Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Horrela, dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea eta zoria ukatuz. Horren haritik, hainbat pentsalari deterministak (Spinoza, Hume, Locke…) defendatu izan dute gizakiok huts egiten dugula askeak garela uste dugunean, askatasun edo ausazkotasun hori gertaera eragiten duten kausa eta faktoreak ez ezagutzeagatik sortzen den irudipena baino ez baita. Horren adibide gisa, John Locke filosofoak analogia bat erabili zuen, non, lo dagoen gizon bat gela ilun batean giltzapetuta dagoen. Esnatzean, gelan egongo dela erabakitzen du, gela itxita dagoela jakin gabe. Gizon horrek ez du aukeratzeko askatasunik, ezin baitu gelatik atera. Hala ere, bere benetako egoerari buruzko ezjakintasunak gelan geratzea aukeratzeko askatasuna duela sinestera eraman du.

Determinismoak ukatzen du, horrenbestez, kausa eraginkorren bidez azaldu ezin daitekeen ekintza bat existitu daitekeenik eta bere aurkakoa indeterminismo edo ausazkotasun mota bat da. Horregatik, sarritan, hautamen askearen auziarekin kontrastatzen da. Determinismo-forma desberdinak bereizteko, horiek postulatzen duten determinismo-mailaren arabera sailkatzea komeni da:

Determinismoaren[Betiko hautsitako esteka] hainbat teoria filosofikok baieztatzen dute errealitateak aurrez zehaztutako bide moduko bat jarraitzen duela.

Determinismo indartsuaren arabera, ez dago benetako gertaera ausazkorik edo zorizkorik, eta, oro har, etorkizuna aurresan daiteke orainalditik. Iragana ere "aurreikusteko” modukoa izan liteke, kausalitate katearen egoera puntual bat primeran ezagutzen badugu. Pierre-Simon Laplacek horrelako determinismoa defendatzen zuen.

Determinismo ahulak, berriz, baieztatzen du orainaldiko egitateek probabilitatea determinatzen dutela. Beraz, nahiz eta korrelazio handia egon orainaldiko egoeren eta geroko egoeren artean, funtsean ausazkoak eta aurresanezinak diren gertakariak ere badaudela onartu egiten du.

Bestalde, determinismoa erabat lotuta dago zientzia fisikoen ulermenarekin eta horiek duten azaltzeko asmoekin, bai eta giza ekintza askeari buruz ditugun ikuspuntuekin ere. Bi arlo horietan ez dago adostasunik determinismoaren egiazkotasunaren inguruan, eta determinismoa frogatzerik ez dagoenez, ezta kontrako teoria ere, hipotesi bat besterik ez da. Determinismoa predestinazio eta patuaren noziorekin nahasteko joera ere nabarmena da.

Fatalismoa, normalean, "determinismotik" bereizten da, determinismo teleologiko forma bat bezala[1]. Fatalismoa dena gertatzera bideratuta dagoela dioen tesia da, eta, horregatik, gizakiek beren etorkizunaren gaineko kontrolik ez dutela aldarrikatzen du. Patuak botere arbitrarioa du, eta ez du lege kausal edo deterministarik jarraitu beharrik. Gizakiek erabakitzeko ahalmena dute, baina haien ekintzak naturaz gaindiko eragile horiek indargabetzen dituzte, patua gizakiek hartzen duten erabakia edozein dela ere bete dadin. Beraz, fatalismoa determinismotik bereiz daiteke, gauza jakin batzuk gertatzera bideratuta daudela imajina dezakegulako, lege natural deterministen emaitza soila izan gabe; eta, era berean, mundua lege deterministek gobernatzen dutela imajina dezakegulako, ezer gertatzera bideratua egon gabe. Dena den, zentzu zabalago batean, determinismoarekin bat eginez, esan liteke, iraganeko gauzak gertatu diren bezala, etorkizunean gertatuko diren gertaera guztiak gertatzera bideratuta edo zuzenduta daudela.

Determinismo motak.

aldatu

Determinismo fisikoa edo nomologikoa.

aldatu

Teoria hau munduaren ikuspegi mekanizistaren gainean eraikitzen da, hau da, errealitatea mekanismo edo makina handi bat bezala irudikatzen du. Horrela, planteamendu honek baieztatzen du errealitate oro determinatua (kausatua) dagoela lege naturalen bidez, hots, gertaera fisiko bakoitzerako kausa fisiko bat dagoela. Adimena garuneko jarduera materiala dela (bulkada kimikoak) uste badugu, orduan gure pentsamenduak eta erabakiak ere aurrez zehaztuta daude. Hortaz, izaki bizidun guztien portaera lege finkoetan oinarritzen da. Mekanika klasikoa eta erlatibitatearen teoria denborazko eboluzioaren legeak postulatzen dituzten teoriak direnez, deterministak dira. Determinismo mota hau, maiz, Laplaceren deabruaren esperimentu mentalarekin ilustratzen da. Pierre Simon Laplace eta Albert Einsten determinismo fisikoaren defendatzaile garrantzitsuak izan ziren.  

Determinismo kosmologikoa.

aldatu

Natur zientzietan, oro har, determinismo indartsua determinismo kosmologikoaren sinonimoa da, unibertsoa (baita gu ere) lege fisiko hautsezinek zuzentzen dutela baieztatzen duena; beraz, gertatzen den guztia horrela gertatzen da, inoiz ezin izan delako beste era batean gertatu. Teoria honen defendatzaile nagusiak estoikoak izan ziren.

Determinismo genetikoa.

aldatu

Determinismo genetikoa izaki bizidunen portaeraren azalpenean zentratzen da, animalia eta gizakiengan bereziki. Determinismo genetikoak baieztatzen du, bere bertsiorik indartsuenean, gu ez garela askeak, gure geneek baldintzatzen edo determinatzen gaituztelako. Bertsiorik ahulenetan, berriz, argudiatzen du, oro har, gure nortasuna, eta neurri handi batean gure arrakasta eta ekintzak gure geneei lotuta daudela. Laburbilduz, teoria honek izakien portaera kode genetikoak zehazten duela aldarrikatzen du eta hortaz, planteamendu honen arabera, gure geneen adierazpena baino ez gara. Richard Dawkins korronte honetako ordezkari nagusia da, izan ere, geneek hautespen naturalean duten papera teorikoki interpretatu eta darwinismo tradizionalaren irakurketa "genetikoa" egin zuen.

Ingurune determinismoa edo konduktismoa.

aldatu

Ikuspuntu honen arabera, gure jokabidea zehazten dutenak ingurumen-faktoreak dira. Faktore horiek hainbat motatakoak izan daitezke: sozialak, kulturalak, familiarrak… Baina, oro har, hezkuntza- edo ikaskuntza-faktoreak izaten dira, hau da, jaso eta ikasten ditugun faktoreek determinatzen dute gure portaera. Esate baterako, arrisku-egoera batean korrika irteteko ekintza ingurumen-egoera zehatz baten aurrean ikasitako erreakzioa edo erantzuna da. Beraz, jarrera honen defendatzaileek diote edozein ekintza ingurumen-baldintzen erantzun gisa uler daitekeela; horregatik, aldatu egin daiteke, baldintzen eragina ikaskuntzaren bidez aldatuz. Horretarako, ekintza positiboak sariekin sustatuko dira eta ekintza negatiboak, ordea, zigorrekin saihestuko dira. B. F. Skinner psikologoak jarrera hau defendatzen zuen, J. B. Watsonekin batera.

Determinismo geografikoa.

aldatu

Pentsalari askorentzat, batez ere XIX. mendearen bigarren erdialdekoentzat eta XX. mendearen lehen erdialdekoentzat, kokapen geografikoak gizarteak kolektibo gisa determinatzen ditu, eta baita gizakia gizabanako gisa eta bere garapen sozioekonomiko eta kulturalaren mailan ere. Horrenbestez, gizakiek inguruneak ezarritako baldintzetara egokitu behar dute. "Eskola geografiko" hori Friedrich Ratzel geografo alemaniarrak bultzatutakotzat jotzen da. Ellen Churchill Semple geografo estatubatuarrak ideia horiek muturreraino eraman zituen Influences of Geographic Environment on the Basis of Ratzel's System of Anthropo-geography lanean. Horrez gain, esan ohi da naziak zenbait alderditan determinismo geografikoan oinarritu zirela, Darwinen espezieen eboluzioaren teoriarekin bat eginez. Izan ere, naziek arraza “arioa” onena zela adierazten zuten , haien jaioterriko baldintza geografikoak giza arrazaren eboluziorako onenak zirelako. Mota honetako determinismoaren aldaera bat determinismo klimatikoa da, kultura eta historia zonaldearen ezaugarri klimatikoek baldintzatzen edo determinatzen dutela defendatzen duena. Determinismo mota horren adibide bat Ellsworth Huntingtonek bere Civilization and climate eta The Pulse of Asia lanetan planteatzen duena da.

 
Gizarteko[Betiko hautsitako esteka] azpiegiturak gainegitura baldintzatzen du.

Determinismo ekonomikoa edo materialismo historikoa.

aldatu

Teoria honen arabera, gizarteen bilakaera faktore ekonomiko eta teknologikoek gobernatzen edo mugatzen dute, hau da,  produkzio mailan eta, oro har, ekonomian gertatzen denak gizarte osoari ematen dio itxura. Horrela, teknologiek, produkzio indarrek eta produkzio harremanek instituzio sozialak (politikoak, erlijiosoak, juridikoak, hezkuntza, familia…) determinatzen dituzte eta hauek, modu berean, gizabanakoen ideia eta balioei ematen diete itxura. Ondorioz, materialismo historiko marxistak defendatzen du ez dela gizabanakoen kontzientzia haien izate soziala determinatzen duena; aitzitik, gizabanakoen izate soziala da haien kontzientzia mugatzen duena eta izate soziala, ekoizpeneko harreman ekonomikoek, ondasun materialak ekoizteko moduek... osatzen dute. Karl Marx izan zen teoria honen defendatzaile aipagarriena.

Determinismo teologikoa.

aldatu

Jainkoak munduaren historian gertatu diren, gertatzen diren eta gertatuko diren gertaera guztiak determinatzen dituela baieztatzen duen ikuspegia da[2]. Determinismo teologikoaren jarrera honela laburbildu daiteke: "Jainkoak dena baldin badaki, berak gauza guztiak bere irizpidearen arabera determinatu dituelako izango da; hortaz, Jainkoa da giza ekintzen kausa". Determinismo teologikoak, ondorioz, kausa-katea kausarik gabeko lehenengo kausa batera eramaten du, eta hau Jainkoa da (Tomas Akinokoak Jainkoaren existentzia frogatzeko erabilitako bigarren bidean oinarrituta). Zenbat eta gehiago azpimarratzen den Jainkoaren boterea eta ezagutza osoa edo absolutua, orduan eta leku gutxiago dago izaki autonomo eta moralki arduratsuak garela argudiatzeko, izan ere, Jainkoa orojakilea eta ahalguztiduna bada, orduan ezagutzen du etorkizunean hartzen dugun erabaki bakoitza, eta horrek esan nahi du erabaki “aske” bat hartzen dugunean, Jainkoak jada taxutu digun ekintza bat betetzen ari garela. Hainbat filosofo eta teologo saiatu dira arazo honi aurre egiten. Kalbinismoak, bere adar muturrekoenetan, gizakiak hautamenik ez duela eta aldez aurretik determinatua dagoela mantentzen du; protestantismoaren beste korronte batzuk, berriz, determinismoaren aurka jotzen dute, adieraziz Jainkoa ahalguztiduna bada gizakia ere aske egin dezakeela, gizakiok zer egingo dugun jakin arren; hau da, Jainkoa eta gizakia elkarrekin direla giza ekintzen egileak.  

Determinismo linguistikoa.

aldatu

Ikuspuntu honek baieztatzen du gure hizkuntzak erabaki edo gutxienez mugatu egiten dituela pentsatu eta esan ditzakegun gauzak, eta horren eraginez jakin ditzakegunak ere. Harry Hoijer izeneko linguista eta antropologo estatubatuarrak lehen aldiz erabilitako Sapir-Whorfen hipotesiak argudiatzen du gizabanakoek erabiltzen dituzten egitura gramatikaletan oinarrituta esperimentatzen dutela mundua.

Determinismo psikikoa.

aldatu

Determinismo psikikoa psikoanalisiaren kontzeptu bat da, giza portaera herentziak, biologiak, hezkuntzak, aiurriak… eragindako barne-egoera psikologikoak edo inkontzientearen izaerak baldintzatzen duela argudiatzen duena. Beraz, giza portaera oro, pentsamenduak eta sentimenduak barne hartuta, lege psikologiko konplexuen ezinbesteko emaitzak dira, giza portaeren kausa- eta efektu-erlazioak deskribatzen dituztenak. Epaitegietan zenbaitetan eman diren kasuak aipatu ditzakegu determinismo mota honen adibide moduan: justizia auzitegian, akusatuaren zigorra ez dago zehaztuta delituaren norainokoaren arabera bakarrik; akusatuaren erantzukizuna ere kontuan hartzen da eta horretan eragin dezaketen faktoreak ere, besteak beste, akusatuaren egoera psikologikoa. Sigmud Freud, psikoanalisiaren aitatzat jotzen dena, determinismo mota honen ordezkari nabarmena da. Gottfried Leibniz izeneko filosofo alemaniarrak ere determinismo psikikoaren alde egin zuen, gure nahimena gehien erakartzen duenak gure jokaera zuzentzen duela baieztatuz.   

Determinismoa eta giza ekintza.

aldatu
 
Gu[Betiko hautsitako esteka] gara gure ekintzen erantzuleak edo aurretik determinatuta gaude?

Erantzukizun moralaren inplikazioa.

aldatu

Eztabaidarako funtsezkoa den gai bat determinismoak moralean duen inplikazioa da. Ezin gara moralki gure ekintzen erantzule izan gure ekintzak kausalki determinatuta badaude eta ez badira gure aukeramen moralaren emaitza. Horrela, gaizkile "errudunak" zigortzeko dugun eskubidea ezabatu egiten da, ezin zaielako beren ekintzen erantzule egin. Horrekin jarraituz, determinismo gogorra bereziki kritikatzen da judizio moral tradizionalak ezinezkoak direla uste izateagatik[3].  

Aukeramen askearen auzia.

aldatu

Filosofoek determinismoaren eta aukeramen askearen arteko harremanak eztabaidatu dituzte. Lau posizio bereizi daitezke. Alde batetik, konpatibilistak edo bateragarritasun zaleak egongo lirateke, askatasuna eta determinismoa batera existitu daitezkeela defendatzen dutenak. John Martin Fischer filosofo estatubatuarra izan zen ikuspuntu honen defendatzaile aipagarria. Halaber, determinismoa askatasunerako ezinbesteko baldintza dela argudiatzera iritsi zen Hume. Askok hautamen askearen eta determinismoaren arteko itxurazko gatazkaz ohartarazten zuten bitartean, Humek beste gatazka bat sumatu zuen, arazoa kontrako ikuspegitik ikusita: erabakimen askea eta indeterminismoa bateraezinak dira. Egindako ekintzak aurreko gertaerek zehazten ez badituzte, ekintzak guztiz ausazkoak izango dira. Gainera, ez baldin badaude gizabanakoaren izaeraren edo nortasunaren (besteak beste, desio, lehentasun edo balioen) arabera zehaztuta, nola izan liteke norbait bere izaeraren ondorio ez den ekintza baten erantzule izatea, ekintza hori ausazkoa izanik? Badirudi aukeramen askeak determinismoaren beharra duela, bestela eragilea eta ekintza ez bailirateke konektatuta egongo. Beraz, Humeren arabera, hautamen askeak eta determinismoak elkarren kontrakoak diruditen arren, aldi berean badirudi hautamen askeak determinismoaren beharra duela.[4]

Beste hiru ikuspegitan, ordea, bien arteko koexistentzia ukatzen da, determinismoaren eta erabakimen askearen artean bateraezintasuna dagoela defendatuz; horregatik, filosofoek bata edo bestea aukeratu behar dute. Batetik, indeterminista gogorrek edo pesimista bateraezinek baieztatzen dute determinismoa eta aukeramen askea ez direla existitzen. Bigarrenik, libertarioek askatasuna onartzen dute baina determinismoa ukatzen dute. [5]Azkenik, determinista gogorrek, askatasuna baztertzen dute eta determinismoa onartzen dute:[6][7]

Erabakimen askea faltsua da. Erabakimen askea egiazkoa da.
Determinismoa egiazkoa da. Determinismo gogorra. Konpatibilismoa edo bateragarritasun zaleak.
Determinismoa faltsua da. Indeterminismo gogorra edo pesimismo bateraezina. Libertarioak.

Aukeramen askearen aurkako argudio estandarra, J.J.C. Smart filosofoak proposatutakoa da. Haren arabera, determinismoa egiazkoa edo faltsua izanda, hautamen askea baztertu behar dugu. Alde batetik, determinismoa egiazkoa bada, gure ekintza guztiak baldintzatuak dira eta askeak ez garela ondorioztatzen da; bestetik, determinismoa faltsua bada, gure ekintzak ausazkoak direla uste da, eta, ondorioz, ez dirudi askeak direnik, gertatu dena kontrolatzeko aukerarik ez genuelako.

Horren aurka, Jean-Paul Sartrek, erabat askeak garela sostengatu zuen, eta baita erabateko erantzukizuna dugula ere. Horregatik adierazi zuen aske izatera kondenatuta gaudela. Halaber, Sartrek argudiatzen du pertsonek erantzukizuna saihestu nahi dutela determinismoaren atzean ezkutatuz: "(...) beti gaude determinismoaren atzean ezkutatzeko prest, askatasunak astintzen edo kezkatzen bagaitu edo aitzakiaren bat behar badugu".

 
Karl[Betiko hautsitako esteka] Popper (1902-1994) filosofoa.

Bestalde, Karl Popperrek uste du determinismoa eta indeterminismoa posizio arazotsuak direla eta arrazionalismo kritiko eboluzionistan oinarritutako hirugarren bide bat proposatzen du, giza askatasunaren arazoari erantzuteko. Hasteko, zoriaren eta determinismoaren artean erdiko posiziorik ez dagoela dioen tesia oso dogmatikoa ez ezik, zentzugabea dela ere adierazten du. Popperrek ausazkotasunaren eta determinismoaren konbinazio baten alde egiten du, determinismo osoaren eta erabateko ausazkotasunaren artean oreka moduko bat egon behar dela argudiatuz. Ikuspegi hau 1965. urtean Washingtoneko Unibertsitatean emandako hitzaldian erabilitako "erlojuen eta hodeien" metaforaren bidez azaltzen du.

Estoikoen aburuz, ostera, munduko gertaera guztiak hertsiki determinaturik daude eta gizakia logos unibertsalaren parte da. Horregatik, askatasuna gure berezko patuaren onarpenean datza. Printzipio gidari adimentsu batez hornitutako kosmosaren kontzepzioak munduaren ikuspegi determinista bat sortzen du, non ez dagoen ezer zorizkorik: dena lege arrazional batek gobernatzen du (logosa), zeina immanentea eta beharrezkoa den. Hori dela eta, estoikoek benetako askatasuna logos delakoaren araberako bizitzan dagoela diote, norberaren baitan dauden gauzetan erabakiz eta gure baitan ez dauden gauzak onartuz. Horrela, natura onartuz bizi den jakintsua benetan askea da eta natura onartzen ez duen "ergela", aldiz, morroia.  


Historia.

aldatu

Determinismoa presente egon da mendebaldeko zein ekialdeko tradizioetan. Gai hau jorratu duten pentsalari nagusietako batzuk aipagarriak dira, hala nola, Heraklito, Leuzipo, Marko Aurelio, Omar Khayam, Thomas Hobbes, Baruch Spinoza, Gottfried Wilhelm Leibniz, David Hume, Pierre-Simon Laplace, Arthur Schopenhauer, William James, Friedrich Nietzsche eta Albert Einsten.

Mendebaldeko tradizioa.

aldatu
 
Leuzipo[Betiko hautsitako esteka] filosofoa.

Mendebaldeko historian, determinismoaren elementu batzuk, Grezian, K.a. VI. mendean, Heraklitok (natura logos izeneko lege batek gobernatzen duela planteatu zuen), Leuzipok eta Demokritok (atomismo mekanizistaren teoriaren hasiera markatu zutenak) adierazi zituzten. Determinismoaren lehen nozio osoa edo erabatekoa, dirudienez, estoikoekin sortzen da, determinismo kausal unibertsalaren teoriaren zati gisa. Estoikoen etika, alde guztietan dagoen indar aldaezin eta mugiezinean oinarritzen zen, nahiz eta gizakiok ez ikusi eta ezjakinean jardun, aske garela uste izanda. Patuak, nahiz eta batzuetan krudela izan, beti jokatzen du izateko arrazoi batekin; horregatik argudiatzen zuten ez garela etorkizunaz kezkatu behar, izan ere "gertatu behar dena gertatuko da". Aristotelesen ustez, bestalde, lotura beharrezkoa dago amaiera-nahiaren, deliberazioaren, erabakiaren eta ekintzaren artean. Aristotelesek natura ere aipatzen du, desiraren eta ekintzaren kausa erabakigarri gisa. Epiktetoren idazkiak, pentsamendu erdi platoniko eta kristau primitiboarekin batera, instrumentalak izan ziren determinismoaren garapen honetan. Agustin Hiponakoak determinismo teologikoa sartu zuen kristautasunean K.o. 412an, aurreko egile kristau guztiek, aldiz, determinismo estoiko eta gnostikoaren aurkako hautua babestu zuten. Horrez gain,Moises Maimonides filosofo judua Jainko orojakile baten inplikazio deterministei buruz mintzatu zen.  

Ilustrazioan ere determinismoa oso eztabaidatua izan zen. Kantek determinismoa onartzen zuen fenomenoen munduari dagokionez, baina baztertu egiten zuen giza askatasunaren esparruan, autonomia morala aldeztuz. Fichtek ere auzi honi buruz hausnartu zuen, eta berak baieztatzen zuen askatasuna nahiago bazen determinismoaren aurrean, idealismoa aukeratu behar zela, eta ez materialismoa. Pentsalari existentzialista gehienek determinismoaren aurka egin dute, ikuspuntu etiko eta antropologikotik ikusmolde hori pertsonak erabakitzeko duen aukeramen askearen aurkakoa zela argudiatuz; hautatzeko behar hori beharrezkoa da existentzialistentzat, gizakia existitzeko baldintza gisa, eta horregatik ezin zaio ukatu.

 
Isaac[Betiko hautsitako esteka] Newton (1643-1727).

Mendebaldeko determinismoa, sarritan, newtondar fisikarekin lotzen da, unibertsoaren materia fisikoa, lege finko eta ezagunen multzo baten menpe jardunez irudikatzen duena. Newtondar fisikan aipatzen den "bilar bolaren" hipotesiak, unibertsoaren hasierako baldintzak ezarri ondoren, unibertsoaren gainerako historiak ezinbestean jarraitzen duela argudiatzen du. Benetan posible izango balitz materia fisikoaren eta materia hori zuzentzen duten lege guztien ezagutza osoa izatea edozein unetan, orduan teorikoki posible izango litzateke noizbait gertatuko den gertaeraren denbora eta lekua kalkulatzea (Laplaceren deabrua). Zentzu horretan, unibertsoko oinarrizko partikulek bilar-mahai batean dauden bolak bezala jarduten dute, elkarren artean mugituz eta kolpatuz, aurreikusteko moduko emaitzak sortzeko moduan.

Newtondar mekanika eta ondorengo teoria fisikoak behaketen eta esperimentuen emaitza dira, eta, beraz, "denak nola funtzionatzen duen" deskribatzen dute. Hala ere, mendebaldeko antzinako zientzialariek, kausa baten eta ikusitako efektu baten artean lotura logikoak zeudela aurkitzen zutenean, lege natural absolutu batzuk ere egon behar zirela uste zuten. Dena gidatzen duten lege natural perfektuetan sinesteak, espero beharko genukeena deskribatu beharrean, mundua gobernatzen duten lege sinple eta unibertsalen multzo bat bilatzera eraman zuen gizadia. Mugimendu honek mendebaldeko filosofian ikuspuntu deterministak bultzatu zituen, baita panteismo klasikoarekin lotutako ikuspuntu teologikoak ere.

Ekialdeko tradizioa.

aldatu

Unibertso osoa sistema determinista delako tesia edo sinesmena erlijioan, filosofian eta baita ekialdeko literaturan ere artikulatu da.

 
[Betiko hautsitako esteka]Karma ekintza eta erreakzio gisa: ontasuna erakusten badugu, ontasuna jasoko dugu.

Indiako azpikontinenteko eskola filosofikoetan, Karma kontzeptuak determinismoaren mendebaldeko kontzeptuaren antzeko gai filosofikoak jorratzen ditu. Karma, berpizkunde ziklo osoa (Saṃsāra) eragiten duen mekanismo espiritual bat bezala ulertzen da. Karma, positiboa zein negatiboa izan, gizabanako batek bere bizitzan zehar egiten dituen ekintzen arabera metatzen da, eta, hiltzean, bere hurrengo bizitzaren izaera zehazten du. Indiako jatorrizko erlijio gehienek neurri bateraino eusten diote sinesmen horri, bereziki hinduismoak, jainismoak, sikhismoak eta budismoak.

Karmaren eta erabakimen askearen arteko elkarrekintzari buruzko iritziak ugariak dira eta oso ezberdinak. Adibidez, sikhismoan, Jainkoaren graziak (gurtzaren bidez lortzen dena), zor karmikoak ezaba ditzake. Hortaz, Karmaren printzipioa Jainko monoteista batekin berregiten den sinesmena da. Jainismoak, bestalde, bateragarritasun moduko batean sinesten du, non gertaeren zikloa erabat mekanizista den, esku-hartze jainkotiarra baztertuz. Jainistek errealitatearen ikuspegi atomikoa dute, eta karmaren partikulek unibertsoaren oinarrizko eraikuntza mikroskopikoko materiala osatzen dutela defendatzen dute (teoria atomiko modernoaren antza du).

Filosofia budistan ohikoak dira zenbait kontzeptu, aditu batzuek determinista gisa deskribatzen dituztenak hainbat mailatan. Determinismo gogor bat sostengatzeko eusten den kontzeptu bat, menpeko jatorriaren ideia da, fenomeno guztiak, nahitaez, beste fenomeno batek eragindakoak direla baieztatzen duena. Filosofia budista tradizionalean, kontzeptu hau Saṃsāra zikloaren funtzionamendua azaltzeko erabiltzen da; ekintza guztiek indar karmikoa dute, etorkizunean emaitzak erakutsiko dituena. Bestela esanda, bidezko edo bidegabeko ekintzek nahitaez erantzun onak edo txarrak eragingo dituzte etorkizunean.

Aditu askok deterministatzat hartzen duten beste kontzeptu budista bat “ez izatearen” ideia da, edo anatta. Budismoan, argiztapena lortzeak esan nahi du gizakiengan "arima" dei daitekeen izateko funtsezko nukleorik ez dagoela ohartzea, eta gizakiak etengabe aldatzen ari diren hainbat faktorez eginak daudela onartzea, Samsāraren zikloarekin lotzen dituztenak. Aditu batzuek diote niaren existentzia baztertzeak nahitaez ezeztatzen dituela hautamen askearen eta erruduntasun moralaren ideiak. Ikuspegi horretatik, “niautonomorik ez badago, eta gertaera guztiak nahitaez beste faktore batzuek eragindakoak badira, orduan ezin da esan autonomiarik dagoenik. Beste ikerlari batzuk, ordea, ez daude ados, unibertsoaren kontzepzio budistak bateragarritasun modu bat ahalbidetzen duela argudiatuta. Budismoak bi maila ezberdinetan gertatzen den errealitatea ulertzen du, argiztatuek soilik benetan uler dezaketen azken errealitatea, eta errealitate material faltsu eta ilusiozkoa. Beraz, budismoak erabakimen askea errealitate materialari dagokion nozio bat bezala hautematen du; jatorri ez-propio eta dependentzia bezalako kontzeptuak, ordea, azken errealitateari dagozkio. Bion arteko trantsizioa benetan uler dezake, budistek diotenez, argiztapena lortu duen norbaitek.

Erreferentziak

aldatu
  1. Hoefer, Carl. (2016). Zalta, Edward N. ed. «Causal Determinism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  2. «Theological Determinism | Internet Encyclopedia of Philosophy» www.iep.utm.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  3. Talbert, Matthew. (2019). Zalta, Edward N. ed. «Moral Responsibility» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
  4. McKenna, Michael; Coates, D. Justin. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Compatibilism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  5. «Filosofiarako sarrera bat» web-argitalpena.adm.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  6. Vihvelin, Kadri. (2018). Zalta, Edward N. ed. «Arguments for Incompatibilism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  7. «Free Will | Internet Encyclopedia of Philosophy» www.iep.utm.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 6
idea 6
INTERN 2
Note 1