Cryptosporidium

albeolato parasito apikomplexan generoa

Cryptosporidium protozooen genero bat da, gizakiaren heste-traktua kolonizatzen duena patologia gastrointestinalak sortuz (kriptosporidiosia izanik ohikoena). Gaitza protozoo honetaz kutsatutako ur edo janariak hartzean harrapatzen da.

Cryptosporidium
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaChromista
FilumaApicomplexa
KlaseaConoidasida
OrdenaEucoccidiorida
FamiliaCryptosporidiidae
Generoa Cryptosporidium
Datu orokorrak
GaixotasunaKriptosporidiosia

Cryptosporidium parvum da kriptosporidiosien kasuen atzean egon ohi den protozoo patogenoa. Genero honetako espezie honek eta beste espezie batzuek beste ugaztun batzuk ere infektatzen dituzte.

Cryptosporidium generoko protozooek ugalketa sexuala eta asexuala txandakatzen dute gizakiaren heste meharreko mukosan [1]. Patogenoaren ookisten bidez harrapatzen da kriptosporidiosia, giza zein animalia infektatuen gorozkiek ura edo janariak kutsatzen dituztenean. Ookisteak esporaren antzeko formak dira eta denbora luze iraun dezakete aske, ostalariarengandik kanpo eta ostalari berri bat infektatzeko prest.

Cryptosporidiumaren bizi-zikloa.


Mikrobio hauek ez dira prozedura klasikoekin ondo tindatzen, eta behaketa mikroskopikoa ona izan dadin tindaketa berezia aplikatu behar da, azido-alkohol erresistente aldatua (Ziehl-Neelsen tindaketaren moldaketa bat).

Kriptosporidiosia ez da gaiz larria pertsona osasutsuengan, baina immunogutxituengan eta bereziki HIESa dutenengan konplikazio latzak dakartza, heriotza barne. 1993an Milwaukee hirian (Wisconsin, AEB) inoiz izan den kriptosporidiosiaren izurriterik handiena gertatu zen, 400.000 pertsona inguruk edateko uraren bidez Cryptosporidium patogenoa hartu zutenean [2]. Protozoo hauek kloroarekiko erresistentzia handia dutenez, [3] ohiko ur arazketak ez zuen patogenoa deuseztatu, eta hiriaren ur-hornidura kutsatu egin zen. Harrezkero, araztegietan kloroaz gain Cryptosporidium akabatzen duten beste prozedura batzuk erabiltzen dira: iragazketa, ozonoa, erradiazio ultramorea....

Erreferentziak

aldatu
  1. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 336-337 orr.
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:979 orr.
  3. Korich, D. G., J. R. Mead, et al. (1990). "Effects of ozone, chlorine dioxide, chlorine, and monochloramine on Cryptosporidium parvum oocyst viability." Appl Environ Microbiol 56(5): 1423-8

Kanpo estekak

aldatu
  NODES