Ernesto Erkoreka

politikari bizkaitarra

Ernesto Erkoreka Regil (Bilbo, Bizkaia, 1866ko azaroaren 9a - ibidem, 1957ko abenduaren 22a). Bilboko alkate izan zen.[1] Ama gipuzkoarra zuen. Ernesto Erkorekak Bilboko portuan delineatzaile moduan, izan zuen lehen lana. Urte batzuk geroago, portuko obren zuzendari izendatuko zuten.

Ernesto Erkoreka

Bilboko alkate

1936ko otsailaren 23a - 1937ko ekainaren 20a
Manuel Frías - Jose Maria Areiltza

Bilboko alkate

1931ko apirilaren 14a - 1934ko irailaren 8a
Adolfo Gonzalez de Kareaga - Pablo Barrera
Bizitza
JaiotzaBilbo1866ko azaroaren 9a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1957ko abenduaren 22a (91 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Izquierda Republicana

Lehen agintaldia (1931-1934)

aldatu

Arlo politikoari dagokionez Izquierda Republicana alderdiko kide izan zen. Zinegotzi moduan udalean sartzen saiatu eta gero II. Errepublikako garaian Bilboko alkate izendatu zuten, 1931n.[2] Bere agintaldian kultura eta hezkuntza sustatzen saiatu zen. Horretarako hainbat eskola berri eraikitzea agindu zuen, izan ere, garai hartan hirian zeuden 35.000 haurretatik herenak ez zeukaten eskolara joaterik.

Horrez gain, uraren banaketa sareak hobetu eta berriak eraiki zituen. II. Errepublikak aldarrikatzen zuen laikotasunaren arlotik, eskola publiko guztietatik kendu zituzten gurutze eta bestelako ikur erlijioso guztiak. 1933an, Bilboko Bihotz Sakratua eraisteko egitasmoa aurkeztu zen Bilboko Udalean. Monumentu hau 1927an altxatu zen, eta indar ezkertiarrek eraitsi nahi zuten, ikur erlijiosoa zelakoan.

1934an Espainian hauteskunde nagusiak egon eta alderdi eskuindarrek eskuratu zuten boterea. Gobernu berri hark euskal probintzietan ezarrita zegoen ardoaren zerga ezereztu nahi zuela argitara eman zuen. Horrek erantzuna izan zuen Euskal Herriko biztanleriaren aldetik, izan ere, Kontzertu ekonomikoaren aurkako erasoa zela uste zuten. Herririk garrantzitsuenetako alkateak Donostian bildu ziren zer egin erabakitzeko.

Erabakitakoaren Ernesto Erkoreka Bilbora joan zen udalean Espainiako Gobernuak erabakitakoaren aurka mozio bat aurkezteko. Bizkaiko gobernadore zibila horretaz oharturik polizia bidali zuen Bilboko udalera, bilkuran sartu eta mozioaren onarpena oztopa zezan. Alkateak ezetz esan eta poliziak bertatik eraman zuen, ondoren berdina egin zuten alderdi ezberdinetako zinegotziek eta hauek ere udaletik eraman zituzten indarrez.

Espainiako gobernuak udala eten eta behin-behineko batzorde bat ezarri zuen Bilboko udala zuzentzeko. Bitartean, desobedientziagatik epaitu eta kargu publikorik ez hartzeko debekua ezarri zieten Erkoreka eta udaleko beste zinegotzi gehienei.

Bigarren agintaldia (1936) eta Gerra Zibila

aldatu

Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean alkatea eta zinegotziei euren karguak itzuli zizkieten. Aurreko behin-behineko udalak hartutako erabaki batzuk atzera bota zituzten, esaterako Bilboko Plaza Biribilari Espainia Plaza deitzeko erabakia. Altxamendu frankista gertatu zenean Erkoreka Madrilen zegoen Bilbori zegozkion proiektu batzuk zehazten. Berehala Bilborako trena hartu zuen. Miranda Ebron atzeman zuten, eta kartzelara eraman.

Gurutze Gorriaren bitartekotasunarekin Esteban Bilbao tradizionalistarekin trukatu zuten Hendaian. Egoerak eraginda edo, Esteban Bilbaorekin harreman estua garatu zuen. Eratu berria zen Eusko Jaurlaritzak eskatuta bueltatu egin zen eta Bilboko portuko obren zuzendari izan zen berriro ere. Frankistek Euskal Herria bereganatzean, Frantziara ihes egin zuen erbesteraturiko beste euskaldun askorekin batera.

Frantzian hiru urtez bizi izan zen, baina 1940an Naziek Frantzia konkistatzean, berriro ere atzeman zuten. Atzemandako errepublika garaiko beste politikari eta sindikatuetako kideak bezala naziek Espainiako frankistengana eraman zuten. Zeuzkan jabetza guztiak kendu zizkioten eta traizioa eta bestelako delituak leporatu zizkioten. Valladolideko kartzela batera eraman zuten.

Esteban Bilbaok kartzelatik atera zuen, baina Valladoliden derrigorrezko erbestean bizitzera behartu zuten. Mediku arazoengatik Bilbora bueltatzea baimendu zioten, baina zaintza polizial estua izan zuen eta Bilbon bizi izan zen azken urteetan. Tranbia batek harrapatuta hil zen 1957an.

Egun, bere omenez, Ernesto Erkoreka plaza dago Bilbon.

Erreferentziak

aldatu
  1. Agirreazkuenaga Zigorraga, Joseba; Alonso Olea, Eduardo J.; Serrano Abad, Susana; Urquio Goitia, Mikel; Gil Fernández, Gil Fernández. (2003). Bilbao desde sus Alcaldes - Volumen II (1902-1937): Diccionario biográfico de los Alcaldes de Bilbao y gestión municipal, en tiempos de revolución democrática y social.. Bilboko Udala, 325-356 or. ISBN 84-88714-72-6..
  2. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ernesto Ercoreca. .
  NODES
Idea 1
idea 1
iOS 2
os 7