Filosofiaren historia

Filosofiaren historia

Antzinako greziar filosofia

(K.a VII - K.o I).

Presokratikoak eta sofistak
Sokrates, Platon, Aristoteles
Epikureismo, estoizismoa eta zinikoak

I. mendearen ondorengo filosofia

(K.o I).

Erdi Aroko filosofia

(K.o IV-XV).

Pizkundeko filosofia

(K.o XV-XVII).

Modernitateko filosofia

(K.o XVIII).

Idealismo transzendentala

Filosofia garaikidea

(K.o XIX-XXI).

XIX. mendea:

Materialismoa, Bitalismoa eta Existentzialismoaren aurrekaria


XX. mendea:


Filosofiaren historiak historian zehar filosofoek aztertu dituzten ideia, kontzeptu eta teoria filosofikoen garapena azaltzen du, beraien arteko loturak nabarmenduz eta garaian garaiko inguruabar historikoek horietan izan duten eragina ikertuz. Zeregin horretan hainbat oztopo daude, filosofia denari buruz filosofoek hainbat iritzi izan baitute historian zehar, batzuetan aski desberdinak, eta horrela filosofiaren historia baino filosofien historiaz jardun beharko litzateke maiz; gainera, zientzietan izaten den jakintza-aurrerapenik ez da gertatzen filosofian eta horrela filosofiaren historia egiteko bide bihurriagoak jarraitu behar izaten dira. Hala eta guztiz ere, filosofoek gai komunak aztertu izan dituzte historian, besteak beste mundua zer den eta nola eratuta dagoen, jakintzaren problema, hizkuntzaren oinarriak, etika eta filosofia politikoa. Gai horiei buruz filosofoek emandako erantzunen iturburuek testuinguru historikoan nahiz aurreko filosofoen lanetan zein proposamen komunek, azken hauek eskola filosofikoetan bildurik, osatuko lukete filosofiaren historiaren funtsa eta baita filosofia bera ere.[1]

Hain zuzen, filosofia berez da historikoa, eta filosofiaren historia filosofiaren beraren parte ere bada, filosofoek euren hausnarketan hutsetik hasi ez, baizik eta aurreko filosofiaren eraginpean baitaude.[2] Hain zuzen ere, problema filosofikoek soluziorik ez baizik eta historia dutela aipatu izan da.[3] Beste alde batetik, ingurune historikoen aniztasunak desberdintasun sakonak eragin ditu hausnarketa filosofikoan; hala, historiako zibilizazio handien arabera ere banatu ohi da filosofiaren historia, antzinako txinatar filosofia, antzinako indiar filosofia eta Mendebaldeko filosofia bereiziz.

Antzinako greziar filosofia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako greziar filosofia»

Mendebaldeko filosofiaren jatorria K. a. VII. mendeko Antzinako Grezian dago. Une historiko horretan, pentsalari batzuek, filosofo presokratiko deitzen direnek, naturaren izaerari buruzko galdera era arrazionalean planteatzen eta erantzuten hasi ziren. Hortik gutxira, Mendebaldeko filosofiako aitzindaritzat hartzen diren Sokrates, Platon eta Aristoteles filosofoek euren filosofiak plazaratu zituzten.

Filosofia Antzinako Grezian sortu izanaren arrazoi eta faktore anitz proposatu da. Alde batetik polis izeneko greziar hiri-estatuetako giro politikoak herritarren arteko berdintasuna eta eztabaida politikoa ekarri zituen K.a VII. mendetik aurrera, eta horrela logos edo hitz arrazoituari egin zion bidea. Horrekin batera, loraldi ekonomiko nabarmena gertatu zen, bereziki greziar kolonietan, hain zuzen filosofia sortu zen hirietan, eta horrek ere erakunde kultural eta politiko berriak sortzen lagundu zuen. Ildo horretan, Hesiodoren lan kosmogonikoak eta Homeroren neurtitzek naturaren funtsaren eta hitz doiaren bilaketarako oinarriak finkatu zituzten, hurrenez hurren. Aldi berean, Mesopotamia, Egipto eta ekialdeko beste lurraldetatik ekarritako matematika, geometria eta astronomia jakintzak zalantzarik gabe greziarren ezagutza teknikoa aberastu zuten, baina beraiek izan ziren ezagupen horiek arrazoimenez, hitzez, logos delakoaz alegia, era abstraktuan formalizatu eta osatu zituztenak.

Filosofiaren sorrerak Antzinako Greziako mitologiarekin ekarri zuen haustura nabarmendu izan da zenbaiten aldetik, filosofiaren bitartez mitologiaren pentsamendu magikoa baztertu eta azalpen arrazionalak ematen hasi zirela baieztatuz. Iritzi horiek kolokan geratzen dira lehenengo filosofoek greziar jainkoei buruzko aipamen ugari egiten jarraitu zutela ikusita; areago, egungo tesi nagusiak greziar mitologiak lehenengo filosofoen pentsamendua bideratzen lagundu zuela adierazten du; mitologia horrek natura nabarmentzen du eta, hain zuzen, natura izan zen filosofo grekoek hausnartutako lehen gaia. Erlijio publikotzat har daiteken greziar mitologiaz gainera, herritarren talde zenbait orfismoaren jarraitzaile izan ziren; besteak beste, sinesmen orfikoetan arimaren hilezkortasuna, gerora Platonen pentsamenduan eragin nabaria izango zuena.[4][5]

Filosofo presokratikoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Filosofo presokratikoak»
 
Lehenengo filosofo presokratikoak Joniako Mileto hirikoak ziren. Irudian, bertako antzokiaren aztarnak.

Antzinako greziar filosofiaren sorreran, filosofo presokratikoak kategorian biltzen diren pentsalariek izan zuten protagonismoa, K.a. VI mendean bereziki. Presokratiko edo Sokratesen aurreko deitu zitzaien, hark K. a. V. mendean zabaldutako bide filosofikotik at lan egin zutelako. Horien artean, talde desberdinak bereiz daitezke. Miletoko eskolako filosofo monista materialistak izan ziren aitzindari, physis edo naturaren arkhe edo funtsa bilatu baitzuten filosofoak daude, aurreko mitologiak bazterturik: Talesentzat ura zen funts hori, Anaximandrorentzat apeiron delakoa eta Anaximenesentzat haizea. Xenofanesek eta Heraklitok haien teoria fisikoak zabaldu, eta gogoeta filosofikoa gizakiarengana eta epistemologia edo jakintzaren filosofiara zabaldu zuten.[6] Joera mistiko bati jarraitu zioten filosofoen eskola pitagorikoa, berriz, K. a. V. mendearen bukaeran garatu zen, Pitagorasen inguruan; haien sinesmen eta erritualez haraindi, interesgarritzat hartzen dira matematika, astronomia eta musikaren inguruan egin zituzten hausnarketak eta aurkikuntzak. Eskola eleatikoaren aitzindaria Parmenides izan zen eta askoren ustez hari zor zaio metafisikaren sorrera;[7] bere Naturaz poeman monismo metafisikoaren eta zentzumenezko jakintzaren aurka agertzen da, eta pentsamenduaren oinarri logikoen sistema bat ezarri zuen; horien jarraitzaileak Zenon Eleakoa, zentzumenezko hautematearen arrsikua agerian uzten duten paradoxengatik famatua, eta Melisos Samoskoa izan ziren.[8]

Azkenik naturaren funts edo printzipio bakarretik abiaturik, naturaren izaerari buruzko bestelako azalpenak eman zituzten filosofoak ere izan ziren. Alde batetik, filosofo pluralistak errealitatean hauteman daitekeen aldaketa eta aniztasuna azaltzen saiatzen dira, Parmenidesek baieztatutako izatearen batasun eta bakartasunetik abiatuta; horien artean, Anaxagorasek apeiron jatorrizko nahasketa bati nous izeneko adimen batek eragindako errotaziozko mugimendu batek eragindakoa da, eta Enpedoklesen arabera, guztiaren osagaiak sua, lurra, haizea eta ura direla baieztatu zuen, hasiera batean bildurik eta gero Borrokaz eta Atxikimenduz bereizi eta bildu egiten direnak, mundua sortuz horrela. Filosofo atomisten arabera, dena atomoz osaturik zegoen; atomo kontzeptua, ordea, egungo atomo kontzeptu zientifikotik urrun zegoen eta mota, tamaina eta forma desberdineko partikula txikiak besterik ez zen haien doktrinan, mugituz bildu eta bereizi egiten direnak; filosofo atomista aitzindari eta garrantzitsuenak Demokrito eta Leuzipo izan ziren.[9][10]

Sokrates, Platon eta Aristoteles

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Sokrates», «Platon» eta «Aristoteles»

Periklesen Mendean Atenasen goraldi ekonomiko eta kultural handia gertatu zen; aldi berean, demokrazia partehartzailearen erakundeak ere indartu ziren eta horrek erretorika edo pertsuasioaren artea bultzatu zuen. Sofistak ziren arte honen maisu eta klase gorenei irakasten zieten. Euren trebetasuna frogatzeko erakusketak eta eztabaidak egiten zituzten maiz, eta haietan baieztapen bat eta aldi berean horren aurkakoa frogatzen saiatzen ziren. Horrela, erlatibismo epistemologiko, etiko eta politikoa eta ateismoa zein agnostizismoa zabaldu ziren gizartean, balio absolutuen deuseztapenarekin batera. Filosofo presokratikoen espekulazioek ere joera horretan eragina izan zutela aipatu da.[11]

 
Sokratesen bustoa.

Sokratesek (K. a. 470 - K. a. 399), ordea, sofisten bestelako jarrera hartuko zuen. Sofistak bertutearen maisuak ziren bitartean, berak bertuteaz ezer ez zekiela adierazi zuen. Jarrera horrek, bere "Dakidan bakarra ez dakidala ezer da" esaldi famatuan laburbildua, jarrera filosofiko berria zabaldu zuen, mendebaldeko filosofiaren historian mugarri nagusi izango dena. Hala ere, Sokrates ez zen eszeptikoa izan eta gizakiak balio absolutu unibertsalak badituela baieztatu zuen. Abiapuntu horietatik, solasaldi-metodo batez baliatzen zen solaskideak bertuteen ulermena jabe egin zitezen; solasaldian zehar, dialektikaz solaskideari galderak eginez eta haren erantzunak jasoz, elenkoa deitzen dena garatuz alegia, ezagutza nahasia dela ulertarazi eta, kontraesanak gaindituz, bertutearen definizio orokorrera heltzen laguntzen zion. Sokratesen metodoa (maieutika edo emagintza izenez ere ezagutzen dena; ezagutza denon baitan dagoela sinetsirik zegoelarik, bere metodoak emagin gisa egiten zuela baitzioen Sokratesek) tresna filosofiko eta pedagogiko garrantzitsua da egun ere. Bestalde, Sokratesen ekarpena funtsezkoa da mendebaldeko filosofian: metodo induktiboa eta balio eta definizio unibertsalak berari zor zaizkiola aipatu da. Sokratesek berak deus idatzi ez bazuen ere, Platonen Solasaldi gehienetan pertsonaia nagusia da eta solasaldi horiei esker neurri handi batean osa daiteke egun Sokratesen irudi filosofikoa.

Platon (c. K. a. 427 - c. K. a. 347) Sokratesen ikaslea izan zen. Ingurune historiko eta politikoak eta Sokratesen pentsamenduak eta bizitzak eta heriotzak biziki eragin zuten. Hark bezala, Platonek solasaldia hartu zuen filosofia egiteko genero egokitzat, baina Sokrates ez bezala hainbat Solasaldi, gutun batzuekin batera, idatzi zituen. Solasaldi horiek lau sailetan banatu ohi dira: gaztaroko solasaldietan Sokrates da protagonista nagusi eta haren pentsamendua jasotzen da, bereziki bertutearen inguruan; trantsiziozko solasaldietan bere pentsamenduaren oinarria den ideien teoria planteatu zuen ondoren; helduaroko eta zahartzaroko solasaldietan osatzen joan zena. Ideien teoriak dualismo ontologikoaren teoria bat da: Platonen iritziz, forma edo ideiek mundu sentikorretik bereizten den existentzia badute; hori azaltzeko haitzuloaren alegoria famatua asmatu zuen. Ideien teoriatik epistemologia, zer ezagut daitekeen eta nola, eta politika, estatu idealaren bila, landu zituen. Dualismo antropologikoa ere, gizakien arimaren existentzia alegia, baieztatu zuen. Egungo filosofia gai eta moldeen eratzaile nagusietako bat da eta historian ugari izan dira platonikotzat hartzen diren filosofoak.

Aristoteles Platonen ikaslea izan zen hark sortutako Atenasko Akademian. Ezagutza-arlo guztiak landu zituen eta hark bereizitako ezagutza-sailkapena eta errealitatea ulertzeko kontzeptuak XVII. mendera arte izan ziren indarrean, zientzia modernoaren garapenarekin batera.[12] Logikaren garapena eta sistematizazioa ere berari zor zaizkio. Platonen ideien teoria ez bezala, Aristotelesen pentsamenduak eta lana natura (physis) eta errealitate praktikoa (techne) izan zituen gai eta erreferentzia nagusi. Ideia platonikoak, bere teorian unibertsal deituko zituena, ez zituen guztiz baztertu, baina ideien existentzia independentea ez zuen onartu; hala ere, ezagutzaren helburu dira haren iritziz eta objektu konkretuetatik abstrakzioz eratzen ditu ezaguerak. Fisikan edo naturaren filosofian, lau kausen teoria, potentzia eta egintzaren teoria eta hilemorfismoa, zeinaren arabera gauzak materiaz (hyle) eta formaz (morphe) osaturik dauden, garatu zituen. Etikan, gizakiaren xedea zoriona, gizakiaren berezko izaeraren edo bertuteen arabera jardutea alegia, dela definitu zuen; ezagutza bertute gorena dela aitortu bazuen ere, beste bertute zenbait (justizia eta adorea, esaterako) bazirela baieztatu zuen, eta guztietan zuhurtasunez, gehiegikeriarik eta gutxiegikeriarik gabe, jokatu behar da, haren iritziz. Gizakia berez gizartean bizitzeko dela adierazita, politika izan zen landu zuen beste gai nagusietako bat: erregimen politiko hoberena justiziaz, herritar guztien eta ez bakan batzuen ongizatearen alde, jarduten duena da, eta horrela, demokrazia, oligarkia nahiz monarkia bidezkoak zein bidegabeak izan daitezkeela adierazi zuen.[13][14]

Filosofia helenistikoa

aldatu

Filosofia helenistikoak Aristotelesen ondoren, garai helenistikoarekin batera eta K. o. 300 urtera arte gutxi gorabehera, garatu ziren eskola filosofikoak biltzen ditu. Helenistiko hitzarekin greziar filosofiarekin zuten atxikimendua adierazten da, eskola horietako batzuk Grezian kokatu ez baziren ere. Mende horietan, Mediterraneo osora zabalduta, antzinako greziar kulturak hedapen handia izan zuen; giro horretan eskola filosofiko berriak sortu eta garatu ziren, besteak beste zinismoa, estoizismoa, epikureismoa, eszeptizismoa eta neoplatonismoa. Eskola horiek ziurgabetasun giro orokorrean garatu ziren, Alexandro Handiaren heriotzaren ondoren hiri grekoek izan zuten gainbeherarekin eta Antzinako Erromaren zabalkundearekin loturik; hala, eskola horien gai nagusia etika izan zen, bereziki nola bizi behar den egoera latzetan, ataraxia edo bizi-lasaitasuna eskuratze aldera.[15]

Zinikoak, Sokratesen filosofian oinarrituta eta hartaz etikaz kezkaturik, aberastasunak eta boterea baztertu eta bizimodu apalaren aldekoak izan ziren. Garaiko morala ukatu eta gizakiaren berezko bizitza natural bat aldarrikatzen zuten. Horrek herritarren mespretxua ekarri zuen, eta hortik historian jarri zaien izena, zinikoak, literalki txakurra bezalakoak esan nahi duena. Antistenes (K. a. 446— K. a. 366) izan zen joera horren abiarazlea eta Diogenes Sinopekoa (ca. K. a. 412 – K. a. 323) ordezkari ezagunena.[15]

Estoikoek materialismotik eratorri zuten beren filosofia. Dena lege material eta deterministek eragindakoa denez, haien iritziz ez zuen zentzurik horien aurka egitea eta beraz, bizitzako gorabeherak datozen bezala onartuz, grinarik gabe, haien aurka ez baitago ezer egiterik. Zenon Zitiokoa (ca. K. a. 335 - ca. K. a. 262) izan zen eskola filosofiko horren aitzindaria.[15] Estoizismoak oihartzun handia izan zuen Antzinako Erroman, Seneka, Epikteto eta Marko Aurelioren eskutik. Epikuroarrek, Epikuroren (K. a. 341 - K. a. 270) jarraitzaileek, ere materialistak ziren, baina estoikoen beste era batera; hala, gizakia plazerez bizi behar dela aldarrikatzen zuten, baina plazerak lasaitasunez, kezkarik gabe, biziz. Epikureismoa Lukrezioren De rerum natura olerki-bilduma luzean jasotzen da maisuki.[15]

Neoplatonismoa III.-VI. mendeen artean garatu zen eskola izan zen, zentzu zabalean Platon hil eta bere filosofian oinarritu ziren filosofia guztia neoplatonikotzat ere hartzen den arren. Platonen filosofia oinarri hartuta baina handik aparte garatu zen, bereziki ikuspuntu espiritual eta erlijioso batetik, judaismotik, kristautasunetik eta gnostizismotik bereziki. Jatorri horiei neoplatonikoek jarraitu zituzten bide ezberdinak erantsi behar zaizkio; hala, neoplatonismoa osotasunean eskola zabal eta anitza da, hala eta guztiz ere, puntu komun batzuk atxikitzen dituena, hala nola izatearen mailen aniztasuna eta hierarkia, Bata delakotik abiatuta, bereizgarriez eta mugaz definitzen diren beste izateetara heltzeko. Hain zuzen, judaismoan eta kristautasunean ere, gizakia mendekotasun harreman batean dago Jainkoarekiko, azpiko maila batean. Neoplatikoen iritziz, jakintza ariman garatu behar den prozesua litzateke, finean materiatik askatuz, Bata horretara heltzeko. Plotino (204—270) izan zen eskola horren abiarazlea, eta ordezkari garrantzitsuak izan ziren Porfirio eta Janbliko.[16][17][18]

Filosofia Erdi Aroan

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aroko filosofia»

Erdi Aroko filosofiaren definizioak Erdi Aro historikoaren muga kronologikoetatik (V. mendea-XV. mendea) eta geografikoetatik (Mendebaldeko Europa) itzuri eta bere mugarri propioak eratzen ditu, haietatik asko urruntzen ez badira ere; hain zuzen, filosofia kristau fedearen ikuspuntutik lantzearekin hasi eta XV. mendean ikuspuntu hori baztertu eta antzinako greziar filosofiaren humanismoa berreskuratu arte mugatzen du; geografikoki ere, Erdi Aroko filosofiak Mendebaldeko Europako mugak gainditu eta Mediterraneoan eta Ekialde Hurbilean zehar ere garatu zen.

Abiapuntu historikoak kristautasunaren gorakada, IV. mendetik, Erromako Inperioan lehenbizi toleratu eta mende horretan bertan erlijio ofizial bihurtu zenean, eta Erromatar Inperioaren gainbehera, gainbehera ekonomiko, politiko eta kulturala, eta horrekin batera greziar filosofiaren ekarpena neurri handi batean transmititu gabe utziko zuena. Greziar filosofia eta batik bat Aristotelesen lanak musulman eta juduengatik berreskuratuko ziren hasiera batean, kontuan harturik Iberiar Penintsulan musulmanak nagusi izan ziren Erdi Aroko mende batzuetan zehar, zeinetan juduak errespetatuak izan ziren, filosofo islamitiko eta juduen iruzkinduta maiz, bereziki Averroes (1126-1198), eta Maimonidesen (1138-1204) eskutik. Bi aldi nagusi bereizten dira Erdi Aroko filosofiaren: lehenengoan, patristika garatu zen, neoplatonismoaren eraginarekin kristau teologia ehuntzea helburu izango duena, bereziki Agustin Hiponakoari esker, gerora ere eragin nabarmena izango zuena; bigarrenean, eskolastika garatu zen, filosofia aristotelikoa kristautasunean txertatzea bilatuko zuena.

Patristika: Agustin Hiponakoa

aldatu
 
San Agustin Hiponakoa

Lehen kristau apostoluen helburu bakarra kristau fedea zabaltzea izan bazen ere, laster kristau doktrina sistematizatzeko eta arrazoiz eta filosofiaz justifikatzeko beharraz ohartu ziren kristau jakintsuak. Pater edo Elizaren Aita deitu zitzaien, eta hortik horien lanak patristika delakoan biltzen dira. Haien jarrera Agustin Hiponakoaren Credo ut intelligam ("Sinesten dut ulertzeko") esaldian laburtzen da: unibertsoa, mundua eta gizakia ulertzearren jardun zuten kristau doktrina era filosofikoan eratzen.[19] Hain zuzen, Elizaren Aita nabarmenena Agustin Hiponakoa (354-430) bera izan zen. Arrazoia eta fedea bateragarriak direla baieztatu zuen, eta ezagutzara heltzeko beharrezkoak; areago, arrazoia fedearen dogmak frogatzeko baliatzen saiatu zen. Antzinako greziar filosofia oinarritzat harturik, bereziki neoplatonismoa (gorputz eta arimaren dualismoa, besteak beste) eta estoizismoa, harekin nekez uztar daitezkeen elementuak barneratu zituen bere filosofian, hala nola Jainko bakar eta gizakiarekiko arduratsuaren kontzeptua eta ongiaren zentzu historiko saihestezina, greziarren munduaren bilakaera ziklikoaren aurkakoa. Epistemologian, eszeptizismoaren aurkakoa izan zen eta egia bakarraren aldekoa, helmuga finean Jainkoa duena; zentzumenezko ezagutza balioesten bazuen ere, Jainkotik datorren arrazoimena gailentzen zuen. Etikan zoriona azken helburua zela baieztatu zen, eta horretan Jainkotik datorren askatasuna eta borondatearen garrantzia nabarmendu zuen, berezko helburutzat ongia duena; hala gaizkia gizakiaren ardura soila da. Egundaino itzal handiko filosofoa izan da, baina bereziki XIII. mendera arte nagusitu zen bere filosofia, Tomas Akinokoa fedea eta arrazoia bereizten hasi zenean.

VIII. eta IX. mendeak: karolingiar berpizkundea

aldatu

Mendebaldeko Erromatar Inperioa deusezturik gertatu zen 476. urtean. Ondorengo hiru mendeetan Europan aro iluna bizi izan zen kulturan eta ekonomian. Karlomagnok, Aita Sainduaren eskutik Karolingiar Inperioaren buru, karolingiar berpizkunde kulturala sustatu zuen VIII. eta IX. mendeetan, kultura klasikoarekin zuen atxikimenduz eta eskolatzearen garrantziaz jabeturik. Karolingiar Inperioa eta Eliza eskuz esku zihoazela, filosofiak eta teologiak ere uztarturik jarraitu zuten. Filosofiaren aldi horretako pentsalari nabarmenena Joan Eskoto Erigena (810-877) izan zen, Karlomagnoren biloba Karlos Burusoilak gortera ekarri eta hango eskola palatinoan kargu garrantzisua izan zuena. Neoplatonismoan oinarritu zen, eta hortik berariazko sistema filosofiko idealista bat eratu zuen, dena gogamenaren emaitza delako printzipiotik. Arrazoimena eta fedea uztartu zituen, biek Jainkoa dutelako jatorri haren iritziz, Agustin Hiponakoaren doktrinaren ildotik, baina gizakiaren izaera, askea eta burutsua, nabarmendu zuen, eta Errenazimenduko humanismoaren aitzindaritzat jo daiteke.[20] [21]

Eskolastika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Eskolastika»
 

Karolingiar Inperioa gainbeherak eta ondorengo feudalismoak ekarriko zatiketa politikoak itzali egin zuten karolingiar berpizkundea. Hala, X. mendea aro iluna izan zen filosofian. Dena den, monasterioak Aita Sainduaren agintaritzapean jarri ziren, jauntxo feudalen botere politikoaren esku hartze zuzenetik at, eta aurreko jakintzaren gordailu izaten jarraitu zuten, trivium eta quadrivium curriculumak irakasten. Ordurako, ordea, Aristotelesen lanak ia guztiz galduak ziren Europa Mendebaldean. Al-Andalustik hasi ziren heltzen Aristotelesen lanak monasterioetara, haiei buruzko filosofo islamiko eta juduen iruzkinekin batera. Hala, jakintza berri hori kritikatu eta kristau teologiarekin uztartu beharra sortu zen; horretarako, besteak beste, lectio, quaestio eta disputatio ariketak garatu ziren testu baten azterketarako, testuaren irakurketa sakona, kritika eta eztabaida alegia. Eskolastika, monasterietako eskoletan garatutako jakintza alegia, azterketa-metodo horri nahiz metodo horretaz garatu zen filosofiari deritzo eta XI. mendetik XVI. mendera arte garatu zen gutxi gorabehera. Gailentzea, goi-eskolastika deitu izan den garaia, XIII. mendeetan izan zen, irakaskuntzaren egoitza nagusiak unibertsitateak (lehenengoak Bologna, Paris, Oxford izanik) izatera igaro eta teologiako irakasleak filosofiako fakultatekoak izan beharra ezarri zenean, eta filosofia (arrazoia) eta teologia estu uztartu zirenean, Tomas Akinokoaren eraginpean bereziki. Hala ere, eskola filosofiko homogeneo izatetik urrun, joera ezberdineko pentsaerak bildu ziren horren baitan. XIV. mendean, behe-eskolastika deitu izan den garaian hain zuzen, tomismoaren aurkako erreakzioa sortu zen, arrazoia eta fedea bereiztearen aldeko argudioak nagusitu zirenean, Pizkunderako bidea zabalduz horrela.

Ratio eta auctoritas: dialektikoak eta antidialektikoak

aldatu

Teologia filosofiarekin uztartzea helburu, etengabekoa izan zen auctoritas edo Elizaren dogma teologikoen eta ratio edo giza arrazoiaren arteko tentsioa. Hala, eskolastikoen artean bi aurkako joera sortu ziren: filosofia guztiz fedearen zerbitzura jartzen duten antidialektikoak, eta haien artean Pedro Damiano (1007-1072) bereziki; eta dialektikoak, Berengario Toursekoa (1000-1088) haien artean, arrazoiaren gailentzea aldarrikatzen dutenak.[22] Tomas Akinokoa muturreko bi joera horien artean kokatu zen.

Giro horretan Anselmo Canterburykoa (1033-1109) figura nabarmena izan zen, Agustin Hiponakoaren Credo ut intelligam ("Sinesten dut ulertzeko") leloa harturik, kristau doktrinako dogmak arrazoiz garatzen eta aztertzen saiatu zena. Haren ekarpen nagusiena Jainkoaren existentziarako argudio ontologikoa izan zen, izaki perfektuaren kontzeptuak izaki perfektuaren existentzia barnehartzen duela baieztatzen duena funtsean.[23]

Unibertsalen inguruko eztabaida

aldatu

XII. mendeko Pizkundea deitu izan den horretan hazkunde ekonomiko eta demografiko handia izan zen, hirien garapena eta burgesia baten agerpena eragin zituena. Monasterioek euren berezko izaera erlijiosoan bildu ziren eta jakintza hirietara ere (batez ere eskola kapitular edo katedraletako eskoletara ere) hedatu zen. Filosofian, arrazoia autonomia hartzen joan zen, fedearen aldean. Testuinguru horretan, unibertsalen problemaren inguruko eztabaida piztu zen eskolastikoen artean. Unibertsal edo kontzeptu orokorrek (kolore berdea, esaterako) horietan sailkatzen diren gauza partikularretatik (hostoak, belarrak) bereizitako errealitatea ote duten izan zen galdera. Galdera horren inguruan aurkako joera bi garatu ziren: errealisten iritziz, unibertsala gauza partikularretatik at dauden errealitateak dira, ante rem edo aldez aurretikoak, eta Platon eta Agustin Hiponakoa dituzte erreferentzia nagusitzat; nominalistentzat, berriz, unibertsalek existentzia erreala ez zutela irizten zuten, soilik gauza partikularrak daudela eta unibertsalak haien izenak, post rem edo ondorengoak, besterik ez zirela. Aurkako joera horien artean muturrekoak ez ziren beste zenbait joera garatu ziren. Eztabaidaren muturretan Anselmo Canterburykoa eta Gilen Champeauxkoa (c. 1070-1121), errealista muturrekoak, eta Roscelin Compiègnekoa (c.1050-c.1125), nominalismoaren sortzailea, izan ziren. Petri Abelardoren (1079-1142) ekarpena muturreko bi joeren tartekoa izan zen, unibertsalei izaera intelektuala esleituz, gauza arrunten ezberdina. XIII. menderako Aristotelesen lan guztiak zeuden eskolastikoen eskura eta haren pentsaera oinarritzat harturik, errealismo moderatua izan zen eskolastikoen artean nagusitu zena, Tomas Akinokoaren, Joan Duns Eskotoren eta beranduago Gilen Ockhamgoaren eskutik, besteak beste, nor bere berezitasunekin.

XIII. mendea: eskolastikaren gailentzea eta Aristotelesen harrera

aldatu

XIII. mendean unibertsitateen garapen handia izan zen, hazkunde ekonomikoak eta Europako lehen estatu-nazioen botere politikoaren birzentralizazioak, feudalismoaren kaltetan, lagunduta. Aldi berean, autonomia akademiko eta intelektuala lortu zuten botere politikotik,[24] mendearen hasieran sorturiko eskeko ordenak (frantziskotarrak eta domingotarrak) protagonista. Horrek guztiak loraldi kultural eta intelektual nabarmena ekarri zuen, arlo filosofikoan jatorrizko grekeraz jasotzen hasi zen corpus aristotelicum delakoaren harrerarekin indartuko zena. Aristotelesen pentsaera osotuaren harrera ez zen, ordea, tentsiotik gabeko bukatu, arrazionalismoaren bidetik jotzen duen Aristotelesen filosofiak ez baitzen ongi uztartzen, ordurarteko doktrina teologiko-filosofikoarekin, Agustin Hiponakoaren pentsaeran eta neoplatonismoan oinarritua. Gatazka horretan bi korronte garatu ziren: averroismoa, Aristotelesen lanetan oinarriturik, teologia zientzia bilakatzea ukatzen zutenak, eta horren aurka garatutako agustinismoa, frantziskotarrak eta bereziki Bonaventura Bagnoregiokoa (1217-1274) buru, Jainkoa bera zientzia zela baieztatzen zuena.[25] Aurkako bi korronte horien artean, Tomas Akinokoa domingotarrak bere pentsaera propioa eratu zuen, arrazoiaren autonomia aldarrikatzen zuena, baina teologiaren egiak baieztatzeko ere balio zuena.[26]

Tomas Akinokoaren sintesia

aldatu

Tomas Akinokoa (c. 1224-1274) izan zen, Aristotelesen lanak oinarritzat harturik, arrazoia fedearekin uztartu eta horrela problema eskolastikoa ebazteko sistema koherenteena eratu zuena. Horretarako, filosofia, giza arrazoimenaren jarduera alegia, eta teologia, fedeak gidaturik, zehaztasunez bereizi zituen, baina aldi berean haien artean kontraesanik ez dagoela baieztatu zuen, eta fedezko baieztapenak, Jainkoaren existentzia eta bakartasuna kasu, arrazoitik bertatik froga daitezkeela.[27] Aristotelesek mundu sentikorrari ematen zion garrantzia bereganatu zuen, eta giza arrazoimenaren helmuga bakartzat hartu, hartatik unibertsalak eratzeko. Bere lan garrantzitsuena Summa Theologiae izan zen; lan horretan Jainkoaren existentziaren frogak, arrazoian oinarritutakoak, aurkeztu zituen lehenbizi, gero Jainkoaren izaera aztertu zuen, izakiena ez bezalakoa, azkenik gizakien Jainkoarekiko eta beroien arteko harremanaz jardun zuen. Jainkoaren existentzia frogatzeko mundu sentikorrean oinarritu zen; zehazki, bost bideak deitu izan direnak baliatu zituen horretarako: mugimendua, kausalitatea, kontingentziaren eta beharrezkoaren bereizketa (esentziaren eta existentziaren bereizketa, alegia), perfekzio-mailak eta munduko ordena.[28]

Tomismoaren aurkako erreakzioa: Duns Escoto eta Gilen Ockhamgoa

aldatu

Tomismoak oinarritzat hartzen zuen aristotelismoaren aurka jo zuen agustinismoak. 1270 eta 1277 urteetan Parisko apezpikuak averroismoaren eta tomismoaren hainbat proposizio filosofiko kondenatu zituen, heretikoak zirenez. Giro horretan, Joan Duns Eskoto frantziskotarrak (1266-1308) eskolastikaren norabide berri baten protagonista izan zen, sintesi tomistaren aurka, filosofiaren eta teologiaren artean erabateko bereizketa aldeztu baitzuen, frogapenean oinarritutako zientziaren izaera analitikoa nabarmenduz, teologiari gailentasuna ematen bazion ere. Indibidualen banakotasuna eta horren perfekzioa nabarmendu zuen, nominalismoaren bidean, tomismoak bezala, indibidualetan ere unibertsalak zirela irizten zuen arren. Tomismoaren aurka, giza borondatearen autonomia aldarrikatu zuen, arrazoiaren gainetik, borondatean zetzala fedearen funtsa.[29] Tomas Akinokoaren sistemak filosofia teologia frogatzeko modutzat hartzen zuen bitartean, Duns Eskotok filosofiaren eta zientziaren berezko garrantzia azpimarratu zituen.[30]

Gilen Ockamgoa frantziskotarra (1280-1349) eskolastikaren azken figura izan zen. Beretzat, ezagutza oro esperientziaren datuetara mugatu behar da. Hark aldarrikatutako esperientziaren gailentasunak problema eskolastikoaren deuseztapena ekarri zuen: fedea eta arrazoia ez zuten inoiz bat egingo, bere iritziz. Unibertsalen ante res edo berezko existentzia ere ukatu zuen, eta indibidualak bakarrik onartu, zeinetatik unibertsalen existentzia frogatu behar den. Gauza indibidualen suposizio soilaren askitasuna filosofia egiteko zientziarako printzipio ezaguna planteatzera eraman zuen: Ockhamen labana. Hala, Ockham izan zen nominalismoaren aldeko argudio zorrotzenak eman zituena. Fedearen eta arrazoiaren arteko erabateko bereizketaren aldeko zenez, Elizaren sekularizazioa eta boterea gaitzetsi zituen.[31] Horregatik Elizaren errepresioa jasan arren, ockhamismoa zen nagusi Europako unibertsitateetan XIV. mendeko bigarren erdian. Hala, Berpizkundeko humanismoaren garaia ataria izan zela esan daiteke.

Alemaniar mistizismoa: Eckhart maisua

aldatu

Tomas Akinokoak fedearen eta arrazoiaren arteko uztardura, Jainkoaren existentziaren inguruan esaterako, oztopoak jarri zizkion arrazoiari, eta hortik arrazoia teologiatik bereizten zuten Duns Eskoto eta Ockhamen pentsaerak sortu ziren, baina aldi berean fedeari ere planteatu zizkion zenbait oztopo, eta hala fedea teologiatik askatu eta Jainkoarekiko erlazio zuzenago baten beharra sortu zen. Behar horri Eckhart maisuak eta haren inguruan bildutako eskolak eman zioten erantzuna, neoplatonismoan oinarrituako mistizismoa aldarrikatuz.[32]

Naturaren filosofiaren garapena

aldatu

Erdi Aro osoan, teologia izan zen filosofiaren arlo nagusia, baina XIII. mendetik naturaren filosofia ere garatzen hasi zen. Horretan ere, eragin nabarmena izan zuten filosofo eta zientzilari arabiarrek. Aurrekaritzat, Chartresko eskolak, XII. mendean, garrantzi berezia eman zion naturaren azterketari, Jainkoaren sorkuntzatzat hartzen zutenez. Oxfordeko Unibertsitatean jardun zuten Roberto Grosseteste eta bereziki Roger Bacon nabarmendu ziren naturaren azterketan, aristotelismotik abiaturik, eta autoritate bakartzat esperientzia eta behaketa hartuz. Horrela, Berpizkundeko humanismorako bidea zabaldu zuten, Mendebaldean zientziaren garapena ekarriko zuena hurrengo mendeetan.[33][34]

Filosofia modernoa

aldatu

Berpizkundeko humanismoa

aldatu

XV. mendean pentsamolde aldaketa nabarmena izan zen, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozialekin batera. Pentsamolde berri hori eskolastikan antzinako greziar filosofoei emandako autoritatean du jatorri, azkenean Antzinako Greziako eta Erromako kulturarekiko atxikimendua ekarriko zuena. Atxikimendu horrek Berpizkunde izena hartu zuen, eta bereziki egungo Italia den eremuan gauzatu zen, non joera horretako aitzindari nagusi bat Petrarka izan baitzen. Berpizkunde horretan, gizaki aske eta ahaltsuaren ikuskera berria aldarrikatu zen, humanismo izenekoa, Erdi Aroan Jainkoaren mendeko gizaki mugatuaren ordez, erreferentziatzat greziar eta erromatar kultura hartuz. Hala eta guztiz ere, horretan lagundu zuen Europan han eta hemen indartzen ari zen burgesiaren garapenak ere, feudalismotik kapitalismorako trantsizioan, indibidualismoa sustatuz. Orduan ere, Elizak botere handia atxikitzen zuen, baina Elizaren hierarkiaren aurkako kritikak ugaltzen hasi ziren; horietan aitzindaria Erasmo Rotterdamgoa (1466-1536) izan zen, katolizismoarekin hautsi gabe ordea. Martin Lutero (1483-1546) izan zen kritika horiek bereganatuta jauzi nabarmena egin eta Jainkoarekiko harremanetan Eliza bitartekari ezinbestekotzat hartzen ez zuena, fede indibiduala nabarmenduz; haren predikuek Alemanian izan zuten arrakasta hasiera batean eta Erreforma izeneko mugimendua abiarazi zuten, protestantismoaren bereizketarekin kristautasunean haustura ekarri zutenak azkenean.[35] Michel de Montaigne frantziarra (1533-1592) ere garai hartako figura nabarmena da; gizakia bere pentsamenduaren zentroan ezarri zuen, lotura orotik askaturik, eta bere jarrera eszeptikoarengatik nabarmendu zen. Berak idatziriko Entseiuak egun ere erreferentzia filosofiko eta literario garrantzitsuak dira.[36]

Berpizkundeko pentsamendu politikoa

aldatu

Erdi Aroan kristautasuna bilduko zuen inperioaren ideia gainbehera etorri zen Berpizkundean; horrekin batera, jauntxo feudalen boterea ere bukatu zen, besteak beste arma berrien garapenarekin. Aldi berean, kontzientzia nazionalen pizkundea gertatu zen Europan, Espainian, Frantzian zein Ingalaterran, errege-erreginen boterearen indartzearekin batera. Egoera politiko berri horrek estatu eta zuzenbideari buruzko ideia berrien beharra ekarri zuen. Hala, Makiavelok (1469-1527) Estatuaren gailentasuna aldarrikatu zuen, eta printzipio moral guztien gainetik jarri zuen haren eginbeharra, baita biolentzia baliatuz ere, herritarrak gobernatze aldera. Ildo horretatik, Thomas Hobbesek (1588-1679) Estatuaren gaia bizitasunez hartu zuen Leviathan lanean, non estatuari botere absolutuari emam zion gizabanakoen berekoikeriaren ondorioei aurre egiteko. Tomas Morok (1478-1535) , berriz, gizarte sozialista irudikatu zuen Utopia lanean, zeinaren izenburua gizarte idealak izendatzeko termino bilakatu den.

Zientzia eta filosofia naturala

aldatu

Hainbat asmakuntza izan ziren garai horretan (iparrorratza eta inprimatzeko makina, besteak beste), orduko esplorazio handietan (Amerikaren aurkikuntza eta lehen zirkumnabigazioa) eta liburugintza, kultura zabaltzeko funtsezko baliabidea izan zena, abiaraziko zutenak. Zientzia erlijiotik guztiz bereizi zen, eskolastikan nagusitu ziren azken irizpideei jarraiki.

Astronomian benetako iraultza izan zen. Kopernikok Lurrak Eguzkiaren inguruan bira egiten zuela, heliozentrismoa alegia, frogatu zuen. Keplerrek planeten mugimenduari buruzko teoria planteatu eta, haratago, unibertsoa lege kuantitatibo bateratuen arabera bilakatzen zela baieztatu zuen, antzinako grekoek baieztatzen zuten heterogeneotasunaren aurka. Galileo Galileik (1564-1642) Kopernikoren teoria baieztatu zuen bere behaketekin, baina ordurako Eliza Katolikoak bere dogmak arriskuan jartzen zituela oharturik, gogor ekin zion teoria horren aurka. Zientziarekiko konpromiso handia eta bere baieztapenak datu eta behaketekin erakutsi arren, Galileok Inkisizioaren errepresioaren aurrean makurtu behar izan zuen azkenik, baina bere metodo zientifikoak jarraitzaile anitz bildu zituen. Isaac Newton (1642-1727) burutu zuen Kopernikok, Keplerrek eta Galileok egindako bidea, haien ideiak grabitazioaren teorian bateratuz.

Enpirismoa eta arrazionalismoa

aldatu

Ezagutzarekiko garaiko grinari ezin zion filosofiak erantzunik gabe utzi. Hala, bi joera filosofiko nagusi, ez guztiz aurkakoak, garatu ziren horren inguruan: enpirismoa ezagutzak jatorri eta muga esperientzian dituela baieztatzen duen bitartean, arrazionalismoak ezagutza gogamenaren ideia eta kontzeptuetan oinarritu eta garatzen du. Arrazionalista batzuek matematika hartu zuen filosofiaren idealtzat, matematikak frogapenerako erakusten zuen eztabaidaezintasuna filosofia ekarri nahian, ezagutza ziur, harmoniatsu eta unibertsala garatu nahian.[37] Bi joerak XVII. eta XVIII. mendeetan garatu ziren Europan, baina eremu geografiko bereizietan; hain zuzen, enpirismoa Britainia Handian eta Irlandar garatu zen bereziki, eta John Locke (1632-1704), George Berkeley (1685-1753) eta David Hume (1711-1776) izan ziren horren ordezkari nabarmenak; arrazionalismoa, berriz, Europa kontinentalean garatu zen eta Descartes (1596-1650), Spinoza (1632-1677) eta Leibniz (1646-1716) izan zituen ordezkari nagusi. Haien guztien aurretik, ordea, Francis Baconen (1561-1626) figura aipatu behar da. Enpirismoaren aitzindaritzat hartu ohi da, bereziki indukzio osagabearen metodo zientifikoa landu zuelako, berak idatziriko Novum Organum obran bereziki (silogismoa eta dedukzioaren balioa nabarmentzen zituen Aristotelesen Organon bildumaren aurkakoa), baina lan horretan zientziaren bidea bi joeren artekoa zela ere baieztatu zuen, esperientziaren bilduma hutsa zein ideia hutsen osatzea gaitzetsiz.[38]

 
Descartes

Descartes (1596-1650)

aldatu

Descartesek Berpizkundean hartutako bidea burutu eta modernitaterako pauso erabakiorra eman zuen, gizakiaren eta munduaren arteko harremanean giza subjektibitateari erabateko nagusitasuna emanez, arrazoiaren bitartez. Arrazoi bakarra zegoela baieztatu zuen, eta horren elementuak argiak izan behar zirela adierazi zuen, eta hala matematika hartu zuen eredutzat (egiaren irizpidea bilatzeko aproposena delako bere ustez). Pentsamendu ziur honek, kartesiar pentsamendu, eszeptizismoen kritika eta eskolastikoen artetik, bidea egin beharko du. Descartesen proiektuak jakintza osoari metodo edo oinarri berria jartzea zuen helburu. Metodo honen helburua Aristotelesek azaldu eta Erdi Aroan erabilitako silogismoa ordezkatzea zuen helburu[39]. Lau erregela zehaztu zituen metodoan: ebidentzia, zeinaren arabera gauzak intuizioz eta dedukzioz argi eta garbi agertzen diren soilik onartu behar diren, analisia, gauzak ezagutzeko ataletan banatu eta haietako bakoitza aztertu behar izatea, sintesia, ezagutzen diren ataleatik gauza konplexuagoak ezagutzea pasatzea modu ordenatuan, eta enumerazioa, ezagutzen dena bere osotasun eta elementu guztiei buruz ezagutzen dela ziurtatzeko. Arrazoia behar bezala baliatzeko, dakigun guztiari buruz zalantza izatea beharrezkoa zela baieztatu zuen, eta hala zalantzarik gabeko printzipioa eman zuen: cogito ergo sum, "pentsatzen dut, banaiz beraz" alegia, ebidentziaren arau funtsezkoena bilakatuko dena bere filosofian. Pentsatzean zerbait pentsatzen dugu haren esanetan, ideiak hain zuzen, eta hala pentsatu ditzakegun ideien tipologia bat eratu zuen. Horien artean, bereziki aztertu zuen Jainkoaren ideia, eta Jainkoaren existentziaren froga batzuk eman zituen. Horien artean, Jainkoaren ideiaren perfekzioa perfektoa ez den gizakiarengandik etorri ezin daitekeela eta beraz izaki perfekto batengandik etorri behar dela argudiatu zuen.[40]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Windelband, Wilhelm. (2003). A History of Philosophy. , 8-18 or..
  2. (Ingelesez) Marías, Julián. (2002). History of Philosophy. , 4-5 or..
  3. (Gaztelaniaz) Vargas Guillén, Germán. (2007). Historia de la Filosofía (Giovanni Reale, Dario Antiseri): Prólogo. San Pablo.
  4. Uribarri Zenekorta, Agustin. (2008). Filosofiaren historia. , 33-35 or..
  5. (Gaztelaniaz) Reale, Giovanni; Antiseri, Dario. (2007). Historia de la Filosofía. San Pablo, 15-31 or..
  6. (Ingelesez) «Presocratic Philosophy: Xenophanes of Colophon and Heraclitus of Ephesus» Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  7. (Ingelesez) Adluri, Vishwa. (2010). Parmenides, Plato and Mortal Philosophy: Return From Transcendence. , 6 or..
  8. Uribarri Zenekorta, Agustin. (2008). Filosofiaren historia. , 41-42 or..
  9. (Ingelesez) «Democritus» Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  10. Uribarri Zenekorta, Agustin. (2008). Filosofiaren historia. , 42-43 or..
  11. «Democritus» Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  12. (Gaztelaniaz) Strathern, Paul. (1999). Aristóteles en 90 minutos. Siglo XXI de España Editores.
  13. (Gaztelaniaz) Aristóteles. .
  14. (Gaztelaniaz) «Aristóteles» filosofia.idoneos.com.
  15. a b c d (Ingelesez) «Hellenistic philosophy» sevenoaks.philosophy.org.
  16. (Ingelesez) «Neo-platonism» Internet Encyclopedia of Philosophy.
  17. (Ingelesez) «Platonism» Encyclopedia Britannica.
  18. Agirre, Javier. Antzinako Filosofia (Filosofiaren Historia bilduman). , 101 or..
  19. (Ingelesez) Copleston, Frederick Charles. (1952). Medieval Philosophy: An Introduction. , 9-11 or..
  20. (Ingelesez) «Medieval philosophy: The Carolingian Period» plato.stanford.edu.
  21. (Ingelesez) Moran, Dermot. (2004). The Philosophy of John Scottus Eriugena: A Study of Idealism in the Middle Ages. Cambridge University Press.
  22. (Gaztelaniaz) «Introducción a la filosofía medieval» Universidad Alberto Hurtado.
  23. (Gaztelaniaz) Fernández Cubillos, Héctor. La filosofía escolástica: hacia el tiempo de las Summa. .
  24. (Gaztelaniaz) Vidal, Francisco Canals. (1976). Historia de la filosofía medieval (6. kapitulua). Herder.
  25. (Ingelesez) Studer, Basil. History of Theology: The Middle Ages, Volumen 2. , 327 or..
  26. (Gaztelaniaz) Guerrero, Rafael Ramón. Historia de la Filosofía Medieval. , 192-193 or..
  27. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. Tecnos, 294-295 or..
  28. (Gaztelaniaz) Xirau, Ramón. (2000). Introducción a la historia de la filosofía. UNAM, 161-175 or..
  29. (Gaztelaniaz) Abbagnano, Nicolas. Historia de la filosofía: Tomo I. , 562 or..
  30. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 307-309 or..
  31. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 311-312 or..
  32. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 313 or..
  33. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 321 or..
  34. (Gaztelaniaz) Abbagnano, Nicolas. Historia de la filosofía: La filosofia de la naturaleza en el siglo XIII. , 499-505 or..
  35. (Gaztelaniaz) Pérez Blázquez, Aitor. «El cambio de mentalidad colectiva: renacimiento, humanismo, reforma y contrarreforma» Proyecto Clío.
  36. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 327-329 or..
  37. (Gaztelaniaz) Störig, Hans Joachim. (2012). Historia universal de la filosofía. , 356 or..
  38. (Ingelesez) «Continental rationalism» Internet Encyclopedia of Philosophy.
  39. (Gaztelaniaz) Llorens, Francesc. (2007-10-15). «La crítica de Descartes al silogismo como método de conocimiento» e-IKASIA (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
  40. (Gaztelaniaz) Abbagnano, Nicolas. (1994 (4. argitalpena)). Historia de la filosofía (II. liburukia). , 163-183 or..

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 24
idea 24
INTERN 2
todo 12