Estatua unitate politiko beregaina eta burujabea den nazioa, nazio zatia edo nazio multzoa da; unitate horretan, aginpidea gauzatzen duten erakundeen multzoa[1]. Estatuaren definizioak eztabaidagarriak dira[2][3]. Oso erabilia den definizio bat Max Weber soziologoarengandik dator: «estatua indarkeriaren legezko erabilerari buruzko monopolioa mantentzen duen erakundea da», nahiz eta beste definizio batzuk komunak izan[4][5]. Estaturik ez egoteak ez du gizarte bat existitzea eragozten, hala nola estaturik gabeko Haudenosaunee Konfederazioa, erakunde edo rol hutsak edo politikoak ere ez dituena[6]. Estatu baten gobernantza maila, estatu garaikideen oinarrizko aparatua gobernuak osatzen duela kontuan hartuta[7][8], erabiltzen da porrot egin ote duen zehazteko[9].

Hala ere, autoreen arabera, definizioa aldatu egiten da. Oro har, gizarte baten arauak ezartzeko agintea eta ahalmena dituzten erakundeen multzoa da, lurralde jakin baten barneko eta kanpoko burujabetasuna dituena. Estatu izateko, hiru ezaugarri bete behar dira: lurraldea izatea, lurralde horrek biztanleria izatea, eta gobernatzeko subiranotasuna. Gainera, beste estatuen onarpena garrantzitsua da.

Montesquieu baroiaren garaietatik, estatuak hiru botereak —legegilea, judiziala eta betearazlea— eta legez bortizkeriaren erabilpenaren monopolioa dituzten erakunde politikoak direla esaten da.

Etimologia

aldatu

Estatu hitza eta bere antzekoak Europako beste hizkuntza batzuetan (estadua euskaraz, estato italieraz, estado gaztelaniaz eta portugesez, état frantsesez, staat alemanez), azken batean, latinezko status hitzetik datoz, baldintza, zirkunstantzia esan nahi duelarik. Latinezko status hitza zutik egotetik, izatetik, edo irautetik dator, horrela entitate politikoaren konnotazio sakratua edo magikoa emanez.

XIV. mendean, Europan erromatar zuzenbidea berpiztearekin batera, terminoa pertsonen (hala nola erresumaren ondare desberdinak, nobleak, erkideak eta elizgizonak) eta, bereziki, erregearen estatutu bereziaren euskarri juridikoa aipatzera pasatu zen. Estamenturik handienak, gehienetan (aberastasun eta gizarte-maila handiena zutenak), boterea zutenak ziren. Hitzak, gainera, erromatar ideiekin (Zizeronen garaikoak) bat egiten zuen: status rei publicae (arazo publikoen egoera). Denboraren poderioz, hitzak gizarte-talde partikularren aipamena galdu zuen, eta gizarte osoaren ordenamendu juridikoarekin eta hura betearazteko tresnekin lotu zen[10].

Makiaveloren XVI. mende hasierako lanek (batez ere Printzeak) funtsezko zeregina izan zuten estatu hitzaren erabilera bere zentzu modernoaren antzeko zerbaitetan jendarteratzeko[11]. Eliza eta estatuaren arteko aldia, oraindik ere, XVI. mendekoa da. Ipar Ameriketako koloniek, jada 1630eko hamarkadan, Estatu bezala definitzen zuten beren burua. L 'Etat, c' est moi (Estatua neu naiz) Luis XIV.ari egozten zaion esamoldea, beharbada apokrifoa, XVIII. mendearen amaieran agertzen da[12].

Definizioak

aldatu

Platon

aldatu
 
Platonen bustoa. Pio-Clementino del Vaticano museoan aurkituko duguna.

Platonek, gizakia izaki sozial bat den heinean, perfekzioa lortzeko bide bakarra komunitatean izango dela zeritzon. Gizarte bakoitzaren bertuteak bateratzeko gai den erakunde bakarra estatua da. Platonen estatuaren idealaren egituraketa, antropologian oinarritzen da: filosofo greziarraren ustez, hiru arimaz osatuta gaude: arrazionala, suminezkoa eta irritsezkoa, baina, bakoitzean, hiru arima horietako bat nagusitzen da. Hortaz, nagusitzen den arima mota horren arabera hartu beharko luke lekua gizartean. Antzematen zaionez, Platon espezializazioaren alde dago; beraz, Platonen estatu ideala ere, espezializazioan oinarritutako estatua da.

Makiavelo

aldatu

Makiavelo zientzia politiko modernoaren aitatzat hartzen da, eta gaur egun ezagutzen dugun estatuari buruz hausnartu zuen lehena da. Makiavelok Medici familiari zuzendutako gomendio liburu batean laburbildu zuen bere pentsamendu osoa: Printzea. Italiar pentsalariak ezkortasun antropologikoan sinesten du, hau da, gizakia berez gaiztoa eta berekoia dela eta bere interesen arabera jokatzen duela. Bidezko gizarte-ordena eraikitzeko eta horren kontra egiten dutenei aurre egiteko bide bakarra moralitate gabeko printze batek gobernatutako estatua da.[13] Estatu indartsu batek soilik lortuko du printzearen xedea, hots, herritarren zoriontasuna. Estatu indartsu hori eraikitzeko eta mantentzeko, bide guztiak zilegi dira, baita krudelkeria eta iruzurrak ere.

Hobbes

aldatu
 
Leviathan, Thomas Hobbesek 1651 argitaratutako liburua.

Hobbes mundu anglosaxoian filosofo politikorik handienetakoa da, eta, pentsamendu politikoaren historian, eragin handiena izan dutenetakoa. Bere estatu idealaren proposamena Leviathan liburuan laburbildu zuen. Horrek bi egoera azaltzen zituen natura egoera (egoera aurrepolitikoa), non ez zegoen ezer ziurtatuta; hau da, gatazka egoera zen. Gatazka egoera hori gainditzean, lege naturalen eta estatuaren egoeran egongo ginateke. Egoera horretan, herritar bakoitzak norbaiten esku utziko du bere segurtasuna, aniztasunetik bakartasunera pasatuz. Estatuak hartuko du bere gain mendean duen gizartea defendatzea. Beraz, estatuaren papera herritarrak gatazketatik defendatzea da, eta, beraz, soberanoa da; estatua da indarraren erabiltzaile legitimo bakarra, bai bere burua defendatzeko, bai ondasunak defendatzeko, adibidez, botereari eustea.[14]

Hannah Arendt

aldatu

Hannah Arendt XX. mendeko eragin handiko filosofo alemaniarra izan zen. Haren ustez, gizakion jomuga askatasuna da. Askatasunak zentzu askotan uler daitekeela zioen, baina, beti, estatuari lotuta. Ideia hori Greziako filosofoengandik hartu zuen, haiek polisetan biltzen zirenean lortzen baitzuten benetako askatasuna. Beraz, estatuaren joera askatasuna da, eta, aitzitik, benetako askatasuna esfera politikoan soilik aurkituko dugu. Baina estatua gizakiaren izaera eta interesak arbuiatzen dituenean eta gobernuaren interesak lortzeko bide mekanismotzat erabiltzen badu gizakia, estatu hori estatu totalitarioa da, estatuak sistema axiologiko baten bitartez lortu behar duelako gizartearen ongizatea[15].

Jule Goikoetxea

aldatu

Jule Goikoetxea Euskal Herriko egungo filosofo politiko eta aktibista-feminista garrantzitsuenetako bat da. Asko jardun du gaur egungo estatuari buruz, estatua ez dela desagertzen ari deritzo, baizik eta sistemak aldaketa bat izan duela autoritarismo liberala eta patriarkalean ongi errotzeko eta haien mesedetara jarduteko. Prozesu horretan, hiritarrek eta herriak berak zuen subiranotasunaren gaitasuna murriztuz eta murriztuz joan da subiranotasuna enpresa pribatuen zein lobbyen eskuetan geratu arte. Globalizazioak eta Europar Batasunak zeresan handia dute prozesu horretan, izan ere, erabaki publikoaren pribatizazioa ekarri baitute. Azken finean, globalizazioa demokraziaren pribatizatzea da.[16]

Theda Skocpol

aldatu

Theda Skocpol estatubatuarra egungo soziologorik adierazgarrienetako bat da. Hainbat lan argitaratu ditu; garrantzitsuena, States and Social Revolutions (1979) da, hamaika hizkuntzatara itzulia. Lan horretan, Errusian, Frantzian eta Txinan gertatutako iraultza sozialak alderatu ditu[17].

Estatuen arteko desberdintasunez ere jardun da; bi desberdintasun daudela dio estatubatuar soziologoak: alde batetik, estatuen boterea nazioarte mailan, eta, bestetik, estatu horiek esparru nazionalean duten gaitasuna. Bigarren desberdintasuna alderatzea zailagoa dela nabaria da; horretarako, Weberren filosofoa oinarri hartuta, legitimitatea, autonomia eta gaitasuna kontzeptuak alderatu behar zirela adierazi zuen.[18]

Historia

aldatu

Estatuaren lehen formak boterea modu iraunkorrean zentralizatzea posible izan zen guztietan sortu ziren. Estatuak osatzeko, nekazaritza eta biztanleria finkatzea beharrezko baldintzatzat jo izan dira[19][20][21][22]. Nekazaritza-mota batzuk estatua eratzeko aproposagoak dira, esaterako, aleak (garia, garagarra, artatxikia), ekoizpen, zerga eta biltegiratze kontzentraziorako egokiak direlako[19][23][24][25]. Nekazaritza eta idazkera, ia nonahi, prozesu honekin lotzen dira, nekazaritzak bere biziraupenerako denbora gehiena eman behar ez zuen gizarte-klase bat agertzea ahalbidetu zuelako, eta idazkerak (edo idazkeraren baliokide bat, esaterako, Inka kipu) funtsezko informazioaren zentralizazioa posible egin zuelako[26]. Burokratizazioak posible egin zuen lurralde handietan hedatzea[27].

Ezagutzen diren lehen estatuak Egipton, Mesopotamian, Indian, Txinan, Mesoamerikan eta Andeetan sortu ziren. Aro moderno samarretan baino ez dituzte estatuek ia erabat desplazatu Lurra osoko gizarteen antolakuntza politikorako estaturik gabeko forma alternatiboak. Ehiztari-biltzaileen tribu ibiltariak eta abeltzaintzan edo nekazaritzan oinarritutako tribu-sozietate nahiko handi eta konplexuak ere egon dira denbora osoko estatu-antolakuntza espezializaturik gabe, eta estaturik gabeko antolakuntza politiko horiek, izan ere, historiaurre osoan, giza historian eta zibilizazioaren zati handi batean nagusitu dira.

Estatuarekin lehiatzen ziren lehen antolamendu-formak erlijio-erakundeak (Eliza) eta hiri-errepublikak ziren[28].

XIX. mendearen amaieratik, munduko bizitzeko lurra ia osorik estatu ezberdinek erreklamatutako muga, gutxi-asko, zehatzak dituzten eremuetan banatu da. Lehen, lur-eremu nahiko handiak erreklamatugabeak edo bizigabeak ziren, edo estatu gisa antolatugabeak ziren herri nomadak bizi ziren. Hala ere, gaur egungo estatuetan ere, basamortu eremu zabalak daude, hala nola Amazoniako oihana eta beste batzuk, indigenak bakarrik (eta haietako batzuk inolako harremanik gabe) bizi direnak edo, gehienetan, hutsik daudenak. Era berean, porrot egindako estatuak deitzen direnak ere badaude, de facto erreklamatutako lurralde guztiaren gaineko kontrolik ez dutenak edo kontrol hori zalantzan jartzen direnak. Gaur egun, nazioarteko komunitateak 200 estatu burujabe inguru ditu, eta horietako gehienak Nazio Batuen Erakundean ordezkatuta daude.

Estatuaren sorrerarako teoriak

aldatu

Lehengo estatuak

aldatu

Lehengo estatuen sorrerarako teoriek zereal nekazaritza eta populazio finkatuak azpimarratzen dituzte beharrezko baldintza gisa[29]. Batzuen ustez, klima-aldaketak giza populazioen kontzentrazio handiagoa ekarri zuen gero eta murritzagoak ziren ur-ibilbide ingurura[29].

Estatu modernoak

aldatu

Hendrik Spruytek estatu modernoa politika nagusi gisa agertzearen inguruko hiru azalpen kategoria bereizten ditu:

  1. Segurtasunean oinarritutako azalpenak, gerraren papera azpimarratzen dutenak
  2. Estatua eratzeko eragile gisa, merkataritza, jabetza-eskubideak eta kapitalismoa azpimarratzen dituzten ekonomian oinarritutako azalpenak
  3. Teoria instituzionalistak, zeinak gatazka eta lankidetza arazoak lehian dauden erakunde politikoek baino hobeto konpontzeko gai den antolakuntza forma gisa ikusten duten estatua[30].

Philip Gorski eta Vivek Swaroop Sharmaren iritziz, estatu burujabeen sorrerarako marko neodarwindarra da azterketetan azalpen nagusia[31]. Marko neodarwiniarrak azpimarratzen du nola hautespen naturalaren eta lehiaren bidez sortu zen estatu modernoa antolakuntza-forma nagusi gisa[31].

Estatuaren formakuntza

aldatu

Lurralde bat estatu bihurtzeko eta, horrenbestez, estatu eraikuntza gauza dadin, ezinbestekoa du honako ezaugarriak gorpuztea (ez da, ezinbestean, ondorengo ordena jarraitu beharrik):

  • Komunitatea izan behar du; hau da, herria.
  • Lurraldearen mugek zehaztuak egon behar dute.
  • Komunitateak bere burua gobernatzeko mekanismoak izan behar ditu, hala nola legeak.
  • Estatu batek, ezinbestean, burujabe izan behar du; bere gainetik ez du beste botererik onartu behar: hitz gutxitan, estatuaren subiranotasuna bermatu beharra dago.
  • Bere boterea kanporatzeko gaitasuna izan behar du; hau da, beste estatuen aitorpena eskuratu.
  • Ezinbestekoa da egonkortua dagoen lurraldearen gaineko kontrola eta horrekiko leialtasuna egotea.
  • Bere autoritatea instituzionalizatzeko edo erakundetzeko gaitasuna izatea eta, hertsadura ezartzeko, erakundeak eratzea, adibidez, indar armatuak, eskolak eta auzitegiak.
  • Kontrola bereizteko gaitasuna izatea, hots, instituzio multzo bat izatea hainbat jarduera zehatz egiteko, besteak beste, zergen eta beste baliabide batzuen diru bilketa modu kontrolatu batean gauzatzeko.
  • Agintari profesionalak egotea.
  • Identitate kolektibo bat barneratzeko gaitasuna izatea beste estatuetatik bereizteko ikur propio eta komunak sortuz. Adibidez, ereserki edo bandera propioak.

Horrela, aurreko baldintza minimo eta beharrezkoak betez gero, lurralde guztiak prozesu luze bat igaroko dute, eta benetako estatu bati buruz hitz egin daitekeela esan dezakegu.

Estatu motak eta formak

aldatu

Estatu formak[32] testu legegile eta bibliografikoetan erabili ohi dira eskubide konstituzionalaren kontzeptua azaltzeko, non estatuak har dezakeen antolaketa modu ezberdinei erreferentzia egiten dion. Antolaketa hiru elementu konstitutiboren artean duten harremanaren ondorio izango da. Hau da, lurraldea, biztanleria eta boterearen artean sortzen den harremanaren ondorio izango da estatu forma.

Honen arabera bi multzotan bana dezakegu estatu forma:

  • Alde batetik, estatu unitarioa: bertan, biztanleria eta boterea homogeneoak, uniformeak eta sinpleak dira, eta hiruren arteko harremana adiera bakarrekoa eta zuzena da.
  • Bestetik, estatu konplexua: kasu horretan, lurraldearen, biztanleriaren eta boterearen homogeneotasun falta dago. Horren ondorioz, bere ordenamendu juridikoaren egituraren baitan dibertsifikazioa gertatzen da (estatu federala, konfederala eta erregionala).

Estatu unitarioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Estatu unitario»

Estatu unitarioetan, botere politikorako erdigune bakarra dago. Horrek estatu osoan eragiten du bere agente eta autoritate lokalen bitartez. Botere legegile bakarra, botere judizial bakarra, botere betearazle edo exekutibo bakarra eta konstituzio politiko bakarra du; hau da, estatu unitarioetan, batasun laukoitza dago: ordenamendu juridikoaren batasuna, gobernuko aginpidearen batasuna, gobernatuen batasuna eta lurraldearen batasuna.

Estatu unitarioen barruan, bi mota aurki ditzakegu:

  • Estatu unitario puruak: entitate bakar batez osatuta daude, gobernu estatal bakarrarekin eta administrazio-zatiketarik gabe.
  • Estatu unitario eskualdekatua: zonalde edo hainbat eskualde politiko-administratibotan banatutako estatua da, baina, bere barne erregimenean, ez dira autonomoak.

Estatu konplexua

aldatu

Estatu konplexuaren baitan, zenbait mota daude:

  • Estatu erregionala: Estatu erregionalek estatu zentralista bat dute jatorritzat, baina, garapenaren bitartez, autonomia gehiago ematen joan zaie statu hori osatzen duten eskualdeei. Autonomia hori ezberdina izaten da toki batetik bestera, eta autonomia handiko estatuei de faktoko federakuntza esaten zaie.
  • Estatu federala: erakunde subirano eta autonomikoz osatutako estatua da. Erakunde haietako estatus autonomoa ez daiteke gobernu zentralaren bidez modu aldebakarrekoan alda, salbuespenak salbuespen (Argentina, kasu).

Estatu federalaren eta erregionalaren arteko alde bakarra eskuduntzaren jatorria da. Estatu erregionaletan, gobernu zentralak zenbait eskubide eta konpetentzia eman dizkio eskualdeari; estatu federaletan, ordea, eskualdeek zenbait eskuduntza ematen dizkiote botere zentralari.

Kritika estatuari

aldatu

Ikuspegi marxista

aldatu

Marxismoak kritika handiak egin dizkio estatuari. Estatu hori analizatu denean, beti estatu burgestzat ikusi da: hor, kapitalismoaren ondorioz, estatu burges hori herritarrak areago zapaltzeko tresna da. Leninek estatua sistema kapitalistan bakarrik zela eraginkorra idatzi zuen; iraultza sozialistan, proletariotzaren diktadura oinarri hartuta, gero eta balio txikiagoa izango duela, iraultzak aurrerago egin ahala puntu batera iritsiko baita eta, hor, estatuak ez du inongo baliorik izango, eta kendu eginen da, baina azken pauso hori lurraldea komunista bilakatzean lortuko da.[33]

Ikuspegi anarkista

aldatu

Anarkismoak kritika egiten dio estatuari esanez botere tresna bat dela, lurralde batek dituen botere guztiak bereganatzen saiatzen dena. Estatuari eta eskubideei kritika handiena Hans Kelsen filosofoak egin zien. Kelsenek zioenez, estatua eta justizia bide beretik doaz, baina beste filosofo batzuen ustez, estatua eta eskubideak bateraezinak dira, estatua boterearekin baitago, ez eskubideekin[34].

XVIII. mendean Godwinek estatuak legeak erabiltzen zituela herritarrei isunak jartzeko eta, horren bitartez, zergak lortzeko kritikatu zuen. Bestalde, gauzak debekatzeko ere esku hartzen zuela esan zuen Godwinek .

Proudhonek estatua etorkizunean desagertuko zela ez zuelako ezertarako balio esan zuen. Beste hainbat anarkistek kritika berak egin dizkiote estatuari, hau da, estatuak herria zapaltzeko baino ez duela balio, boteretsuen legeak bortizkeriaren bidez inposatzeko soilik.

Ikuspegi liberala

aldatu

Liberalismoaren ikuspegiaren ordezkari nagusia Adam Smith da, ekonomiaren ikuspegitik estatuari kritika sendo bat egin dion autorerik garrantzitsuena. Haren tesi nagusia honela laburbil daiteke: gizartearen funtzionamendu ekonomikoak merkatuaren legean, norberaren interes indibidualean, eta lehian egon behar luke oinarrituta. Horrela, garai hartako “laissez faire” delakoaren defendatzailerik sutsuena Smith izan zen gobernuak arlo ekonomikoan egiten duen esku-hartzea salatuz. Izan ere, gobernuek behar baino gehiago gastatzen dutela eta eraginkortasungabekoak zein ustelak izaten direla deritzo. Gainera, ​estatuak segurtasunaz (armada eta polizia herritarren askatasunak bermatzeko) eta justiziaz (botere judiziala independentea botere politikotik) arduratu beharko lukeela soilik berresten du liberalismoak. Haien ustez, estatuak ez luke inolako botererik izan behar indibiduo batzuei kentzeko eta beste batzuei ematerako hartu emana gertatzerako orduan. Are gehiago, eragile pribatuak izan beharko lirateke, prezio sistemaren bidez, merkatua arautzen duten bakarrak gauza bakoitzari benetan duen balioa esleitu nahi baldin bazaio. Beraz, hura da estatu mugatuaren defendatzailerik sutsuena eta, horrenbestez, estatuak zenbat eta gutxiago parte hartu ekonomiaren antolaketan hainbat eta hobeto[35].

Erreferentziak

aldatu
  1. «estatu». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-05-31.)
  2. Cudworth 2007, 1 orr. .
  3. Barrow 1993, 9-10 orr. .
  4. Cudworth 2007, 95 orr. .
  5. Salmon 2008, 54 orr. .
  6. «Stateless Society | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  7. Black's Law Dictionary, 4th ed. (1968). West Publishing Co
  8. Uricich v. Kolesar, 54 Ohio App. 309, 7 N.E. 2d 413.
  9. Patrick, Stewart. (2007-12-10). «“Failed” States and Global Security: Empirical Questions and Policy Dilemmas1» International Studies Review 9 (4): 644–662.  doi:10.1111/j.1468-2486.2007.00728.x. ISSN 1521-9488. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  10. (Ingelesez) Ball, Terence; Ball, Professor of Political Science Terence; Farr, James; Hanson, Russell L.. (1989-04-28). Political Innovation and Conceptual Change. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-35978-8. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  11. (Ingelesez) Bobbio, Norberto. (1989). Democracy and dictatorship : the nature and limits of state power. Minneapolis : University of Minnesota Press ISBN 978-0-8166-1812-5. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  12. (Alemanez) Erhard, Christian Daniel. (1791). Betrachtungen über Leopolds des Weisen Gesetzgebung in Toscana. Richter (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  13. (Gaztelaniaz) García, Jorge. (2013-12-20). «Nicolás Maquiavelo. El príncipe» Studia Aurea 7: 453.  doi:10.5565/rev/studiaaurea.79. ISSN 1988-1088. (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  14. Lucy Carrillo Castillo. Dialnet (2002). Thomas Hobbes y el concepto de Estado constitucional de derecho.
  15. (Gaztelaniaz) filosofiacatracha. (2017-09-21). «El estado y la Libertad; Una Visión desde Hannah Arendt» Filosofia Catracha (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  16. Goikotxea, Jule. «Demokrazia Pribatizatzen» Berria.
  17. Mazzuca, Sebastián L.. (00/2012). «LEGITIMIDAD, AUTONOMÍA Y CAPACIDAD: CONCEPTUALIZANDO (UNA VEZ MÁS) LOS PODERES DEL ESTADO» Revista de ciencia política (Santiago) 32 (3): 545–560.  doi:10.4067/S0718-090X2012000300002. ISSN 0718-090X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  18. Villesa Bojorque, Jorge Alberto. El estado y la luibertad; Una vision desde Hanna Arendt.. .
  19. a b (Ingelesez) crossref. «Chooser» chooser.crossref.org  doi:10.2307/j.ctv1bvnfk9. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).[Betiko hautsitako esteka]
  20. (Ingelesez) Carneiro, Robert L.. (1970-08-21). «A Theory of the Origin of the State: Traditional theories of state origins are considered and rejected in favor of a new ecological hypothesis.» Science 169 (3947): 733–738.  doi:10.1126/science.169.3947.733. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  21. Allen, Robert C. (1997-04-01). «Agriculture and the Origins of the State in Ancient Egypt» Explorations in Economic History 34 (2): 135–154.  doi:10.1006/exeh.1997.0673. ISSN 0014-4983. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  22. Borcan, Oana; Olsson, Ola; Putterman, Louis. (2021-10-01). «Transition to agriculture and first state presence: A global analysis» Explorations in Economic History 82: 101404.  doi:10.1016/j.eeh.2021.101404. ISSN 0014-4983. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  23. (Ingelesez) Ahmed, Ali T.; Stasavage, David. (2020-05). «Origins of Early Democracy» American Political Science Review 114 (2): 502–518.  doi:10.1017/S0003055419000741. ISSN 0003-0554. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  24. (Ingelesez) Mayshar, Joram; Moav, Omer; Neeman, Zvika. (2017-08). «Geography, Transparency, and Institutions» American Political Science Review 111 (3): 622–636.  doi:10.1017/S0003055417000132. ISSN 0003-0554. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  25. Boix, Carles (2015). Political Order and Inequality. Cambridge University Press. ISBN 978-1-107-08943-3
  26. (Ingelesez) Giddens, Anthony. (1981). The Nation-State and Violence: Volume 2 of A Contemporary Critique of Historical Materialism. University of California Press ISBN 978-0-520-06039-5. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  27. (Ingelesez) Spencer, Charles S.. (2010-04-20). «Territorial expansion and primary state formation» Proceedings of the National Academy of Sciences 107 (16): 7119–7126.  doi:10.1073/pnas.1002470107. ISSN 0027-8424. PMID 20385804. PMC PMC2867764. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  28. (Ingelesez) Bagge, Sverre. (2019-06-03). State Formation in Europe, 843–1789: A Divided World. Routledge ISBN 978-0-429-58953-9. (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  29. a b (Ingelesez) Wang, Yuhua. (2021-10). «State-in-Society 2.0: Toward Fourth-Generation Theories of the State» www.ingentaconnect.com  doi:10.5129/001041521x16184035797221. (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  30. (Ingelesez) Spruyt, Hendrik. (2002-06). «T HE O RIGINS , D EVELOPMENT, AND P OSSIBLE D ECLINE OF THE M ODERN S TATE» Annual Review of Political Science 5 (1): 127–149.  doi:10.1146/annurev.polisci.5.101501.145837. ISSN 1094-2939. (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  31. a b Gorski, Philip; Sharma, Vivek Swaroop. (2017). Strandsbjerg, Jeppe ed. «Beyond the Tilly Thesis: “Family Values” and State Formation in Latin Christendom» Does War Make States?: Investigations of Charles Tilly's Historical Sociology (Cambridge University Press): 98–124.  doi:10.1017/9781316493694.005. ISBN 978-1-107-14150-6. (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  32. Biscaretti di Ruffia, Paolo, 1912-. (1987). Derecho constitucional. Editorial Tecnos PMC 773214059. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  33. introduccion al marxismo. .
  34. Bueno Ochoa, Luis. (2008). Godwin y los orígenes del anarquismo individualista. .
  35. Botticelli, Sebastián. (2018-02-01). «Dos concepciones liberales del Estado: Adam Smith y Friedrich Hayek» Praxis Filosófica (46): 61.  doi:10.25100/pfilosofica.v0i46.6149. ISSN 2389-9387. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
ELIZA 2
Idea 9
idea 9
Ideen 1
innovation 2
Intern 3
mac 3
multimedia 1
OOP 2
os 50
Theorie 4
web 2