrek gerrara eramandako indarrak 86.400 soldaduren bat ziren. Kartagotar taldean, berriz, infanteria astunean 40.000 gizon zeuden, 6.000 infanteria arinekoak eta 8.000 zaldun[11][12].

Kartagotar armada, ostera, anitz eskualdetako soldaduz osaturik zegoen. Ez dago jakiterik nazionalitate bakoitzeko kopurua, estimazio batzuk badaude ere. Guztira 10.000 zaldun inguru ziren, hauetatik 4.000 galiar eta zenbait mila hispaniar. Infanteriari zegokionez, 40.000 inguru, soldadu gehienek arinean jardun zuten (Trebiako guduan 8.000 eta Cannaen zenbait gutxiago). Enparaua, Italian gehitu ziren: zeltak (gerra hasi zenetik, Hanibalek ez zuen errefortzu berririk izan Afrikatik edo Hispaniatik). Litekeena da 8.000 libiar eta 4.000 hispaniar izatea[13]. Beste iturriren arabera, 8.000 libiarrekin batera, (erromatar armadura zeramatenak) bazeuden 8.000 iberiar, 16.000 galiar (hauetatik 8.000 geratu ziren kanpamenduan guduaren egunean) eta 5.500 getulo. Hanibalen zalditeria toki askotatik zetorren: bazeuden 4.000 numidiar, 2.000 hispaniar, 4.000 galiar eta 450 libiar eta feniziarrak. Azkenean, Hanibalek 8.000 jazartzaile zituen, hauen artean balear habailariak eta hainbat nazionalitateko lantzariak zeuden. Hala ere, kopuru hauek bakarrik baliospenak dira Hanibalen hasierako armadan oinarrituta zeudelako, baina hau Italiako guduetan sartu ahala, joan zen aldatzen. Edozein kasutan, talde bakoitzak haren ezaugarriak gehitzen zioten Kartagoko armadari eta beraien arteko lotura bakarra Hanibal buruzagia zen[1][14].

Ekipamendua

aldatu

Errepublikako indarrek gerra punikoen erromatar ohiko ekipamendua erabiltzen zuten. Honentan pilum eta hastae armak erabiltzen ziren baita ezkutuak, armadurak eta ohiko kaskoak ere. Armak kantitate handitan eta serie-fabrikazioan egiten ziren aurretiazko diseinu batzuen arabera, res miitaris edo disziplina izenekoak. Material horren erabilerak Errepublika eta Erromatar inperioa bikaintasun militarrera eraman zituen, baita hainbat garaipenetara ere[ohar 1].

Hugh Eltonen arabera, erromatar ekipamenduak (bereziki armadurak) abantaila handia eman zien soldaduei etsaien aurrean[15]. Edward Luttwakek, berriz, uste zuen erromatar ekipamendua ez zela Erromako etsaiena baino hobea[16].

Hasieran, greziar eta etruriar ereduetako armak erabiltzen zituzten. Zeltekin harremanetan hasi zirenean, hauen ekipamenduko zenbait barietate hartu zuten. Kartagotarrak irabazi zituztenean, hasieratik flota berria egin zuten afrikarren eredua kopiatuz.

Kartagotarrei zegokienez, anitz ekipamendu erabiltzen zuten: libiarrek erromatarrei hartutako armak eta ekipamenduarekin borroka egiten zuten; hispaniarrek ezpata mota bat zuten (falkata) oso aproposa mozteko eta ziztatzeko, honetaz gain, xabalinak eta zuzko lantzak zituzten, eta defentsarako obalantzeko ezkutuak; galiarrek ezpata luzeak zituzten eta ezkutu obalatu txikiak baina hauskaizak. Kartagotar zalditeri astunak bi lantza, kurbatutako ezpata bat eta armadura sendo bat zeramatzan. Numidiar zalditeriak, arinagoa zenak, armadura ez bazuen ere, ezkutu txiki bat, xabalinak eta ezpata bat erabiltzen zituen. Azkenean, jazartzaileek, zalditeria arina moduan borroka egiten zutenek, habailak eta lantzak zituzten, eta hauen artean balear habailariek (oso ospetsuak arma honekin zuten trebetasunarengatik) habaila laburrak, erdikoak eta luzeak zeramatzaten, nahiz eta defentsarako ekipamendurik ez. Lantzariek ezkutuak zituzten, eta agian ezpata edo gutxienez distantzia laburrean ziztatzeko lantza motz bat[1].

Zabaltze taktikoak

aldatu

Garai hartako armaden zabaltze taktikoa oinarritzen zen infanteria formazioaren erdian kokatzean eta zalditeria, berriz, bi ertzetan. Erromatarrek fidelki jarraitu zuten eskema hau, baina sakontasun gehiago eman zioten kohorte berriak jarriz, infanteriari espazio gehiago eman beharrean. Beharbada, erromatar komandanteek espero zuten indarren kontzentrazio honekin etsaien lerroaren erdia apurtzea. Varronek bazekien Trebiako guduan erromatarrek kartagotar formazioaren erdia apurtu zutela eta oraingo honetan, eskala handiagotan, gauza bera egin nahi zuen.

Princeps-ak hastatien atzean kokatu ziren, zeinak prest zeuden aurrera bultzatzeko etsaiekin kontaktuan egon bezain pronto, eta honela ziurtatzeko erromatarren aurrea zulorik gabeko fronte bat izango zela. Polibiok idatzi zuen: Manipuloak hain elkarren ondoan zeuden non tarteak laburragoak baitziren eta manipuloek sakontasun gehiago zuten frontea baino.[17] [18]. Nahiz eta erromatar tropen kopurua kartagotarrena baino handiagoa izan, formazio ezarpen honekin erromatar tropen luzera eta etsaiarena antzekoak ziren. Erromatar armadak aurkeztutako irudia eredu klasikoarena zen. Ibaiarekiko bi bloke perpendikular ziztuzten, infanteria arina aurrean eta astuna atzean. Eskuinean, ibaiaren ondoan, erromatar zalditeria eta ezkerreko ertzean erromatar aliatuen zalditeria.

Varron kontsularen ustez, Hanibalek ez zuen nahiko espaziorik maniobratzeko eta erretiratzea ezinezkoa zitzaion ere, Aufidus ibaia haien atzeguardian zegoelako. Varronek uste zuen erromatarrek bultzatu orduko, kartagotarrak ibaian eroriko zirela eta, mugitu ezinik, haien artean izua zabalduko zela. Bestalde, Varronek Hanibalen garaipenak ikasi zituen baita honek erabilitako trikimailuak ere. Horregatik, Varronek bilatu zuen zelai zabalean borroka egitea Hanibalen ezkutaturiko tropek segada bat egin ez zezaten[19].

Hanibalek ere, bi lerrotan antolatu zuen armada, baina ez zuen trinko egin. Zabaltzean, kartagotar armadak apuntatzen zuen erromatar armadaren gunera[6]. Iberiarrak, galiarrak eta zeltiberiarrak erdian kokatu zituen, honela konposizio etnikoa tartekatuz fronteko lerroan. Gunean, Hanibalek tropa iberiarrak kokatu zituen disziplina handiago zutelako, eta hauen atzean, galiarrak horren disziplinatuak ez zirelako. Hanibalen infanteria punikoa ertzetan kokatu zen.

Ohiko akatsa da pentsatzea afrikar tropek pikak zituztela, Peter Connolly historialariak adierazi zuen moduan. Egia esan, libiar tropek lantza zeramaten, erromatar triariienak baino laburragoak. Abantaila, beraz, ez ziren pikak izan, baizik eta infanteriaren eskarmentua. Honek kohesionaturik jarraitu zuen eta erromatar ertzak eraso egin zituen.

Hasdrubalek gidatu zuen kartagotar armadaren ezkerraldeko iberiar eta zeltiberiar zalditeria (hegoaldean zegoena, Aufidus ibaiaren ondoan). 6.500 zaldun zeuden horren esanetara, Hannonek, berriz, eskuineko 3.500 zaldun numidiar gidatzen zituen. Hasdrubalek azkar irabazi zuen hegoaldeko erromatar zalditeria, gero infanteriaren atzeguardia zeharkatu zuen eta zalditeria aliatuaren kontra borrokatzera abiatu zen, (numidiarren aurka borrokatzen zutenak). Hasdrubal eta Hannonen konbinaturiko indarrek erromatar zalditeria sakabanatu zuten. Honek ahalbideratu zien atzeguardiatik Lazioko infanteria erasotzea.

Hanibalek hispaniar eta numidiar zalditeri arina ertzetan kokatu zituen erromatar zalditeria azkar irabazteko eta geroago, erromatar infanteria atzeratik erasotzeko. Hau gertatzen zen erromatarrek kartagotarren zentru ahula erasotzen zuten bitartean. Afrikar tropa beteranoek ertzen erdian presioa egin zuten erromatarrak inguratzeko.

Erromatarrak Cannaeren aurreko muinoan zeuden eta eskuinean Aufidus ibaia zutenez, ezkerraldetik zen ihes egiteko toki bakarra[20]. Gainera, kartagotarrek maniobratu zuten erromatarrak ekialdera begira jartzeko. Honela, goizeko eguzkiaren argiak erromatarrak itsutu egiten zituen eta hegoekialdeko haizeak harea eta hautsa botatzen zuen erromatarren aurpegien kontra kartagotarrak gudu-zelaira hurbiltzen ziren bitartean[21]. Hanibalek armada zabaltzerakoan, lurraren ezaugarriak eta tropen trebetasuna kontuan hartu zituen. Garaipenerako hau guztiz erabakigarria izan zen.

 
Erromatarren hasierako erasoa

Guduaren garapena

aldatu

Armadak elkarren kontra joan zirenean, Hanibalek haren lerroaren zentroa zabaldu zuen, Polibiok azaldu zuenaren arabera:

« Honen ostean, armada lerro zuzen batean kokatu zen. Hanibalek berak erdiguneko zeltar eta hispaniar konpaniak hartu zituen, baina gainontzeko konpaniak hauekin kontaktua galdu gabe. Hanibalen asmoa izan zen berak zuzendutako konpaniak atzean geratzea, ondorioz, formazioak, poliki-poliki, ilgoraren itxura hartu zuen. Aurrera joan ahala, ertzetako lerroak argaltzen ari ziren, helburua zen afrikar tropak erreserba moduan erabiltzea eta guda hispaniarrekin eta zeltekin hastea. »


Polibiok azaltzen du kartagotar gunea oso ahula zela, kurba bat eratzen zuena, erromatarrak erdian eta afrikar tropak hegaletan, diagonal-formazioan[22]. Antza denez, formazio honen asmoa zen erromatar infanteriaren aurrealdea oztopatzea Hanibalen infanteria afrikarra ahalik eta hobekien erabili arte[23]. Historialari gehienek uste dute Hanibalen ekintza aproposa izan zela, beste batzuen ustez, kurbatura hau gertatzen da infanteria indartsu bat aurrera doanean, edo kartagotar zentroaren atzeko partea tolesten denean erromatarren presiopean[23].

Gudua hasi zenean, zalditeriak gogor eraso egin zituen ertzak. Polibiok gertaera azaltzen du[7]: Ezker ertzeko zaldi hispaniarrek eta zeltek talka egin zuten erromatar zalditeriarekin, ondoriozko borroka izugarria izan zen[6]. Kartagotar zalditeriak laster irabazi zuen eskuineko erromatar zalditeria. Orduan, zalditeri zati bat, ezker ertzetik banatuz, inguraketa egin zuen erromatar atzeguardiatik eskuin ertzera. Han, atzetik erromatar zalditeria eraso egin zuen. Hauek, bi frontetatik erasoa jasatean, azkar sakabanatu ziren.

Bestalde, kartagotarrek erromatar zalditeria garaitzen zutenean, bi armada nagusiek elkarren kontra joaten ziren. Gudua ondo ulertzeko beharrezkoa da jakitea erromatar infanteriazko soldaduek jasaten zituzten egoera gogorrak[1]. Erromatarrak aurrera joan ahala, ekialdeko haizeak haien kontra jotzen zuen, aurpegira hautsa jaurtikiz eta ikusmena oztopatuz. Kontuan hartu beharrekoa da bi armadek mugitzean hauts handia harrotzen zutela eta horrek haizearen efektua biderkatzen zuela[24]. Hautsaz gain, beste faktore bat tropen logura izan zen. Kanpamenduak eta gudu-zelaiaren arteko distantziengatik, litekeena da soldaduek ordu gutxi lo egitea. Erromatarrek guduaren aurreko hidratazio falta zuten, afrikarren erasoak ibaitik ura ekartzea ekidin zielako. Azkenean, tropen izugarrizko kopuruak zarata handia egiten zuen, soldaduentzat psikologikoki oso gogorra zena.

Kartagotarrek lerro bat egin zuten 800 balear habailariekin erromatarren aurrera egitea eragozteko, baina alperrik. Bi armadak elkarren aurrean zeudenean eta jazartzaileek lantzen eurijasa egin ostean, aurrez aurreko borroka hasi zen.

Hanibalek gidatutako konpaniak, formazioaren gunean kokaturik, modu kontrolatuan erretiratu ziren. Erromatarrak espazio honetaz jabetu ziren kartagotarren ertzek inguratzen zituzten bitartean. Honela, erromatarren indarra ahulezia bilakatu zen, hauek aurreratzean tarteak gutxitu zituzten eta elkarren kontra hasi ziren bultzatzen. Azkenean, hain txikia zen haien arteko tartea non ezin baitzuten armekin maniobratu. Gainera, erromatarrek ez zituzten kontuan hartu (beharbada hautsarengatik) afrikar tropak kartagotarren formazioaren ertzetan kokatu zirela[25]. Kartagotar zalditeriak, bi ertzetako erromatar zalditeria irabazi zuena, erromatar formazioaren gunea atzeguardiatik eraso egin zuen.

 
Erromatar armadaren suntsiketa

Erromatar armada ertzik gabe, joan zen kartagotarren zirkuluaren barruan sartzen, non afrikar infanteriak bi ertzak kontrolatzen baitzituen[6]. Une hartan, Hanibalek agindu zuen bere infanteria afrikarrari eraso egitea eta honela erromatarrak guztiz inguratu zituen. Hau izan zen kurrika-taktikako adibideren bat. Beste ereduren bat Maratongo Gudua izan zen. Kartagotarren armada harresi-formazioa eratu ondoren, hasi ziren inguratutako erromatarrak hiltzen. Polibiok idatzi zuen:

« Kanpoko tropak sarraskituak izan eta gero, bizirik zirauenak erdigunera mugitzen ziren, gero eta bateratuagoak egoteko. Azkenean, guztiak hil ziren zeuden tokian.[26] »


Legionarioak izututa, ez ziren gai ezkutuak altxatzeto ezta ezpatak zorrotik ateratzeko ere. Une horretan, iberiar falangea aurrera joan zen itxituraraino hegaletatik erromatarrak erasotzeko. Iberiarrek ezpata laburrekin sarraski bat egin zuten etsaien artean. Gudu honen ondoren, erromatarrek iberiar ezpataz harriturik, beste antzeko bat erabili zuten haien armadarako (gladius hispaniensis).

Hanibalek ikustean garaipena lortzen ari zela eta emaitzak sendotu nahian, erabaki zuen bakarrik preso hartzea kartagotar armadara pasatu nahi zutenak. Gainontzekoak agindu zuen mutilatzea. Aurrerago, bakarrik erresistentziarik gabeko erromatar soldaduak geratzen zirenean, agindu zuen hauek errukirik gabe sarraskitzea.

Tito Liviok honako hau azaldu zuen:

« Milaka erromatar etzanda zeuden (…) hauetariko batzuk, zeinen zauriak goizeko hotzak gaizkiagoturik, sarraskituen artean altxatzen zirenean, ziztatuak izaten ziren. Beste batzuek beraien buruak lurperatzen zituzten, berariaz induskatutako zuloetan. Dirudienez, hauek izan ziren haien hilobiak ito zirelako.[6] »


Minutoko 600 legionarioren bat hil zituzten, iluntasunak odol isuriaren amaiera ekarri arte[27]. Bakarrik 14.000 soldaduk hanka egin zezaketen ihesbide bat zabaldu zutelako hurbileko Canusium hiriraino[28].

 
Cannaeko gudua. Erdi Aroko irudia

Hildakoak eta zaurituak

aldatu

Erromatarrak

aldatu

Polibiok idatzi zuen erromatar eta aliatuen infanterian 70.000 soldadu hil zirela, 10.000 preso hartuta eta, agian, 3.000 bizirik irten ziren. Berak esan zuen ere, 6.000 zaldunetatik bakarrik 370 biziraun zirela[29].

Livioren aburuz, 40.000 oinezko, 2.700 zaldi, hiritarren edo aliatuen kopuru bera sarraskituak izan zirela[4]. Berak zioen ere infanteriazko 3.000 erromatar eta aliatu preso hartu zituztela[4]. Nahiz eta Liviok ez du aipatzen haren informazio iturria, antza denez, Kinto Fabio Piktor izan zen. Erromatar historialari honek borroka egin zuen II. Gerra Punikoan eta honi buruz idatzi zuen. Libiok, Piktorren oinarritzen da Trebiako guduaren hildakoak aipatzean[4]. Paulo kontsulaz gain, Liviok dio bi kuestore hil zirela, 48tik 29 tribuno militar (batzuek kontsul kategoria zutela, hala nola, aurreko urteko kontsula Gneo Servilio Gemino eta aurreko Magister equitum Marko Munizio Rufo) eta 80 gizonezkoen senatore, senatoregaiak izan zitezkeenak[4].

Beranduago, erromatar eta greko-erromatar historialariek Livioren zenbakiak erabili ziztuzten: Apianoren ustez, 50.000 hil ziren eta kopuru handi bat preso harturik[30]. Plutarkok onartzen du 50.000 gizon hil zirela guduan eta bizirik zeuden 4.000 hartu zituztela[31]. Kintilianok dio Hanibalek 60.000 gizon hil zituela Cannaen[32]. Eutropioren esanetan, 20 ofizial kontsular eta pretoriar mailakoak, 30 senatore, eta beste 300 aitoren semeak hilda edo preso hartuta, gehi 40.000 oinezko eta 3.500 zaldun[33][34].

Gaurko historialariek Pobilioko zenbakiak arbuiatzen badituzte ere, prest daude Livioarenak onartzeko[1]. Arestiko historialariek baliozpen txikiagoak egiten dituzte. Cantalupiren ustez, erromatar galerak 10.500-16.000 artekoak izan ziren[35]. Samuelek uste du Livioren zenbakiak oso altuak direla eta kartagotar zalditeriak ezingo zuela oztopatu erromatar infanteriaren ihez egitea. Samuelek ez du uste Hanibalek horren hilketa handia egingo zuenik, zeren eta erromatar armada baitzeuden italiar asko Hanibalek aliatu gisa nahi zituenak.

Cannaen erromatar bizi gehiago galdu ziren geroko edozein gudutan baino, Arausioko guduan izan ezik, K.a. 105ean gertatu zena[36] [37] [38], eta Teotoburgoko oihaneko guduan.

Kartagotarrak

aldatu

Livioren arabera, Hanibalek 8.000 gizon galdu zituen[4]. Polibiok esan zuen 5.700 hil zirela: 4.000 galiar; 1.500 hispaniar eta afrikar eta 200 zaldun[29].

Oharrak

aldatu
  1. Ejército hitzak latinezko exercitus hitzatik dator, ariketari (ejercicio-ri) erreferentzia egiten duena.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e 1975-, Daly, Gregory,. (2002). Cannae : the experience of battle in the Second Punic War. Routledge ISBN 0415327431..
  2. DURANT, Will: The Story of Civilization, III. bolumena, New York, Simon and Schuster argitaletxea, 1944, 51 orrialdea
  3. LIDDEL HART, Basil: Strategy. New York City, New York, Penguin, 1967
  4. a b c d e f (Ingelesez) Livius. (2006-12-01). The History of Rome (Books 9 to 26). Echo Library ISBN 9781406814385. (Noiz kontsultatua: 2017-08-07).
  5. Polibio: (Internet Ancient History Sourcebook).
  6. a b c d e f (Ingelesez) Cottrell, Leonard. (December 1965). Enemy Of Rome. (Cadet e. edition. argitaraldia) Evans Bros. ISBN 9780237443207. (Noiz kontsultatua: 2017-08-07).
  7. a b Internet Ancient History Sourcebook
  8. LAZEMBY, J. F.: Hannibal's war, London, 1978
  9. BAKER, G. P. (1943): Aníbal, Iberia, 2004
  10. CAVEN, B.: Wars, London, George Werdenfeld and Nicholson Ltd, 1980
  11. JORGENSEN (2007): 37 orria.
  12. GOVEN, Hilary: Hannibal Barca and the Punic Wars.
  13. GOLDSWORTHY, Adrian: La caída de Cartago
  14. JORGERSEN (2007): 38 orria
  15. HUGH, Elton (1996): Warfare in Roman Europe, AD 350-425, 110 orria
  16. LUTWAK, Edward: The Grand Strategy of the Roman Empire, JHUP, 1979 (Luttwaken ustez: erromatar armak inorenak baino hobeak izan beharrean, askotan etsaienak baino txarragoak izaten ziren)
  17. Internet: Ancient History Sourcebook
  18. DODGE, Theodore: Hannibal, Cambridge, Massachusetts, De Capo Press, 1891, ISEBN 0-306-81362-9
  19. MOREMAN DOUGLAS: Cannae, a deception that Keeps on Deceiving
  20. BRADFORD, E.: Hannibal, London. Macmillan London Ltd., 1981
  21. DODGE, Theodor: Hannibal, Cambridge, Mssachusetts: Da Capo Press, 1981, ISMB 0-306-81362-9
  22. Internet Ancient History Sourcebook. Fordham.
  23. a b (Ingelesez) Healy, Mark. (1994-10-14). Cannae 216 BC: Hannibal smashes Rome's Army. Osprey Publishing ISBN 9781855324701. (Noiz kontsultatua: 2017-08-07).
  24. DODGE, Theodore: Hannibal, Cambridge, Massachusetts, De Capo Press, 1891, ISBN 0-306-81362-9
  25. HEALY, Mark: Cannae: Hannibal Smashes Rome's Army, Sterling Heights. Missouri, Osprey Publishing, 1994
  26. HEALY, Mark: Cannae: Hannibal Smashes Rome's Army, Sterling Heights. Missouri, Osprey Publishing, 1994.
  27. COWLEY, Robert (arg.), PARKER, Geoffrey (arg.): The Reader's Companion to Military History, “Battl of Cannae, Houghton Mifflin Company, 1996, ISBN 0-395-66969-3
  28. Canosa di Puglia
  29. a b Textos clasicos - Polibio de Megalopolis - Historia Universal Bajo la Republica Romana - TOMO I - EXORDIO DEL AUTOR. (Noiz kontsultatua: 2017-08-07).
  30. (Apiano: Hanibalen gerra, 4, 25
  31. Plutarko: Fabius Maximus, 16.8.
  32. Kintiliano: Institutio Oratoria, 8.6.26.
  33. Eutropio: Abridgement of Roman history, 3. 10
  34. (Ingelesez) Byrd, Robert C.. (1995-03-17). Senate of the Roman Republic: Addresses on the History of Roman Constitutionalism. United States Government Printing Office ISBN 9780160589966. (Noiz kontsultatua: 2017-08-07).
  35. CANTALUPI, P.: Le Legioni Romani nela Guerra d'Annibale, Beloch Studi di Storia Antica
  36. Valero Antias K. a. I. mendea, Manubiae
  37. HOWARD, Albert A.: (1906) Vaerus Antias and Livy, Harvard Studies i Classical Philology, 17, 161-182 orr.
  38. CANN RAWILINSON 81877) On the Ethnography of Cimbri, The Journal of the Anthropological Institute of Great Britain and Ireland, 6, 150-158 orr.

Bibliografia

aldatu

Antzineko informazio iturriak

aldatu
  • Apiano (1999). Hannibalic War. Perseus Digital Library.
  • Tito Livio (Livy), Ab Urbe Condita, translation by Cannon Roberts.
  • Plutarko (1916). Life of Fabius Maximus. Loeb Classical Library.
  • Polibio, The Histories, translation by W.R. Paton.

Informazio iturri modernoak

aldatu
  • ASTIN, A.E. (ed) (2006): The Cambridge Ancient History, 2. argitalpena, VIII. liburukia, Cambridge/New York: Cambridge University Press, 2006, {{ISBN|0-521-23448-4}}
  • CARLTON, James (2002): The Military Quotation Book. New York: Thomas Dunne Books.
  • DALY, Gregory (2002): Cannae: The Experience of Battle in the Second Punic War. London/New York: Routledge. {{ISBN|978-0-415-32743-5}}.
  • DELBRÜCK, Hans (1964) [1920]. Geschichte der Kriegskunst im Rahmen der politischen Geschichte (I Teil: Das Altertum) (in German). Berlin: Walter de Gruyter & Co.
  • GOLDSWORTHY, Adrian (2001): Cannae. London: Cassell & Co. {{ISBN|0304357146}}.
  • HEALY, Mark (1994): Cannae: Hannibal Smashes Rome's Army. Sterling Heights: Osprey. {{ISBN|978-1855324701}}.
  • HOYOS, Dexter B. (2005): Hannibal: Rome's Greatest Enemy. Bristol Phoenix Press, {{ISBN|1-904675-46-8}} (hbk) {{ISBN|1-904675-47-6}} (pbk).
  • LAZENBY, John Francis (1998) [1978]: Hannibal's War: A Military History of the Second Punic War. Wilts: University of Oklahoma Press. {{ISBN|978-0806130040}}.
  • O'CONNELL, Robert L. (2010): The Ghosts of Cannae: Hannibal and the Darkest Hour of the Roman republic. New York: Random House, {{ISBN|978-1400067022}}
  • SAMUELS, Martin. (1 June 1990):The Reality of Cannae. Militärgeschichtliche Zeitschrift. 47 (1): 7–32.
  • TALBERT, Richard J. A. (ed.) (1985): Atlas of Classical History. London/New York: Routledge,, {{ISBN|0-415-03463-9}}.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
INTERN 4