Eudorcas thomsonii
Eudorcas thomsonii edo Thomson gazela Eudorcas generoko animalia ugaztuna da, gazela motakoa. Artiodaktiloen barruko Bovidae familian eta Antilopinae subfamilian sailkatuta dago. Antzina bekoki gorriko gazelaren (Eudorcas rufifrons) azpiespezie kontsideratzen zen; gaur egun, ordea, espezie desberdintzat hartzen dira[1].
Eudorcas thomsonii | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Leinua | Antilopini |
Generoa | Eudorcas |
Espeziea | Eudorcas thomsonii Günther, 1884 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 5,5 hilabete |
Afrika ekialdeko sabana ingurunean bizi da eta inguru hartako gazela ugariena da, 550.000 aletik gora zenbatu dira, baina kopurua azkar jaisten ari da[2]. Gazela txiki arina da, 80-90 km/h-ko abiadura har dezakeena. Lurreko laugarren animalia azkarrena da, gepardoaren, antilope amerikarraren eta springbokaren ondoren[3]. Lehen begiratuan, Thomson gazela eta springboka itxuraz antzekoak dira, baina filogenetikoki urrun daude eta banaketa geografikoa ere desberdina dute.
Etimologia eta taxonomia
aldatuAlbert Günther zoologo alemaniar-britainiarrak deskribatu zuen 1884an[4] eta Joseph Thomson esploratzaile eskoziarraren izena eman[5]. Eudorcas izenak "benetako gazela" esan nahi du grezieraz.
Antilopinae subfamiliaren barnean hainbat genero kokatzen dira. Gazela izen arruntarekin Gazella, Eudorcas eta Nanger generotako espezieak izendatzen dira. Hona hemen DNA mitokondrialarekin eta nuklearrarekin egindako azterketek emandako sailkapena:[6]
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Thomson gazelaren bi azpiespezie identifikatu dira:[7]
- E. t. nasalis (Lönnberg, 1908) – Serengeti parkean eta Kenyako Rift haranean aurkitzen da.
- E. t. thomsonii (Günther, 1884) – Ekialdeko azpiespeziea da, Rift haranetik hasi eta Tanzanian aurkitzen dena.
Deskribapena
aldatuGazela nahiko txikia da. Sorbaldetan 60-70 cm-ko altuera du. Arrak 20-35 kg-ko pisua du eta emea txikiagoa da, 15-25 kg inguru pisatzen du. Bizkarraldeak harea kolorea du, alboetan banda beltz zabala du aurreko hanketatik atzeko hanketara doana. Sabelaldea eta hanken barnealdeak zuriak dira. Isatsa beltza da eta eta 15-27 cm luze da.
Buruak kolore ugari ditu. Begi beltzen inguruan eraztun zuri bat ageri du eta begietatik muturrera lerro fin beltzak ditu alboetan. Adarretatik muturrerantz lerro marroi-gorrixkak luzatzen dira baina bekokia zuria da. Azkenik, muturraren gainean orbain iluna du. Arrek begien orbitaletan ongi garaturiko guruinak ditu eta lurraldea markatzeko erabiltzen du.
Sexu biek adarrak dituzte, punta aldean aurrerantz kurbatzen direnak. Adarrak eraztundunak dira. Arren adarrak 25-43 cm luze izaten dira eta emearenak, 7-15 cm luze eta finagoak. Halaber, adargabeko emeak ere daude[8].
Azpiespezie bien artean badira desberdintasun txiki batzuk. Ekialdeko Thomson gazela handiagoa da eta bekoki zuria ez da hain nabarina. Azkenik, adarrak dibergenteagoak dira[7].
Ekologia
aldatuHabitata
aldatuThomson gazela Afrika ekialdeko sabana eta belardi zabaletan bizi da, Kenya eta Tanzania artean banaturik. Tamaina txikiko belarrak hobesten ditu, baina belar luzeetara eta basoetara ere migratzen du tarteka. Urtaro euritsuan, belar sortu berria jaten du; horregatik, euriteak hasten direnean, gazela talde handiak izaten dira[9]. Urtaro lehorrean, aldiz, zuhaixken hostoez eta forbiataz elikatzen da[10].
Serengeti parkean zebra eta ñu taldeei batzen zaizkie, haiek uzten duten belar txikiaz baliatzeko.
Taldeak
aldatuBelar ugari dagoenean, taldea zabaldu egiten da eta ar helduek bazkatzeko lurraldeak eratzen dituzte: horiek mugatzeko, begi ertzetan dituzten guruinak erabiltzen dituzte eta adarrekin belarra eta lurra altxatzen dute[11]. Hainbat arren lurraldeak gainezartzen bdira, haien arteko lehia sortzen da. Elkar ukitu gabe, paraleloan ibiltzen dira eta keinuak egiten dituzte. Arrak ez dira beste arren lurraldetan sartzen, adibidez eme baten atzetik badoa bere lurraldearen mugan gelditu egingo da eta ondoko lurraldeko arrak segituko du emearen atzetik[11].
Ar gazteek talde berezituak osatzen dituzte eta ar helduen lurraldean sartzea saihesten dute. Emeek ere migrazio taldea osatzen dituzte eta ar helduen lurraldetan sartzen dira, beti ere baliabide gehien dituzten lurraldeak hobesten dituzte[12]. Orduan arrak emeekin harremanak osatzen saiatzen dira.
Ugalketa
aldatuAraldian, arrak emeari jarraitzen dio eta haren gernua usaintzen du ugaltzeko prest dagoen jakiteko. Hala bada, gorteiatu eta muntatu egingo du[11]. 5-6 hileko haurdunaldiaren ondoren, taldea utzi, bakartu eta kume bakarraz erditzen da[13]. Urtean birritan ugaltzen dira. Amak kumea belar altuen artean ezkutatzen du, ondoren elikatzera joaten da, beti ere kumearengandik asko urrundu gabe, eta orduro harengana itzultzen da. Amak izan berri diren emeek taldetxoa eratzen badute ere, ez da haurtzaindegirik eratzen, bakoitzak bere kumea zaintzen baitu. Txakalen eta babuinoen aurka babesten ditu kumeak, burua jaitsi eta adarrekin mehatxatuz, baina harrapari handiagoen erasoen aurrean, ihes egitea besterik ez du. Bi hilabete pasatakoan, kumeak ezkutalekutik irten dira eta amaren alboan izaten dira. Orduan hasten dira elikagai solidoa jaten: taldera itzultzeko garaia da[11].
Harrapariak
aldatuHaren harrapari nagusia gepardoa da, lehorreko animalia azkarrena: gazelak ere 80 km/h-tik gorako abiadura har dezake eta, gepardoa nahasteko, zigi-zaga mugitzen da[14]. Bestelako harrapariak ere baditu, hala nola, lehoinabarra, lehoia, likaona, hiena pikarta, Nilotar krokodiloa eta Seba pitoia. Gazelakumeen harrapariak eguzki-arranoak, txakalak eta babuinoak dira.
Thomson gazelek 10-15 urte hartzen dituzte.
Mehatxuak
aldatuThomson gazelen kopurua 550.000 aleKOa dela kalkulatu da. Populazioa jaisten ari da: 1978 eta 2005 artean, esate baterako, % 60an jaitsi zen, Serengetin, Masai Maran eta Ngorongoron.
Mehatxu biziena ez du ehiza, abeltzaintza baizik: ardiek, ahuntzek eta behiek haren elikadura bera dute eta ur kontsumoa ere handia denez, lehia horretan Thomson gazela galtzaile da. Bestalde, migrazioetan zelai zabalak zeuden lekuetan hesiak aurkitzen dituzte eta askotan harrapatuta geratzen dira.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Kingdon, Jonathan. (1997). The Kingdon field guide to African mammals. ISBN 0-12-408355-2. PMC 59664159. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ East, R.. (1999). African Antelope Database. IUCN, Gland, Switzerland and Cambridge, UK..
- ↑ (Ingelesez) «Thomson’s gazelles cannot endure habitat loss» African Wildlife Foundation (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ Mammal species of the world : a taxonomic and geographic reference. (3rd ed. argitaraldia) Johns Hopkins University Press 2005 ISBN 0-8018-8221-4. PMC 57557352. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ (Ingelesez) «Definition of THOMSON'S GAZELLE» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Bärmann, Eva Verena; Rössner, Gertrud Elisabeth; Wörheide, Gert. (2013-05-01). «A revised phylogeny of Antilopini (Bovidae, Artiodactyla) using combined mitochondrial and nuclear genes» Molecular Phylogenetics and Evolution 67 (2): 484–493. doi: . ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ a b Groves, Colin P.. (2011). Ungulate taxonomy. Johns Hopkins University Press ISBN 978-1-4214-0329-8. PMC 1202771597. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ Castelló, José R.. (2016). Bovids of the world : antelopes, gazelles, cattle, goats, sheep, and relatives. ISBN 978-1-4008-8065-2. PMC 933295477. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ Kingdon, J.. (1979). East African Mammals: An Atlas of Evolution in Africa, Volume 3, Part. D: Bovids. University Chicago Press, Chicago, 403–413 or..
- ↑ Estes, R.. (1991). The Behavior Guide to African Mammals, Including Hoofed Mammals, Carnivores, Primates. Los Angeles, The University of California Press, 70-75 or..
- ↑ a b c d Walther, Fritz. (1995). In the Country of Gazelles, Chapter 1; "Short-tail and Roman". Indiana University Press, 1-37 or..
- ↑ (Ingelesez) Jarman, P. J.. (1974-01-01). «The Social Organisation of Antelope in Relation To Their Ecology» Behaviour 48 (1-4): 215–267. doi: . ISSN 0005-7959. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ Natural History Magazine. The American Museum of Natural History; and James G. Doherty, general curator, The Wildlife Conservation Society.