Itsaso Hila[1] (hebreeraz ים המלח Yam Ha'Melaj, literalki Gatzezko Itsasoa, arabieraz البحر الميت Al Bahr al Mayyit, literalki Itsaso Hila edo Buhayrat[2]) Ekialde Hurbileko aintzira endorreiko gazia da, Jordango Rift Haranean kokaturik dagoena. Ekialdean Jordania du, eta Israel eta Zisjordania (Palestina) mendebaldean. Jordan ibaia du betebide nagusia.

Itsaso Hila
Datu orokorrak
Garaiera−437 m
Motalaku endorreiko eta hypersaline lake (en) Itzuli
Luzera67 km
Zabalera18 km
Azalera605 km²
Sakonera360 m
Bolumena148.000 hm³
Geografia
Map
Koordenatuak31°31′15″N 35°29′04″E / 31.5207°N 35.4845°E / 31.5207; 35.4845
Honen parte daJordango Rift Harana
Israel–Jordan border (en) Itzuli
Jordan-Palestine border (en) Itzuli
Israel–Palestine border (en) Itzuli
Estatu burujabe Israel
Hidrografia
Betebidea
Arroaren azalera41.650 km²

Itsasoaren maila baino 430,5 metro beherago dago[3], mundu osoan lur lehorraren gainean dagoen punturik sakonena.[4] 76 kilometro luze da eta, gehienez, 16 kilometro zabal. Azken urteetan ur-maila jaisten ari da etengabe, lakura heltzen den ur-kantitatea asko gutxitu delako.[5] Horren ondorioz, haren azalera ere murriztu da franko: 1.050 kilometro koadro zituen 1930ean, 605 kilometro koadro besterik ez 2016an.

Erromatarren garaitik da ezaguna Itsaso Hilaren sendatzeko ahalmena. Kondairak dioenez, Marko Antoniok Kleopatrari oparitzeko konkistatu zituen lakua eta haren inguruak, eta ordutik hona haren ospea handitu besterik ez da egin. Gaur egun hainbat bainuetxek, hotelek eta osasun-etxek inguratzen dute, eta hango gatzak dituzten kosmetikoak oso preziatuak dira mundu osoan.[5]

Geografia

aldatu

Jordango Rift Haranaren sakonune batean dago Itsaso Hila, Israel, Palestina eta Jordania arteko mugan, Judeako basamortuaren erdian. Itsasoaren maila baino 430 metro beherago dago;[6] horregatik, bertara heltzen den urak ezin du beste inora jo. Jordan da bertara isurtzen den ibairik garrantzitsuena: Galileako itsasoan sortu eta Itsaso Hilean bukatzen du bidea.[5]

Jordanez gain, uadiak dira aintzirako ur-iturri nagusiak. Uadiak ura urteko sasoi jakin batzuetan bakarrik duten ubideak dira; gainerako urte guztian lehorrak egoten dira. Hala ere, askotan lur azpiko ibaiak ere uadietan zehar joaten dira, eta lurrazaletik gertu pasatzen diren puntuetan oasiak sortzen dira. Oasietan azaleratzen den urak izugarrizko garrantzia du inguru hartako ekosisteman, baita lakuaren ur-horniketan ere. Ur gezarekin eta gaziarekin betetako hezeguneak sortzen dira leku horietan, eta izugarrizko flora eta fauna aberatsa garatzen da.[5]

Ur sarrera horietaz gain, lakuaren inguruan ur sufretsu eta termalak dituzten iturriak ere daude. 35-60 °C bitarteko tenperatura izaten du iturbegi horietako urak, eta gehienak mineraletan ugariak dira. Iturri horietako ur eta gatz mineralek asko aberasten dute aintziraren konposaketa kimikoa.[5]

Aintzira Judeako desertuan dago, eta basamortu beroko klima dago inguru horretan, BWh Köppen klima sailkapenaren arabera. Urteko 25-50 mm euri jasotzen da metro karratuko, eta urte osoan bero egiten du: neguan batez besteko tenperatura ez da 20 °C-tik jaisten eta udan ez da arraroa 35 °C-tik gorakoak izatea.

      Datu klimatikoak (Itsaso Hila)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 26.4 30.4 33.8 42.5 45.0 46.4 47.0 44.5 43.6 40.0 35.0 28.5 47.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 20.5 21.7 24.8 29.9 34.1 37.6 39.7 39.0 36.5 32.4 26.9 21.7 30.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 12.7 13.7 16.7 20.9 24.7 27.6 29.6 29.9 28.3 24.7 19.3 14.1 21.9
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 5.4 6.0 8.0 11.5 19.0 23.0 26.0 26.8 24.2 17.0 9.8 6.0 5.4
Pilatutako prezipitazioa (mm) 7.8 9.0 7.6 4.3 0.2 0.0 0.0 0.0 0.0 1.2 3.5 8.3 41.9
Prezipitazio egunak (≥ ) 3.3 3.5 2.5 1.3 0.2 0.0 0.0 0.0 0.0 0.4 1.6 2.8 15.6
Hezetasuna (%) 41 38 33 27 24 23 24 27 31 33 36 41 31.5
Iturria: Israel Meteorological Service[7]

Ezaugarri kimikoak

aldatu
 
Halita geruza Itsaso Hilaren mendebaldeko bazterrean.

Itsaso Hileko protagonista nagusia gatza da. Izan ere, bertako ura ozeanoetakoa baino 10 aldiz gaziagoa da: 340 gramo gatz dago ur litro bakoitzean. Gatza ez da sodio kloruro soila; are gehiago, ozeanoan baino sodio kloruro gutxiago dago aintziran. Horren ordez, beste hainbat gatz aurkituko ditugu, batez ere kloruroak (magnesio, sodio, potasio eta kaltzio kloruroak eta bromo-kloruroak). Horren gatz-kontzentrazio handia nola sortu den aztertzerakoan, ezaugarri berezi askoren ondorio logikoa dela ikusiko dugu.[5]

Urte osoan tenperatura beroa dagoenez, uraren lurruntze-tasa oso handia da: 25 mm ur eguneko; alegia, urte osoan egiten duen euri guztia egun pare batean lurruntzen da. Lurruntze bortitz hori da uraren gatz-kontzentrazio altuaren eragile nagusietako bat. Edozein modutan, logikoa da pentsatzea lurruntze horren eraginez aintzira aspaldi agorturik egon beharko zuela. Baina, azken datuen arabera, lakuak gutxienez 12.000 urte dituela dakite zientzialariek. Beraz, nola jasan dezake lakuak hain lurruntze handia agortu gabe?[5]

Horren erantzuna altueran bilatu behar da, edo, hobeto esanda, altuera-gabezian. Hasieran esan bezala, itsas maila baino 430 metro beherago dago eta, beraz, inguruan dagoen ur guztia bertan pilatzen da. Lur azpiko ibai eta erreka guztiek ere han amaitzen dute beren bidea; beraz, nahiz eta urtaroaren arabera ur-emaria oso aldakorra izan, beti dago ur-sarreraren bat.[5]

 
Uraren gatz-kontzentrazio handiaren ondorioz, bainulariek flotatzen dute Itsaso Hilean.

Horrelako gatz-kontzentrazio handiak ezaugarri bereziak ematen dizkio urari. Alde batetik, dentsitate handia du, eta bertan murgiltzen saiatzen den pertsonak flotatu egiten du. Gatz-kontzentrazio altuaren beste eragin bat pisua da. Ura oso astuna bilakatzen dute gatzek, eta hondoan dauden sedimentuek, jasaten duten pisuaren ondorioz, aintziraren ertzetara mugitzeko joera dute. Hori dela eta, urtero 3 milimetro hazten da laku-ertzeko gatz-geruza.[5]

Ekologia

aldatu

Gatz-kontzentrazio handia dela kausa, ezinezkoa da ezagutzen ditugun aintziretako ekosistemen antzekorik garatzea Itsaso Hilean. Jordan ibaitik barrena lakura heltzen diren bizidunak, arrainak eta intsektuak, bertan hiltzera kondenaturik daude. Baina, harrigarria badirudi ere, muturreko baldintza horietan bizi daitezkeen bizidunak ere daude. Mikroorganismo halofiloak dira, 0,2 M baino gatz-kontzentrazio altuagoetan bakarrik bizi daitezkeenak. 1936an deskribatu ziren lehenbiziko aldiz lakuan bizi diren izaki mikroskopikoak. Ordura arte, han ez zegoela bizirik uste zen.[5]

Azterketa sakonagoak egin ostean, mikroorganismo horiek endemikoak direla ikusi da, eta espezie ugari identifikatu dira dagoeneko, horien artean Dunaliella parva alga berdea eta zenbait halobakterio-espezie (Haloarcula marismortui, Halorubrum sodomense, Halobaculum gomorrense... ). Izaki horien metabolismoaren nondik norakoak misterio handia izan dira zientzialarientzat orain gutxira arte. Osmosiaren legearen arabera, ia ezinezkoa da halako gatz-kontzentrazio altuetan zelulak ez deuseztea, zelularen kanpoko inguruneak barnekoak baino gatz-kontzentrazio altuagoa badu, urak zelulatik ateratzeko joera izango baitu. Hori gertatuz gero, noski, zelula hil egingo da.[5]

Baina mikroorganismo halofiloek muturreko baldintza horiek jasateko modua aurkitu dute: zelulek, aktiboki, solutu inerteen kontzentrazio altuak atxikitzen dituzte barnean, hau da, zelularen barnean kanpoan dagoena baino ioi-kontzentrazio altuagoa daukate. Horrela, urak ez du ihes egiten eta zelulek behar den ura gordetzen dute. Zelula barnean hain kontzentrazio altua izateak ere arazoak sor ditzake metabolismoan, baina ioi-kontzentrazio handia jasateko gai diren proteina bereziak ekoizteko gaitasuna garatu dute.[5]

 
Milazkak Bokek uadian, Israel.

Aintzirako uretan, ez dago beste bizidunik mikroorganismo halofiloak izan ezik. Hala ere, inguruko uadietan sortzen diren oasiek oso flora eta fauna aberatsa dute. Oasietan pilatzen dira bizidun gehien, bertan dagoelako basamortuan hain preziatua den ura. Alabaina, leku horietan ere ez dira gatzaz guztiz libratzen. Oasietako hezegune askotako ura gazia izaten da, nahiz eta lakuko kontzentrazioa baino txikiagoa izan. Beraz, ur gazia jasan dezaketen landareak bakarrik hazten dira leku horietan, esaterako, bertako endemikoa den lezka: Typha angustata. Oasietako leku lehorragoetan milazkak gailentzen dira, Tamarix tetragyna eta Tamarix nilotica espezieak, zehazki. Zuhaitz horiek, ur gazia neurri batera arte jasateaz gain, lurzoru lehorretara ere ongi moldaturik daude eta, beraz, oso landare egokiak dira lakuaren inguruan hazteko.[5]

Erabilera terapeutikoa

aldatu

Kleopatrak berak, eta erromatarrek oro har, bazekiten Itsaso Hilak zer nolako onurak zituen osasunerako. Bereziki azaleko gaitzak sendatzeko oso egokiak omen dira bertako kondizio klimatikoak. Esaterako, inguruko mendietara baino askoz izpi ultramore gutxiago heltzen dira aintzirara. Izpiek uretara heldu aurretik egin behar dituzten 400 metro gehigarriei zor zaie hori, atmosferaren beheko aldeak izpiak xurgatzeko denbora gehiago baitu. Hori dela eta, askoz ere arrisku gutxiago dago izpi ultramoreen eragin txarrak pairatzeko eta, ondorioz, azala erretzeko.[5]

Horretaz gain, gatz mineralen kontzentrazio egokiak daude lakuan, eta oso onak omen dira azalerako. Magnesioa, potasioa, kaltzioa, bromoa eta antzekoak kontzentrazio handietan agertzen dira, eta mineral guztiek dituzte gorputzean eragin onuragarriak. Horregatik, izpi ultramoreen eragin txikiak, mineral-kontzentrazio egokiak, klima beroak, poluzio atmosferiko txikiak eta dauden ur termalek oso leku egoki bilakatzen dute osasun-arazoak dituen jendea tratatzeko. Ikusi besterik ez dago aintziraren inguruan eraiki diren bainuetxe, osasun-zentro eta antzekoen pilaketa.[5]

 
Itsaso Hilaren ikuspegia Mövenpick hoteletik, Jordania.

Ingurumen arazoak

aldatu
 
Itsaso Hilaren atzeraldia 1960-2007 bitartean.

Itsaso Hilak ingurumen arazo larriak ditu. Ur-maila jaisten ari da, lakura heltzen den ur-kantitatea asko murriztu delako azkenaldian. Horren arrazoiak asko dira: inguruko ur-beharrei erantzuteko Jordan ibaian presak eraiki dira, uadietako ura nekazaritzarako erabiltzen da, eta iturri termaletatik hartzen diren urak osasun-arazoak tratatzeko erabiltzen dituzte bainuetxeetan. Hori guztia turismoak eskatzen duen ur guztia kontuan hartu gabe.[5]

Ur-kantitatearen jaitsiera horrek oso ondorio latzak ekartzen dizkio aintzirari eta haren inguruari. Kontuan hartu behar da lakua eusten duten harriak oso porotsuak direla. Orain gutxira arte, arroka horiek guztiz hidrataturik egon dira, baina ur-maila jaisten doanez, arrokak lehortzen hasi dira. Lehortzearen ondorioz, poroak airez betetzen dira, arrokak asko ahultzen dira, eta ez dute gainean daukatena eusteko nahikoa indar; beraz, guztia hondoratzeko gero eta arrisku handiagoa dago. Zientzialarien esanetan, gaur egun aintziraren ertza mende hasieran baino sei metro beherago dago, eta lakuak bere azaleraren % 30 galdu du dagoeneko.[5]

Horrekin loturik, beste arazo handi bat sortu da: aintzirara isurtzen diren zenbait ibai, kostaldea beherago dagoenez, lur azpiko ibai bilakatu dira, eta horien urak, lakurako bidean, lur azpiko materia hareatsua beraiekin eramaten du. Horren eraginez, lurrazala asko ahuldu da, eta lakuaren inguruko lurra ere hondoratzeko arriskua dago.[5]

Horren guztiaren irtenbidea ez da inolaz ere erraza, ordea. Jordaneko ura behar beharrezkoa da inguruko nekazaritza, industria eta turismoa hornitzeko, eta azken bietatik lortzen den dirua oso iturri garrantzitsua da hango biztanleentzat. Alabaina, urik gabe, gatzezko laku lehor bat besterik ez litzateke geratuko.[5] Arazoa konpontzen saiatzeko, 2013ko azaroan Israelek, Jordaniak eta Palestinar Aginte Nazionalak hitzarmen bat sinatu zuten Itsaso Gorriko ura Itsaso Hilera eramanen zuen ur-hodi bat eraikitzeko. Hodiak 180 kilometroko luzera izanen zuen, eta gutxienez 5 urte beharko ziren eraikitze lanak amaitzeko.[8] Atzerapen askoren ostean, 2021ean proiektua bertan behera utzi zuten.[9]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. (Ingelesez) Policy, Library of Congress Office for Subject Cataloging. (1991). Library of Congress Subject Headings. Cataloging Distribution Service, Library of Congress (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  3. «Long-Term Changes in the Dead Sea» isramar.ocean.org.il (Noiz kontsultatua: 2023-10-11).
  4. Itsaso Hila ez da lurreko punturik sakonena. Gazteberri, 2021eko urtarrilak 25, gazteberri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-15).
  5. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Orobengoa, Olatz. Itsaso Hila: Bizi-bizirik dagoen lakua. Elhuyar, 2002ko irailak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-15).
  6. Long-Term Changes in the Dead Sea. isramar.ocean.org.il (Noiz kontsultatua: 2022-3-15).
  7. Averages and Records for several places in Israel. Israel Meteorological Service, web.archive.org 2011ko ekaina.
  8. Sherwood, Harriet. Dead Sea neighbours agree to pipeline to pump water from Red Sea. The Guardian, 2013ko abenduak 9, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2022-3-16).
  9. Staff, Toi. After years of delays, Jordan said to nix Red Sea-Dead Sea canal with Israel, PA. timesofisrael.com (Noiz kontsultatua: 2022-3-16).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 6
idea 6
multimedia 1
os 39
web 1