Haritz kandugabea (Quercus petraea), haritz edo haritzondo izenaz ere ezaguna, Quercus generoko zuhaitz espezie bat da, Eurasian zehar eta Euskal Herriko zenbait gune menditsutan aurki litekeena (Gorbeian, Aizkorrin eta Garraldan bereziki).[1] Haritz kandudunaren (Quercus robur) antz handia du. Haritz kandugabearen ezkurrek, izenak dioen moduan, ez dute ia kandurik edo txortenik. Zuhaitz honen izen espezifikoak, petraea-k, lurzoru harritsuetan bizitzeko duen gaitasuna du aipagai.

Haritz kandugabe
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFagales
FamiliaFagaceae
GeneroaQuercus
Espeziea Quercus petraea
Lieblein, 1784
Sinonimoak
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakQuercus Cortex (en) Itzuli eta sessile oak wood (en) Itzuli
BasionimoaQuercus robur var. petraea

Ezaugarriak

aldatu

35 metrorainoko zuhaitza da, adaburu zabal eta erregularrekoa. Enbor-azal hauskara du hasieran, arrexka gerora eta ezkatatsu-zartatua. Adar berriak gaztaina kolorekoak, distiratsuak, lentizela argi ugarirekin, normalean glabroak (batzuetan ile sinpleak). Ernamuinak 4-9 milimetrokoak, glabreszenteak.

Hostoak

aldatu

Haritz kandugabearen hostoak 5-21 x 2-15 zentimetrokoak dira, txandakatuak, mintzakarak, erorkorrak eta forma espatulatu-lantzeolatukoak. Lobulatuak dira edo subpinatifidoak, kolore ilunekoak eta glabroak dira gainaldetik, baina zurbilagoak eta pubeszentzia oso txikiarekin azpialdetik. Hala ere, ileak heldutasunean hostoaren azpialdeko nerbioetara murrizten dira. Ileek orokorrean 3-4 erradio dituzte. Haritz kandugabearen hostoek 5-9 nerbio pare dituzte. Pezioloa nahiko txikia da, 10-25 milimetrokoa, glabroa eta kanalikulatua.

Loreak

aldatu
 
Infloreszentziak

Haritz kandugabeak amentu motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaixka monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.

Amentu arrak 3-9 zentimetrokoak dira eta errakis glabroa dute edo ile gutxi batzuekin. Horrez gain, periantoak lobulu ziliatuak ditu. Lore emeek, berriz, oso estilo motzak dituzte, bilotsuak eta oinarritik dibergenteak. Estigma trunkatuak dituzte.

Fruituak

aldatu

Haritzen ezkurrak akenio motako fruituak dira. Haritz kandugabearen akenioak 12-15 x 9-15 milimetrokoak dira, horixkak, sesilak edo pedunkulu (kandu) zorrotz eta glabrodunak (15 mm-rainokoa asko jota, hortik datorkie hain zuzen ere, kandugabe izena). Karloa (txapela) 6-12 x 8-15 milimetrokoa dute, ezkata aske obolantzeolatuduna. Ezkatak kolore hauskara dute eta pubeszenteak dira. Oinarrialdeko ezkatak lauak dira baina aldendu ahala konkordunak izan daitezke.

Banaketa

aldatu

Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldean aurkitzen da, eta Asiako mendebaldean. Iberiar penintsulan, bereziki iparraldean agertzen da, eta ez da Portugala edo Balearretara iristen. Aldiz, arruntagoa da Kantauriar mendikatean eta Pirinioetako magaletan. Euskal Herrian, haritz kandugabearen gune nagusiak Gorbeian, Aizkorrin eta Garralda inguruetan koka litezke, baina badira gune txikiagoak Enkarterrin, Hernanin eta beste toki batzuetan.[1]

Ekologia

aldatu

Mendi magaletan hazten da, haritz kanduduna baino lur lehor eta azalagoetan, baita lur harritsuagoetan ere (hortik datorkio, hain zuzen ere, petraea izen espezifikoa). 1.800 metroko altituderaino igotzen da, eta kareharrizko lurretan zein silizeoetan aurki daiteke. Urrobiko arroetako populazioak hareharri triasikoen gainean hazten dira.

Fenologia

aldatu

Apiril-maiatz bitartean loratzen da, eta ezkurrak iraila-urrirako heltzen dira.

Erabilera

aldatu

Haritz zura dentsitate handikoa da eta oso gogorra. Intsektu eta onddo espezie gehienekiko nahiko erresistentea da, duen tanino kopuru altua dela eta. Erdi Arotik erabili izan da haritzaren egurra eraikinen barruko habeetarako eta hala haritz kandudunren zura nola haritz kandugabearena oso erabilia izan zen XIX. mendean, ontzigintzan. Gaur egun, haritz kandugabearen zura bereziki ardo barriketarako erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Loranthus europaeus landareak parasitatzen du. Gainera, Tortrix viridana lepidopteroaren larbek haritz kandugabearen hostoak jaten dituzte.

Beste izen arruntak

aldatu

Quercus petraea tokiko euskarazko testuetan[2]: haritz (haitz, haritx, haitx, aretx, araitz, areitz, aretz, agatx); haritzondo (haitzondo); zuhaitz (zuaritz, zuhatz, zugatz, zuraitz).

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Lozano-Valencia, Pedro José; Varela-Ona, Rakel; Lozano-Fernández, Asier; Meaza-Rodriguez, Guillermo. (2021). «Caracterización y Evaluación Biogeográfica a través del Método Lanbioeva de los Bosques de Quercus Petraea del País Vasco y Navarra (Península Ibérica).» Revista de Estudios Andaluces (41): 65–86.  doi:10.12795/rea.2021.i41.04. (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  2. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
todo 1