Enara

Paseriformeen ordenako zenbait hegaztiz esaten da. Txikiak dira, eta gorputza bereziki moldatua dute hegan oso ongi egiteko. Bere barnean enarak biltzen dituen Hirundinidae familia osatzen dute.

Enara, halaber ainara, elaia (Bizk.) edo txenada (Gip.), Hirundinidae familiako hegazti paseriformeen izen arrunta da.

Enara
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
Familia Hirundinidae
Vigors, 1825
Azpibanaketa
19, ikusi testua.

Enaren banaketa kosmopolita da, mundu osoan bizi eta habia egiten baitute, Antartikan salbu. Familiaren jatorria Afrikan dagoela uste da, eta jatorriz habia zuloetan egiten zutela; oraindik ere Afrikan dute espezieen aniztasunik handiena. Europa eta Ipar Amerikako zenbait espezie distantzia luzeko migratzaileak dira; Afrikakoek, berriz, ez dute migratzen. Batzuk, giza jardueren ondorioz, iraungitze arriskuan daude, baina beste batzuk, ingurumenean eragindako aldaketak direla kausa, abantaila lortu dute eta gizakiei lotuta bizi dira. Euskal Herri osoan oso arrunta eta ugaria da udaberritik udazkenera bitartean, gehienetan landa inguruetako eraikinen inguruan (baserri, abeletxe eta abar).[1]

Aitzineuskaraz, *eNala[2] edo elai omen zen, *eLana[3] Koldo Mitxelenaren ikerketen arabera. Beste hainbat izen arrunt ditu: ainara, ainhia, azpizuri, beletxiko, bragaro, elai, enabera, erlai, ernara, hegabera, hegoazpizuri, iñara, ipurzuri, kulentriña, mitxigu, ninera, txenara eta zagaro.[4] [1]

Euskal Herriko enarak

aldatu

Munduko enara espezien artean, Euskal Herrian lau bizi dira: enara arrunta (Hirundo rustica), enara azpizuria (Delichon urbica), haitz-enara (Hirundo rupestris) eta uhalde-enara (Riparia riparia)[5].

Enara arrunta

aldatu

Enara arrunta (Hirundo rustica) ezagunena da, Euskal Herrian bizi direnen artean handiena. Buztanaren kanpoaldeko bi lumak, kanpo-errektrize biak, izugarri luze eta finak dira: ezaugarri hori beste hirundinidoengandik bereizteko nahikoa da. Bizkar eta buru beltzak ditu, paparra gorria eta sabelalde zuria. Beti ere gizakiari lotuta bizi da eta gutxitan aurki daitezke bere habiak harkaitz, zubi edo zuhaitzetan, eraikuntzak nahiago baititu, beti etre herri handietatik urrun, baserri edota auzo txikietako lasaitasuna hobetsita.[5]

Ez da beste enarak bezain koloniala, baina talde txikietan aritzen da beti ehizan, sorbeltz eta enara azpizuriekin izan lezakeen lehia saihesteko, ehiza-esparrua banatuz. Sorbeltzek goi-goian dauden intsektuak harrapatzen dituzte, azpizuriek, erdikoak; eta enara arruntek, lur ingurukoak. Habiatik hurbil dauden zelai eta putzuetan ehiza egitea atsegin du, bere hegalaldi trebe eta bizkorraz eltxo, efimera eta bestelako intsektu txikiak harrapatuz. Hegan duen trebezia hori ura edatean ere garbi uzten du, ez baitu gelditu beharrik: putzu gainetik milimetro gutxira hegan ari delarik, burua jaitsi, mokoa uretan sartu eta inongo arazorik gabe tragoxka bat hartzen du.[5]

Egia esan, egunaren parterik handiena airean edo kableetan ematen du eta lurrera ia-ia kumaldian besterik ez da jaisten, habia egiteko buztina biltzera. Sasoi horretan erreka, putzu eta iturrietara hurbiltzen da. Buztin eta lokatz zatitxoak hartzen dituzte mokoan, belarrekin batera eta listuarekin nahastu ondoren eratzen dituzten bolatxoez, goitik zabalik dauden eta hain ezagunak diren kopa itxurako habiak eraikitzen dituzte atari eta kortetan.[5]

Azken urteotan, populazioak egundoko atzerakada izan du, batez ere kutsadura eta pestiziden eraginagatik. Dena den, oraindik ere Euskal Herri osoan da: ugariagoa da, noski, Hegoaldeko lurraldeetan, Araba eta Nafarroan habia egiteko leku egokiagoak aurkitzen baititu, baina gainontzeko bost lurraldeetan ere erraz ikusten da, herri handi eta kutsatuetatik aldenduz gero.[5]

Enara azpizuria

aldatu
 
Enara-habiak

Azken urteotan herri eta hiriak handitzearekin batera enara arrunta baserri inguruetara mugatu bitartean, enara azpizuria (Delicho urbica), askoz hobeto moldatu da bizitza modernora. Ez ditu mendiak utzi eta enara arruntarekin batera baserri eta auzotxoetan ere bizitzera hel daiteke, baina habia edozein lekutan egitea axola ez zaionez, herri handi eta hiriak kolonizatzea lortu du eta ez du enara arruntak izan duen atzerakada jasan. Gaur egun ez da zaila Arrasate, Irun edo Durango bezalako hiri hazietan hegaz ikustea.[5]

Enara azpizuriari habia edozein lekutan egitea axola ez zaionez, herri handi eta hiriak kolonizatzea lortu du eta ez du enara arruntak izan duen atzerakada jasan.[5]

Nahiz eta antz-pixka bat izan, erraza da azpizuria gainontzeko enarengandik bereiztea. Hasteko, nahiz eta buztan sardekara izan, ez ditu enara arruntak dituen bi luma luze horiek. Eta bestalde, bizkarraldea eta isatsa beltzak dituen arren, oso nabarmena da ipurdi gaineko orban zuri-zuria. Oso nabaria da batez ere hegan diharduenean. Enara arrunta baino txikixeagoa da eta ez hain liraina. Oso espezie taldekoia da eta ehundaka bikoteko koloniak era ditzake, nahiz eta gehienetan 10-20 bikoteko taldeetan bizi. Talde osoa batera irteten da ehizara eta denak batera habira itzultzen.[5]

Antzina bizi izateko gustukoen zituen mendi eta baserriak ez ditu utzi, baina pixkanaka Euskal Herri osora hedatuz joan da eta, egun, Aralar, Elgea, Aizkorri edo Salbada bezalako mendikateetatik hasi eta hirietaraino eta kostaldetik Araba eta Nafarroako hegoaldeko lautadetaraino iritsi da. Ziur aski, enararik arruntena da.[5]

Beste izen hauek ere ditu: (enara) buztanzuri, (enara) ipurzuri, ainara, elai, enabera, enara (txiki), erlai, ernara, hegabera, hegazpizuri, iñara, kulentriña, txenara (txiki).[6]

Haitz-enara

aldatu

Gure lurralde osoan zehar banatzen ari den beste espeziea haitz-enara (Hirundo rupestris) da. Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara Europako enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena da. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da. Honek ere, hegan ari dela harrapatzen ditu euli, liztor, inurri eta abar, baina lurrean harkaitz gainean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada hegan egiteko duen gaitasuna dela medio. Sarri ikus daitezke bata besteari jarraituz, kiribil eta jauzi harrigarriak egiten edota hegan ari direla bata besteari intsektu bat ematen.[5]

Europan bizi diren enaren artean astunena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri horiek nahikoak dira txoria identifikatzeko, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena buztana da: laukia da, ez sardekara, eta birak egiteko zabaltzen duenean, oso nabariak dira bai gainean bai azpian dituen orbantxo zuriak.[5]

Haiekin batera, haitz-enarak beste espeziengandik etologikoki bereizten dituen beste zenbait ezaugarri ditu: besteak baino montikolagoa da, hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu auzo, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez giza eraikuntzetan; azkenik, beste espezieak baino maizago jaisten da lurrera, harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea atsegin baitu.[5]

Ez da agian aurreko biak bezain ugaria, baina Euskal Herriko edozein harkaitzetan aurki daiteke talde txikietan, batez ere mendietan. Gainera, azken urteotan haren populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da. Adibidez, Deba ibarrean ikusi izan da, kostaldetik hurbil eta industriaz beteriko herrietan ere bai. Laguntza eta zorte pixka batekin agian urte gutxi barru Euskal Herri osora heda liteke.[5]

Beste izen hauek ditu: haitz-enara, mendi-txenada, sandaili-txori.[7]

Uhalde-enara

aldatu

Uhalde-enara (Riparia riparia) denetan txikiena da, 12 cm besterik ez ditu. Barnealdeko lurraldeetan soilik da: kostaldean migrazio-garaian ikus daitezke, baina Araba eta Nafarroako hegoaldean besterik ez du kumatzen, beste probintzietan horretarako leku egokiak falta baitzaizkio. Ibai handien inguruetan eraikitzen ditu habiak, beti kolonia handietan. Ehiza beste enaren antzera egiten dute, baina gehienetan ibai ertzetan eta esan bezala, talde handietan. Tarteka, araba-zozoen moduan, mugimendu sinkronikoak gauzatzen dituzte.[5]

Uhalde-enara ere goitik iluna da, arrea, eta papar eta sabela zuriak dituen arren, bizkarraren kolore bereko lepoko bereizgarria du. Horrek eta, haren neurri txikiak eta buztanaren formak beste espezietatik bereizten du.[5]

Ibai handien hurbiltasuna atsegin dute eta leku lauak. Hori dela eta, Nafarroako eta Arabako hegoaldean besterik ez du kumatzen, batez ere Ebro haranean eta baita Zadorra bezalako beste ibai zabal batzuen inguruan.[5]

Udazkena hurbiltzean, beste hegazti intsektujale asko bezala, Afrika aldean pasatu behar izaten dituzte, Gabonak hango uda aprobetxatuz, hemen ezinezkoa izango lukete eta neguan janaririk aurkitu. Hori dela eta, irail aldean, uda amaitzear dagoenean eta zuhaitzak beraien lehen hostoak galtzeko zorian daudenean, Afrikarako bidaia gertatzen hasten dira.[5]

Gero eta talde handiagoak biltzen dira, batez ere lezkadi eta kanaberadietan, indarrak hartu eta hegoalderanzko bidea hartzen dute. Gauez eta bai egunez migratzen dute, indartsu, 40-50 km/h batezbesteko abiadura eta azkar-azkar Euskal Herriko zelai eta basoak atzean utzi eta Kongo, Kamerun edo Madagaskarreko oihan eta lurretarantz abiatzen dira. Enara arrunta, azpizuria eta uhalde-enara irail bukaeran, sarri talde berean; haitz-enarari berriz pixka bat gehiago kosta zaio euskal larre eta belardiak uztea eta urri bukaera arte ez du alde egiten. Batzuek negua hemen igarotzen dute, baina gutxienak da. Eguzkira eta epeltasunera ohituta, Euskal Herriko lanbro eta zirimiriak ez daude haientzat eginda.[5]

Migrazioa

aldatu

Hegazti migrariak dira eta uda igarotzen dute Euskal Herrian: beste hegazti intsektujale asko bezala, Afrika aldean pasatu behar izaten dituzte neguak.

Irail aldean, uda amaitzear dagoenean eta zuhaitzak lehen hostoak galtzeko zorian daudenean, enarak Afrikarako bidaia gertatzen hasten dira. Gero eta talde handiagoak biltzen dira, batez ere lezkadi eta kanaberadietan: indarberritu eta hegoalderanzko bidea hartzen dute. Bai gauez eta bai egunez migratzen dute, indartsu, 40-50 km/h batezbesteko abiadura azkarrean. Kongo, Kamerun edo Madagaskarreko oihan eta lurretarantz abiatzen dira[5].

Enara arrunta, azpizuria eta uhalde-enara irail bukaeran, sarri talde berean, abiatzen dira. Haitz-enarak, ordea, urri bukaera arte ez du alde egiten.

Taxonomia

aldatu

Familia bi azpifamiliek osatuta dago: Pseudochelidoninae (Pseudochelidon generokoak) eta Hirundininae hain zuzen ere[8]. Guztira 83 espezie ditu, 19 generotan banaturik:

 
Psalidoprocne pristoptera
 
Hirundo neoxena

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Enara arrunta. Txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).
  2. Koldo Mitxelena (1976). Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Aldundia.
  3. Koldo Mitxelena (1976). Op. cit..
  4. «Enara arrunta» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-14).
  5. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Sarasua Aranberri, Asier. (1995). «Gure enarak - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-17).
  6. «Enara azpizuria» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-14).
  7. «Haitz-enara» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-14).
  8. Turner, Angela; Rose, Chris. (1989). Swallows and martins: an identification guide and handbook. Houghton-Mifflin ISBN 0-395-51174-7..

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2