Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Desobedientzia zibila»

Desobedientzia zibila bortxakeriarik gabe, era publiko batez, jakinaren gainean burutzen den lege-urraketa, helburua lege-aldaketa edo gobernuaren politika eta erabakiak aldaraztea izanik[1]. Hiritar edo hiritar multzoen aldetik legalitatearen zenbait gaien ezezko mota berezia, legalitate hori izatez, lehenengoz, obedientzia zorrotzaren merezitzailea.

Henry David Thoreau desobedientzia zibilaren teoriko nagusia da.

Jatorria

aldatu

Henry David Thoreau amerikar pentsalariak desobedientzia zibilaren oinarri teorikoak azaldu zituen bere liburuetan, bereziki Resistance to Civil Government ("Civil Disobedience") saiakeran (1848) . Haren eragina zabaldu egin zen beste idazle eta politikoengana, esaterako, Leon Tolstoi, Mahatma Gandhi eta Martin Luther King. Bere planteamenduaren jatorria Mexikoren aurkako gerra finantzatzeko Texasek sortutako diru-zerga aurkako jarreran dago. Thoreau ez zegoen prest gerra horretan laguntzeko eta, ondorioz, zerga ez ordaintzeagatik, 1846an, Concorden, gau batez espetxeratua izan zen.

Definizioa

aldatu

Oinarrizko printzipioen kontra joateagatik edo demokraziaren kontra inposatuak izateagatik legeei desobeditzeko jarrerak gaur egun onarpen ia osoa jasotzen badu ere, auzia korapilatzen da legeak sistema demokratiko baten barruan eginak direnean eta norbaitek bere kontzientzia moralaren kontra joateagatik desobeditu nahi baditu. Jarrera hau bi alderditik plantea daiteke: etikoa eta politikoa. Norbaitek legeak desobeditzen baditu baina ez ditu indargabetu edo beste pertsonengan laguntza lortu nahi orduan alderdia etikoa da. Desobedientzia zibila izateko -alderdi politikoa- lege batzuen kontra joateko sistema demokratikoetan dagoen bide legitimo bakarra dena, desobedientzia egintza borondatezkoa eta publikoa izateaz gain, arrazoi moralengatik eta legeak aldatzeko asmoarekin eginda izan behar da (Bobbio eta Matteucci. Diccionario de Polítika. Siglo XXI). Horrela definitzen du, bere aldetik, R. García Cotarelok desobedientzia zibila: “kontzientzia arrazoiengatik eta bitarteko bakezaleen bidezko arauaren haustura publikoaren egintza da, honi dagokion zigorra borondatez onartua delarik”.

E. Frommek, Sobre la desobediencia y otros ensayos liburuan, hala psikologikoa nola morala den desobedientzia gaia planteatzen digu. Berak Adan eta Ebaren istorioa aipatzen du gizakia existitzen denetik gizadiak legeak desobeditzen zituela erakusteko eta, halaber, obedientzia itsuak, kritikarik gabekoak, zerikusirik handia daukala gizabanakoaren autonomia faltarekin, hots, bere liburu baten titulua izan zen Askatasunetik iheska delakoarekin lotuta dagoela adierazten du Fromm-ek. Desobedientzia, ordea, askatasunarekin maiz erlazionatuta dagoela uste du. Horrela dio: “Baina desobeditzeko gaitasuna askatasunaren baldintza izateaz gain, askatasuna ere desobedientziaren baldintza da...Egiazki, askatasuna eta desobeditzeko gaitasuna aldentezinak dira...”.

J. Habermasek hurrengoa dio desobedientzia zibilari buruz: “moralki oinarrituta dagoen protestaldia da, zeinaren jatorrian sinesmen pribatuei edo interes propioei buruzko konbentzimenduak bakarrik izateko arrazoirik ez dagoen; egintza publikoa da, orokorki, aldez aurretik iragarrita dena eta bere burutzapena poliziak ezagutu eta kalkulatzen duena; arau juridiko jakin batzuen apurketaren asmoa barne sartzen du, nahiz eta honek antolakuntza juridikoa bere osotasunean kolokan jarri ez; arau juridikoak apurtzeak dakartzan ondorioen onarpena eskatzen du; arauaren hausteak, desobedientzia zibilaren adierazpena denak, izaera sinbolikoa dauka; honetan datza protestatzeko bortitzak ez diren baliabideen muga”.

 
Rosa Parksek uko egin zion bere gariko AEBetako hegoaldeko legeak zioenari autobusetako eserlekuen inguruan.

Desobedientziaren justifikazioa

aldatu

Rawlsen ustez hurrengoak dira desobedientzia zibileko ekintza batek, justifikatua izateko, bete beharko lituzkeen baldintzak:

  1. Benetan injustuak diren kasuetara mugatzea, adibidez, askatasun berdina printzipioaren kontra jotzen duten kasuak.
  2. Kasuak, adibidez, askatasunaren haustura larriak direnean. Orduan, litekeena da aurkaritza politikoaren baliabide legal arruntak ez erabiltzea hasiera batean.
  3. Desobedientziak, batzuetan, mugak izan ditzala, adibidez, koordinazio faltagatik, talde ezberdinek eskaera berdinak planteatzen dituztenean gizarteko anabasa sortuz.
 
2005ean, Washingtonen, artista bat atxilotua gerraren aurka desobedientzia jarrera erakusteagatik.

Desobedientzia zibilaren mota historikoak

aldatu

Desobedientzia zibila eta Estatuarekiko lankidetza eza hiru mota ezberdinez agertu dira historian zehar:

  1. Testigantzazkoa. Pertsona bakar batek edo gutxi batzuk Estatuaren inposaketa bati uko egiten diotenean nahiz eta aldatzea lortuko ez dutela jakin. Helburua, beraz, salaketa publikoa da.
  2. Talde-sektorezkoa. Arau bat aplikatu behar zaion taldearen gehiengoak gaitzesten duenean arauaren ezarpena ezinezko edo oso zail bihurtuz (intsumisio mugimendua kasu).
  3. Talde-soziala. Desobedientzia gizartearen gehiengo handi batek planteatzen duenean (M Luther King eta M. Gandhiren kasuak).

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) John Rawls: The Theory of Justice. Cambridge:Harvard University Press. 1971.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Ideen 1
multimedia 1
os 8