Gazitasun

Itsasoko uretan disolbaturik dagoen gatz-kantitatea.

Gazitasuna uretan disolbatutako gatz kopurua da. Normalean gatz gramo / itsasoko uraren kilogramo bezala neurtzen da (teknikoki dimentsio gabea da). Gazitasuna faktore garrantzitsua da uraren kimika eta prozesu biologikoen hainbat ezaugarri azaltzeko. Egoera aldagai termodinamiko bat da, eta tenperatura eta presioarekin batera uraren dentsitatea eta bero-ahalmena bezalako ezaugarri fisikoak zehazten ditu.

Munduko itsasoen ur azaleko gazitasun mailak World Ocean Atlas 2001eko datuen arabera.[1]

Gazitasun konstanteko isolineei isohalinak deitzen zaie.

Itsasoko urak 35 g/kg inguruko masa gazitasuna izan ohi du, baina ibai-ahoetatik gertu txikiagoa izan daiteke. Ibai eta lakuek gazitasun maila desberdinak izan ditzakete, 0,01 g/kg-tik hasi eta zenbait g/kg arte, baina badira gazitasun handiagokoak ere. Itsaso Hilak 200 g/kg baino gehiagoko gazitasuna du.[2] Euri urak, lurra ukitu aurretik, 20 mg/l edo gutxiagoko TDSa (guztira disolbatutako solidoak, Total Dissolved Solids) izan ohi du.[3]

Definizioak

aldatu

Ibai, laku eta ozeanoen gazitasuna kontzeptualki sinplea da, baina teknikoki zaila da zehazki definitu eta neurtzea. Kontzeptualki gazitasuna uretan disolbatutako gatz kopurua da. Gatzak ioiak osatuz disolbatzen diren gai kimikoak dira, adibidez, sodio kloruroa, magnesio sulfatoa, potasio nitratoa eta sodio bikarbonatoa. Disolbatutako kloruro ioien kontzentrazioari klorinitate deitzen zaio batzuetan. Disolbatutako materia iragazki oso fin batetik (historikoki 0,45 μm-ko poro tamainakoa, baina gaur egun ohikoa da 0,2 μm-koa[4]) igaro daitekeena da. Gazitasuna masa frakzio moduan adierazi daiteke, hau da, disolbatutako materialaren masa disoluzioaren masa unitateko.

Itsasoko uraren gazitasuna

aldatu

Ozeanografoentzat itsasoko uraren gazitasuna neurtzeko teknika zehatz batzuei lotua dago. Teknika nagusiak aldatu ahala aldatzen dira gazitasunaren deskribapenak ere. 1980 arte balorazio bidezko teknikekin neurtzen zuten gazitasuna. Klorinitatea jakiteko zilar nitratoarekin egindako balorazio bidez neurtu daitezke haluroak (nagusiki kloruroa eta bromuroa). Ondoren, klorinitatea faktore batekin biderkatzen zen gainerako osagaiak kontutan izateko. Emaitza bezala 'Knudsen gazitasunak' deiturikoak lortzen ziren, milako parteetan (ppt edo ‰).

Itsasoko uraren gazitasuna neurtzeko eroankortasun elektrikoa erabiltzen hasteak gazitasun eskala praktikoa 1978 (practical salinity scale 1978, PSS-78) deituriko eskalaren garapena ekarri zuen.[5] PSS-78 erabiliz eginiko neurketek ez daukate unitaterik. Batzuetan psu edo PSU (gazitasun unitate praktikoa, practical salinity unit) gehitzen zaie PSS-78 erabiliz neurtutako balioei.

2010ean itsasoko uraren ekuazio termodinamikoa 2010 (Thermodynamic Equation Of Seawater 2010, TEOS-10) izeneko estandar berri bat sortu zuten itsasoko uraren propietateentzat. Gazitasun absolutua erabiltzen zuen gazitasun praktikoaren ordez. Gazitasun absolutuak masa frakzio bezala adierazten dira eskala honetan, gramoak disoluzio kilogramoko.[6]

19,37 ppt-ko klorinitatea duen itsasoko uraren lagin tipiko batek 35,00 ppt-ko Knudsen gazitasuna du, 35,0 inguruko PSS-78 gazitasun praktikoa eta 35,2 g/kg inguruko TEOS-10 gazitasun absolutua.[6]

Itsas azalaren gazitasunaren eragina kliman

aldatu
Aquariusek 2011ko abenduaren eta 2012ko abenduaren artean neurtutako itsas azalaren gazitasunaren aldaketak. Kolore gorriek gazitasun handiko eremuak adierazten dituzte eta urdinek gazitasun baxukoak.

Itsas azalaren gazitasuna (Sea Surface Salinity, SSS) kliman eragina duen aldagai bat da. Gazitasun maila aldatzeak uraren dentsitatea alda dezake eta ozeanoen zirkulazioan eragin handia izan. Korronte horiek gatzarekin batera beroa garraiatzen dute globoan zehar. Ozeanoek garraiatutako beroak atmosferako haizean eta hodeien sorreran eragina du. Ondorioz, itsas azalaren gazitasuna ikertzeak ozeanoen zirkulazio globalak klima aldaketan duen eragina ezagutzen laguntzen die zientzialariei[7] eta lagungarria da El Niño fenomenoaren gertaerak aurreikusteko eredu konputazional hobeak sortzeko.[8]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «World Ocean Atlas 2001» National Oceanographic Data Center (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  2. (Ingelesez) Anati, David A.. (1999-03-01). «The salinity of hypersaline brines: Concepts and misconceptions» International Journal of Salt Lake Research 8 (1): 55–70.  doi:10.1007/BF02442137. ISSN 1573-8590. (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  3. (Ingelesez) «Salinity Management Guide: Learn about salinity and water quality» www.salinitymanagement.org (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  4. (Ingelesez) Pawlowicz, Rich. (2013). «Key Physical Variables in the Ocean: Temperature, Salinity, and Density | Learn Science at Scitable» Nature Education Knowledge (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  5. (Ingelesez) Background papers and supporting data on the Practical Salinity Scale, 1978. Unesco technical papers in marine science.
  6. a b «Thermodynamic Equation of SeaWater 2010 (TEOS-10)» www.teos-10.org (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  7. (Ingelesez) «Education: The Ocean's Effect on Climate» NASA Aquarius Mission (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
  8. (Ingelesez) «El Niño» NASA Science (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1