Hamad bin Khalifa Al Thani
Hamad bin Khalifa Al Thani xekea (arabieraz: الشيخ حمد بن خليفة ال ثاني; Doha, 1952ko urtarrilaren 1a) Qatarko emirra izan zen 1995etik 2013ra.
Bizitza
aldatuBere aita, Qatarko emir Khalifa ibn Hamad al Thani xekea, agintaritzatik bota zuen estatu-kolpe odoltsu batean, 1995ean. Xeke zaharrak berak ere lehengusu bati kendu zion agintaritza 1972an, eta Suitzan oporretan zela bere seme zaharrak gobernuaren erantzukizuna bere gain hartu zuen. Mundu osoko herrialdeek berehala onartu zuten Qatarko agintari berria.
Xeke gazteak ikasketa militarrak egin zituen Britainia Handiko Errege Akademia Militarrean, Sandhursten. Atleta bikaina zen, eta bere herrira itzuli zenean, atletismo-programak antolatu eta bultzatu zituen. Printze oinordeko zela, gudarosteko buruzagi nagusi izendatu zuten 1972an, eta Defentsa-ministro 1977an. Emir-kargua eskuratu baino lehen, gobernuko administrazioaren eta arazo militarren ardura hartu zuen. Petrolioa, merkataritza eta kanpo-politika ere beraren esku egon ziren.
1995eko estatu-kolpea aitaren eta semearen bi urteko tirabira handien ondorioa izan zen. Agintaritza eskuratu orduko baimena eman zuen Qatarko burtsa hiriburuan jartzeko; ministro-talde berria izendatu zuen; gobernu- eta ondorengotza-lege berriak onartu zituen, eta Lehen Ministro izendatu zuen bere burua, Defentsa-ministro eta gudarosteko buruzagi nagusi karguei uko egin gabe. Abdullah bere anaia izendatu zuen laguntzaile. Hamad xekea arabiar buruzagi liberala da, Israelekin harremanak onbideratzen saiatu da, eta Estatu Batuei zentro militarrak eraikitzeko baimena eman die.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hamad bin Khalifa Al Thani |