Fridays for Future
Fridays for Future (Etorkizunaren aldeko Ostiralak), Klimaren aldeko Greba edo Gazteak Klimaren alde izenekin ere ezagutua, nazioarteko ikasle mugimendua da, bost kontinenteetan grebak eta manifestazioak egiten dituena aldaketa klimatikoaren eta planetako berotze globalaren mehatxuaz jendea kontzientziatzeko, eta politikariei horren aurkako neurri eraginkorrak har ditzaten exijitzeko [1]. Greta Thunberg ekologista suediarrak Suediako parlamentuaren aurrean 2018ko udan hasi zituen eserialdietan du jatorria mugimendu honek [2] [3]
Gurean, ikasle mugimendu honek indar handia hartu du Ipar Euskal Herrian, non Bizi! erakunde ekologistak bultzada handia eman dion [4]
Historia
aldatuKlimaren aldeko lehenengo grebak Greta Thunberg-en agerpenaren aurretik piztu ziren. Esaterako, 2015eko azaroan, klimari buruzko Parisko Hitzarmena lantzen ari zenean, ikasle gazte batzuek klimaren aldeko lehenengo grebara deitu zuten. Arrakasta handia izan zuen deiak, 100 herrialde baino gehiagotan 50.000 pertsonak parte hartu zutelako [5]. Euskal Herrian, baina, parte hartzea hutsaren hurrengoa izan zen.
2018ko abuztuaren 20an Greta Thunberg aktibista gazteak (15 urte) ikastetxera ez joateko erabakia hartu zuen, eta "Skolstrejk för Klimatet" (klimaren aldeko eskola-greba) idatzita zuen pankarta batekin egunero Suediako parlamentuaren aurrean kokatu zen hainbat astetan [6]. Gero, eguneroko greba utzi eta ostiralero egitea erabaki zuen, Fridays for Future slogan asmatuz, mundu osora zabaldu zena. Bere helburu nagusia Suediako gobernuak CO2-ren emisioak murriztea zen, Parisko Hitzarmenaren aholkuak jarraituz.
Gretaren keinu horrek oihartzun mediatiko handia izan zuen, eta harrezkero mundu guztiko ikasleak hasi ziren antzeko grebak non-nahi egiten.
Lehenengo greba masiboak 2018ko azaroan piztu ziren. Australian, bereziki, indar handia hartu zuten [7]. 2018ko abenduan klimaren aldeko grebak munduko 270 hirietara hedatu ziren: Australian, Austrian, Belgikan, Kanadan, Holandan, Alemanian, Finlandian, Japonian, Suitzan, Erresuma Batuan eta AEB-etan, besteak beste, ehun milaka gazte kalera atera ziren eta eskola-greba egin zuten. Mugimenduaren indarra hain handia bihurtu zen, ezen Belgikako ingurumen ministroak, Joke Schauvliege flandriarrak, dimititu behar izan baitzuen [8] 2019ko hasieran.
Mundu-grebak antolatu ziren geroago ostiral hauetan: 2019ko otsailaren 15ean, martxoaren 15ean eta maiatzaren 24an. 2019ko martxoaren 15ekoak jarraipen handia izan zuen, munduko 2.000 hiritan mobilizazioak izan ziren eta milioi eta erdi gaztek parte hartu zuten [9]. Euskal Herrian, modu antolatuan lehenengo aldiz, manifestazioak izan ziren Bilbon eta Baionan [10].
2019ko irailaren 20eta 27ren artean klimaren aldeko astea konbokatu zuen Fridays for Futurek, politikarien agendan klima larrialdiaren gaia lehen lerroan jartzeko. Aste horrek greba eta manifestazio handiak ikusi zituen irailaren 27an: ordura arteko mobilizazio jendetsuenak lortu zituen mugimenduak, planeta osoan bi milioi manifestari baino gehiago bildu baitzituen 2.400 hirietan [11]. Euskal Herrian milaka gaztek institutu eta unibertsitateko gelak hustu zituzten eta klimaren aldeko inoizko manifestazio jendetsuenak ikusi zituzten Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleek, justizia klimatikoa eskatuz [12].
Zientzialarien sostengua
aldatu2019ko otsailean 350 zientzialari herbeheretarrek gutun baten bidez sostengua eman zieten gazteen greba eta manifestazioei [13].
Era berean, Alemania, Austria eta Suitzako 23.000 zientzialari baino gehiagok "Scientists for Future" mugimendua sortu zuten, Fridays for Foture-en omenez, mugimendu ekologistaren kezkak konpartitzen zituztela adierazteko [14] [15]
2019ko martxoaren 14an Erromako Klubak ere eskola-greben aldeko aldarrikapena egin zuen, karbono dioxidoaren emisioak murrizteko dei eginez mundu guztiko gobernuei [16].
2019ko apirilean Science aldizkari ospetsuak "Concerns of Young protesters are justified" izeneko dokumentu bat kaleratu zuen, zeinean gazte ekologisten kezkak guztiz justifikatuak zirela eta oinarri zientifikoa zutela baieztatzen zuen. Dokumentuak mundu osoko 3.000 zientzialari baino gehiagok sinatu zuten [17]
2019ko azaroaren 5ean 153 estatuetako 11.000 zientzialarik manifestu bat kaleratu zuten "giza sufrimendu handia datorrela" klima larrialdiaren ondorioei garaiz aurre egiten ez baldin bazaie, berotegi-gasen emisioak murriztuz [18]
Mugimenduaren helburuak
aldatuFridays for Futuren helburu nagusiak honako hauek dira:
- erregai fosilen erabilerari lehenbailehen amaiera ematea, trantsizio energetikoa ezarriz
- erregai fosilen ekoizpenari diru-laguntza publikoak kentzea
- energia berriztagarrien aldeko politikak bultzatu
- garraio publikoaren aldeko hautua sustatu, eta trafikoa murriztu
- botoa emateko adina 16 urteetara jaitsi, gazteen parte-hartze politikoa errazteko
Lemak
aldatuMunduan zehar eta Euskal Herriko kaleetan ere aktibistek gehien errepikatzen dituzten lemen artean hauek daude:
- Gure etxea sutan dago
- Ez dago B planetarik
- Justizia klimatikoa, orain!
- Aldatu sistema, ez klima
- Zertarako ikasi, etorkizunik ez badago?
- Mundua bankua balitz, honezkero erreskatatuta legoke
Erreferentziak
aldatu- ↑ Planeta hobe baten alde borrokatzen diren gazteak EcoblogMCP, Iruñerriko Mankomunitatea
- ↑ Coruch, D.: The Swedish 15-year-old who's cutting class to fight the climate crisis The Guardian, 2018-09-01
- ↑ The youth have seen enough Greenpace
- ↑ Zubiria, P.: Klimaren aldeko grebak: hemen da Greta Thunbergen belaunaldi berria ARGIA, 2019-03-03
- ↑ Climate Strike Climate Strike 2015: Students Skip School demanding Climate Actions YouTube, 2016-03-01
- ↑ The Fifteen-Year-Old Climate Activist Who Is Demanding a New Kind of Politics
- ↑ Wilkinson, Bard (2018-11-30) Australian school children defy prime minister with climate strike
- ↑ Boffey, Daniel Belgian minister resigns over school-strike conspiracy claims The Guardian, 2019-02-05
- ↑ Glenza, Jessica; Evans, Alan; Ellis-Petersen, Hannah; Zhou, Naaman (15 March 2019) Climate strikes held around the world – as it happened ISSN 0261-3077. Archived from the original on 16 March 2019. Retrieved 2019-03-16. "Over 24 hours of climate action, organizers of the climate strike believe more than 1 million students skipped school on Friday or protest government inaction on climate change. From Australia and New Zealand, to Asia, Europe, Africa, North America and South America, students from all over the world took to the streets to demand change. Organizers said there were more than 2,000 protests in 125 countries."
- ↑ Esteban Ezkati, Olatz:Gazteen akuilua Berria, 2019-08-18
- ↑ Taylor, Matthew; Watts, Jonathan; Bartlett, John (2019-09-27)https://www.theguardian.com/environment/2019/sep/27/climate-crisis-6-million-people-join-latest-wave-of-worldwide-protests The Guardian, retrieved in 2019-09-28
- ↑ Gutierrez, Uxue: Gazteak, mundua salbatzeko Berria, 2019-09-28
- ↑ 350 scientists back Dutch school kids climate demonstration DutchNews, 2019-02-07
- ↑ Nehls, Anja. Wissenschaftler unterstützen Schülerdemos für den Klimaschutz Deutschlandfunk, 2019-03-12
- ↑ Hagedorn, Gregor Scientists for Future 2019-03-12
- ↑ Alao, Sadikou Ayo STATEMENT IN SUPPORT OF GLOBAL STUDENT CLIMATE PROTESTS Erromako Kluba, 2019-03-14
- ↑ Hagedom, Gregor; Kalmus, Peter; Mann, Michael Evan; Vicca, Sara; Van den Berge, Joke; van Ypersele, Jean-Pascal; Bourg, Dominique; Rotmans, Jan; Kaaronen, Roope; Rahmstorf, Stefan; Kromp-Kolb, Helga; Kirchengast, Gottfried; Knutti, Reto; Seneviratne, Sonia I.; Thalmann, Philippe; Cretney, Raven; Green, Alison; Anderson, Kevin; Hedberg, Martin; Nilsson, Douglas; Kuttner, Amita; Hayhoe, Katharine Anne Scott (2019ko apirilaren 12) Concerns of Young protesters are justified Science 364 (6436): 139-140
- ↑ Mas de 11.000 científicos de 153 países declaran la emergencia climática noticias de Gipuzkoa, 2019-11-6an