James Cook (Marton, Yorkshire, Ingalaterra, 1728ko azaroaren 7agreg./urriaren 27ajul.- Hawaii, 1779ko otsailaren 14a) Erresuma Batuko nabigatzailea, esploratzailea eta Britainiar Errege Itsas Armadako kapitaina izan zen.

James Cook

Bizitza
JaiotzaMarton (en) Itzuli1728ko urriaren 27a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaKealakekua Bay (en) Itzuli1779ko otsailaren 14a (50 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: labankada
Familia
AmaGrace Pace
Ezkontidea(k)Elizabeth Batts  (1762ko abenduaren 21a -
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, kartografoa, itsas ofiziala, itsasturia eta botanikaria
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society
Zerbitzu militarra
Adar militarraRoyal Navy
Graduakapitain

Find a Grave: 10951 Edit the value on Wikidata

Armadan sartu zen bere gogoz, eta karrera bikaina egin zuen. Kartografoa izan zen iparraldeko Atlantikoan. 1768. urtean bere lehenengo bidaia handian abiatu zen HMS Endeavour ontzian. Besteak beste, Australiako ekialdeko kostaldea, Zeelanda Berria eta Hawaii esploratu zituen, eta Ternuako lehenengo mapak ere berak osatu zituen.

Bizitza

aldatu

James Cook Yorkshire konderriko nekazari familia batean sortu zen 1728an. Jatorri apalekoa, Matonen jaio zen, Iparraldeko Yorkshiren, gaurko Middlesbrough inguruan. Aita James eskoziar immigrantea zen; eta amak Grace zuen izena. Bikoteak bost seme-alaba izan zituen, eta Great Ayton herrira joan ziren bizitzera. 13 urte baino ez zituen Jamesek, aitarekin lanean hasi zenean.

1745ean, Cookek etxea utzi zuen, Staithes arrantzale herrixkan dendari izaten ikasteko.[1] Urte eta erdian han aritu ondoren, nagusiari dendarako gustatu ez zitzaiola, Whitby hirira eraman eta John eta Henry Walkerri aurkeztu zien mutila. Armadore garrantzitsuak ziren haiek, eta ikatzaren negozioan ari ziren. Horrela sartu zen Cook Ingalaterrako kostaldean zehar ikatza garraiatzen zuen ontzidi hartan, itsasoko lanaren ikasle.

Hiru urtez ikasten aritu ondoren, Baltiko itsasoko merkataritza ontzietan hasi zen lanean, eta hantxe egin zuen gora. 1755ean, Friendship bergantinaren komandante izateko aukera eskaini zioten, baina laster sartu zen Erregeren Itsas Armadan, boluntario.

1755ean, Britainia Handiko Erresuma armaz hornitzen ari zen, Zazpi Urteko Gerraren hasiera izango zenerako. Cookek bere ibilbidea azkartzeko aukera ikusi zuen zerbitzu militarra eginez, baina behetik hasi beharko zuen berriro. Horrela, able seaman (bi urteko esperientzia duen marinela) izan zen HMS Eagle ontzian, Hugh Palliser kapitainaren agindupean.

1759. urtean Quebec hiriaren konkistan hartu zuen parte; eta ondoren, 1762-1767 bitartean, San Laurendi golkoaren eta Ternuaren mapa hidrografikoak egin zituen.

1762an Elizabeth Battsekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten: James, Nathaniel, Elizabeth, Joseph, George eta Hugh. Itsasoan ez zebilenean, Cook Londresko East Enden bizi ohi zen.

Bidaiak

aldatu
 
James Cooken bidaiak. Lehen bidaia gorriz, bigarrena berdez eta hirugarrena urdinez.

Zazpi Urteko Gerraren garaian, Cookek Quebec hiriaren setioan parte hartu zuen. Han, topografia eta kartografiaren esparruan zuen trebezia erakusteko aukera izan zuen eta San Lorenzo ibaira sartu ahal izateko mapa gehienak berak egin zituen, era honetan, Wolfe jeneralari Abrahamgo lautadetan bat-bateko sarrera ahalbidetu ziolarik.

1763 eta 1767 artean Ternuako kostaldearen kartak egin zituen; 1763 eta 1764 artean, ifar-ekialdeko itsasartekoak; 1765 eta 1766 artean, hegoaldekoak, Burin penintsula eta Ray lurmuturraren artean; eta, 1767an, berriz, mendebaldeko kosta.

5 denboraldi hauetan zehar, eskala handiko eta oso zehatza zen lehen mapa osatu zuen. Era berean, Cooken topografiarako trebezia sakontzen joan zen eta honek Royal Navy eta Royal Societyren arreta piztu zuen. Londresko Royal Society elkarteak aginduta hiru bidaldi egin zituen Ozeano Barera:

Cookek eginiko mapa hidrografikoek Ozeano Barea hobeto ezagutzeko aukera bikaina eman dute.

Lehenengo bidaia (1768-1771)

aldatu
Artikulu nagusia: «HMS Endeavour»
 
Cooken lehen bidaia (1768–71)

1766an, Royal Societyk Ozeano Barera bidaiatzeko kontratatu zuen, Venusen Eguzkirantz egiten duen iragatea behatu eta dokumentatzeko.

1768an, Cook Ingalaterratik irten zen, HMS Endeavour ontzia bere agindupean zuela. Atlantiko Hegoalderantz nabigatu zuen, Hornos lurmuturra zeharkatu, Ozeano Barerantz abiatu zen eta 1769ko apirilaren 13an, Tahitira iritsi. Hor, iragatea behatu behar zuen, ekainaren 3rako aurreikusia baitzen. Gotorleku eta behatoki txiki bat eraikitzen jardun ziren, egun hura iritsi arte.

Royal Householden Nevil Maskelynen laguntzaile Charles Green izan zen lan hartarako izendatu zuten astronomoa eta, misioaren helburua betez gero, gainontzeko planeten distantziak ere kalkulatu ahal izan ziren.

Green, Cook eta Solanderrek bakoitzak bere aldetik egin zituzten neurketak eta desberdintasuna handiegia izan zen. Garaiko tresneria erabili zuten, baina metodoek ez zuten errorea baztertzen. Gerora, emaitzak munduko beste behatzaiile batzuenekin konparatu zirenean ere ezin izan ziren behin betiko ondoriorik atera.

Behaketak bukatuta, Cook bidaiaren bigarren heburuari lotu zitzaion: 1606an bai Willem Janszoon holandarrak eta baita Luis Váez de Torres espainiarrak ere mende eta erdi azkarrago deskubritu zuten Terra Australis kontinentearen bila joan behar zuen Ozeano Barean. 1762an britainiarrek Manila okupatu zutenean bereganatutako espainiar mapen laguntzarekin eta Ozeano Barea ondo ezagutzen zuen Tupaia tahitiarraren aholkuak jarraituz, Cook Zeelanda Berrira iritsi zen, hara iristen zen bigarren europarra izan zelarik (1642an Abel Tasman iritsita zegoen). Errore gutxi zuen Zeelanda Berriko kostaren mapa egin zuen eta Tasman ikustera iritsi ez zen Cook itsasartea deituko zutena deskubritu zuten.

Haize bortitzek iparralderantz bultzatu zituen eta, lurra ikusi zutenean, Cookek Punta Hicks izena eman zion, Leuit Hicksek ikusi zuelako lehengoz. Australia hegoaldean zeuden.

HMB Endeavour iparralderantz abiatu zen, kostan zehar, lurra bistan. Cook kartografia egin eta aurkitzen zituen lekuei izenak ematen joan zen. Australiako flora eta fauna ere dokumentatu zuten eta, bidaia honetan, Cookek bertako indijenekin harremana izan zuen.

Cookek iparralderantz jarraitu zuen eta mapak egiten ere bai. 1770eko ekainaren 11n, HMS Endeavourrek arazoa izan zuen Koral Hesi Handiarekin topatu zenean. Ontziak kalte larriak nozitu zituen eta zazpi bat asteko atzerapena jasan zuen hondartzan konpontzen aritu ziren bitartean. Tarte horretan, Joseph Banks, Herman Spöring eta Daniel Solanderrek australiar floraren lehen bilduma handia osatu zuten.

Eskifaia bertako aborigenekin harremanetan egon zen, normalean bake giroan. Guugu yimithirr tribuarekin, gangarootik kangaroo hitza (kanguro) ingeles hizkuntzara igaro zen; hasieran ez zen animalia izendatzeko, Ez dut ulertzen ingelesei behin eta berriro erantzun zieten erantzuna baizik.

Konponketa lanak bukatu eta gero, bidaiak aurrera egin zuen, iparraldean zegoen York lurmuturretik Torres itsasarteraino, 1604an Luis Váez de Torresek egin zuen bidea Australia eta Papua Ginea Berria artean. Une honetan, eskorbutoak ez zion oraindik gizonik eraman eta hori nabarmentzeko gauza zen XVIII. mendeko itsas bidaia batean. Beste itsasgizon batzuek egin ohi zuten bezala (Urdanetak, adibidez,), gaitza zergatik etortzen zen garbi ez bazekiten ere, garrazki eta sauerkrauta hartzera behartzen zituen.

Gero, konponketa beharrean zirela-eta, Bataviarantz abiatu zen, Ekialdeko Herbeheretar Indietako hiribururantz. Jakina zen malaria broteak ohikoak zirela han eta maldizioa bete egin zen, gehienak erori baitziren gaixotasunean. Disenteriak ere zigortu zituen eta horrela erori ziren Tupaia tahitiarra, Banksen idazkaria, Herman Spöring zientzialaria, Charles Green astronomoa edo Sydney Parkinson ilustratzailea.

Bidaiatik itzuli zirenean, Cooken egunerokoak argitaratu zituzten eta heroi bilakatu zen zientzialarien artean.

Bigarren bidaia (1772-75)

aldatu
 
Cooken bigarren bidaia Antartida inguruan (1772-75).

Itzuli eta gutxira, Cook karguz igo zuten, lugarteniente (Lieutenant) izatetik, komandante (Master and Commander) bilakatu zen, fragata kapitaina eta berriro deitu zion Royal Societyk Terra Australis mitikoaren bila joateko. Lehen bidaian Zeelanda Berriari bira egin zionean, frogatuta geratu zen ez zegoela hegoaldetik kontinente handi batera itsatsita, baina elkarteko hainbat kidek kontinente hura nonbait izan behar zuela uste zuen oraindik.

Bidaia horretan, Cook HMS Resolution ontziaren buru izan zen eta Tobias Furneaux, HMS Adventurerena. Espedizioa Zirkulu Polar Antartikoa zeharkatzen lehenetakoa izan zen, 1773ko urtarrilaren 17an, 71º 10' hegoalderantz. Antartikoko lainoan, bi ontziak banandu egin ziren eta Furneaux Zeelanda Berrirantz joan. Han maorien aurkako borrokak izan zituen eta gizon batzuk galdu zituen. Gero Britainia Handirantz abiatu zen eta Cook Antartida esploratzen segitu zuen.

Cook Antartidako kontinentea aurkitzeko gertu ibili zen, baina iparralderantz itzuli zen, Tahitirantz, hornidura bila.

Berriro ahalegindu zen hegoalderantz, kontinente ezkutu harren bila, baina alferrik.

Arrakasta izan zuten K1 kronometroa erabiltzen, prezisio handiagoz neurtu baitzuten longitudea

Itzulitakoan, Cook berriro igo zen karguz. Kapitain izateaz gain, ohorezko erretiroa eman zioten Royal Navyn (Greenwich ospitalean ofizial izan zen), baina Cook ez zitekeen itsasotik urruti bizi. Horregatik egin zuen bere hirugarren bidaiaren plana, iparmendebaldeko pasabidea aurkitzeko xedean. Mendebalderantz joatekoa zen eta Atlantikoa zeharkatu eta, aldi berean, beste bidaia bat antolatu zen kontrako norabidean.

Hirugarren bidaia (1776-79)

aldatu
Artikulu nagusia: «HMS Resolution (1771)»

Azken bidaian, Cook berriro izan zen HMS Resolution ontziaren buruzagi eta Charles Clerke, HMS Discoveryrena. 1778an, Hawaii uharteak bisitatzen zituen lehen europarra izan zen eta Sandwich izena eman zien, Royal Navyren buru zenaren omenez.

Urtarrilaren 17an esploratzaileak Kealakekuako badiara itzuli zirenean, 10.000 biztanlek egin zien harrera. Makahiki festa ospatzen ari ziren, Lono jainkoaren omenez. Cook jainko hura ote zen irudipena izan zuten eta, horregatik, izugarrizko harrera egin zien etorriberriei. 3 aste geroago, otsailaren 4an, joan ziren handik, baina hurakan batek harrapatu zituen eta Resolutionen mastak kalteak jasan zituen, Hawaiira itzultzera behartuz.

Ekialderantz bidaiatu zuen eta Ipar Amerikaren mendebaldeko kosta esploratu. Mapak egiten joan zen, Kaliforniatik Bering itsasartera arte. Saiakera bat baino gehiago egin arren, Cookek ezin izan zuen hura zeharkatu.

1779an, Hawaiira itzuli zen eta, otsailaren 14an, Kealakekua Bayn biztanle batzuk txalupatxo bat lapurtu zien. Lapurreta ez zen arraroa paraje haietan eta, biztanleren bat hartu ohi zen lapurrek gauzak itzuli arte. Kasu horretan, Cookek Hawaiiko errege Kalaniopuu hartzea pentsatu zuen. Indigena askorekin lehiatu behar izan zuen eta tiro batzuk bota beharrean izan ziren, baina, gorabehera hartan, Cook hil egin zuten[2].

Clerkek hartu zuen espedizioaren ardura eta Bering itsasartea zeharkatzeko azken ahalegina egin zuen. Resolution eta Discovery 1780ean Londresa itzuli ziren .

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) http://lahttp[Betiko hautsitako esteka]://elpais.com/diario/1978/10/26/ultima/278204401_850215.html
  2. (Gaztelaniaz)http://historiaybiografias.com/james_cook/
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: James Cook  
  NODES
ELIZA 4
Idea 6
idea 6
Ideen 1
multimedia 1
os 21
todo 1
web 1