Ibn Khaldun (arabieraz: ابن خلدون, Ibn Ḫaldūn; izen osoa: Abū Zayd ‘Abdu r-Raḥman bin Muḥammad bin Khaldūn Al-Hadrami; arabieraz: ولي الدين عبد الرحمن ابن محمد بن محمد بن أبي بكر محمد بن الحسن, Walī ad-Dīn ʿAbd ar-Raḥmān ibn Muḥammad ibn Muḥammad ibn Abī Bakr Muḥammad ibn al-Ḥasan) (Tunis, 1332ko maiatzaren 27a- Kairo, 1406ko martxoaren 17a) Ifrikija eskualdeko historialari, filosofo eta politikari bat izan zen, jatorria Al-Andalusen zuena.

Ibn Khaldun

epaile

Bizitza
JaiotzaTunis1332ko maiatzaren 27a
HeriotzaKairo1406ko martxoaren 17a (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaEz-Zitouna University (en) Itzuli
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakantropologoa, historialaria, epailea, autobiografialaria, soziologoa, ekonomialaria, filosofoa, politikaria, idazlea eta poeta
Lan nabarmenak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Historiografia modernoaren eta soziologiaren nahiz ekonomiaren sortzaileetako bat izan zen.[1] Bere lan nagusia Muqaddima izenekoa da (arabieraz: المقدمة, Al-muqaddima, «Aitzinsolasak»), izatez beste lan zabalago baten sarrera dena, Kitab al-ibar edo Ebidentziaren liburua, arabiarren, persiarren eta berbereen egunen aztarna eta gertakarien eta haien garaikide ahaltsuen erregistroa; historia unibertsal bat da, bereziki arreta jartzen duena berbere nomaden gertakarietan eta haien bizimodu urbanoarekiko harremanetan.[2]

Alderdi soziologikoari dagokionez, azpimarratzekoa da nola deskribatzen duen populazio nomada kementsuak sedentarismora eramaten dituen prozesua. Denboraren poderioz, nomada izaera hori galtzen dute, eta prozesua ziklikoki errepikatzen da, bizitza urbanoak erakarritako beste nomada batzuekin.

Ibn Khaldunek krisia eta aldaketa egiaztatzen ditu, horren azalpen arrazionala bilatzen du aristotelismoaren barruan, ezaugarri partekatuetan oinarritutako sailkapenaren bidez, eta giza zibilizazioaren azterketan aplikatzen du.

Ekonomiaren arloan, merkatuen dinamika eta biztanleriaren, prezioaren, irabazien eta kapitalaren eraketaren kontzeptuak aztertzen ditu.

Biografia

aldatu

Ibn Khaldunen bizitza aski ongi dokumentatuta dago garai hartarako; izan ere, autobiografia bat utzi zuen idatzita (التعريف بابن خلدون ورحلته غربا وشرقا, At-taʿrīf bi-ʾbni Ḫaldūn wa-riḥlatu-hu ġarban wa-xarqan), dokumentu asko biltzen dituena haren bizitza publikoaz, baina informazio urriaz bizitza pribatu eta familiarraz.[3]

Tunisen jaio zen, 1332an, Banu Khaldun izeneko goi mailako familia batean. Familiaren erroak Al-Andalusen zeuden; Sevillaren erorketaren ondoren, XIII. mendearen erdialdean, Ceutara joan zen Khaldun familia. Ifrikija eskualdeko hafsidar leinuaren garaian, familiako kide batzuek kargu politikoak izan zituzten; adibidez, birraitona finantza ministro izan zen,[4] Abu-Zakariyya Yahya ibn Abd-al-Wàhid emirraren agindupean, baina aitona eta aita bizitza politikoa utzi eta ordena mistiko batean sartu ziren. Yahya Ibn Khaldun anai historialariak, abdalwadiden dinastiari buruzko liburu bat idatzi zuen; arerio batek hil zuen, gorteko historialari ofizial izateagatik.[5]

Bere autobiografian, Ibn Khaldun bere aurreko ahaideetan Mahoma profetaren garaietaraino heldu zen, Hadramaut aldeko Yemengo tribu arabiar baten adar baten bidez. Tribu hori Al-Andalus aldera joan zen, VIII. mendean islama hedatu zenean.[3] Hala ere, Mohammad Enan biografoak zalantzan jarri zuen datu horren ziurtasuna: uste zuen familia amazig jatorrikoa zela, baina arabiar itxurak egin nahi izan zituela estatus soziala irabazteko.[6] Hala ere, Muhammad Hozien ikerlariaren arabera, arabiar nortasun faltsuaren auzia hala izanik ere, Ibn Khaldunen arbasoek Al-Andalus utzi zutenean Ifrikijara joateko, ez zuten aldatu arabiar izateko asmoa, nahiz amazigek agintzen zuten eskualde osoan.[7]

1350. urtearen inguruan, Fezera joan zen, garai hartan Magrebeko jakinduria zentro nagusia baitzen, eta Abu-Enan marindar sultanaren idazkari diplomatiko bihurtu zen. 1388. urteaz geroztik Kairon kokatu zen eta unibertsitate islamiarretan edo madrasatan irakatsi zuen.

Ospe handia izan zuen eta Gaztelako Petri I. Gaztelakoaren (1363) nahiz Tamerlanen (1401) aholkulari politiko gisa aritu zen.[7]

Ibn Khaludunen lan nagusia da Kitab al-ibar edo Ebidentziaren liburua, arabiarren, persiarren eta berbereen egunen aztarna eta gertakarien eta haien garaikide ahaltsuen erregistroa (Kitāb l-ʿibār wa-diwān l-mubtadaʾ wa-l-ẖabar fī ayyām al-ʿarab wa-l-ājam wa-l-barbar wa-man ʿāsara-hum min dawI as-sulṭān al-akbar), zazpi liburukitan banatua. Horren aurretik, lehenengoa Muqaddimah da (Aitzinsolasak), izatez gainerako lanaren sarrera, nahiz eta gero obra independentetzat hartu den. Bitik bostera bitarteko liburuek gizateriaren historia kontatzen dute, Ibn Khaldunen garairaino. Seigarren eta zazpigarren liburuek amazig herrien eta Magrebeko herrien historia aztertzen dute. Berak dioen bezala, «historia unibertsala» da, eta beste herri batzuen historiak ere aztertzen ditu, hala nola asiriarrak, hebrearrak, greziarrak eta erromatarrak.

Ibn Khaldunen ekonomiari egindako ekarpenen artean, merkatuen dinamikaren aurkikuntza dago. Funtsezko kontzeptu ekonomikoak ere aztertzen ditu, hala nola biztanleria, prezioa, mozkina, luxua eta kapital eraketa. Kontzeptu horiek guztiak beraren lanetan aztertzen dira, non erlazioak ere marraztu egiten baitira.

Ibn Khaldunen aburuz, historia zibilizazioen azterketa da, kanpo aldetik, gertaeren kontakizun kronologikoarekin; eta barne aldetik, gertaera historikoen azterketa logiko eta erlazionatuaren bidez, ondorioak orainaldian eta etorkizuneko joeretan kokatu ahal izateko.

Soziologiari dagokionez, bereziki jakingarria da gatazka nagusi bat definitzen duela, hiria eta basamortua alderatzen dituena. Gizarte gatazkak aztertzeko gaitasuna dela eta, soziologo moderno batzuek, hala nola Ludwig Gumplowicz, Gustav Ratzenhofer eta Franz Oppenheimer, oso aintzat hartu izan dute Ibn Khaldun:

« Ibn Khaldunek landutako jakintza arrazionalistaren metodoa guztiz bat dator bere sinestun izaerarekin, baina jarri gabe errealitatea ezagutzea eta interpretatzea Koranak ematen dituen deskribapenen mende. "Ibn Khaldunek parentesi artean jartzen du Jainkoa", laburbiltzen du Charfik. "Muqaddima" edo "Aitzinsolasak" liburuko seigarren alean argi geratzen da esperientziari buruzko gogoetak ematen diola gizakiari ahalmena, hitzez hitz, zentzumenei soilik lotutako animalien mundua gainditzeko. Fedeagatik onartu behar da hastapeneko ezagutza modu bat, hertsiki espirituala, aingeruei dagokiena, baina giza jakintzan eraginik ez duena. Aski ezaguna da irizpide hori erabiltzea zibilizazioen izaera ziklikoa azaltzeko, eta haren muinean, bizimodu nomadaren eta hiri edo zibilizazio moldearen arteko interakzio gatazkatsua. Ez da hain ezaguna, ordea, Ibn Khaldunek bizitza nomadaren azterketan hartzen duen sakontasuna, mundu arabiarrari atxikia, inolako kontzesiorik gabe, eta islamaren sorreraren interpretazioa barne hartzen duena; gaurkotasunari dagokionez, Patricia Crone bezalako adituek ematen dute bermea. Berezko indar batez hornitu, talde kohesioaren edo asabiyyaren ondoriozkoa, arabiar mundu nomada bortitza da, harraparia eta, printzipioz, inperio bat eratzeko gai ez dena. Guztia aldatzen da, baina, ohitura zakar horietan txertatzen denean profeta batek haien bihotzetan landatutako erlijioa: «Orduan, batasun handiena gertatzen da haien artean, konkistak egiteko eta inperio bat sortzeko moduan jarriaz».[8] »

Ibn Khaldunek historiografiari egindako ekarpen nagusietako bat da aurreko kontzeptuarekiko haustura da. Ez antzinako munduan, ez Erdi Aroan, ez Mendebaldean ez mundu musulmanean, ez dago aurrekaririk Ibn Khaludunen historiaren kontzeptuari dagokionez. Bilakaera historikoa eta eragiten duten elementu guztiak bideratzeko modua oso antzekoa da Annaleen eskolakMarc Bloch, Lucien Febvre edo Fernand Braudelen zuzendaritzapean― mende batzuk geroago ezarriko zuenarekin alderatuta. Bi kasuetan esan daiteke historia sozial bat egiten dutela, non gizakia protagonista den, ez norbanakoa soila, baizik erkidego osoa. Beldurrik gabe esan daiteke Ibn Khaldun historiaren «aita»«» dela diziplina horren kontzeptu garaikidean.[9]

Teoriak

aldatu

Historia zientzia gisa

aldatu

Aurrekariekiko haustura

aldatu

Bere aurrekariei dagokienez, Ibn Khaldunek benetako haustura epistemologikoa sortu zuen.[10] Lehen pausoa izan zen historiari leku bat ematea jakintzaren antolamenduan, ordura arte kanpo baitzegoen:

« Plan original bat jarraitu dut, historia idazteko metodo berri bat irudikatu dut, eta irakurlea harrituko duen bide bat aukeratu, urrats bat egin dut aurrera nik asmatutako sistema batekin. Zibilizazioari eta hirien ezarpenari dagokiena aztertuta, gizarteak eskaintzen duen guztia garatu dut, inguruabar bereizgarritan. »
(Frantsesez) Les Prolégomènes[11]


Aipu horrek ondo erakusten du Ibn Khaldun bere aurrekoekin hausten saiatu zela.[12] Egia esateko, aurretik haren ideia batzuk jorratu izan ziren batzuetan, baina oso modu ahulean. Adibidez, Avizenak jadanik definitu zuen XI. mendean gizarte antolakuntzaren beharra, erregulatzaile baten lankidetza eta kontrolean oinarritua.[13] Alabaina, Ibn Khaldunek oso aurreratutzat jo daitekeen lan bat egin zuen.[12] Hain zuzen, arabiar eskola historikorekin apurtu zuen, eta bere garaiko historialariei aurpegiratu zien gertaerak azaltzen zituztela kritikarik egin gabe erabiltzen zituzten iturriei.[14] Aurpegiratzen zaien ez bakarrik jakin minik ez izatea, baizik ere erabiltzen zituzten metodoak.[15] Historialari arabiarrak, hain zuzen, boterean zeuden familien genealogiak ezartzera mugatzen ziren.[16] Ibn Khaldunek hadith bera auzitan jartzen zuen, gertaera historikoak egiaztatzeko bidea ematen duena iturri ugari kontsultatu ondoren.[15] Zernahi gisaz, batez ere salatzen zuen gertaeren berri ematera mugatzea, inolako azalpenik emateko ahaleginik egin gabe, beren testuinguru sozialean txertatuta.[14]

Izan ere, Khaldunen begietara, historia ez da iraganeko gertaeren kontakizun soil bat.[17] Jakina, ordura arte historia gertaera politikoen eta dinastien oinordekotzen kontakizun huts bat besterik ez zen izan; hori bai, dotore aurkeztuta da eta aipuz jantzia.[18] Horrela, adierazten zuen: «historiak beste esanahi bat du. Meditatzeko da, egia aurkitzen saiatzeko, delikatuki azaltzeko gertaeren kausak eta jatorria, gertaeren zergatia eta nola gertatzen diren. Historia, haziak, filosofian oinarritzen da, eta horren adarretako bat izango da».[18]

Hausnarketaren abiapuntua

aldatu

Pentsamendu historiko eta politiko tradizionala birplanteatuz, Ibn Khaldunek gogoeta bat egin zuen, era horretan bere arazoei erantzuteko oinarriak jarrita. Hala, Magrebeko estatuei eragiten zien ezegonkortasun kronikoaren arrazoi sakonen bila setatu zen, intrigak eta hilketa etengabeen arrazoia ulertzearren. Historiografian nagusitzen zen gertaeren hurrenkera horren inkoherentzia salatzeaz batera, ikuspegi zabalago bat hartu beharra aldarrikatzen zuen, argitasuna aurkitzeko bide bakarra. dena dela, azterketa soil bat baino gehiago, berak proposatu nahi zuen historiaren «ikuskera orokor bat, egitura sozial eta politikoen arakatze bat, haren bilakaeraren azterketa bat».[19]

Bestalde, Magrebeko errealitateen ezagutza zehatza lortu zuen, eta horrek pentsarazi zion gosea edo hirietako jarduera ez zirela elkarren artean harremanik gabeko arazoak, baizik orotara aztertu beharreko auziak:[19]

« Elkarren artean harreman estua duten zenbait gauza daude, hala nola inperioaren egoera, biztanleria edo etnia kopurua, kapitalaren tamaina, erraztasuna eta herriaren aberastasunak.[20] »

Garatzen duen sistemak Ipar Afrikak pairatzen zituen nahasteen jatorria arrazoiz azaltzeko aukera ematen dio; historia zientzia gisa ulertu zuen, beraz.[19]

Ibn Khaldunek honela definitzen zuen historia:

« Historiaren helburua da giza gizartea aztertzea, hau da, zibilizazio unibertsala aztertzea. Zibilizazio horren izaerari dagokio: jendea eta gizarte bizitza, klan espirituaren berezitasunen eta pertsona talde batek beste bat menderatzeko dituen moduen ondorioz. Azken puntu horretan, energiaren sorrera, dinastiak eta gizarte klaseak hartzen dira kontuan. Orduan, historia oinarritzen da irabazizko lanbideetan eta bizitza irabazteko moduetan ―gizakiaren jarduera eta ahaleginen artean baitaude―, baita zientzian edo arteetan. Azkenik, gaiak ezaugarritzen du zibilizazioa .[21] »

Horrenbestez, Ibn Khaldunek zientzia berri bat sortzeko beharra sentitu zuen, haren objektu nagusia zibilizazioa delarik.[15] Historia, beraz, zientzia «noble eta burujabe» bat da, bai filosofiaz bai politikaz bereizia.[22] Bere Muqaddiman obran aurkitu zuen zientzia berriak bere irudikapena. Ibn Khaldunentzat, diziplinaz, azterketaz eta gertaeren egiaztapenaz egindako zientzia da historia, XIX. mendeko europar positibismoa baino aski lehenago, Skander Houidiren arabera.[4]

Horregatik, Ibn Khaldunek batik bat egiaztatzen ditu egitateak errealitatearekin bat etortzea eta gauzen izaera.[15] Hala, aurkitu behar dira, haren ustez, bilakaera arautzen duten lege objektiboak, eta ez mugatu gertaerak azaltzera, gertaerak tronpagarriak edo, agian, faltsukeriaz edo alderdikeriaz aurkeztuak izan baitaitezke.[22] Historialariaren lana da, beraz, gertaeren bakantasuna gainditzea, haiek gordetzen dituen osotasunean oinarritzeko:

« Gai horretaz mintzatuko garen diskurtsoek zientzia berri bat osatuko dute […]; zientzia sui generis' bat da, izan ere, objektu berezi bat du, hau da, zibilizazioa eta gizartea, eta, gero, zenbait galdera egiten ditu, gizartearen izatasunarekin lotutako gertaerak elkarren segidan azaltzeko. Hori da zientzia guztien izaera, bai autoritatean oinarritzen direnak, bai arrazoian oinarritzen direnak..[23] »

Hortik aurrera, Ibn Khaldun gizarteen bilakaera aztertzen du.[18] Haren ikerketen arabera, bilakaera historiko hirukoitza dago. Ezer baino lehenago, agerian geratzen da bilakaera sozial bat, beduinoen antolamendu nomada batetik gizarte sedentario batera igarotzen denean. Era berean, bilakaera politiko bat gertatzen da, kalifa herritik monarkiara igarota. Azkenik, bilakaera ekonomiko bat, ekonomia naturalak lekua uzten dionean ekonomia komertzialari.[24]

Gizartearen azterketa

aldatu

Bizimoduaren bilakaera

aldatu

Ibn Khaldunen aburuz, gizakiak jatorriz transhumantziarako eginak dira, artzain jarduerak horixe ezartzen baitu: nomadismoak aukera ematen dio leku batetik bestera mugitzeko, bazka bila. Eragozpen bat dago, ordea: biziraupena ziurtatzera mugatzen da jarduera hori; horren ondorioz, beste aberastasunik biltzeko aukera duten orduko, bizirauteko behar den hartaz gain, ezarri eta finkatu egiten dira.[24] Ibn Khaldunek idatzi zuenez, «elikagai gehiago behar dituzte, jantzi gehiago, [orduan] etxe handiak eraikitzen dituzte eta herri edo hirietako hormen atzean babesten dira».[24] «Bizimodu sedentarioa hedatu egiten da etxebizitzak, dorreak eta gazteluak eraikuntzarekin bat, eta gero eta teknika konplexuagoak erabiliz, besteak beste, ur korrontea lor daiteke»:[24] «sedentarioak dira hirietako eta landako biztanleak, lanbide batetik edo merkataritzatik bizi direnak». Bestalde, Ibn Khaldunek adierazten du beduinoen bizitza dela zibilizazioaren jatorria, beduinoek beren beharrak asetzera mugatzen diren heinean; bizimodu sedentarioak, berriz, erosotasuna eta luxua bilatzen ditu. Zibilizazioaren aurrerapenak soilik lor ditzake, baina, horretarako, finkatu egin behar da; orduan garatzen da urbanizazioa.[24]

Ibn Khaldunek, beraz, ezarri zuen gizabanakoen beharrek eta haien gogobetetzeak azaltzen dutela bizimoduaren bilakaera; bizimodu beduinotik bizimodu sedentariora igarotzeak lanbideen eta tekniken bilakaera ekarri zuen. Bere gogoetatik abiatuta, Ibn Khaldun, beraz, geroko ikerketa zientifikoek berretsitako ondorio batzuetara iritsi zen. Besteak beste, nola, hasiera batean, gizakiak mundu osoan nomadak izan ziren, lurraldeetan finkatu aurretik. Fisikako Nobel Sari Georges Charpak bat zetorren Ibn Khaldunekin, herritarren landa jatorria gogoratzen zuenean:[25]

« Nekazaritzak, bere sasoi apaletan, denbora librea uzten zuen, etxean, erremintetan eta jantziak egiten erabili zitekeena; baita hausnarrean ere. Herriak hazten ari ziren, eta kideetako batzuk fabrikazioan edo forjan espezializatzen ziren… berehala, herria hiria zen. [26] »

Asabiyya edo klan espiritua

aldatu

Ibn Khaldunen aburuz, beduinoak dira herri ausartena.[25] Asabiyyah gizarte elkartasun edo klan espirituak ematen die kemena, eta tribuaren moderazioa edo erregulazioa xeke buruzagien eta zaharren esku egoteak. Asabiyyahk taldeari kontzientzia bat ematen dio jatorri elkartu baten inguruan, eta elkarren arteko laguntza bideratzen du, taldeko elkartasuna, alegia. Izan ere, hori funtsezkoa zen tribuen arteko borroken aldi hartan, klan bat indartsuagoa baitzen barne kohesioa ere indartsua bazen. Azkenik, klanaren sortzaileak zuzentzen du klana, beste kideek men egiten diote, klaneko gainerakoek baino asabiyyah handiagoa baitu. Tribuaren moderatzaile lana ere betetzen du, eta errespetuagatik hartzen da aintzat.[27]

Hala ere, klan espiritu indartsu batek mugitutako ondorengotza murriztu egin daiteke belaunaldi batzuen buruan.[27] Ez du eragozpenik ikusten zenbait klan elkartzeko, tribu multzo bat osatuaz, klan boteretsuenak zuzendua, hau da, asabiyyah indartsuena duenak.[28] Ibn Khaldunen iritziz, «kopuru berdinean, indarragatik eta klan espirituagatik, talde etniko dominatzailea izango da bizimodu beduinoan eta basatienean errotuena».[29] Baina belaunaldi batzuen buruan, beste klan batek asabiyyah boteretsuago bat baliarazi ahal izango du beti,[29] eta, beraz, tribua zuzendu; azken arau horrekin aldentzen da boterea hartzeko etengabeko borroketatik.[29]

Asabiyyahk kemena eta nagusitasuna eskaintzen ditu, nomaden xedearekin kontraesanean dagoena, erosotasunerantz eta luxurantz gero eta gehiago jotzen baitu.[29] Horregatik, hirietan finkatu beharra daukate eta naturarekin duten harremana aldatu.[29] Ibn Khaldunek gogoratzen du, alde horretatik, «zibilizazio beduinoa zibilizazio sedentarioa baino apalagoa dela, nomadek ez baitituzte zibilizazioaren beharkizun guztiak. Nekazaritza pixka bat dute, baina tresna teknikorik gabe. Ez dute ez zurginik, ez jostunik, ez errementaririk, ez nekazaritzatik bizi ahal izateko behar den guztia eman lezaketen beste eskulangilerik».[21] Ideala izango litzateke asabiyyah bateratzea tekniken bilakaerak eskaintzen dituen aukerekin,[29] baina haren Khaldunen aburuz horiek erlazio kontrajarria dute: bizimodu sedentarioak teknikak garatzera eta premia berriak asetzera eramaten badu ere, aldi berean klan espiritua galtzearen jatorria ere bada, eta nagikeria edo atsegina eta luxua bilatzera bultzatzen du, gizakiak otzanduz.[30] Ibn Khaldunek gaineratzen du urbanizazioak izaera sozial nahasia areagotzen duela bidegabekeria bezainbeste, eta horrek asabiyyah galtzea eragiten duela, lausotu egiten baitu.[31] Ibn Khaldunen formularen arabera, hiritarrak «destribalizatu» egiten dira; izan ere, «herri bat lautada emankorretan finkatzen denean eta aberastasunak metatzen dituenean, oparotasunera eta luxura ohitzen da, haren adorea murrizten da, "basatikeria" eta ohitura beduinoak bezala». Gainera, tribuko moderatzaileak bere lekua uzten dio gobernuaren agintaritzari.[31]

Urrats arrazionala

aldatu

Ibn Khaldunek behaketan eta logikan oinarritzen du bere azterketa, batez ere arrazoibide induktiboa erabiliz.[22] Arrazionaltasun zientifikoa, bere begietan, gizakiaren funtsezko ezaugarrietako bat da.[32] Izan ere, uste du azken hori animalia gehienak baino ahulagoa dela, baina «pentsamendua eta eskua» dituela.[32] Horri esker, gero eta landuago diren tresnak egin ditzake, bai bere beharrak asetzeko, bai ingurumena ulertzeko. Alabaina, era berean, arrazionaltasun zientifiko horren mugak ezagutu behar dira, «errealitatearen ikerketa eta interpretazio orori dagozkion» mugak.[32] Muqaddima-ren hitzaurrearen amaieran adierazten duen ideia da:

« Onartzen dut, hala ere, mende guztietako gizabanakoen artean, inor ez dela izan ni baino ezgaitasun handiagokoa izan halako eremu zabal bat jorratzeko; halaber, pertsona trebe eta zailduei eskatzen diet nire lana arretaz aztertzeko, onberatasunez ez bada, eta, akatsak aurkitzen dituztenean, zuzentzeko, nahiz eta, hala, barkaberatasunez tratatu. Jendeari eskaintzen diodan salgaiak balio gutxi izango du jakintsuen begietara; baina, aitorpen egiazko batengatik, zentsura desbidera daiteke, eta beti kontuan hartu behar da adiskideen adeitasuna.[33] »

Bestalde, bere garaiko filosofia arabiar musulmanaren kritika erradikala da.[32] Izan ere, espekulazio abstraktu oro baztertzen du, edo helburu baten bila ibiltzea; nahiago du gertaera zehatzei lotutako espekulazio positiboa, eta fenomenoen dimentsio dialektikoa integratzea.[22] Ibn Khaldunek, beraz, giza garapenaren ikuskera dialektikoa egitea lortzen du.[32] Bestalde, errealitatea izanik ulergarri den guztiaren iturri bakarra, Ibn Khaldun errealitate hori zuzentzen duten kausaltasun erlazioak atzitzen saiatzen da. Urratsaren arrazionaltasun horrek ez du esan nahi giza izaeraren azterketa egin behar denik, baina ez du esan nahi, ezta ere, erlijio oinarri bat erabili behar denik. Horrela, Ibn Khaldunek gizartea eta botere zentrala diren bezala aztertzen ditu, eta ez arau erlijiosoen arabera izan liratekeen eran,[10] edo izate nahiko genukeen eran.[22] Halaber, politikaren gizartearekiko immanentzia aztertzen du.[10] Abdelkader Djeghloul aljeriar soziologoaren iritziz, Ibn Khaldun arabiar pentsamendu arrazionalistan kokatzen da, argi eta garbi bereizten baititu, alde batetik, «erlijio zientziak»,[34] errebelatutako testuetan oinarritzen direnak eta, beraz, Koran eta sunnah iturri dituztenak; eta, bestetik, «giza zientziak»,[34] hausnarketaren bidez[10] eta arrazionaltasunaren diskurtsoan oinarrituta[34] garatzen direnak. Aldi berean, erabat baztertzen ditu astrologian eta sineste magikoetan oinarritutako legenda guztiak, garai hartan indar handia zutenak. Laburbilduz, prozedura metodologikoek argi adierazten dute bere lanaren modernotasuna, XVIII., XIX. eta XX. mendeetan egindako aurkikuntzak koherentziaz aurreratzen dituena.[34]

Beltzen esklabotasunaren gaineko posizioa

aldatu

Ibn Khaludunek azaltzen zuenez bere Aitzinsolas lanean, «animalien erresuma garatu egin zen, espeziea ugaldu egin zen, eta, sorkuntzaren prozesu mailakatuan, gizakian amaitu zen, tximinoen mundutik sortuta»,[35] eta Afrika hegoaldeko zenbait beltz animaliengandik hurbilago daudela gizakietatik baino, beren bizimodu primitibo eta barbaroagatik. Horrela azaldu zuen:

« Nil honen hegoaldean herri beltz bat dago, Lemlem izenaz izendatzen dena. Aurpegietan eta lokien gainean zeinuak dituzten paganoak dira. Ghanako eta Tekrourreko biztanleak herri honen lurraldean sartu ohi dira presoak hartzeko. Gatibuak saltzen dizkieten merkatariek Magrebera eramaten dituzte, herrialde horretako esklabo gehienak etnia beltz horretakoak baitira. Lemlemtarren herrialdetik haratago, hegoalderantz, populazio ez nabarmen bat dago; hango gizakiek animalia basatien antz handiagoa dute izaki arrazoizkoena baino. Hezegune basotsuetan eta haitzuloetan bizi dira; haien elikagaiak belarrak eta haziak dira, prestaketarik izan ez dutenak; batzuetan, elkar jaten dute: ez dute merezi gizakien artean zenbatzea.[36] »

Ibn Khaldun esklabotzaren eta islamaren arteko bateragarritasunaz ere mintzatzen da, batez ere hirugarren eta laugarren liburukietan; adibidez, honako hau adierazten du: «beltzak dira esklabotza onartzen duten herri bakarra, gizadiaren maila apalagoan oinarrituta, animalien estadiotik hurbilago baitaude».[37]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Boulakia, Jean David C.. (1971-09). «Ibn Khaldûn: A Fourteenth-Century Economist» Journal of Political Economy 79 (5): 1105–1118.  doi:10.1086/259818. ISSN 0022-3808. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  2. (Arabieraz) Ibn Ḫaldūn, 'Abd al-Raḥmān ibn Muḥammad. (1867). Kitāb Al-ʿibar wa-dīwān al-mubtadaʾ wa-al-ẖabar fī ayyām al-ʿarab wa-l-ʿaǧam wa-al-barbar wa-man ʿāṣara-hum min ḏawī al-sulṭān al-akbar wa-huwa Tārīẖ / ʿAbd al-Raḥmān ibn Ḫaldūn al-Maġribī. Bi-Būlāq, Miṣr : Dār al-Ṭibāʿaẗ al-Ḫidiwīyaẗ.
  3. a b (Ingelesez) Alatas, Syed Farid. (2013-05-23). «Ibn Khaldun’s Autobiography and his Character» Ibn Khaldun (Oxford University Press): 1–24.  doi:10.1093/acprof:oso/9780198090458.003.0001. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  4. a b (Frantsesez) Smine, Rachida. (2008-09-01). «L'École de Kairouan:» Rue Descartes n° 61 (3): 16–23.  doi:10.3917/rdes.061.0016. ISSN 1144-0821. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  5. (Frantsesez) L'abbé Bargès. (1841). «Lettre à Monsieur Garcin de Tassy» Journal asiatique (Société asiatique) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  6. (Ingelesez) ʻInān, Muḥammad ʻAbd Allāh; Enan, Mohammad Abdullah. (2007). Ibn Khaldūn: His Life and Works. The Other Press ISBN 978-983-9541-53-3. OCLC .1203527797 (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  7. a b (Ingelesez) Hozien, Muhammad. (2003-12-07). «Ibn Khaldun - His Life and Work» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  8. Elorza, Antonio. Los errores de Dios,El País, 22006-10-01
  9. (Frantsesez) Cheddadi, Abdesselam. (2005eko azaroa). «Reconnaissance d’Ibn Khaldün» Esprit (web.archive.org) 11 (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  10. a b c d (Frantsesez) Salem, Lilia Ben. (2008-10-28). «Ibn Khaldoun et l’analyse du pouvoir : le concept de jâh» SociologieS  doi:10.4000/sociologies.2623. ISSN 1992-2655. (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  11. Ibn Khaldun, trad. William Mac Guckin de Slane, Aitzinsolasak (lehen zatia), 93. or.
  12. a b Goumeziane 2006, 31 orr. .
  13. Goumeziane 2006, 37 orr. .
  14. a b (Frantsesez) Salem, Lilia Ben. (2008-10-28). «Ibn Khaldoun et l’analyse du pouvoir : le concept de jâh» SociologieS  doi:10.4000/sociologies.2623. ISSN 1992-2655. (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  15. a b c d Goumeziane 2006, 32 orr. .
  16. (Frantsesez) Bouzidi, Hannane. (2006-03-14). «L’apport d’Ibn Khaldoun dans les sciences humaines» Babelmed (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  17. (Frantsesez) Salem, Lilia Ben. (2008-10-28). «Ibn Khaldoun et l’analyse du pouvoir : le concept de jâh» SociologieS  doi:10.4000/sociologies.2623. ISSN 1992-2655. (Noiz kontsultatua: 2024-01-23).
  18. a b c Goumeziane 2006, 39 orr. .
  19. a b c Lacoste 2006.
  20. Ibn Khaldun, trad. William Mac Guckin de Slane, Aitzinsolasak (bigarren zatia), 228. or.
  21. a b (Frantsesez) Ibn Haldun, Abu Zayd'Abd al-Rahman. (1967-1968). Discours sur l'histoire universelle. Al-Muqaddima. Beyrouth: Commission libanaise pour la traduction des chefs-d'oeuvre OCLC .892210099.
  22. a b c d e Goumeziane 2006, 33 orr. .
  23. Ibn Khaldun, trad. William Mac Guckin de Slane, Aitzinsolasak (lehen zatia), 142. or.
  24. a b c d e Goumeziane 2006, 40 orr. .
  25. a b Goumeziane 2006, 41 orr. .
  26. (Frantsesez) Charpak, Georges; Omnès, Roland. (2004). Soyez savants, devenez prophetes. Odile Jacob, 26. or. ISBN 978-2738190550. OCLC .1242873701.
  27. a b Goumeziane 2006, 42 orr. .
  28. Goumeziane 2006, 42-43 orr. .
  29. a b c d e f Goumeziane 2006, 43 orr. .
  30. Goumeziane 2006, 43-44 orr. .
  31. a b Goumeziane 2006, 44 orr. .
  32. a b c d e Goumeziane 2006, 34 orr. .
  33. Ibn Khaldun, trad. William Mac Guckin de Slane, Aitzinsolasak (bigarren zatia), 95. or.
  34. a b c d Goumeziane 2006, 9 orr. .
  35. (Ingelesez) Covington, Richard. (2007). «Rediscovering Arabic Science» Saudi Aramco World: (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-28).
  36. Ibn Khaldun, trad. William Mac Guckin de Slane, Aitzinsolasak (bigarren zatia), 170. or.
  37. (Frantsesez) N'Diaye, Tidiane. (2006). L'éclipse des dieux ou grandeur et désespérance des peuples noirs: essai. Rocher ISBN 978-2268056418. (Noiz kontsultatua: 2024-01-28).

Bibliografia

aldatu

Frantsesez

aldatu

Ingelesez

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1
orte 1
Story 1