Erinaceidae

Intsektiboroen ordenako zenbait ugaztunez esaten da. Batzuek ilez estalia dute azala, baina beste batzuek arantzak dituzte. Gehienetan omniboroak izaten dira, eta bere barnean trikuak biltzen dituen Erinaceidae familia osatzen dute.

Erinaceidae Erinaceinae (trikuak) eta Galericinae azpifamiliez osatutako Eulipotyphla ordenako familia bat da. Lehen Erinaceomorpha ordenan sailkatuta zegoen, geroxeago Soricomorpha parafiletikoarekin Eulipotyphla-ren baitan subsumitu zena. Eulipotyphla monofiletikoa dela frogatu egin da, aldiz Soricomorpha parafiletikoa da Soricidae-k arbaso komun berriago bat partekatu baitzuen Erinaceidae-rekin beste Soricomorfos-ekin baino.[1][2]

Erinaceidae
Eozeno-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaEulipotyphla
Familia Erinaceidae
Azpifamiliak
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaharra, Intsektua eta Sagua

Familia honek 26 espezie ditu Eurasiatik eta Afrikatik barrena. Gorputzaren kanpoaldeko morfologian ezberdinak diren bi azpifamiliek osatzen dute familia hau; Erinaceinae-k (trikuak, arantzadunak direnak) eta Galericinae-k (arantzarik ez dutenak). Familia honen sistematikak eztabaidagarria izaten segitzen du, batez ere Eulipotyphla eta Erinaceomorpha ordenen arteko eztabaidari dagokionez, baina ikerketa gaurkotuenek Eulipotyphla-ren barruan kokatzen dute.

Ezaugarriak

aldatu

Erinazeidoek satitsuen antza dute, mutur luzeak eta isats laburrak. Antza hau bi familia hauen dietan eta ekologian azal daiteke, biak baitira intsektujale amorratuak eta lurreko bizilagunak. Erinazeidoak satitsuak baino askoz handiagoak dira, orokorrean 10-15 cm bitarteko luzera eta 40-60 gramo bitarteko pisuarekin. Galericinae azpifamiliako Echinosorex gymnura 26-46 cm bitarteko luzera eta 1,4 kg-ko pisua izatera hel daiteke. Espezie bat izan ezik, beste guztiek bost behatz dituzte oin bakoitzean, zenbait espeziek atzapar indartsuak ere badituzte lurra erraztasunez zulatzeko. Espezie gehienek usain guruinak dituzte uzkian baina Galericinae azpifamiliakoek askoz garatuagoak dituzte eta usain gogorra isuri dezakete.[3]

Ilajea

aldatu
 
Triku bat bola eginda

Trikuek (Erinaceinae azpifamiliakoek) ile modifikatuak dituzte bizkarralde (buruaren goiko aldea barne) eta alboetan, ile arrunta izan beharrean arantza zorrotzak dituzte harrapariengandik babesteko. Espeziearen arabera arantzen kopurua ezberdina izan daiteke, triku arruntak esaterako 6.000 - 8.000 arantza inguru dauzka, eta arantza bakoitzean gihar zutitzaile (Musculus arrector pili) bana dute hauek tente ipini ahal izateko arriskua sumatzerakoan, beraz arantzak tente jartzeko ala erlaxatzeko gaitasuna dute trikuek. Arantzak zutitzeaz gain, trikuak bola moduan ipini ahal dira gorputzeko zati edo atal ez babestuak babesteko, mehatxu bat sentitzen dutenean bola egiten dira arantza guztiak erabat tente ipiniz. Bola egiteko gaitasun hori hainbat giharren elkarrekintza konplexu bati esker ematen da; besteak beste Musculus caudo-dorsalis (isats-ornoetatik bizkarraldera doana) izeneko giharra da gorputza bola moduan tolesteko gaitasuna ematen diena eta Musculus sphincter cuculli da bola moduan itxita edo tolestuta mantentzeaz arduratzen dena. Sabelaldean, hanketan eta aurpegian ez dute arantzarik, beraz bola egitean zonalde hauek babesten dituzte. Ilajearen kolorea arre eta grisaxka da.

Galericinae azpifamiliak, ordea, ez du arantzarik edota ile modifikaturik. Espeziearen arabera ilajea leunagoa ala latzagoa izan daiteke eta kolorea arre-grisaxkatik beltzera doa.

Burua eta hortzak

aldatu
 
Atelerix albiventris espeziearen garezurra.

Erinazeidoen garezurra luzea eta zapala da. Familia honek beste ugaztun intsektiboro gehienek ez duten ezaugarri berezi bat du; alegia, zigoma-arkua itxia eta hezur zigomatikoa independentea dituzte. Lepo laburra dute eta bibrisaz beteriko mutur luzea. Beste intsektiboroek (satitsuak, satorrak...) baino begi eta belarri handiagoak dituzte. Usaimena eta entzumena dira beren zentzumen nagusiak, ikusmena pobreagoa dute (nahiz eta beste intsektiboroena baino garatuagoa den).

Garezurra eta burmuina bere gorputz eta masa osoarekin alderatuta erlatiboki txikia dituzte, usaimen-erraboila aldiz oso garatua dute. Animalia hauek organo bomeronasala ere darabilte.

Hortzak zorrotzak eta ongi garatuak dituzte. Ebakortz nagusia sarritan beste ebakortzak baino handiagoa da. Aurreko haginek 4 ertz zorrotz dituzte eta atzeko hagina baino garatuagoak daude.

Hortzeri-formula Ebakortz Letagin Aurreko hagin Hagin
36-44 = 3 1 3-4 3
2-3 1 2-4 3

Banaketa eta habitata

aldatu

Erinazeidoak Mundu Zaharretik banatzen dira, Europan, Asian eta Afrikan presente daude, ez ordea Amerikan, Ozeanian edo Antartikan.

Erinaceinae azpifamilia Erresuma Batua eta Iberiar penintsulatik Hegoafrika, India eta Korearaino hedatzen den bitartean, Galericinae azpifamilia Hego-ekialdeko Asiara mugatuta dago.

Triku arantzadunak mota askotako habitatetan bizi dira. Normalean zelai eta baso irekietan zein nekazale landetan bizi dira. Genero batzuk, hala nola Paraechinus eta Hemiechinus basamortuetara eta estepa lehorretara moldatuta daude. Arantzarik gabeko Galericinae espezieak aldiz oihan tropikaletan eta eremu heze eta beroetan bizi dira.

Portaera eta ekologia

aldatu

Erinazeidoak lurretik ibiltzen diren animaliak dira, espezie batzuk zuhaixka edo zuhaitzetan eskalatzeko gai dira eta beste batzuk igerilari trebeak izan daitezke. Trikuen azpifamiliakoek bere zuloak edo gordelekuak beraiek zulatzen dituzte eta gordeleku horiek sinpleagoak edo konplexuagoak izan daitezke. Arantzarik gabeko azpifamiliakoek aldiz, ez dute zulorik egiten eta aurretik egindako zuloetan edo zirrikituetan gotortzen dira.

Trikuak gautarrak dira eta bere jarduera nagusia ilunabar, gau eta egunsentietan ematen da. Galericinae azpifamiliakoak ez dira hain gautarrak eta egunez zein gauez egon daitezke aktibo. Gaixorik dauden trikuak egunez ibil daitezke leku batetik bestera, parasitoek kutsatuta edo portaera axolagabe batekin.[4]

Eremu hotzenetan bizi diren erinazeidoek hibernatu egiten dute neguak gogor jotzen duenean, eremu beroenetan bizi direnak ordea, letargian sartzen dira udako egun lehorrenetan eta beroenetan.

Elikadura

aldatu

Intsektuak eta beren larbak, zizareak, barraskiloak eta mota guztietako ornogabeak jaten dituzte. Txorien arrautzak zein animalia txikien sarraskiak ere jan ditzakete eta nahigabe haziak eta frutak ere irentsi ditzakete, nahiz eta hauek digeritzeko gai ez diren. Beren hortzak zorrotzak dira, ornogabe biziak harrapatzeko eginak.[3]

Trikuek laktosarekiko jasanezintasuna dute eta ezin dute esnearen azukrea deskonposatu, beraz nahiz eta gizaki batzuek esnea eman, kalte handia egiten die eta hil daitezke.[5]

Ugalketa

aldatu
 
Triku espezie baten kumeak

Erinazeidoak urtean behin ugaltzen dira (edo bi eremu beroenetako espezietan). 30 - 48 egun bitarteko ernaldiaren ondoren 1-11 kume bitartez erditzen dira (europar espezietan, batez beste, 4 edo 5 kumez erditzen dira). Arrak ez du parte hartzen kumeen hazkuntzan.

Triku kumeen arantzak bigunak dira jaiotzerakoan, horrela amaren erditze-kanala ez da zauritzen edo kaltetzen. Ugaztun askorekin gertatu bezala, erinazeido jaio berriak ere itsuak dira eta 12-24 egunen bueltan begiak irekitzen dituzte. 6 edo 8 asteren bueltan kumeek amaren titietatik esneaz elikatzeari uzten diote eta 6 - 12 hilabeteren bueltan heldutasun sexuala lortzen dute. 3-7 urtez bizi dira batez beste basabizitzan.

Trikuaren eta gizakiaren arteko harremana

aldatu

Gizakiak antzinarotik izan du trikua maskota gisa. Erdi Aroko literaturan zein artean izaki azkar eta batzuetan maltzur eta deabrudun gisa hartzen da trikua.[6] Ohiko mito baten arabera trikuak udazkenean fruitu-arbolen eta mahatsondoen azpitik pirritan pasatzen ziren eroritako fruitu guztiak iltzatu eta bere gordelekura eramateko, horrela igarotzen omen zuten neguak mito hauen esanetan. Mito edo sinesmen hau Plinio Zaharrak jasotzen du lehen aldiz, baina baita Plutarkok ere eta Erdi Aroan Bartholomaeus Anglicus-ek. Physiologus-en historia natural paleokristauan, animalia hauen ustezko ezaugarri hau metafora erlijioso baterako erabiltzen zen, bestiario ezberdinetan jasota geratu zena. Metafora honetan trikua Deabrua da eta Jaungoikoaren mahastitik dabil ahalik eta Jainkoaren "fruitu" gehien lapurtzeko; hots, ahalik eta kristau fededun gehien lapurtzeko edo "bide txarretik" eramateko.[6]

Erinazeidoak garai ezberdinetan ehizatuak izan dira sineskeriagatik eta medikuntza tradizionalagatik.

Kontserbazioa

aldatu

Erinazeidoek intsektuen gainbehera modu zuzenean pairatzen dute, hauek bere elikadura iturri nagusia osatzen baitute. Intsektuen gainbehera ekosistemen suntsipenarekin, klima aldaketarekin eta pestiziden erabilerarekin estu lotuta dago eta beraz osagai horiek erinazeidoei kalte zuzen zein zeharkakoa eragiten diete. Trikuen kasuan bere habitatak zatitzen dituzten errepideak mehatxu handiak dira bi ondorio zuzenengatik, alde batetik habitat beraren azaleraren tamaina murrizten dutelako eta bestetik talka eta zapalketa kopuru handiak suposatzen dituztelako, are gehiago kontutan hartzen badugu animalia nahiko motelak direla.

Klima aldaketak uda gero eta beroagoak eta lehorragoak dakartza Europara, honek trikuen (Erinaceinae) hilkortasunean eragiten du, bere elikadura iturriak (intsektuak) murrizteaz gain lurra gero eta gogorragoa eta idorragoa bihurtzen duelako, animalia hauek behar dituzten bizi baldintzak pobretuz.[7]

Oihanetan bizi diren Galericinae azpifamiliakoak oihanen basogabetzea pairatzen ari dira. IUCN-ren arabera azpifamilia honetako zenbait espezie desagertzeko arriskuan daude.

Sailkapena

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Beck, Robin MD; Bininda-Emonds, Olaf RP; Cardillo, Marcel; Liu, Fu-Guo Robert; Purvis, Andy. (2006-11-13). «A higher-level MRP supertree of placental mammals» BMC Evolutionary Biology 6: 93.  doi:10.1186/1471-2148-6-93. ISSN 1471-2148. PMID 17101039. PMC 1654192. (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
  2. (Ingelesez) Roca, Alfred L.; Kahila Bar-Gal, Gila; Eizirik, Eduardo; Helgen, Kristofer M.; Maria, Roberto; Springer, Mark S.; J. O'Brien, Stephen; Murphy, William J.. (2004-06). «Mesozoic origin for West Indian insectivores» Nature 429 (6992): 649–651.  doi:10.1038/nature02597. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
  3. a b Wroot, Andrew (1984). Macdonald, D., ed. The Encyclopedia of Mammals. New York: Facts on File. pp. 750–757. ISBN 0-87196-871-1. (erregistroa eskatzen du).. .
  4. (Alemanez) Volker. (2019-09-24). Igel im Herbst // VIER PFOTEN gibt Tipps für den richtigen Umgang. (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  5. «Igel füttern - Was Sie Igeln geben dürfen» web.archive.org 2022-01-27 (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  6. a b Clara Wille: Quelques observations sur le porc-épic et le hérisson dans la littérature et l'iconographie médiévale. En: Reinardus: Reynard Nazioarteko Elkartearen Urtekaria. Vol. 17, 2004, 181-201 or.. .
  7. (Alemanez) «Trockene Sommer: Igel verhungern und verdursten» FAZ.NET 2020-08-21 (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).
  NODES
Idea 1
idea 1