Disolbagarritasuna substantzia batek beste batean disolbatzeko duen gaitasuna da[1]. Modu desberdinetan adieraz daiteke: mol litroko, gramo litroko edo solutu portzentaietan. Kasu batzuetan disoluzio baten disolbagarritasun maila gainditu egiten da solutu gehiegi gehitzeagatik, orduan disoluzioa gainasetuta dagoela esaten da[2].

Bestetik, solutu gehiago disolbatzerik ez duen disoluzioari disoluzio ase esaten zaio. Alegia, disoluzio asea disolba daitekeen substantzia baten kantitate maximoa duen disoluzioa da[3].

Asetasun-egoeran ez dagoen disoluzioari, hots, solutu gehiago disolbatzeko gai denari edo disolba dezakeen solutu-kantitate maximoa ez duenari disoluzio asegabe esaten zaio[4].

Normalean solutua disolbatzaile batean disolbatu nahi denean, berotu egiten da hau. Disolbatzen den substantziari solutu deritzo eta solutu hau disolbatzeaz arduratzen denari disolbatzailea.

Substantzia guztiak ez dira disolbatzaile berean disolbatzen. Disolbagarritasunean substantziaren izaera polar edo apolarrak garrantzi handia du. Honen arabera substantzia horrek disolbagarritasun handiagoa edo txikiagoa izango baitu. Esaterako, talde funtzional bat baino gehiagoko konposatuek polartasun handiagoa dute eta beraz, disolbatzaile polarretan disolbagarritasun handia izango dute. Talde funtzional bakarra duten konposatuek aldiz, disolbagarritasun txikia dute disolbatzaile polarretan. Hauen artean daude: parafinak, konposatuak aromatikoak, eta deribatu halogenatuak[5].

Kimikan erabiltzen den esaera batek dio "berdinak berdina disolbatzen du". Hau da, solutu polarrak disolbatzaile polarretan disolbatzen dira eta apolarrak apolarretan. Honen arabera, hidrosolugarriak edo liposolugarriak izango dira.

Substantzia baten disolbagarritasuna disolbatzaile eta solutuaren izaeraren, tenperaturaren eta presioaren araberakoa da. Disolbatzaile eta solutu molekulen artean ematen diren elkarrekintzak solbatazio izenarekin ezagutzen dira.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Disolbagarritasun. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.
  2. Gainase. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.
  3. Ase. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.
  4. Asegabe. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.
  5. Basterretxea, Francisco; Zabala, Gorka; Mijangos, Fernando; Izurieta, Itziar; Etxebarria, Nestor & Martinez de Marigorta, Edorta. (1996). Kimika orokorra. Udako Euskal Unibertsitatea, 209 or. ISBN 84-86967-71-6..
  NODES
multimedia 1
os 7