Euskal Herriko ekonomia

Euskal Herriko ekonomiak euskal lurraldeetako jarduera ekonomikoak biltzen ditu. Euskal Herriaren ezaugarriak direla eta, ekonomia herrialdez herrialde aldatzen da. Orokorrean, zerbitzuena da sektore handiena, eta baita industria ere, azken urteetan indarra galdu arren. Bistan dena, banaketa hori asko aldatzen da gune batetik bestera.

Historia eta garapena

aldatu
 
Olagizonak aitzinako burdinola batean lanean.
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko historia ekonomikoa»

Beste herrialdeetan bezala, nekazaritza eta abeltzaintzan oinarrituriko ekonomia eman zen euskal lurretan denbora luzez. Hala ere, industrializazioa izan da Euskal Herriko ekonomia baldintzatu duen faktore nagusia, eta beste tokiekiko bereizgarria. Berez industrializazioa XIX. mendeko prozesua bada ere, industriaren garapena aski goiz hasi zen gertatzen euskal herrian, burdinolak oso zabalduak baitziren. Burdinaren beraren ustiapen intentsiboa, meatzeen bidez, erromatarren garaian hasi zen eta XV. mendean burdinean oinarrituriko material asko igortzen zen beste herrialdeetara. Horrek burdingintza industria finkatu zuen Euskal Herrian. Horretarako baldintza egokiak zeuden, lehengaia lortzeko mineralak eskura zeuden, eta lan egiteko beharrezkoa zen erregaia lortzeko baso ugari[1].

Gerora, industria iraultzaren garaian, burdin kopuru ikaragarriak esportatu ziren Bizkaiatik industrializazioan aitzindari zen Britainia Handira. Horren harira Ibaizabal inguruko gunean meatzegintza, metalurgia eta industriaren garapen azkarra gertatu zen, baita ontzigintzarena eta beste industria batzuena ere. Azpimarratzekoak dira bertako labe garaiak. Gipuzkoak ere industrializazio prozesu bat ukan zuen. Bertan, ordea, burdingintzatik beste ekoizpen batzuetarako transizioa eman zen, papergintza eta ehungintza, batez ere. XVIII. mendean itxitako burdinola asko papergintza tailer bihurtu ziren. Burdingintzari loturiko aktibitate batzuk ere mantendu ziren, deba ibarreko armagintza fabrikak, esaterako.

Araban, Nafarroan eta Lapurdin XX. mendean hartu zuen tokia industriak, eta Behe Nafarroa eta Zuberoan, aldiz, inoiz ez du presentzia handirik izan eta nekazaritza eta abeltzantza izan dira nagusi orain arte. Hala ere, industria izan zen euskal herrian aberastasun gehien mugitzen zuen sektorea 1980ko hamarkadako industria-birmoldaketa arte. Industria-birmoldaketaren ondoren, hirugarren sektorerantz bideratu da aktibitate ekonomikoa, industria oraindik garrantzitsua den arren.


Euskal Herriko biztanleria enplegatuaren bilakaera sektoreka (1860-2001)
Urtea Enplegatuak 1. sektorea 2. sektorea 3. sektorea
1860 332.580 (%100) 196.667 (%59,1) 49.691 (%14,9) 86.222 (%25,9)
1900 402.540 (%100) 228.379 (%56,7) 88.536 (%22,0) 85.625 (%21,3)
1930 453.183 (%100) 159.635 (%35,2) 162.216 (%35,8) 131.332 (%29,0)
1970 685.607 (%100) 85.504 (%12,5) 440.546 (%64,3) 159.557 (%23,3)
1975 929.414 (%100) 77.011 (%8,3) 494.840 (%53,2) 357.563 (%38,5)
1991 1.002.774 (%100) 45.673 (%4,6) 424.621 (%42,3) 532.480 (%53,1)
2001 1.213.361 (%100) 36.326 (%3,0) 429.661 (%35,4) 747.374 (%61,6)
Oharra: 1860-1970 arteko datuak Hego Euskal Herriari dagozkio;[2] 1975-2001 artekoak Euskal Herri osoari.[3]

Lan merkatua

aldatu

2014ko datuen arabera[4], Euskal Herriko biztanleria aktiboa apaltzen ari da azken urteetan, hegoaldean bereziki. Izan ere, prozesu demografikoak tarteko, biztanleriaren zahartzea gertatu da eta lan egiteko adinean dagoen gizartea konparatiboki murriztu da. Inmigrazioaren fluxuan aldaketak ere azalduko lukete joera hori, Euskal Herriak kanpoko langile ugari izan baititu tradizionalki eta joera aldatzen ari baita (langilegoaren %12,5 Espainiatik, %3,4 Frantziatik etea %8,7 beste estatuetatik etorria zen 2013ko datuei erreparatuz). Jarduera-tasa ere beherantz doa.

Enplegu-tasa ere nabarmen apaldu da, krisiaren ondorioz, batik-bat. 2009tik aitzina bilakaera negatiboa izan du. Hala ere, iparraldean altuagoa da hegoaldean baino, azken honetan 35 urte baino gutxiago edo 55 urte baino gehiago dituztenen kasuan izanik bereziki apala (%78,6 eta %74,2, hurrenez hurren[4]). Sektoreei begiratuz gero, zerbitzuen arloa da bilakaera txarrena ukan duena, nahiz enplegu kopuru handiena eskaintzen jarraitu.

Ekonomia sektoreak gaur egun

aldatu

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeak Frantziako estatuko industriaguneetatik urrun daude, eta nekazaritzari, arrantzari (Lapurdiko kostaldean) eta jarduera horien araberako gizarte molde bati loturik bizi izan dira luzaroan[5]. Hego Euskal Herriko bi herrialde, Bizkaia eta Gipuzkoa, Espainiako estatuko industrializazioaren gune nagusia izan ziren hasieratik bertatik. Zerbitzuen sektoreak gero eta pisu handiagoa izan du, oro har, Euskal Herrian; bost langiletik hiruk zerbitzuetan lan egiten du. Lehen sektoreak du garrantzi gutxiena, eta bigarren sektoreak, indarra galdu badu ere, garrantzi handia du oraindik ere. 2001. urteko datuen arabera, langileen % 61,6 zerbitzuetan dihardu lanean, % 35,4 industrian eta % 3 baino ez nekazaritzan. Europako testuinguruan eta industrian diharduen langileen proportzioaren arabera, Euskal Herria Europar Batasuneko herrialde industrialenetako bat da gaur egun: Europar Batasunean batez beste langileen % 29,6 dihardu industrian, % 35,4, berriz, Euskal Herrian. XIX-XX. mendeetan, industrializazio prozesu indartsua gertatu zen, baina XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran, zerbitzuen sektoreak gero eta indar handiagoa hartu du. Nafarroa Beherea da herrialde nekazariena, Gipuzkoa industrialena, eta zerbitzuek, berriz, Lapurdin dute garrantzi gehiena.

Lehen sektorea

aldatu
 
Nekazal lurren ehunekoa (2006).

Lehen sektorearen barruan, nekazaritza intentsiboaren eredua nagusitzen ari da, eta, ustiategi kopuruak behera egin badu ere (% 21eko galera 1989-1999 bitartean), gero eta eremu gehiago erabiltzen da nekazaritzarako.

Arrantzak garrantzi handia izan du historian zehar, baina, nekazaritzarekin gertatu bezala, arrantzaren gainbehera nabarmena izan da azken hamarraldietan: 2001ean 4.000 arrantzale eta 400 itsasontzi baino gutxiago zeuden Euskal Herrian; hamabost urte lehenago, berriz, 8.000 arrantzale baino gehiago eta 750 itsasontzi inguru. Donibane Lohizune-Ziburu eta Hendaia dira Lapurdiko arrantza portu nagusiak. Frantziako estatuko lehen atun portua da Donibane Lohizune. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza portuak Espainiako estatuko garrantzitsuenak dira oro har, eta itsas barruko arrantzan (kostaldetik urrun) nahiz kostaldekoan jarduten dute bertako itsasontziek.

Basoek Euskal Herriaren herena baino gehiago hartzen dute. Bizkaian eta Gipuzkoan, pinuak eta, neurri apalagoan, eukaliptusak hartu dituzte aurreko garaietan bertako arbolek (pagoa, haritza, gaztainondoa) estaltzen zituzten eremu handi zabalak. Oihanak zabalak dira Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hegoaldean. Iratiko oihana, Nafarroa Garaiko Aezkoaren eta Zuberoako Basaburuaren artean, Europako haritz oihan nagusietako bat da.

Bigarren sektorea

aldatu


 
Fagorren industrigunea, Arrasaten.

Bizkaiko burdin meatzeek galdu egin dute egun duela ehun urte zuten garrantzia eta, Nafarroa Garaiko hobi batzuk alde batera utzita (magnesita), Euskal Herriko meatzeek ez dute garrantzi handirik. Euskal Herria industria herria da, baina jarduera hori ez da bertako bazter guztietara modu berean zabaldu. Euskal Herrian XIX. mendearen erdialdean hasi zen hazkunde industriala, XX. mendean ekonomiaren ardatza bilakatu zen arte.

Euskal Herriak oro har eta herrialde batzuek bereziki industrializazio prozesu handia jasan dute. XX. mendearen hirugarren laurdenean Araban eta Nafarroa Garaian industrializazio prozesu azkarra gertatu zen, eta Bizkaian eta Gipuzkoan areagotu egin zen prozesu hori; horrek guztiak sakoneko aldaketak ekarri zituen: 750.000 etorkin inguru iritsi ziren, biztanleria bikoiztu egin zen eta etxebizitza ugari eraiki ziren.

Hala ere, mende oso batez euskal ekonomiaren sektore nagusia izan ondoren, 1970eko hamarraldiaz geroztik, indarra galdu zuen eta birmoldaketa sakon bat gertatu zen. Garai hartako ekonomia krisiak oso gogor astindu zuen industria, eta ondorioak garratzak izan ziren, lanpostu asko galdu baitziren. Laurogeiko hamarraldian industrian jarduten zuten langileek greba eta protesta gogorrak egin zituzten. Oso latzak izan ziren, besteak beste, Bilboko Euskalduna lantegiko langileen borrokak.

Hirugarren sektorea

aldatu

Azkenik, zerbitzuen sektorea da indar gehiena duena gaur egun Euskal Herrian (% 61,6). Hiriburuetan bildu dira administrazioaren zerbitzu nagusiak. Edonola ere, euskal herrialde guztietan zerbitzuen sektoreak ez du garapen berbera izan: Lapurdin langileen % 76,7 dihardu zerbitzuetan, eta Zuberoan, berriz, % 48,9 baino ez; bizkaitarren % 65,3k eta gipuzkoarren % 58,4k lan egiten dute sektore horretan. Kontuan hartu behar da, halaber, zerbitzuen sektorea izan dela azken bi hamarraldietan zazpi herrialdeetan hazkundea izan duen sektore bakarra. Turismoak badu garrantzia kostaldean eta Ipar Euskal Herrian, baina gutxi garatu da barnealdeetan.

Garraioak eta komunikabideak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko garraio sarea»

Errepideak

aldatu
 
Euskal Herriko errepide nagusiak.

Euskal Herriko errepide sarea ongi horniturik dagoen arren, ez ditu behar guztiak behar bezala betetzen. Bilbo-Behobia-Baiona autobideak lotzen ditu kostaldeko hiriak. Bilbo-Gasteiz-Burgos autobideak errazten du Bizkaia eta Araba arteko komunikazioa eta Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia autobideak Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko errepide harremanak azkartzen ditu.

Pirinioetako mendiek eta bi estaturen arteko muga izateak guztiz oztopatu dituzte Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak. Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko iraganbidea da, Bidasoa ibaiaren gainean, errepide bidezko pasabide bizkorrena eta erabiliena, guztiz funtsezkoa Frantziako eta Espainiako estatuen arteko harremanetarako. Nafarroa Garaiaren eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko bideak, ordea, guztiz bestelakoak dira; orografia eta klima oztopo handiak gainditu behar dituzte eta ez dira erosoak.

Trenbideak

aldatu

Euskal Herriko burdinbide sareari dagokionez, Madril-Paris burdinbidea du ardatz nagusia eta horrekiko loturak osatzen dituzte beste gainerako burdinbideek: Bilbo-Miranda-Castejon; Altsasu-Iruñea-Tutera; Baiona-Donibane Garazi. Bide estuko burdinbide batek lotzen ditu, zuzenean ez bada ere, Hendaia eta Bilbo. Gisa horretako burdinbide asko galdu da Euskal Herrian azken berrogeita hamar urteetan, Gasteiz-Lizarra, Gasteiz-Maltzaga edota Urolako trena, adibidez.

Itsas-portuak eta aireportuak

aldatu
 
Euskal Herriko aireportuetako bidaiari kopuruaren aldaketa, 2000-2010 urteetan[6]. Irudian ageri ez bada ere, 2010etik aitzina behera egin du bidaiari kopuruak[7]

Hiru merkataritza portu ditu Euskal Herriak. Bilboko portua Espainiako estatuko portu nagusia da, eta Europako Hego Atlantikoko garrantzizkoenetako bat. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Pasaiako portua eta Baionakoa ere.

Bost aireportu ditu Euskal Herriak, lau hegoaldean (Loiu, Foronda, Hondarribia eta Noain) eta bosgarrena Lapurdin (Miarritze).


Erreferentziak

aldatu
  1. «Burdingintzaren historia Euskal Herrian» Hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  2. Olabarri, Ignacio. (1985). "Las relaciones laborales", in J. Intxausti (zuz.): Euskal Herria. Historia eta gizartea, 287. or.. Caja Laboral Popular/Lankide Aurrezkia ISBN 84-7240-134-0...
  3. Biztanleria enplegatuaren bilakaera, lan egiten duten sektore ekonomikoaren arabera, Euskal Herria, 1975-2001. Datutalaia / Jendartea / Sektore ekonomikoak (Noiz kontsultatua: 2023-2-19).
  4. a b «Lan merkatua Euskal Herrian» Gaindegia (Noiz kontsultatua: 2019-11-07).[Betiko hautsitako esteka]
  5. «Ekonomia» EKE (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  6. (Gaztelaniaz) Martínez Artola, Alberto. «Aeropuertos en Euskal Herria» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  7. «Aireportuak, 2007ko marka gainditu ezinik» Gaindegia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
admin 1
Idea 12
idea 12