Giangiacomo Feltrinelli

Argitaratzaile eta ezkerreko aktibista italiarra

Giangiacomo Feltrinelli (Milan, Italia, 1926ko ekainaren 19a - 1972ko martxoaren 14a) italiar argitaratzaile, politikari eta aktibista izan zen. Osvaldo ere deitu zitzaion. 1954an sortu zuen Giangiacomo Feltrinelli Editore argitaletxe arrakastatsua.

Giangiacomo Feltrinelli

director (en) Itzuli

1954 - 1972
← baliorik ez - Inge Feltrinelli
Bizitza
JaiotzaMilan1926ko ekainaren 19a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1926ko ekainaren 19a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1972ko martxoaren 14a)
HeriotzaSegrate1972ko martxoaren 14a (45 urte)
Hobiratze lekuaMilango monumentuzko hilerria
Heriotza moduaistripuzko heriotza: leherketa
Familia
AitaCarlo Feltrinelli
Ezkontidea(k)Inge Feltrinelli  (1960 -  1969)
Seme-alabak
LeinuaFeltrinelli (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakeditorea, enpresaburua, argitaratzailea eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Italiako Alderdi Sozialista
Italiako Alderdi Komunista

IMDB: nm4051333 iTunes: 508911344 Edit the value on Wikidata

Urte batzuk geroago, 1970ean, Gruppi di Azione Partigiana (GAP) talde gerrillariko sortzaile eta komandante izan zen. "Berunezko urteak" haietan (Anni di piombo) GAP izan zen Italian agertutako bigarren talde armatua, baina sekula ez zuen lortu Brigada Gorriek (Brigate Rosse) izan zuten ospea.

Osperik handiena lortuko zuen erabaki izanagatik Zhivago doktorea eleberria argitaratzea, berau Boris Pasternak idazle errusiarrak idatzia Sobiet Batasunaren urteetan. Heriotza odoltsua izan zuen, guztiz argitu gabeko zirkunstantzietan.

Lehen urteak

aldatu

Feltrinelli jaio zen Italiako familiarik aberatsenetako batean, Feltre herritik zetorrena. Carlo aitak kontrolatzen zituen zenbait enpresa handi, hala nola, Credito Italiano, Edison eta Legnami Feltrinelli, lider egur sektorean.

Giangiacomoren ama monarkikoak eskatuta, Benito Mussolinik Gargnanoko markes egin zuen hamabi urteko mutikoa. Carlo aita 1935ean hil ondoren, 1940an ama ezkondu zen Luigi Barzini Corriere della Sera egunkariko editorearekin. Bigarren Mundu Gerran, familiak utzi egin zuen Villa Feltrinelli Gargnanon, zeina Mussolinik berak okupatu baitzuen, eta Monte Argentariora joan zen.

Hasierako aktibismo urteak

aldatu

Giangiacomo gaztea hasi zen langileen eta behartsuen egoeraz kontzientzia hartzen bere familiako langileekin izandako eztabaiden ondorioz. Ondorioztatu zuen kapitalismopean jenderik gehienak sekula ez zituela lortuko berak zituen pribilegioak, eta behartuta zegoela bere lan-indarra saltzera industria- eta lur-jabeei.

Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera Giangiacomok bat egin zuen Legnanoko Borroka Taldearekin, [1] eta sartu egin zen Italiako Alderdi Komunistan, borroka egiteko Alemaniako armadari eta Mussoliniren erregimenari.

Gerraostean Italiako Alderdi Komunistak sekulako eragina izan zuen Italiako hautesleen artean. Herrialdea lur jota geratu zen, eta partidua oso popularra zen, Mussoliniri egindako oposizioagatik. 1947a arte gobernuan egon zen, koalizioan. 1948tik aurrera, ostera, oposizioko alderdirik indartsuena bihurtu zen. [2]

1948an, gerraostearen hastapenetan, hasi zen biltzen Italiako langile-mugimenduaren gaineko dokumentuak eta baita ordura arteko iluminismoaz. Hori izango zen Lombardiako historia sozialari buruzko institutu printzipaletako baten ernamuina. Horrela sortuko zen Feltrinelli biblioteka, zeina gero bihurtuko zen Feltrinelli fundazioa.

Aberastasun itzela oinordetzan

aldatu

1947an, semeak 21 urte zituenean, Carlo Feltrinelli zaharrak eman zizkion oinordetzan bere ondarearen hiru laurdenak. [3] 1968a arte, Giangiacomok kontrolatu zuen Banca Unione, Michele Sindonak erosi zuenean. Zenbaiten iritziz, Vatikanoko Bankuak bultzatu zuen Sindona erosketa egitera, lotsatuta baitzegoen komunista batekin akziodun izateaz banku berean.

Argitaratzailea

aldatu

1954aren amaieran, Giangiacomo Feltrinellik argitaletxe bat sortu zuen Milanen, Giangiacomo Feltrinelli Editore. Kaleratu zuen lehen liburua izan zen Jawaharlal Nehru Indiako lehen ministroaren autobiografia bat.

Zhivago doktorea

aldatu

1956an kazetari italiar batek erakutsi zion Feltrinelliri Zhivago doktorea eleberriaren eskuizkribu bat, Boris Pasternak idazle errusiarrarena. Errusian kokatua, nobelak hainbat pertsonaia erakusten ditu, 1903tik 1943ra bitartean, bizi dutenak iraultza, gerra zibil odoltsua, leninismoa, estalinismoa eta Bigarren Mundu Gerraren hastapena. Feltrinelliren aholkulari batek esan zion: “nobela hau bezalako bat ez argitaratzea izango litzateke kulturaren kontrako krimena”. Carlo semeak idatzitako biografiak erakusten ditu bere aitaren eta Pasternaken arteko gutunak, eta zelan egin zieten aurre aginte sobietarraren presioei, nobela ez argitaratzeko. [4] Zhivago doktorea berehala bihurtu zen best seller. Feltrinellik saldu zizkion filma egiteko eskubideak Metro-Goldwyn-Meyer konpainiari, 450.000 dolarretan. Filma 1965ean egin zen, eta sekulako pelikularik arrakastatsuenetako bat bihurtu zen, kritika onak jasota. Hala ere, Feltrinelli kritikatu egin zuten liburua kaleratzeagatik, eta 1957an erabaki zuen ez berritzea partiduko txartela, nahiz eta gerora ere harreman onak izan zituen Italiako Partidu Komunistarekin.

Gattopardo

aldatu

Feltrinelliren beste arrakasta bat izan zen Gattopardo argitaratzea, Giuseppe Tomasi di Lampedusarena, zeina Italiako argitaletxe nagusiek arbuiatu baitzuten. Zenbaiten iritziz, mendeko nobelarik onenetakoa, zentratzen da Siziliako nobleek zelan jokatu zuten Risorgimento aldian, Italiako erdiko klasea indarrez oldartu eta lortu zuenean herrialdearen batasuna, Giuseppe Garibaldi eta Saboiako etxearen gidaritzapean. 1995ean Koldo Bigurik euskaratu zuen, Literatura Unibertsala sailaren 44. zenbakian. [5]

Arrakasta horiek gorabehera, argitaletxeak dirua galtzen zuen, Feltrinellik merke saldu nahi zituen-eta liburuak, ahalik eta irakurle gehiengana iristeko. 1957an Pisa hirian hasita, Feltrinellik liburu-denda kate bat sortu zuen, iritsi zena ehundik gora liburu-denda edukitzera.

Aktibismoa

aldatu

Gerraostean Feltrinellik bat egin zuen Italiako Alderdi Sozialistarekin, baina laster pasatu zen Italiako Alderdi Komunistara, zeina utzi zuen 1957an.

Hirurogei hamarraldian izugarri bidaiatu zuen, Hirugarren Munduko liderrak eta gerrilla mugimenduak bisitatuta. Fidel Castro bisitatu zuen Kuban, baita Régis Debray ere Bolivian. Argitaratu zituen lider esanguratsu zenbaiten idatziak, hala nola, Fidel Castro, Che Guevara eta Ho Chi Minh.

1968an Sardiniara joan zen, eta harremanetan jarri zen uharteko zenbait talde independentistarekin. Poliki-poliki, gerrilla Italiara zabaltzearen alde agertu zen, bertako langileria askatzeko. 1970ean sortu zuen Gruppi di Azione Partigiana (Partisanoen Ekintza Taldeak). Beldur zenez CIA edo Mossad zerbitzuek hilgo ote zuten, “Osvaldo” gerra-izena hartu eta klandestinitatera pasatu zen.

Heriotza

aldatu

1972ko martxoaren 15ean, Feltrinelli hilda agertu zen goi tentsioko linea bateko zutabe baten ondoan, Segrate herrixkan, Milan inguruetan, itxuraz han bertan bere taldeko kide batzuekin ipini nahi zituen leherkariek eztanda eginda.

Berehala zabaldu ziren susmoak Italiako zerbitzu sekretuek zerikusia izan ote zuten Feltrinelliren heriotzan. Hala ere, 1979an, Brigada Gorrien kontrako epaiketa batean, bertako militante zenbaitek adierazi zuten “Osvaldo ez zela biktima, baizik eta iraultzaile bat, gerran hilda”.

8.000 bat lagun agertu ziren Giangiacomo Feltrinelliren hiletetara.

Erreferentziak

aldatu
  1. 1976-, Cesana, Roberta,. (2010). Libri necessari : le edizioni letterarie Feltrinelli, 1955-1965. UNICOPLI ISBN 9788840013961. PMC 646006570. (Noiz kontsultatua: 2018-08-02).
  2. «Socialism Today - Anti-capitalist antecedents» www.socialismtoday.org (Noiz kontsultatua: 2018-08-02).
  3. 1962-, Feltrinelli, Carlo,. (2001). Senior service. Granta Books ISBN 1862074569. PMC 47726466. (Noiz kontsultatua: 2018-08-02).
  4. 1962-, Finn, Peter,. The Zhivago affair : the Kremlin, the CIA, and the battle over a forbidden book. ISBN 9781846557125. PMC 876292127. (Noiz kontsultatua: 2018-08-02).
  5. (1896-1957), Tomasi Di Lampedusa, Giuseppe. ([1995]). Gattopardo. Ibaizabal ISBN 8479925884. PMC 863162724. (Noiz kontsultatua: 2018-08-02).

Kanpo loturak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2