Euskal Herriko kultura

Euskal Herriko kultura euskaraz zein historian zehar bertan hitz egin diren beste hizkuntzetan egiten dena da.

Hezkuntza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hezkuntza Euskal Herrian»

Euskal Herrian bi hezkuntza sistema ezberdin daude, Espainia eta Frantziakoa. Gainera Hego Euskal Herrian EAE eta Nafarroak hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena dute. Euskal Herri osoan ikastolak dira euskaraz irakasteko zentroak, nahiz eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean eta Eskualde Mistoan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza publikoan ere euskara ikas daitekeen D ereduan.

B eredua eta gisa bereko eredu elebidunak badira hainbat ikastetxetan, adibidez Ipar Euskal Herriko Ikas-bi zentroetan. A ereduak gazteleraz ematen du irakaskuntza osoa, baina euskara ikasgai bat da. Eredu hau ofizialki Euskal Autonomia Erkidego osoan eta Nafarroa ia osoan har daiteke. G eredua ere existitzen da, non euskara ere ez den irakasgai bat. Eredu hau edo baliokide bat Trebiñun, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta Nafarroako Eskualde Ez-euskaldunean ematen da. G ereduaren oso antzekoa (eskaintzaren aldetik) dugu ere, EAEan, X eredua.

Curriculumari dagokionez, hezkuntza ezberdina ematen da Frantzian eta Espainian. Horrez gain Frantziako ikastetxeek %10a herriko gaietara moldatu ahal dute. Espainian berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoek %55a finkatu ahal dute, nahiz eta guztiz ez den erabiltzen. EAEn gainera Euskal Autonomia Erkidegorako Euskal Curriculuma izeneko dekretua ere legezkoa da, Euskal Curriculuma eta Espainiako LOEren arteko nahaste bat da.

Literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko literaturak»

Euskarazko literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal literatura» eta «Ahozko euskal literatura»

Euskal literatura idatzia oso berandu agertu zen. Euskal Herriko literatura nagusia mendetan ahozkoa izan da. Lehendabiziko zeharkako ahozko literaturaren aipamenak 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean agertu ziren. Honek emakumeei libelo sutsu moduko koplak abestea debekatu zuen. Orduko kronistek mota honetako kopla asko bildu zituzten, batzuek herri tradizioan luzaroan zirauten eta beste asko transkribatuak ziren, adibidez: Milia Lasturkoren eresia (XV. mendea), Errodrigo Zaratekoaren eresia (XV. mendea), Pedro Abendañoren kanta (1443), Martin Bañezen eresia (1464), Ahetzeko anderearen hirugarren kanta (1425).

XVI. mendean Euskal literaturan, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae, (1545), liburua da inprimatu zen lehen liburua, eta XVI. mendekoak dira, baita, Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua, Leizarragaren Biblia (Itun Berriaren euskarazko lehen bertsioa), atsotitz bilduma batzuk (Garibairen atsotitz bilduma, eta doktrinaren bat. Baina ez dira XVI. mendeko testu horiek euskaraz dokumentatu diren testurik zaharrenak (ikus, esaterako, Mitxelenaren Textos arcaicos vascos eta Sarasolaren Contribución al estudio y edición de textos antiguos vascos; balio literario handia ez, baina balio historiko-filologiko handia duten testu zaharren bildumak). Euskal idazle klasikoen artean, aipagarri dira Axular eta Sarako Eskola, XVII. mendean. Idazle gehienak apaizak ziren eta Ipar Euskal Herrikoak. XVIII. mendean, aldiz, euskal literaturaren testigua Helgoadera igaro zen. Manuel Larramendi andoaindarra egile nagusia izango da. Garaikide izan zituen Joanes Etxeberri, Agustin Kardaberaz, Sebastian Mendiburu eta Peñafloridako kondea. Ilustrazioaren ideiek Hego Euskal Herrira literaturan ez ezik zientzia guztietan ere pizkundea eraman zuten. XIX. mendean zehar euskal literatura modernitatera ekartzeko lehenengo ahaleginak egin ziren. Erromantizismoren eskutik eta egoera politikoak bultzatuta, pertsonalitate handiko idazleak plazaratuko dira: Joan Antonio Mogelk Peru Abarka lehen euskal eleberria idatzi zuen, Jose Mari Iparragirreko Euskal Herri osora zabaldu ziren bertsoak eta kantak idatzi zituen, Bizenta Mogel, Bilintx, Joan Piarres Duvoisin, Joan Batista Elizanburu...[1][2][3][4]

XX. mendean gure literaturaren egoera erabat aldatu zen. Gabriel Aresti, dira izen aipagarri batzuk. Lehen Euskal Pizkundeak XIX. mendearen bukaeratik XX. mendean zehar zabaldu zen, Francoren estatu kolpea eta Espainiako Gerra Zibila gertatu arte. Bultzatzaileen artean, Anton Abbadia, Seber Altube, Sabin Arana, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Andima Ibiñagabeitia, Sorne Unzueta, Julio de Urquijo eta Iokin Zaitegi ditugu garai guztian zehar. Testuinguru horretan Euskaltzaindia sortu zen, euskaraz egindako irakaskuntza zabaladu zen eta literatura lantzeko bide berrian sortu ziren. Garai horretan izen handi batzuk ditugu: Xabier Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Antonio Maria Labaien. Idazle hauek hizkuntza literarioa beste maila batera eraman zuten. Gerrarekin batera, hau da 1936tik aurrera, hirurogeigarren hamarkada arte, euskal literatura Hegoaldean erbestean edo katakonbetan gelditu zen. Garai ilun horretan erbestetik idazle batzuek euskal literatura zabaltzen aritu ziren, esaterako Iokin Zaitegi, Telesforo Monzon, Salbatore Mitxelena, Orixe. Ipar Euskal Herrian literatura bide tradizionaletan gordetzen zen salbuespen batzuekin: Txomin Peillen eta, batez ere, Jon Mirande. Prentsan Piarres Lafittek Herria aldizkaria zuzendu zuen.

1950eko hamarkadaren bukaeran, idazle-belaunaldi berria jaio zen, tartean Gabriel Aresti. Honek Harri eta Herri (1964) bere liburuan Europan modan zegoen gizarteko poesia jorratu zuen. Era berean, antzerkiari ekin zioten talde batzuekin edo Ez Dok Amairu, "Euskal Kantagintza Berria" izeneko mugimenduaren sortzaileekin ere harreman estuak izan zituen. Eleberriei buruz, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) lehendabiziko euskal eleberri modernoa da, existentzialismo ereduak jarraitzen duena. Gero Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Ehun metro (Nouveau Roman mugimenduaren eragina dutenak), Arantxa Urretabizkaia eta Anjel Lertxundi agertu ziren.

Panorama zail hori Franco hil ondoren nolabait aldatu zen, bai Hegoaldean baita ere Iparraldean. XX. mendeko azken hogeita bost urtetan estilo eta genero ugariko idazleak agertu ziren. Horien artean, egile garaikiderik ospetsuena Bernardo Atxaga dugu, bere lanak hainbat hizkuntzatara itzulita argitaratu baitizkiote, baina beste asko euskal literaturari benetako aldaketa eta maila eman diote. Izen batzuk aipatzearren Joseba Sarrionandia, Xabier Lete, Unai Elorriaga, Joxemari Iturralde, Laura Mintegi, Itxaro Borda, Pako Aristi, Aingeru Epaltza, Patziku Perurena, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Jokin Muñoz... [5]

Bestela, herrialde mailan osorik hartzen duen liburu azoka eta literaturaren inguruko topagunea dugu urtero Durangoko Azoka. Maila txikiagoan Sarako Idazleen Biltzarra, Zarauzko Literaturia eta Eako poesia egunak ere baditugu aipagai.

Euskarazko haur eta gazte literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal haur eta gazte literatura»

Euskal haur eta gazte literatura (EHGL) ezin uler daiteke ahozko literatura kontuan izan gabe. Helduei nahiz haurrei zuzenduta sortu diren ipuinek, kantek, olerkiek, bertsoek, esaera zaharrek, hitz-jolasek, aho-korapiloek edota asmakizunek, besteak beste, osatzen dute ahozko literatura. Euskal Herrian, ahozko literatura oso aberatsa izan da betidanik eta horren ondorioz, jaso dugun ondarea balio handikoa da. Euskaraz idatzitako haur eta gazteentzako literaturak, bestetik, bi mendeko historia baino ez duenez, literatura nahiko berria dela esan dezakegu.

XIX. mendearen hasieran, 1803an hain zuzen, argitaratu zen haurrentzako euskarazko lehen liburua, Juan Bautista Aguirrek idatzitako katixima bat: Confesioco eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai. Urtebete beranduago, 1804an, Bizenta Mogelek (1782-1854) Ipui onac alegi liburu ezaguna argitaratu zuen, ahozko literaturan oinarrituta. Eta ez zen haurrei zuzendutako beste argitalpenik egon euskaraz 1890. urtean A. Apaolazak Patxiko Txerren argitaratu zuen arte (86 urteko tartean, hain zuzen).

XX. mende hasieran, ordea, Euskal Herrian eskola elebidunak sortzeari ekin zitzaion eta euskarazko ikas-materialen beharrari erantzun nahian, haur eta gazteentzako lehen lanak argitaratzen hasi ziren. Hala, urrats nabarmenak eman ziren EHGLn: Literatura Unibertsaleko lan garrantzitsuak euskarara itzultzen hasi ziren, euskal tradizioko ipuin-bildumak osatzen hasi ziren (Supazter chokoan, Ixtorio-Mixterio, Amattoren uzta, etab.), haur nahiz gazteentzako lanak idazten hasi ziren bertako idazle euskaldunak; batzuk aipatzearren: Kirikiñoren Abarrak (1918), Xabiertxo (1925), Ixaka Lopez de Mendizabalek idatzia eta Jon Zabalo “Txiki”k ilustratua, Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra. Bere ateraldi eta gertaerak (1927), Txomin Arlote (1929), Alejandro Bilbaok (“Erramun Maruri”) idatzia, Dar-Dar-Dar (1929). Garai honetakoa da, halaber, euskarazko lehen antzezlana: Nekane edo Neskuntzaren babesa (Tene Mujika, 1922).

Hala, euskararen egoerak hobera egin ahala, Euskal haur eta gazte literaturaren ekoizpena ere handitzen, indartzen eta zabaltzen hasi zen. Baina ekoizpen edo produkzio hori eten egin zen 1936ko Espainiako Gerraren ondorioz (besteak beste). Hego Euskal Herrian euskararen erabilera debekatu egin zen eta haur eta gazteentzako oso lan gutxi argitaratu zen bai guda-garaian eta baita guda-ostean ere. Garai hartan argitaratutako obra esanguratsuenak hauek dira[6]: Haur elhe (1944), Oxobi behe-nafarrak haurrentzat idatzitako lehen poesia-liburua, Orixeren Leoi-kumea (1948), Jon Etxaidek gazteentzat idatzitako liburuak, erlijio-liburuak...

1950eko hamarkadaren hasieran, Euskaltzaindia euskaraz argitaratzeko debekuaren aurka borrokan hasi zen. Bestalde, Euskal Herriko giro politikoa, pixkanaka, aldatzen ari zen. Bi faktore horiei (eta gehiagori) esker, gero eta lan gehiago argitaratzen hasi ziren euskaraz, eta XX. mende erdialderako EHGLren susperraldia sumatzen hasi zen. 1960. urtetik aurrera, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere, HGLren egoerak hobera egin zuen, nabarmen. Esan ohi da, hain zuzen, 1960ko hamarkadaz geroztik hitz egin daitekeela Haur Literaturaz adiera hertsian[6]. Nazioartean, 1955. urtean, IBBY erakundea (International Board on Books for Young People / Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundea) sortu zen. Gurean, berriz, ikastolak sortzen hasi ziren, eta euskarazko material didaktikoaren behar handia zegoen oraindik. Garai honetan, gainera, Marijane Minaberrik hiru liburu argitaratu zituen[6]. Beraz, 60ko hamarkadatik aurrera, haur eta gazteentzako liburu eta aldizkarien argitalpenek gora egin zuten. Ordura arte hain ohikoak izan ziren gai erlijioso eta hezitzaileak alde batera utzi eta literaturaren balio estetikoari lehentasuna ematen hasi zitzaion, eta euskal idazleak beren lanetan gai berriak sartzen hasi ziren, gazteak literaturara hurbiltzeko helburuarekin.

70. hamarkadaren bueltan aldaketa berriak etorri ziren (sormenezko pedagogia edota Célestin Freineten ideiak, esaterako). 1975ean Franco diktadorea hil zenean, ikastoletan ikasle kopurua handitzen hasi zen. Gainera, euskararentzat mesedegarriak izan ziren beste gertaera batzuk ere egon ziren (EAEko Autonomia Estatutuaren onarpena, Elebitasuneko dekretua, Helduak Alfabetatzeko Koordinakundea), eta horrek guztiak eragin zuzena izan zuten Euskal Haur eta Gazte literaturan.

XX. mendearen bigarren zatian, euskara hezkuntza sistemetan txertatzearekin batera, literatura honek garrantzi handia hartu zuen. Haurrek, gazteek, eta euskara ikasi nahi zuten euskaldun berrien eskariagatik literatura mota honek garrantzi handia hartu zuen, eta horren lekuko, EAEko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik urtero, 1997. urtetik aurrera, literatura mota honentzat Haur eta gazte literaturako Euskadi Sariak.

Euskarazko komikiak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskarazko komikigintzaren historia»

Euskal Herriko erdal literaturak

aldatu

Euskal Herriko erdal literaturetan ere baditugu egile handien izenak. Erdi Aroan gaztelaniaz idatzi zuen Gonzalo de Berceo Errioxako idazlea ziur aski euskalduna zen. Geroztik mendez mende asko izan dira gaztelaniaz idatzi dutenak, esaterako, Felix Maria Samaniego, Francisco Navarro Villoslada, Miguel de Unamuno, Pio Baroja, Isidoro Fagoaga, Juan Larrea, Ignacio Aldekoa, Blas de Otero, Angela Figuera (1902-1984), Gabriel Zelaia, Ernestina Champourcin (1905-1999), Ramiro Pinilla (1923-2014), Pablo González de Langarika (1947-2016) eta zuzentzen zue Zurgai poesia-aldizkaria, Fernando Aramburu (1959), Dolores Redondo (1969), Espido Freire (1974).

Frantsesez idatzi dutenen artean XVI. mendean Martin Oihartzabal dugu. XIX. mendean Agosti Xaho (1811-1858) zuberatarrak gure kulturan eragin handia izan duten liburuak argitaratu zituen. Mende horretan beste idazleak ditugu: Piarres Ihartze (1765-1843), Jean-Baptiste-Pierre Lafitte (1796-1879). XX. mendean Louis Dassance (1888-1976), Sophie Andouin-Mamikonian (1961), Xavier Mauméjean (1963), Marie Darrieussecq (1969), Michaël Blauwart (1971)...

Beste hizkuntzetan idatzi duten egile ezagunak ere badira: Hebreeraz, Yehuda Halevi (1070-1141) eta Benjamin Tuterakoa (1130-1173) ditugu, biak juduak eta Tuterakoak; arabieraz, Al-Tutili (1092-1126), Tuterako poeta; gaskoiaz, Pierre Lesca de Hitze (1729-1807) eta François Batbedat, (1745-1806); eta okzitanieraz, Gilen Tuterakoa (1199-1214), Jan Gaztelu-Etxegorri, ezizenez Jan deu Sabalòt (1896-1981) edo Joan-Miquèu Dordeins (1954).

Filosofia

aldatu
 
Joxe Azurmendi.

Euskal Herria filosofo eta pentsalari askoren herria izan da. Ezagutzen diren zaharrenak juduak eta arabiarrak izan ziren, Nafarroako Erriberan jaiotakoak: Yehuda Halevi (1070-1141), Abraham ben Ezra (1092-1167), XIV. mendeko Ben Xaprut... euskal pentsamendutzat har daitekeen lehenengo espresioa euskal apologistak dira, Joseba Gabilondo filosofoaren arabera Rodrigo Semenez Arradakoak gaztelar eta euskal subjektuak sortu zituenetik edaten zutenak[7][8]. Pizkundean euskal identitatea purutasunaren identitate gisa azaltzen zen. Garai horretan (1638) idatzi zuen Notitia utriusque Vasconiae Arnaut Oihenartek, euskalduntasuna eta Nafarroa lotuz. Juan Martinez Zaldibiakoak Gipuzkoaren eta bere foruen apologia egin zuen, eta bereziki jarraitu zuen Arradakoaren pentsamendua Suma de las cosas cantabricas y guipuzcoanas liburuan[9]. Tesi berbera erabili zuen Esteban Garibaik, nahiz eta berak Gaztelako koroaren aldeko gorazarre gisa azaldu[9]. Andres Poza apologistak idatzitako De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas liburuan euskaldunen kaparetasun unibertsala justifikatzeko saiakera egiten zen[9].

Miguel Unamuno bilbotarra XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako pentsalari garrantzitsuenetakoa da. Posizio ideologiko ezberdinak izan zituen, eta garaiko eztabaidei heldu zien. Gaur egungo irakurketa askoren arabera, liberalismoa defendatu zuen[10], nahiz eta Joxe Azurmendiren ustez kontrakoa ondorioztatu daitekeen bera irakurrita[11]. Bere garaian euskal pentsamenduak apologiatik abertzaletasunera egin zuen salto, eta liberalismoa zein sozialismoa hedatu ziren Euskal Herrian[9]. Bi pentsamendu lerro horiek, abertzalea eta sozialista, ez ziren bateragarri ikusi ahalik eta 1950eko hamarkadan Euskadi Ta Askatasunaren inguruan bildutako pentsalariek gerora ezker abertzalearen oinarri teorikoa sortu zuten arte[9].

Zientzia

aldatu

Arte bisualak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko artea»

Euskal Herrian eskultore, margolari, arkitekto ugari izan ditugu, horietako asko nazioarteko mailan ezagunak.

Arte museoen artean, nazioarte mailan erreferente eta ikur nagusia Guggenheim Bilbao Museoa da. Bestela, Artium Museoa Gasteizen, Nafarroako museoa Iruñean, Tabakalera eraikina Donostian eta Bilboko Arte Eder Museoa aipagarriak dira.

Euskal Herriko margolaritza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko margolaritza»
 
Ignacio Zuloaga, margolari ospetsua eta polemikoa izan zen.

Euskal Herriko margolaritzak ez du jarraitasunik izan XIX. mendearen erdia arte, nahiz eta XV. mendetik aurrera margolari bikainak izan diren. Horietako askok Euskal Herritik kanpora lan egin zuten. XVI. mendeko margolari ospetsuenak Frantzisko Mendieta bilbotarra eta Mexikoko eskolaren sortzaile izan zen Baltasar Etxabe zumaiarra dira.

XVII. mendean, Ignacio Iriarte azkoitiarrak, Sevillan finkatuta, Murilloren margo-lan askoren hondoko paisaiak margotu zituen.

XIX. mendean, erromantizismoaren eraginpean, ohiturei eta historiako gaiei buruzko margo-lanak egin ziren batez ere. Euskal Herriko margolari gehienek Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan egiten zituzten ikasketak. XIX. mendearen erdialdean euskal pinturaren historian garrantzi handia izan zuen margolaria Antonio Maria Lekuona (1831-1907) izan zen, Euskal Herriko margolaritzaren aitzindaritzat hartzen dena. Beste bi margolari bikainak Juan Barroeta eta Eduardo Zamacois izan ziren. Euskal margolari asko Parisa joan zen, eta hala, mende bukaeran Frantzian sortu zen inpresionismoaz kutsatu ziren. Euskal Herriko inpresionismoa Adolfo Guiard Larrauri (1860-1916) bilbotarrarekin hasi eta sortzez asturiarra zen Darío de Regoyosekin (1857-1913) sendotu zen. Fauvismoak ere izan zuen gurean jarraitzailerik, Francisco Iturrino eta Juan Etxebarria adibidez. Bestalde, euskal herritar margolari batzuek Espainiako 98ko belaunaldiko mugimendu intelektualarekin bat egin zuten; horien artean, aipagarriena Ignacio Zuloaga (1870-1945) izan zen.

XX. mendearen hasieran bi joerako margolaritzari bide eman zien, bata euskal esentziaren bila, giza arazoez kezkatua bestea. Lehen joerako margolarien artean Valentin Zubiaurre eta Ramon Zubiaurre anaiak daude. Bigarren joera, errealismo sozialeko margolariak, Aurelio Arteta (1879-1940) eta Julian Tellaetxe (1884-1960) gailendu ziren.

1936ko gerrak margolari askoren jarduna eta adierazpen askatasuna eten zituen. Hala ere, 1941etik aurrera euskal artistek elkarteak eta pintore taldeak sortu zituzten beren lanbidea babesteko eta artea sustatzeko. Urte horietan berrikuntza gutxi izan ziren, Jose María Uzelay (1903-1979) bermeotarraren surrealismoa izan ezik. 1949an, Jorge Oteiza Euskal Herrira itzuli ondoren, hasi zen euskal artearen pizkundea, hura, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Agustin Ibarrolarekin lehenbizi, eta handik hamar urtera, margolaritza informalista ekarri zuten Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga eta beste margolari batzuekin. Urte horietan artea herrira zabaltzeko eta euskal estetika bat sortzeko ahaleginak egin ziren. 1960an Euskal Eskola osatu zuten GAUR, EMEN, ORAIN eta DANOK taldeak sortu ziren Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Joerei dagokienez, informalismoa eta abstrakzioa nagusitu ziren.

XX. mendearen bukaeran margolaritzak bizi-bizirik zirauen, eta izenen bat aipatzekotan, ezin ahantzi Gonzalo Txillida (1926), Rosa Valverde (1953), Mari Puri Herrero (1942), Begoña Ameztoi (1946) eta Andrés Nagel margolari-eskultorea.

Euskal Herriko eskulturagintza

aldatu
 
Jorge Oteizaren apostoluak.

Erdi Aroaren bukaeratik Barrokora arte, talentu handiko eskultore eta irudigile ugarik egin zuten lan Euskal Herriko elizetan eta, askoz gutxiago, eraikuntza zibiletan. Joan Aiarakoa, Andres Araotz, Juan Antxeta (1533-1588), Martin Díez Liatzasolokoa (1500 inguru-1583), Lope Larreakoa (1540–1623) edota Joan Bazkardo eskultoreek maila bikaina izan zuten, beste askorekin batean, XVI. eta XVII. mendeetan. XVIII. mendeko ekonomia eta gizarte krisi sakonak eta XIX. mendeko gerra egoera latzaren ezin eramanak hutsune sakona ekarri zuten Euskal Herriko arte alor guztietara eta aro barrokoan ugaldu ziren eskultoreek ez zuten jarraitzailerik izan ondorengo bi mendeetan.

XIX. mendearen bukaeran eskultore belaunaldi berri bat azaldu zen Euskal Herrian, Bilbon bereziki, eta garrantzi berezia hartu zuen Bizkaiko hiriburuko Arte Ederretako Eskolak. Eskultura ez zen gehiago eraikuntzari bereziki atxikiriko artea, eta, harriaz gainera, beste gai batzuk erabiltzen hasi ziren, brontzea bereziki. Horrez gainera, joera klasizistak eta errealistak nagusi ziren arren, sinbolismoak eta espresionismoak gero eta indar handiagoa hartu zuten Euskal Herriko estetika esparruan, Europan barrena artearen arloan mamitzen ari zen iraultza sakonaren fruitu. Francisco Durrieu edo Durrio eta Nemesio Mogrobejo bilbotarrek zabaldu zuten bidea, eta Quintín de la Torre, Higinio Basterra, Fructuoso Orduna, Leon Barrenetxea, Moisés de Huerta eta beste zenbait eskultore jarraitu zitzaizkien.

1936ko gerrak eten zuen artista askoren jarduna eta, gerra ondoren, zentzugabeko neurri estu batzuen barnean jardun behar izan zuten erbesterako bidea hartu ez zuten eskultoreek. Irudigintzan ari izan ziren Julio Beobide eta Ricardo Iñurria gerra aurreko urteetan helduak ziren eskultoreak. Nolanahi ere, oso lan adierazkorrak egin zituen Beobidek. Aipagarriak dira orobat Argentinan sortu eta Bilbon Basterra eta De la Torrerekin ikasi zuen Arturo Acebal Idigorasen zeramika polikromoak. Jose Manuel Alberdi azpeitiarraren lana, Euskal Herrian hain ezaguna ez den arren, oso lan garrantzitsua izan da. Hamabost urte zituela Ingalaterrara eraman zuten eta bertan egin zituen eskultura ikasketak, bere euskal sustraiak alde batera utzi gabe. Molde klasikoko lanak egin zituen hasieran eta, Epstein edo Henry Moore bezalako eskultoreen ildotik, sinbolismo abstraktoaren bidetik abiatu zen ondoren.

Jorge Oteizaren eskutik etorri zen benetako iraultza euskal eskulturaren eremura eta, oro har, euskal estetikaren mundura. Eskultore handia izateaz gainera, teoriagile gisa ere garrantzi handia izan du Oteizak. Oteizaren planteamenduek berehalako oihartzuna izan zuten euskal artista gazteagoengan eta, oro har, Euskal Herriko arte mugimendu orotan. Haren arrimuan gorpuztu zen (Gaur taldea, 1966) Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Vicente Larrea, Jose Ramón Carrera, Agustin Ibarrola eta Ricardo Ugarte eskultore garrantzitsuen obra eta beste hainbat eta hainbat artistaren jardun apalagoa. Eduardo Txillida ere euskal artista ezaguna bihurtu zen nazioartean. Gaur taldearen inguruko mugimenduan parte hartu zuen, Oteizarekin batera. Oteizarenean ez bezala, Txillidak askoz azalpen teoriko gutxiago egin zituen. Egungo eskulturan ere izen handiak daude: Xabier Santxotena (1946), Cristina Iglesias (1956), Koldobika Jauregi (1959), Patxi Xabier Lezama Perier (1967) ...

Musika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko musika»
 
Berri Txarrak, euskal musika talde arrakastatsuenetako bat.

Euskal Herriko musika askotarikoa da eta hainbat hizkuntzatan egiten da. Musika klasikoari dagokionez, besteak beste Juan Crisostomo Arriaga (Los esclavos felices), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usanditzaga (Mendi-Mendiyan), Jesus Guridi (Amaya, Diez melodias vascas eta El caserio), Maurice Ravel, Francisco Escudero, Carmelo Bernaola, Alberto Iglesias eta beste hainbat musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak.

Bestela, Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak mundu osoan dira ezagunak, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere. Arlo horretan, Juan Mari Beltran musikaria aditu handienetakoa da. Izan ere, Oiartzunen antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia.

Musika tradizionalean hainbat instrumentu erabiltzen dira, hala nola alboka, panderoa, trikitia, txalaparta, txistua, txirula eta ttun-ttuna. Folk musikan ere badira nahiko ezagunak diren taldeak, Oskorri eta Tapia eta Leturia kasu. Azken urteetan gorakada nabarmena jaso du musika mota honek Kepa Junkera bezalako musikarien lana dela eta. 1970eko hamarkadan Ez Dok Amairu mugimenduari lotutako hainbat abeslari ere egon ziren, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kasu.

Musika garaikideari dagokionez, Euskal Rock Erradikalak garrantzi handia izan zuen eta oraindik ere badu. Musika estilo horretan, talde aipagarriak dira «Barricada», «Eskorbuto», «Hertzainak», «Kortatu», «La Polla Records» eta «RIP», besteak beste. Denboran geroagokoak eta estiloz zabalagoak dira «Berri Txarrak», «Betagarri», «Kuraia», Fermin Muguruza bera, «Negu Gorriak» eta «Zea Mays».

Antzerkigintza

aldatu
 
Hamlet euskal antzezlana
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko antzerkia»

1494. urteko estreinako aipamenetik, Europa osoan bezala, euskal antzerkigintza Kristautasunari estu lotuta ibili zen, eta bereziki landu ziren Eguberriaren eta Aste Santuaren gaiak. Euskal antzerkigintza XVIII. mendean hasi zen kristau mundutik aldentzen; Ilustrazio garaia zen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta elkarte haren sortzaile Frantzisko Xabier Munibek bultzada handia eman zioten euskal antzerkigintzari. Hala ere, XIX. mende arte ez zen osatuko aldentze hori.

1915ean, antzerkigintza berpiztuko zuen Euskal Iztundea jaio zen Donostian. Antzerki eskola baten modukoa zen Euskal Iztundea, baina hori baino gehiago ere izan zen: antzerkiaren inguruan zebilen jendearen bilgunea, baita obrak sortzekoa, entseguak egitekoa... Euskal Iztundea zuzentzeko katedra lortzen lehena Toribio Altzaga izan zen; hainbat motatako testuez gain, batez ere antzerki lanak idatzi zituen (osorik euskaraz idatzitako lehena, Aterako gera (1888)). Euskal Iztundeak sustatutako lanak Donostia eta Gipuzkoa osora hedatu ziren, baita Bizkaira ere gero, Resurrecion Maria Azkueren eskutik. 1936ko gerra osteko urteetan, frankistek Euskal Iztundea itxiarazi zuten, eta Altzaga Ondarretako kartzelan sartu.[12]

XX. mendean, Francisco Francoren diktadurak euskal kulturari ezarritako errepresioak etenaldi larria ekarri zuen. Frankismoa bukatu aurretik, ordea, Euskal Herrian kultura mugimendu bizi eta indartsua sortu zen antzerki talde amateurren inguruan. Gabriel Aresti izan zen, 1960ko hamarkadan, euskal antzerkiaren berritzaile, gazteen antzerki taldeekin eta antzezleekin zuzeneko harremana zuela. Boterearen arbitrariotasunari eta Euskal Herriko moral tradizionalari aurka eginez, tradizioaren eta abangoardismoaren arteko sintesia egin zuen; herri antzerki iraultzailea egin zuela esan izan da. Xabier Letek dioenez,[13] Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat antzezlanarekin hasi zen euskal antzerkigintza berria.

Gaur egun, euskarazko literatura generoetatik atzenduena dugu antzerkia.

Zinema

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko zinema»

Euskal Herriko zineman erdaraz egiten da gehienbat. Euskarazko filmak gutxi dira, eta gehienak haurrentzat eginak. Azken urteotan, «Aupa Etxebeste!», «Kutsidazu bidea, Ixabel», «Eutsi!» , «Loreak», «Handia» eta «Errementari» izan dira euskal film luze aipagarrienetakoak.

Euskal Herriko zuzendarien artean, ezagunak dira Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia, Julio Medem, Imanol Uribe, Jon Garaño, Jose Maria Goenaga eta Aitor Arregi besteak beste.

Kirolak

aldatu

Futbola da Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen kirola, batez ere Hego Euskal Herrian. Azken urteetan bost talde aritu dira Espainiako lehen mailan jokatzen: Athletic, Real Sociedad, Alavés, Eibar eta Osasuna. Talde horien arteko partidei euskal derbia deitzen zaie. Emakumeen futbol ligan Athletic da garaipen gehien dituen taldea. Ipar Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen kirola errugbia da. Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais Frantziako txapeldunak izan dira. Euskal Herriko saskibaloi talde garrantzitsuena Gasteizko Saski Baskonia da. Bost aldiz izan da Euroliga txapelketako "Final Fourrean" eta bitan finala jokatu du. Eskubaloi talde handiak ere izan dira Euskal Herrian, Bidasoa, San Antonio, Itxako eta Bera Bera izan dira talderik indartsuenak.

Euskal Herria munduko hainbat bazterretan famatua da Euskal Herrian sortutako pilota jokoa, batez ere zesta punta bertsioan. Frontoi ugari daude pilotan aritzeko eta hainbat enpresek kudeatzen dute, gaur egun, pilota profesionala. Herri kirolak abeltzaintza, nekazaritza, arrantza eta artisautza jardueretan oinarriturik Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolak dira. Herri kirolen jatorria, izan ere, garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da. Abeltzain, nekazari, arrantzale nahiz artisauek ogibidez egin behar zituen lanak kirol bilakatu dira denborarekin, indartsuago, bizkorrago, trebeago... nor zen erakutsi nahian. Halakoak ditugu aizkora proba, traineru estropadak, harri zulaketa, sokatira edo harri jasotzea. Hainbat herri kirol konbinatzen dituzten frogak ere badira, Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa eta Euskal pentatloia adibidez.

Txirrindularitzan, golfean eta Joko Olinpikoetan ere kirolari nabarmenak izan dira euskaldunen artean.

Euskal Herrian badago mugimendua selekzio ofizialak izateko mundu mailako lehiaketetan. Batez ere futbolean nabarmendu da azken urteetan Euskal Herriko selekzioaren aldeko lana, baina beste kirol batzuetan Euskal Herriak badu selekzio ofiziala, hala nola segalaritzan edo wushu-kungfuan.

Gastronomia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal sukaldaritza» eta «Euskal Herriko ardoak»

Euskal Herria ezaguna da bere gastronomia dela eta. Restaurant aldizkariak 2008ko munduko 50 jatetxe onenen eginiko zerrendan, lau jatetxe euskaldun agertu ziren: Mugaritz (4. postuan), Arzak (8. postuan), Martin Berasategi (29. postuan) eta Etxebarri erretegia (44. postuan).[14]

Euskal Herrian 6 ardo izendapen berezi daude eta horietako bat, Nafarroako Ardoa, 5 azpizonaldetan banatzen da. Araban Errioxako Ardoa eta Arabako Txakolina ekoizten dira. Bizkaian Bizkaiko Txakolina eta Gipuzkoan Getariako Txakolina. Nafarroa Beherean Irulegiko Arnoa ekoizten da eta Nafarroa Garaian Errioxako Ardoa egiteaz gain Nafarroako Ardoaren bost eskualdeak daude: (Behe Mendialdea, Lizarraldea, Valdizarbe, Behe Erribera eta Goi Erribera).

Hedabideak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko hedabideak»

Euskarazkoen artean, ETB 1 da lurralde osoan zabalduta dagoen telebista bakarra, eta tokian tokiko beste kate batzuk ere badaude. Irrati kateei dagokienez, Euskadi Irratia (informazio orokorra), Gaztea (musika), Gure Irratia (Ipar Euskal Herrian), Bizkaia Irratia (mendebaleko euskaraz) eta Euskalerria irratia (Nafarroan) ditugu. 30 bat euskarazko irrati kate aurki daitezke Interneten[15][16].

Gaztelaniazko telebista nagusiak Telecinco, Antena 3, Televisión Española (bi kate), Cuatro, La Sexta eta ETB 2 dira. Radio Euskadi eta Radio Vitoria gaztelania hutsezko irratiak dira; Herri Irratia elebiduna eta Info7 hirueleduna. TF1, France 2, France 3, France 5, M6 eta Arte dira frantsesezkoak.

Egunkariei dagokienez, «Berria» da euskaraz eta Euskal Herri osoan argitaratzen den bakarra. «Gara» lurralde osoan ere hedatuta dago eta nagusiki gaztelaniaz egina da. Ipar Euskal Herrian, Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest ditugu. Probintziaz probintzia, hauexek dira irakurrienak: El Correo Español (Bizkaian eta Araban), El Diario Vasco (Gipuzkoan), Diario de Navarra (Nafarroan) eta Sud Ouest (Ipar Euskal Herrian).

Mitologia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko mitologia»

Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu duten ohitura askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: udako solstizioa = Donibane jaia (Done Ibane edo San Joan santuaren izenetik), jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.

Euskal Herriko mitologiako pertsonaien, jainko-jainkosen, kondairen, sinesmenen eta abarren corpusa oso zabala da.

Onomastika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko onomastika»

Euskaltzaindiak urtetan argitaratu ditu onomastikari buruzko txostenak, Onomasticon Vasconiae izenburupean, Jimeno Jurio, Juan San Martin, Henrike Knörr, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Elena Martinez de Madina, Patxi Salaberri, Mikel Gorrotxategi, eta beste hainbat filologo ibili dira lan horietan. Baina euskal onomastikaz egindako ikerketa lan guztiak ez dira Onomasticon Vasconiae bilduman sartu.

Onomastikaren arloan, aipagarria da euskal toponimia eta antroponimiaren arteko loturak, emakumezkoen izenen artean lurraldez lurralde hainbat adibide ditugularik. Nafarroa da herrialderik emankorrena esparru honetan, Leire, Iratxe, Idoia, Alaitz, Nagore, Saioa, Uxue, Eunate, Irantzu, Puy eta Orreaga izenekin. Ipar Euskal Herrikoak ditugu, bertzela, Ainhoa eta Garazi arrakastatsuak, eta Nafarroarekin batera Irati eta Zuberoa elkar banatzen ditu. Gipuzkoa ere emankorra da toponimoetatik etorritako izenei dagokienez eta Arantza(zu), Itziar, Olatz, Dorleta, Aloña eta Larraitz eman dizkigu. Azkenik, Bizkaiko Begoña, Udiarraga eta Ziortza eta Arabako Estibalitz ditugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Luis Villasante Kortabitarte. Historia de la Literatura Vasca (Sendoa, (1961); Arantzazu. 1979. ISBN 84-7240-114-6)
  2. Aldekoa, Iñaki. Historia de la Literatura Vasca. Donostia: Erein, 2004.
  3. Patri Urkizu Historia de la literatura vasca (2000, Madril. UNED, ISBNː 84-362-4136-3).
  4. Mitxelena, Koldo. Historia de la literatura vasca. 1960. Donostia: Erein, 1988.
  5. https://www.etxepare.eus/media/uploads/publicaciones/xx_mendeko_euskal_literatura.pdf[Betiko hautsitako esteka]
  6. a b c https://web.archive.org/web/20191222102345/http://www.basqueliterature.com/basque/historia/hauretagazte
  7. (Ingelesez) Gabilondo, Joseba. Before Babel : a history of Basque literatures. ISBN 978-1-5308-6832-2. PMC 950465512. (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  8. Jiménez de Rada, Rodrigo Verfasser. Historia de rebus Hispaniae sive Historia Gothica. Brepols Publishers PMC 1074732973. (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  9. a b c d e Euskal Herriko pentsamenduaren gida. Udako Euskal Unibertsitatea 2012 ISBN 978-84-8438-435-9. PMC 864226129. (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  10. Urrutia, Manuel Ma. (Manuel María). (1997). Evolución del pensamiento político de Unamuno. Universidad de Deusto ISBN 978-84-9830-843-3. PMC 605220589. (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  11. Azurmendi Otaegi, Joxe. (2012). (AR) Unamunoren atarian. (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  12. Ainhoa Sarasola, «Mendeurrenak albiste izango dira 2015ean», Berria 2015-01-02
  13. Zeruko Argia, 1965-01-24.
  14. World's 50 Best Restaurants
  15. «Add-on:Euskarazko irratiak - Official Kodi Wiki» kodi.wiki (Noiz kontsultatua: 2020-01-30).
  16. Iturralde Sarasola, Asier. (). «Euskarazko irratiak KODI multimedia zentroan entzuteko plugina» Iametza Interaktiboa (Noiz kontsultatua: 2020-01-30).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 8
idea 8
INTERN 2