Disko fonografikoa binilozko edo antzeko gaiez egindako xafla mehe biribila da, hotsak, irudiak edo datu informatikoak grabatzen eta erreproduzitzen dituena. Soinua xaflaren alde bakoitzean biribilean egindako ildoetan grabatuta dago: grabazioa disko arruntetan sistema analogikoaz egiten da. Laser diskoak, berriz, txikiagoak izaten dira eta laser izpiez sistema digitalaz grabattzen dira.

Binilozko diskoak.
Artikulu hau xafla biribilari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Disko».

Historia

aldatu

1877an Charles Cros frantsesak hotsa grabatzeko eta entzuteko tresna bat erakutsi zuen Zientzietako Akademian. Urte horretan bertan, Thomas Edison estatubatuarrak danbor tresna bat egin zuen, 1881etik aurrera merkaturatu zuena. 1888an Emil Berliner alemaniar jatorriko estatubatuarrak zinkezko lehen diskoa egin zuen: argizariz estalita zegoen, 30 cm-ko diametroa zuen, eta minutuko 78 bira ematen zituen. Zientzialari horrek berak Deutsche Grammophon Gesellschaft sortu zuen, eta, metalezko matrize batetik abiatuta, diskoak seriean egiten hasi zen. Hala ere, audio diskoak ez zuen Lehen Mundu Gerra ondoren arte arrakastarik izan. 1930etik aurrera irakurketaburu elektrikoak erabiltzen hasi ziren, anplifikatzaile bati eta bozgorailuei lotuta, ordu arteko gramofonoen irakurketa zuzeneko buruen ordez. Irakurketa orratzak hobetuz joan ziren, diamantezkoak batez ere, eta baita irakurketa-buruak ere, eta mikro ildoak zituzten plastikozko lehen diskoak sortzen hasi ziren, 33 bira ematen zituztenak. Ondoren, mota bereko disko txikiak kaleratu ziren, 45 bira ematen zituztenak. Grabazioaren eta irakurketaren kalitateak eta estereofoniaren sorrerak hots kalitate arazoak sortu zituzten anplifikatzaile eta bozgorailuetan, eta horrela sortu zen goi fidelitatearen kontzeptua.

1979an Philips herbeheretar etxeak disko iraultzaile bat kaleratu zuen: oso txikia zen, 12 cm-koa, eta disko konpakto edo CD izena eman zitzaion. Disko berri hartan ildoak ez ziren era mekanikoan jarraitzen, era elektronikoan baizik, zenbakizko informazioa zuen barruan, ez analogikoa, eta laser sorta oso fina islatzen edo zabaltzen zuten ontzi mikroskopikoak zituen. Disko haiek atzeko zaratak eta interferentzia guztiak ezabatzen zituzten, eta izugarrizko kalitate maila lortzen zen horrela. Ildoak gai plastiko garden batez biltzen dira eta horrela ez dira urratzen. Philips etxearen disko hura berehala zabaldu zen mundu osora. CD diskoak izan zuen arrakasta kontuan hartuta, disko egileek audio eta aldi berean bideo diskoak egitea pentsatu zuten, laser bidezko zenbakizko grabazioaren sistemaren bidez. Izugarrizko arrakasta izan zuen, baina eztabaida ere sortu zen nazioartean, iritsi beharreko helburuei eta onartu beharreko estandarrei buruz. Era horretako lehen disko saila behin bakarrik graba zitekeen, ekoizpenaren unean hain zuzen. Sail hori artxibo aldaezinak grabatzeko erabili zen: hor CD-ROM mota nabarmendu zen (Read Only Memory). 1985ean sortu zen, eta berehala nagusitu zen alor horretan, baina gero eta gehiago eskatzen ziren norberak graba zitzakeen diskoak, batez ere konpainia handietako artxibo elektronikoak osatzeari dagokionez. Disko berri hari disko interaktiboa esan zioten. Philipsek CD-I izenekoa merkaturatu zuen: telebista bati lotzen zitzaion eta berdin-berdin irakurtzen zituen hotsa, irudia eta filmak, dekodifikatzaile berezi baten bidez, baina haiek ere norberak ezin zituen grabatu: aukera hori eskaintzen duten diskoak gutxi dira egun. Alor horretan, bi etxe nagusi dira: Sony –CD-E, CD-R eta CD-U diskoekin arazo horren inguruan ari dena– eta Panasonic, PD diskoekin diharduena (phase change disc).

Diskoa sortu zenetik erabilera asko eman zaizkio. Hasieran gizakiaren hotsaren eta musikaren alorrera mugatu zen, eta kontrako ugari izan zituen zuzeneko ikuskizunaren nagusitasunaren alde egiten zutenen artean. Hala ere, diskoa osagarri bihurtu da eta lan erreproduzituen zabalkundea eragin du. Diskoa da, zalantzarik gabe, jazz musikaren oinarririk onena, eta baita 1960ko hamarraldiko herri musikarena ere. Zenbaki sistemak zabaldu dituen aukerei esker, diskoa ez da hotsaren oinarria soilik, baita irudi eta testuarena ere; disko berean batera daude sartuta, eta multimedia esaten zaien produktuak sortzen dira. Multimedia diskoak (CD-ROM) zabalkunderako media izatetik komunikazio media izatera igaro dira.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
  NODES
Done 1