Izatea eta denbora
Izatea eta denbora (alemanez: Sein und Zeit) Martin Heidegger filosofo alemanaren lan nagusia da. Husserlek zuzentzen zuen Jahrbuch für Philosophie und phänomenologische Forschung aldizkarian argitaratu zen 1927an. Europako giro intelektualean berehalako eragina izan zuen liburuak eta XX. mendeko obrarik garrantzitsuenetakoa da[1].
Izatea eta denbora | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Martin Heidegger (1927. urtea) |
Argitaratze-data | 1927 |
Jatorrizko izenburua | Sein und Zeit |
Hizkuntza | alemana |
Herrialdea | Alemania |
Izatearen arazoaren ikerketa orokor bat egitea zen autorearen asmoa baina Daseinaren analisira mugatu zen liburua. Beste atalak Heideggerrek ez zituen inoiz idatzi[2].
Gaia
aldatuLiburuaren asmoa izatearen gaineko galdera berpiztea da baina giza existentziarantz lerratuko da. Asmo hori bi eginkizunetan gauzatu nahi du autoreak. Alde batetik, Dasein-aren analisi bat egingo du denborazkotasunaren eremuan eta, bestetik, metafisikaren historiaren deuseztapenari ere ekin nahiko dio denborazkotasuna kontutan hartuz, azken hau liburuan ez zuen egin[3]. Heideggerren ustez metafisika bezala hartzen den mendebaldeko filosofian izatea-ren esanahia gaizki ulertu izan da. Gai hori jorratzean entitate jakinak eta haien ezaugarriak hartu izan dira kontutan eta, horren ondorioz, Izatearen auzi ontologikoari entitate edo izaki ontikoei dagokien erantzuna eman zaie[4]. Grekoentzat izatea errealitate objetiboarena izan zen moduan, modernitatean izatea subjektuak ipiniko du baina bietan izatea intelektualizatu egin da. Izatea ezagutu beharreko objektu soil gisa eta subjektua ezagutzaile soil gisa hartu dela salatuko du Heideggerrek[5].
Heideggerren aburuz, gaizki ulertze horrekin ezin da bizitza edo historikotasuna ulertu. Beharrezkoa izango da izatearen arazoa birplanteatzea baina oraingoan denboraren auziarekin lotuta agertu beharko du[4]. Beste modu batean esanda, Platonek izatea denboragabekoan kokatu bazuen Heideggerrek denborazkoan kokatu nahiko du[6].
Liburuan azaltzen du Izatearen auziari modu egokian ekiteko beharrezko dela galdera planteatzeko gai den izaki bereziaren analisitik hastea, horregatik da, autore batzuen arabera, oinarrizko ontologia edo hermeneutika[7]. Izaki hori gizakia da baina Heideggerrek, pentsaera tradizionaletik aldentzeko, “gizaki” hitza baztertu eta bere ordez "Dasein" hitz alemana erabiliko du. Erabilera arruntean existentzia esan nahi du baina “Da-sein” bezala “Hor-izan” esanahia ere hartzen du. Heideggerren erabileran, beraz, Daseina ez da gauza bat existentzia bat baizik eta bere izateko moduari "munduan-izan" deituko dio[4].
Izatearen planteamendu berria denborazkotasunetik pausatzeko, Daseinaren existentzian heriotzak duen garrantzian pentsatu behar da. Daseina existentzia den heinean posibilitate multzoa da baina posibilitateak bere muga heriotzan du. Daseina heriotzaranzkoa izateak ahalbidetuko du Izatearen eta denboraren arteko lotura[8].
Egitura
aldatuLiburuaren aurkubidean Sarrera, Lehen Zatia eta lehen zati horretako bi atalak bere kapituluekin ageri dira. Obrak, bere osotasunean, Bigarren Zatia ere izan behar zuela adierazten du horrek baina Heideggerrek bigarren zatirik gabe argitaratu zuen liburua.
Sarreran, autoreak, bere asmoaren eta eginkizun bikoitzaren berri ematen du. Izatearen zentzuari buruzko galdera berriro planteatu behar dela dio eta, horretarako, Daseinaren analisi ontologikoa eta metafisikaren historiaren deuseztapena egin behar dela. Daseinaren analisiak bakarrik osatuko du liburua[9].
Interpretazio existentzialista
aldatuLiburuak izateari buruzko hausnarketa orokorra izan behar bazuen ere azkenean Daseinaren analisian agortu zen. Horregatik, gizakiaren analisi bat egin zuela interpretatu zuten askok eta Heideggerren filosofia existentzialismoarekin lotu zuten. Heidegger berehala saiatu zen Frantzian nagusitzen ari zen Sartreren existentzialismotik urruntzen.[10] Adornok, bere aldetik, Heideggerrek liburuan erabili zituen Autentikotasuna bezalako kontzeptuak kritikatu zituen existentzialismoarekin zuten loturagatik.
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatuErreferentzia nagusiak
aldatu- Azurmendi, Joxe (2011): "Filosofia eta poesia: Platon eta Homero, Heidegger eta Hölderlin" in Joxe Azurmendi (arg.): Filosofia eta poesia, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-95234-43-8
- Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Martin Heidegger" in Agustin Arrieta, Ibon Uribarri (koord.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Leyte, Arturo (1999): Heidegger: Hermeneutika eta Funtsezko Ontologia, Andoain, Jakin. ISBN 84-95234-03-3
Beste lan batzuk
aldatu- Adorno, Theodor W. (1964): Jargon der Eigentlichkeit, Frankfurt am Main, Suhrkamp.
- Sartre, Jean-Paul (1946): L'existentialisme est un humanisme, Paris, Éditions Nagel.
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Næss, Arne: Being and Time on Encyclopædia Britannica